Category: Microsoft

Tableta, 2011. urteko izar

By Ander Goñi Beltza, 2012(e)ko Urtarrilak 4

Tableten urtea izan da, ezbairik gabe, 2011. urtea. Applek sortutako iPad izan zen produktu horren aitzindaria, eta, Appleren atzetik, hainbat enpresak merkatu eskaintza zabala osatu dute horrelako gailuekin. Appleren iPadarekin batera, Android sistema eragilea da tableten munduko bigarren jokalari garrantzitsuena; 2011. urtearen amaieran, Ice Cream Sandwich izenarekin bataiatu duten azken bertsioa plazaratu zen, oraindik oso gailu gutxitan aurki zitekeena. 2011. urteak iPadaren bigarren bertsioa ekarri du; aurrekoa baino meheagoa, azkarragoa eta arinagoa da, eta, salmenta aldetik, senide zaharrenak ezagutu zuen arrakasta izan du. Android sistema eragilea darabilten tabletei dagokienez, iaz, izugarrizko eskaintza zabala merkaturatu zuten enpresa teknologikoek, eta, eskaintza zabal horretan, kostu baxuko gailuak agertu dira indar handiz, 100 euroren bueltan dauden tabletak. Kostu baxuko aukeran, kasu berezia da Amazon etxeak iPadari aurre egiteko merkaturatu duen Kindle Fire delakoa; arazo tekniko batzuk dituen arren, salgai daramatzan bi hilabetetan, hainbat ale saldu ditu Amazonek.

Apple etxeak, esan bezala, arrakasta latza lortu du iPad 2arekin, baina ez da izan produktu arrakastatsu bakarra; iPhone 4S telefonoa eta MacBook Air ordenagailu eramangarriak ere erruz saldu dira.

Nabigatzaileen inguruan, Googleren Chrome hazi da gehien 2011. urtean. Azken urte hauetan Mozillaren Firefox nabigatzailea Microsoften Internet Explorerri erabiltzaileak kentzen joan bada ere, 2011. urtean, Chrome izan da Explorer eta Firefox nabigatzaileen lepo hazi dena. Nabigatzaile erabilien kuotak horrela gelditu dira, StatCounterren aburuz: %40 Internet Explorer, %27 Chrome eta 25% Firefox.

2011. urtean ere, teknologiaren munduan hainbat agurtu ditugu. Batzuk ezagunak oso, Appleren CEO izandako Steve Jobs kasu, eta beste batzuk, jendartean ezagunak izan ez arren, teknologia munduan oso garrantzitsuak izan direnak. Horietako bat da Dennis Ritchie; 1941. urtean jaio zen, eta, 70eko hamarkadan, UNIX eta C programazio lengoaiaren garapenean parte hartu zuen. 2011. urtean zendutako beste bat Betty Jean Jennings Bartik izan da, ENIAC izena zuen lehen ordenagailuaren sortzaileetako bat.

Porrotak

Teknologia enpresa ezagunenek, HTC, Samsung, LG, Sony eta abarrek, euren tabletak merkaturatu dituzte. Samsung etxeak arrakasta handia lortu du Galaxy izeneko tabletarekin, baina beste ekoizle batzuek porrot handiak jasan dituzte, HP eta RIM etxeek kasu. HP etxeak WebOS sistema eragilean oinarritutako Touchpad izeneko tableta plazaratu zuen; produktu ona, etxe ospetsua, baina salmentarik ez. Ipadaren prezio antzerakoa zuen, eta erabiltzaileek nahiago izan zuten Appleren tableta. Ondorioz, HP etxeak prezioa asko jaitsi behar izan zuen bere produktu berria saldu ahal izateko, eta, azkenean, tableten negoziotik alde egitea erabaki zuen.

BlackBerry ekoizten duen RIM etxeak ere BlackBerry PlayBook delakoa merkaturatu zuen, baina ez zuen arrakastarik izan; badirudi sistemaren eguneraketa urria eta aplikazio erakargarrien eskasia izan zela arrakasta eskasaren arrazoia.

Tableten mundutik at, teknologiaren beste alor batzuetan ere, izan dira uste baino emaitza kaskarragoak izan dituzten produktu eta zerbitzuak. Google+ da horietako bat. Kontaktuak zirkulutan biltzeko aukera ematen du sare sozial horrek ez du publiko zabalaren onarpenik izan. Googlek berean jarraitzen du, funtzionaltasun gehiago eskaintzen, jada erregistratuak dituen 50 milioi erabiltzaile horien kopurua handitu nahian.

Sarean edo hodeian eskaintzen diren zerbitzuen etenak ere kalte handiak eragin dizkiete RIM eta Sony etxeei. RIMen BlackBerry telefonoak mezularitza zerbitzuak porrot egin eta gero posta gabe izan ziren urrian. Sony etxearen PlayStation plataformak sarean jolasteko zerbitzua eten izan behar zuen bere sistemek jasan zuten eraso baten ondorioz. Agerian gelditu zen Sonyren sistemen ahulezia eta erabiltzaileek sarean gordetzen dituzten datu pribatuak egoki babestearen beharra.

Kontsolen alorrean, Nintendo etxeak betaurreko berezien beharrik gabe 3D efektua eskaintzen zuen 3DS plazaratu zuen. Plataforma horrentzat joko gutxi garatu direlako eta hainbat erabiltzailek zorabioak jasan dituztela zabaldu delako, produktu horrek arrakasta gutxi izan du.

Eta 2012rako zer?

Badirudi hasi berria den urte honek ere gailu eta zerbitzu mordoa eskainiko dituela. Gailuen munduan, bolo-bolo dabilen iPad 3 delakoaren aurkezpena espero da, eta badira Applek bere tabletaren tamaina txikitu eta 7 hazbeteko bertsio bat plazaratuko duela esaten dutenak ere. Apple etxeak ere iPhone telefono adimendunaren bosgarren bertsioa merkaturatuko du, eta, Appleren produktuen inguruan gertatu ohi denez, horrekin ere dena da filtrazio eta txutxu-mutxua.

Microsoft etxeak Windows 8 aurkezteko asmoa du 2012an, eta ezagutzera eman diren ezaugarrien artean, USB 3.0 euskarria, Ribbon interfazea eta aplikazioen denda izango duela jakin da.

Kontsolen munduan, bi dira espero diren aurkezpen ezagunenak: Nintendo etxearen Wii U eta eta Sonyren Vita.

Amaitzeko, Amazon etxea lanean da bere Fire tabletak dituen akatsak konpontzeko, eta gainontzeko tablet ekoizleek bezala, badirudi bere produktuaren bertsio berriren bat kaleratuko duela.

Badago eskuragarri Ubuntu One Windows sistemetarako

By Jabi Asurmendi Sainz, 2011(e)ko Urriak 11

Ubuntu One fitxategiak Interneten ostatatzeko zerbitzu bat da. Ubuntu sistema eragilearen sortzailea den Canonical enpresak abiarazi zuen doako zerbitzu hau Ubuntu sistema eragilearen erabiltzaileentzat orain dela bi urte. Zerbitzu hau nabigatzailetik ere erabil daiteke edozein ordenagailutatik baina Ubunturekin, Ubuntu One sistemaren beste karpeta bat izango balitz bezala erabil daiteke, sistemarekin guztiz bateragarria da, alegia.

Ubuntu One zerbitzua abiarazi eta hilabete batzuk geroago, iOS eta Android sistemetarako ere aplikazioak garatu ziren, eta beraz on-line zerbitzua sistema eragile hauetariko bat erabiltzen duten sakelako telefonoekin ere bateragarria da.

Eta orain jada MS Windows sistemetarako aplikazioaren bertsio egonkorra ere argitaratuta dago, izan ere, badirela hilabete batzuk bertsio ez egonkorra zegoen jada. Aplikazioa doakoa da eta MS Windows 7, MS Windows Vista eta MS WIindows XP.rekin bateragarria da. Hala ere, oraindik hutsune batzuk ditu. Adibidez kontaktuak oraindik ezin dira sinkronizatu. Sinkronizatzeko karpeta berriak ere ezin dira sortu bertsio honetatik. Hona hemen aplikazioa deskargatzeko lotura: https://one.ubuntu.com/downloads/windows/

Microsoftek Internet Explorer 9 abiarazi du

By Jabi Asurmendi Sainz, 2011(e)ko Martxoak 31

01-Internet-Explorer-9-Microsoftek Microsoft Internet Explorer nabigatzailearen bertsio berria abiarazi du , Internet Explorer 9, hain zuzen ere. Eguneraketa hau doakoa da eta Microsoftek eguneratzea gomendatzen du nabigatzailearen aurreko bertsioak dituzten erabiltzaileentzat.

Bertsio honen interfazea aurreko bertsioak baino askoz sinpleagoa da, jada ez dira agertzen lehengo baliabide barrak. Gainera, web aplikazioen funtzionalitate batzuk Windowseko hasiera menuan integratzea ahalbidetzen du. Bestetik, azkenik, deskarga kudeatzaile bat integratu du beste nabigatzaile batzuek dagoeneko daukaten bezala.

Segurtasunaren aldetik ere hobekuntza batzuk dakartza bertsio berriak, besteak beste, webguneetatik jaso ahal den publizitate kopuruaren murrizketa, anti-tracking neurriak webguneek erabiltzaileen eragiketak erregistratzea saihesteko eta Active X filtroa, Active X exekutatzeko baimena emateko soilik erabiltzaileak nahi dituen webguneetan.

Microsoften arabera, bertsio honek, web estandarrak bermatzen ditu, hala, bada, web garatzaileak poztuko dira.

Microsoft Internet Explorer 9 erabili ahal izateko MS Windows Vista edo MS Windows 7 edukitzea beharrezkoa da. RAM memoriaren aldetik 512 MB da bertsio berri honek eskatzen duen gutxiengo kopurua.

Nokia eta Microsoften arteko ezkontza

By Ander Goñi Beltza, 2011(e)ko Otsailak 21

Gauza jakina da Nokia enpresa finlandiarrak garai txarrak bizi dituela. Oinarrizko telefono mugikorren artean errege bada ere, smartphone bezala ezagutzen diren goi mailako mugikorretan bere presentzia asko jaitsi da azken urte hautan. Bi izan dira gailendu zaizkion enpresa edo plataformak: batetik Appleren iphone eta bestetik Googlek abian jarri zuen Android sistema eragilea.

Bi kasu hauetan, Apple eta Googlek, euren plataformetan erabili ahal diren programak sortuko dituzten programatzaileen arreta lortu dute, eta ondorioz, bi plataforma hauetan, aplikazio andana dugu eskura. Nokia ere saiatu da ere bere MeeGo sistema eragile propioa plazaratzen, baina ez du oraindik arrakasta handirik lortu.

Merkatutik alboratua ikusita, Nokiak Microsoftekin akordioa egin du eta bere smartphoneetan, Windows phone 7 sistema eragilea sartuko du hemendik aurrera, oraindik ez bada ere plazaratu ezaugarri hauek dituen gailurik.

Ordenagailua euskaratzen

By Ander Goñi Beltza, 2011(e)ko Otsailak 7

puntueusOrdenagailua, testu prozesadoreak, internet edo mugikorrak, gero eta gehiago erabiltzen ditugu, baina zein hizkuntzatan? Den-dena ez dago euskaraz, baina pena da dagoena ez erabiltzea. Askotan, gure sistemak euskaratu daitezkeela ez dakigunez, edo interneten euskaldun bezala agertzeak duen garrantziaz jabetzen ez garenez, arreta gutxi jartzen diogu gai honi. Haurrak gero eta adin goiztiarragoan erabiltzen dituzte gailu teknologikoak, eta hasieratik euskaraz erabiltzea ere garrantzitsua da.

Artikulu honetan, sistema ezberdinak nola euskaratu daitezkeen erakutsiko da. Sistema eragileetatik hasi, testu prozesadore, internet nabigatzaile eta mugikorretaraino.

Sistema eragileak

Sistema eragilez ari garela, euskararen egoera oso ezberdina da sistema ireki eta sistema itxiei dagokionez. Sistema eragile itxien esparruan, Microsoft Windows eta Apple enpresaren Mac OS X dira erabilienak.

Microsoft Windowsen kasuan, XP sistema eragilea izan zen bere interfaze eta zenbait aplikazio euskaraz eskaini zituen Microsoften lehendabiziko sistema eragilea. Eusko Jaurlaritzak erruz ordaindutako itzulpena izan zen, eta ordutik aurrera, Microsoftek plazaratu dituen sistema eragileen bertsio ezberdinen (Vista eta Windows 7) itzulpena, Redmoneko enpresak ordaindu ditu. Sistema eragile eta zenbait aplikazioren interfaze euskaratzeko, Microsoftek eskaintzen duen “Language Interface Pack” (LPI) delako bat instalatu behar da. LPI honek, oinarrizko sistema eragilearen mezuak aldatzen ditu. Euskararen kasuan, oinarrizko sistema eragilea, derrigorrez, gaztelera edo frantsesez dagoena izan behar da. Beraz, sistemak gehien erakusten dituen mezuak euskaraz erakutsiko dira, eta zenbait mezu, itzulita ez daudenez, gazteleraz edo frantsesez erakutsiko dira.
XPrentzat euskara paketea hemendik jaitsi daiteke.  Vistarentzat hemendik,  eta azkenik, Windows 7rentzat hemendik.

Mac OS X sistema eragileari dagokionez, egun ez dago sistemaren interfazea euskaratzeko modurik. Erabiltzaile euskaldun batzuk, musu-truk, OS X sistema eragilea eta hainbat aplikazio itzuli bazuten ere, Appleren aldetik, egindako lana zabaltzeko debekua jaso zuten, jabetza intelektualaren eskubideak urratzen zituztela argudiatuz.

Linux bezalako sistema eragile irekitan, egoera bestelakoa da. Edonork hartu dezake parte sistema eragile, inguru grafiko (Gnome, KDE) eta hainbat aplikazioen itzulpenean. Gurean, Euskal GNU eta Librezale taldeak dira itzulpengintzan lan gehien egiten duten taldeak. Debianen oinarritutako Ubuntu bezalako sistema eragilean, di-da batean euskaratu daiteke sistema osoa; horretarako nahikoa da Sistema->Administrazioa->Hizkuntza-Sostengua hautatzea menu nagusitik eta bertan euskara lehenestea menu, leiho, zenbaki, moneta naiz datak erakusteko.

Testu prozesadoreak

Testu prozesadoreetan, interfazea bera euskaraz izatea garrantzitsua bada ere, ortografia eta gramatika zuzentzaileari erreparatuko diogu hemen, oso tresna erabiliak baitira. Xuxen dugu euskarazko zuzentzailea eta hainbat aplikaziotan instalatu daiteke berau, bai OpenOffice/LibreOffice eta Microsoft Office bezalako aplikazio ofimatikoetan eta baita Thunderbird posta bezero edo Firefox internet nabigatzailean.
Microsoft Officen Xuxen instalatzeko, errazena Xuxenen webgunera jo eta bertan ematen diren azalpenak jarraitzea da.
OpenOffice berriz,  webgunetik jaitsi eta edozein sistema eragileta instalatu daiteke euskaraz. Zuzentzaile ortografikoa bakarrik instalatu nahi badugu, hedapen kudeatzailea erabiliz, erraz gehitu daiteke Xuxen zuzentzailea.

Nabigatzaileak

Sistema eragileetan bezala, lizentzia libre edo itxiak dituzten nabigatzaileen egoera oso ezberdina da. Esaterako, Firefox bezalako nabigatzaile ireki baten itzulpena Librezale taldeak hartu zuen bere gain aspaldi eta beti ere, nabigatzaile honen azken bertsioa euskaraz erabiltzeko aukera dugu. Internet Exploreren euskaratzea, sistema eragileetan azaldu den LIP pakete horien baitan dago, eta beti ere, Microsoftek erabakitzen duenaren menpe.
Appleren Safari nabigatzailea, arestian aipatu diren arrazoiak medio, ez dago euskaraz jartzerik. Googleren Chrome nabigatzailea ere, ez dago euskaraz jartzerik, baina Chromen oinarritutako Chromium nabigatzaile librea bai. Chromium inguruan, itzultzaile talde bat bildu eta Launchpad plataforma erabiliz, nabigatzaile libre hau euskaratu dute. Xehetasun gehiago hemen.

Nabigatzailearen interfazea euskaraz egonda ere, gomendagarria da nabigatzaileak Internetera bideratzen dituen eskakizunetan, euskarazko edukiak lehenestea. Webgune askok, edukiak hainbat hizkuntzetan eskaintzen dituzte eta nabigatzaileak hobetsitako hizkuntza hartzen dute aintzat edukiak zerbitzatzeko orduan. Erabiltzaileak zein hizkuntza lehenesten duen, nabigatzailean bertan ezartzen den parametroa da.

Webgune bat hizkuntza jakin batean plazaratzeko orduan, hizkuntza horrek sarean dituen erabiltzaile kopurua erabakikorra izan daiteke. Hau horrela izanik, euskaldun garenok euskaldun bezala aurkeztu beharko ginateke Interneten gure hizkuntzaren presentzia areagotzeko. Nabigatzaileak euskaratzeko, jo hona.

Mugikorrak

Jaurlaritzak telefonia operadore eta fabrikatzaile batzuekin sinatutako akordioaren baitan, hainbat terminaletan euskara sartzea lortu zen. Kasu hauetan, euskararen presentzia, sistema itxietan gertatzen den bezala, enpresen eskutan gelditzen da. Sistema eragile libreak erabiltzen dituzten mugikorretan, Android kasu, egoera bestelakoa da. Oraingoan ere, erabiltzaile talde bat batu eta Android euskaratzeari ekin dio. Zutagu plataformaren inguran batzen dira, eta google docs erabiltzen dute Androiden testuak euskaratzeko.

OffiSync, Microssoft Office eta Google Docs integratzeko gehigarria

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Apirilak 27

offisyncOffiSync Microsoft Officerako gehigarri bat da, Microsoft Office eta Google Docs bateratzea ahalbidetzen duena. Alegia, Google Docs dokumentuak, zuzenean ireki daitezke MS Officetik deskargatu behar gabe. Era berean, dokumentuak aldatu eta gorde daitezke Google Docs-en zuzenean. Hau da, MS Officetik zuzenean lan egin daiteke Google Docs-en dauden dokumentuekin.

OffiSync gehigarria instalatutakoan, aukera berri bat agertuko da MS Word, MS Excel eta MS Powerpoint aplikazioetan. Aukera horretatik, Google kontuarekin izena eman ahal da eta hortik aurrera Google Docs-en dauden dokumentuak arakatu ahal izango dira. Bilatzaile bat ere eskaintzen da gehigarri honekin, dokumentuak erraz aurkitzeko. Gainera, Google Docs-eko dokumentuak elkarlanean eratzeko sistema ere erabil daiteke OffiSync-etik.

Plugin honek “.NET Framework 3.5″ behar du ondo ibil dadin.

http://offisync.com/

Micorsoft zerbitzu teknikoa etengo du Microsoft Windows XP SP2 eta Vista RTMrako

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Apirilak 8

windows-xp-service-pack-3Micorosftek iragarri du Microsoft Windows Vista RTM sistema eragilearen zerbitzu teknikoa etengo duela apirilaren 13an. Gauza bera egingo du Micorsoft XP SP2 sistema eragilearekin uztailaren 13an.

Honek esan nahi du sistema eragile horiek ez dutela jasoko eguneraketa gehiago data horietatik aurrera. Beraz, garrantzitsua izango da instalatzea azken Service Pack hauetariko sistema eragile bakoitzeko. Izan ere, bestela, ziurtasun eguneraketarik ere ez da jasoko. Windows XP-ren kasuan, Service Pack 3 instalatu beharko da eta Windows Vista erabiliz gero, Service Pack 1 instalatu beharko da. Windos XP SP2ren 64 biteko bertsioan zerbitzu teknikoak jarraituko du, ez baitago Service Pack 3 bertsio honetarako.

http://windows7news.com/2010/03/24/xp-sp2-x86-and-vista-rtm-support-ending-soon/

MS Windows 7n sistemaren kopia piratak antzemateko eguneraketa

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 9

Windows 7 edizio pirataMicrosoftek abiatu du eguneraketa bat Microsoft Windows 7 sistemetarako, sistema eragilearen kopia piratak antzemateko. Eguneraketa honek kopia pirata aurkitzen duen sisteman, erabiltzaileari jakinaraziko dio ez dela araua betetzen.

Eguneraketak 1,2 MB pisatzen du eta garrantzitsu bezala markatuta dago. Microsoft-en arabera eguneraketa honek, sistema eragilea era ez zilegi batean instalatzeko 70 era ezberdinak antzemateko gauza da.

Hala ere, eguneraketa honek pirateriaren kontra hartuko dituen neurriak ez bide dira izango oso zorrotzak, sistemaren kopia piratek jarraitu ahal izango dute eguneraketa ez kritikoak jasotzen eta ez da egongo funtzionalitatearen murrizketa.

Informazio gehiago: http://support.microsoft.com/kb/971033

Arazoak bateriarekin Windows 7 duten portatiletan

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Otsailak 23

Arazo batzuk suertatu omen dira bateriarekin Windows 7 duten protatil batzuetan. Interneteko foroetan MS Windows 7 duten erabiltzaile batzuen kexak agertu dira beren portatilen bateriak direla eta. Batzuek nabaritu dute MS Windows 7rekin baino gutxiago irauten duela beren bateriak eta beste batzuek erabat erabiltezina dute bateria.

Ez omen da erabat segurua, arazoa MS Windows 7rena izatea. Hala ere, Microsoft entitatean aztertzen ari dira arazo hauek. Nazioarteko konpaniaren arabera, ordenagailuen firmwarearekiko bateraezintasunean egon liteke arazoa. Firmware hau da arduraduna jakinarazteko bateriaren kargaren amaiera.

Microsoftetik arazo honi erantzun diote aitxaki ezberdinekin. Hemen ikus daiteke erantzuna: http://blogs.msdn.com/e7/archive/2010/02/08/windows-7-battery-notification-messages.aspx

http://www.computerworld.com/s/article/9151098/Microsoft_probes_Windows_7_battery_problems?taxonomyId=125

Windows 3.1 on-line nostalgikoentzat

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Otsailak 12

mswindows3_1_2Malenkoniatsuek, Windows 3.1 sistema eragilea on-line erabiltzeko aukera daukate jada. Horretarako http://www.michaelv.org/ joan beharko dira.

Hor, garaiko sistema eragilean zetozen hainbat aplikazio eta aukera erabil daitezke: MS-DOS prompta kontsolan komandoak exekutatzeko, kalkulagailua, ohar bloka, media player, irudi ikustatzailea, Dragamina, Internet nabigatzailea, etab. Sistemaren konfigurazio batzuk ere aldatu daitezke.

Web aplikazioa AJAX eta PHP-ren bitartez garatuta dago eta fitxategi sistema SQL-ren bitartez gordetzen da eta dinamikoa da. Nahiko lan txukuna da, shell-ean komando asko ez ibili arren oraindik.

Erabiltzeko, Mozilla Firefox 3 edo MS Internet Explorer 7 edo 8 gomendatzen da, nahiz eta MS Internet Explorer 6n ere ikusi ahal den. Eta 1024×768 baino handiagoko bereizmena gomendatzen da.

MS Office 2010, ekainean argitaratuko da

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Abenduak 10

office2010MS Office 2010 beta bertsioa dagoeneko prest badago ere, 2010eko ekainera arte ez da argitaratuko behin betiko bertsioa. Starter, Home and Student, Home and Business, Standard, Professional eta Professional Plus adar ezberdinak eskainiko dira, bakoitza bere prezio eta ezaugarri ezberdinekin. MS Office 2010 Professional Plusek, adibidez, Word, Access, Excel, InfoPath Designer, InfoPath Filler, OneNote, Outlook, PowerPoint, Publisher, SharePoint Workspace eta Office Communicator ekarriko ditu ez ordea MS Visio 2010 eta MS Project 2010.

MS Office 2010 bateragarria izango da MS Windows XP 32 bits, MS Windows Vista 32 eta 64 bits eta MS Windows 7 32 eta 64 bits sistema eragileekin. Oraingoz, izango duen prezioa ez da ezaguna.

OfficeFolders theme by Themocracy