Internet, Sareak

Internet konexioa herri txikietan eta landa guneetan

internet1Internet ezinbesteko tresna bilakatu da gure gizartean, edozein informazio bilatzeko baliabide paregabea da. Informazio hori, lan egiteko, ikasteko edo aisialdirako erabiltzen da. Baina ez hori soilik, Internet ere besteekin komunikatzeko bitarteko ahaltsua da, posta elektronikoa, sare sozialak, berehalako mezularitza edo blogak zein foroak, adibidez erabili ohi dira horretarako. Beraz, esan daiteke, Internet egunero erabiltzen den tresna dela, ikasteko, lan egiteko, jakin-mina asetzeko,  edozein informazio bilatzeko, erosketak egiteko, besteekin harremanetan egoteko edo gizartean, politikan zein administrazio publikoan parte hartzeko.

Alabaina, Euskal Herriko herri txikietara eta landa guneetara, normalean, ez dira heltzen hirietara eta herri handietara iristen diren azpiegiturak Internet gozatu eta erabili ahal izateko. Gune hauetan, beraz, Internet eskaintza mugatuago dago eta aukera gutxiago egoten dira Internet sarbideaz baliatu ahal izateko.

Horrenbestez, Internetek egun duen garrantzia aintzat hartuta Euskal Herriko administrazio publiko ezberdinek zein Internet zerbitzu hornitzaileek hau aldatzeko ahalegintzea erabakitzen duten arte, herri txikietako internautak oraingoz existitzen diren irtenbide eskasekin moldatu beharko dira.

ADSLa eta Zuntz optikoa

Arestian aipatu den bezala herri txikietara ez dira heltzen hirietara iristen diren teknologiak Internet konexiorako eta askotan beraz, ez da heltzen ez ADSLa ez zuntz optikoa. Hala ere, hauetariko baten bat iritsiz gero, ez da heltzen behar besteko estaldurarekin eta normalean eskaintzen dira oso abiadura eskasak baina hirietako abiadura handien prezio berdinetan. Beraz, ADSLa zuntz optikoa baino izan daiteke Internetera konektatzeko irtenbide bat herri txikietan, baina, esandakoa, askoz abiadura txikiagoa eskaintzen da prezio berdinetan.

Internet Mugikorra

Internet finkoaren gabezien aurrean Internet mugikorra izan daiteke aintzakotzat hartzeko aterabide bat. Izan ere, telefonia mugikor hornitzaile askok, guztiek ez esateagatik, eskaintzen dute USB modemaren bitartezko konexio mugikorra. Konexio hauen abiadura, estalduraren menpe dago. Dena dela, telefono mugikorretarako estaldura egonez gero, gutxieneko abiadura izan daiteke ADSLrekin eta WiMax bezalako beste teknologiekin eskaintzen dena baino askoz handiagoa. Nire esperientziatik, ADSL edo Wimaxen bitartez eskaintzen zidaten abiaduraren bikoitza baino gehiago lortu dut Internet mugikorrarekin. Prezioaren aldetik, Internet finkoaren antzekoa izaten da eta orokorrean WiMax baino askoz merkeagoa ateratzen da.

Teknologia honen alde txar bakarra izan liteke USB modema ez dela ibiltzen sistema eragile guztiekin eta ordenagailu bakarra konekta daitekeela. Baina, telefonia mugikor hornitzaile askok, gainera, switch-router bat eskaintzen dute. Router honetan USB modema konektatzen da eta gero hainbat ordenagailu konektatu ahal dira Wi-Fi edo Ethernet konexioen bidez. Alegia, Wi-Fi zein sare ataka ezberdinak eskaintzen dituzte hainbat ordenagailu konektatu ahal izateko. Wi-Fi zein Ethernet sare konexioak arazorik gabe erabili ahal dira sistema eragile guztiekin, gailu eramangarriekin edo sakelako telefonoekin. Beraz, router hauekin, aipatutako bi arazoak konponduta geldituko lirateke.

WiMAX dorreaWIMAX
WiMAX ( Worldwide Interoperability for Microwave Access ) datu-transmisiorako hari gabeko protokolo bat da, eta irrati-uhinen bitartez banda zabaleko Internetera konektatzeko aukera ematen du. Euskal Herriko landa gune eta herri txiki askotan eskaintzen da. Izan ere, WiMax dorre bat instalatzen denean, honek hainbat kilometro karratutarako estaldura ematen du. Gero etxeetan, baserrietan edo bulegoetan WiMax hartzaile bat kokatu behar da. Hartzaile honek WiMax dorrearekin konexioa egiten du eta hartzaile honetatik eramaten da Internet sarbidea etxera edo bulegora kable bitartez.

Printzipioz oso teknologia egokia da landa guneetarako baina oraindik nahiko garestia da. Landa gune eta herri txiki batzuetan instalatzeko diru-laguntzak egon arren, instalazioak zein kuotek garesti samarrak izaten jarraitzen dute. Gainera, ez da eskaintzen abiadura handia. Lehen esan bezala, Internet mugikorrarekin baino askoz txikiagoa.

Bestetik, teknologia honek osasun kalteak eragin litzakeelako kezka ere ematen da gizartean. Esaterako, hona hemen kezka hori duen kolektibo baten adierazpena Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko Internet konexiorako eskaintza dela eta:  http://arianhari.blogspot.com/2009/05/communique-des-collectifs-du-pays.html

Erabakitzeko irizpideak

Hala, bada, teknologia baten edo beste baten alde egiteko, Internet zerbitzu hornitzaile bakoitzak zer eskaintzen duen begiratu beharko da. Erabakia hartzeko, prezioa jakina oso garrantzitsua da, baina beste irizpide batzuk ere aintzat hartu behar dira, batez ere prezioa antzekoa izanez gero. Eskaintzen duen jaisteko abiadura zein igotzeko abiadura da haietariko bat. Askotan eskaintzetan soilik aipatzen da datuak jaisteko abiadura eta hori da Internet erabiltzaile gehienek erabiltzen dutena, normalean, Internetetik informazioa jaisten delako, baina beste batzuetan ere Internetera informazioa igo behar da, beraz, ezin da baztertu datu hau. Bestetik, Internet zerbitzu hornitzaile batzuek hileko datu transferentzia muga bat ezartzen dute eta muga hau gaindituta edo konexioaren abiadura izugarri jaisten dute edo Internet sarbidea mozten dute hilabetea amaitu arte. Beraz, hau ezagutzea ere garrantzitsua da. Honetaz, aparte eskaintzen diren beste gehigarri batzuk ere begiratu ahal dira, ea telefono finkoa ere eskaintzen duten edo deietarako tarifa lauak, adibidez.

Internet, Mantenimendua, Sareak

Posta elektronikoa nola erabili eta nola konfiguratu

emailAurreko asteko artikuluan komentatu zen zeintzuk ziren posta elektronikorako erabiltzen diren protokoloak eta nola ibiltzen da bakoitza. Halaber, posta elektroniko zerbitzu doako batzuk ere aipatu ziren. Honetan, aurrekoari jarraipena ematen, posta elektronikoa nola erabili azaltzen saiatuko da eta posta elektronikoa irakurtzeko aplikazio ezberdinak aipatuko dira.

Webmail

Erabiltzen den posta zerbitzua, webgune batean irakurri ahal bada, webmail zerbitzua eskaintzen badu hornitzaileak, alegia, nabigatzaile batekin, nahikoa izango da posta elektronikoa irakurtzeko. Nabigatzailearen helbide barran, zerbitzuaren helbidea idatzi beharko da eta ondoren, erabiltzailea eta pasahitza eskatuko da norberaren kontura sartzeko. Aurreko astean aipatutako doako zerbitzuek, Gmail, Hotmail zein Euskalerria.org esaterako eskaintzen dute webmail bidezko posta elektronikoa. Halaber, Internet hornitzaile askok ere eskaintzen dute. Webmail zerbitzua oso erabilgarria da mugikortasuna behar duen jendearentzat. Izan ere, edozein lekutatik irakur edo idatz daitezke posta mezuak.

Aurreko astean azaldu zen IMAP postaren kasuan bezala, erabilgarritasunerako oso egokia izan arren. Honek ez du esan nahi webmail zerbitzuak IMAP erabili behar duenik. Webmail zerbitzua posta elektronikorako aplikazioa da, mahaigaineko aplikazioak bezala, baina web ingurunean. Izan ere, posta kontu bera webmail-en bitartez eta mahaigaineko aplikazio baten bitartez ere irakurtzen bada, mezu elektroniko ezberdinak egon ahal dira batean eta bestean. Era berean, karpeta ezberdinak eta marka ezberdinak. Esaterako, batean irakurtzen bada mezu elektroniko bat markatuko da irakurrita bezala, baina bestean ez.

Mahaigaineko aplikazioak

Hornitzaile batzuek, bi aukerak eskaintzen dituzte, webmail zerbitzua eta mahaigaineko aplikazio batetik posta elektronikoa irakurri eta idatzi ahal izateko. Beste hornitzaile batzuek, ordea, ez dute eskaintzen webmail zerbitzua eta derrigorrez posta elektronikorako mahaigaineko aplikazio bat erabili behar da.

Posta elektronikoa kudeatzeko ere aplikazio asko eta asko daude. Adibidez, Microsoft Outlook asko erabiltzen da, Microsoft Office suitearekin etortzen da eta Microsoft Windows sistemetan ibiltzen da. Ezagunenetarikoen artean ere, Mozilla Thuderbird dago, hau euskaraz dago eta software librea da, gainera, MS Windows, Ubuntu edo GNU/Linux eta Mac Os X sistemetan erabili ahal da. Hau da jaisteko helbidea: http://eu.www.mozillamessaging.com/eu/thunderbird/.

Mac Os X sistemetan, Mail etortzen da sisteman lehenetsitako aplikazioa bezala posta elektronikorako.

GNU/Linux sistemetan, Evolution http://projects.gnome.org/evolution/ edo KMail http://userbase.kde.org/kmail ere oso ezagunak dira.

Nola konfiguratu posta elektronikoa

Webmail zerbitzua erabiltzen denean, esan bezala, oso erraza da posta zerbitzua erabiltzea, normalean, helbidea idazten da nabigatzailearen helbide barran, eta orduan erabiltzailearen izena eta pasahitza besterik ez da eskatzen. Mahaigaineko aplikazio bat erabiltzen denean, zailxeagoa izaten da, posta kontua konfiguratu behar delako. Normalean, posta elektronikoa erabiltzeko aplikazio bat lehenengo aldiz abiarazten denean, kontu berria sortzeko laguntzailea aterako da. Hala ere, edozein momentutan kontu berriak sortu ahal dira. Izan ere, mahaigaineko aplikazio batean, posta kontu bat baino gehiago konfiguratu daiteke. Posta elektroniko berri bat konfiguratzeko orduan hainbat datu jakin behar dira, SMTP irteera zerbitzariaren helbidea, erabiltzailea eta pasahitza; posta elektronikoa jasotzeko edo sarrera zerbitzaria POP3 edo IMAP den, hala nola, sarrera zerbitzarirako helbidea, erabiltzailea eta pasahitza. Normalean sarrera zein irteera zerbitzarirako erabiltzailea eta pasahitza berdinak dira. Gainera, batzuetan, SMTPren kasuan ez da derrigorrezkoa erabiltzailea eta pasahitzaren bidezko autentifikazioa. Aurreko asteko artikuluan komentatu zen bezala, bakoitzak gainera badu zehaztutako ataka bat, eta normalean lehenetsitako portua ez da aldatu behar, baina beste batzuetan aldatu behar da lehenetsitako ataka eta kasu honetan jakin beharko litzateke zein den. Irteera zerbitzarian zein sarrera zerbitzarian ere jakin behar da konexio seguru bat erabiltzen duen eta zein den, SSL, esaterako.

Gainera, kontu bakoitzeko konfiguratu ahal da zein maiztasunekin begiratu behar duen zerbitzarian posta elektronikorik dagoen ala ez, idazten diren mezu elektronikoetan txertatzen den sinadura (nahi den testua izenarekin eta harremanetarako datuekin). Beste aukera bat oso erabilgarria izan daitekeena ordenagailu ezberdinetatik irakurri ahal izateko da mezuak ez ezabatu zerbitzaritik jasotzen direnean. Posta erabiltzeko aplikazioek, ez bazaie kontrakoa esaten, normalean ezabatzen dituzte zerbitzaritik jaisten dituzten posta elektronikoak, baina aukera hau markatzen bada, zerbitzarian mantenduko dira, beste ordenagailu batetik ere jaitsi ahal izateko edo webmailen bitartez kontsultatu ahal izateko. Hori bai, aukera hau arriskutsua da zerbitzarian dagoen lekuaren arabera, posta elektronikoak zerbitzarian gordetzen badira, gainditu ahal delako erabiltzaileko eskaintzen den lekua.

Internet, Sareak

Posta elektronikoa

eposta ikonoaWebguneak arakatzearekin batera, posta elektronikoa da Internet zerbitzurik erabilienetarikoa. Mezu elektronikoak hainbat eratan idatzi eta irakur daitezke, sakelako telefonotik, webgune batetik nabigatzaile baten bitartez (webmail deitzen dena) edo mahaigaineko aplikazio batekin. Posta elektronikoa izenarekin baino, munduan zehar ezagunagoa da bere anglosaxoniar hitzarekin, “e-mail”. Eta bere ikurrik ospetsuena @ da, a bildua, ingelesez “at” hitzetik datorrena.

Posta protokoloak edo zerbitzuak

Posta elektronikorako protokolo izenak, ezagunak egingo dira noizbait posta elektronikoa irakurtzeko eta idazteko aplikazio batean, bere kontua konfiguratu behar izan duen erabiltzailearentzat. Izan ere, konfiguratzerakoan, galdetu ohi da ea IMAP edo POP3 kontua konfiguratuko dugun eta POP3 sarrera zerbitzaria edo SMTP irteera zerbitzaria bezalako kontzeptuak agertzen dira.

SMTP irteera zerbitzaria

SMTP da irteera zerbitzaria, alegia, posta elektronikoak bidaltzeko erabiltzen den protokoloa edo zerbitzua. Bere izena, Simple Mail Transfer Protocol hitzetatik dator, posta transferentzia protokolo sinplea, alegia. Normalean, protokolo honek 25 ataka erabili ohi du zerbitzarian.

Beste noizbait ere ataka logikoa zer den azaldu da Zibergelan. Baina, nolabait esateko, honek esan nahi du zerbitzari batean zerbitzu ezberdinak ostatzen badira, web, posta elektronikoa edo ftp, esaterako, bakoitzak erabiltzen duela ataka zenbaki bat. Ataka hauek 1024 zenbakira arte zehaztuta daude eta ezagunak dira, aldatu ahal badira ere zerbitzaria konfiguratzerakoan. Hala bada, honelako zerbitzu batera konektatu nahi denean, konektatzen den aplikazioak, helbidea eta ataka zehaztu behar du, ez soilik helbidea. Hau erabiltzailearentzat nahiko gardena da, aplikazioek egiten dutelako eta erabiltzaileak ez du jakiten zein portutara konektatzen ari den. Baina behin edo behin, portu hau zehaztuta dagoena ez bada, erabiltzaileak idatzi behar du.

POP3 sarrera zerbitzaria

POP3 da sarrera zerbitzaria, alegia, posta elektronikoak jasotzeko erabiltzen den protokoloa edo zerbitzua. Zerbitzu honek 110 ataka erabiltzen du eta bere izena Post Office Protocol hitzetatik dator, posta bulego protokoloa, alegia.

IMAP

IMAP, Internet Message Access Protocol hitzen akronimoa da eta 143 ataka erabiltzen du. Protokolo honek ahalbidetzen du jasotako posta elektronikoa kudeatzea zerbitzaritik, zuzenean. Hau da, jasotako posta karpetaka antolatzea edo irakurrita bezala markatzea ahalbidetzen du, baina ez norberaren ordenagailuan, baizik eta zerbitzarian. Honek ekartzen duen abantaila mugikortasuna da. IMAP posta kontu bat konfiguratu daiteke hainbat ordenagailutan, etxeko ordenagailuan, ordenagailu eramangarrian, bulegoko ordenagailuan. Eta bakoitzean egindako aldaketak, ez direnez lokalki egiten, zerbitzarian baizik, beste ordenagailu batean, posta kontu hori erabiliz gero, beste ordenagailuetan egindako aldaketak ere ikusiko dira, zerbitzaritik irakurtzen direlako. Beraz, oso egokia da, mugikortasun handia behar duten erabiltzaileentzat. Are gehiago, erakunde edo elkarte baten posta kontua bada, elkarte edo erakundeko pertsona ezberdinak ere sartu ahal dira ordenagailu ezberdinetatik. Orduan mezu bat, batek irakurtzen badu, edo erantzuten badu edo karpeta batean sailkatzen badu, besteek ikusiko dituzte aldaketa horiek guztiak.

Posta zerbitzu doakoak

Badaude hainbat gune posta kontu doakoak eskaintzen dituztenak, oso ezagunak badira ere, hemen aipatuko dira horietariko batzuk.

Microsoften posta zerbitzu doakoa Hotmail du izena eta webgune honetan eskuratu daiteke: http://www.hotmail.com. Honek webmail baino ez du eskaintzen, berez, ez du eskaintzen POP3, SMTP ez IMAP mahaigaineko aplikazio batean konfiguratzeko aukera. Norberaren postontzirako espazioa handitzen joaten da denbora pasa ahala.

Googleren GMail, http://mail.google.com/, hau euskaraz dago; Webmail zerbitzua eskaintzeaz gain, POP3 eta SMTP protokoloak zein IMAP konfiguratzea ahalbidetzen du mahaigaineko aplikazio batean. Norberak duen postontziaren espazioa handitzen doa denbora pasa ahala.

Euskalerria.org, http://www.euskalerria.org, euskara hutsez eskaintzen dira posta elektroniko kontu doakoak eta webmail eskaintzeaz gain POP3 eta SMTP konfiguratzea baimentzen du mahaigaineko aplikazio batetik.

Beste batzuk ere badaude, esaterako: Yahoo, http://mail.yahoo.com edo GMX, http://gmx.com/.