Prism HUD, sistemaren monitorizazioa MS sistemetan

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urtarrilak 25

Prism HUD da aplikazio bat sistema monitorizatzea baimentzen duena Microsoft sistemetan MS Windows XP bertsiotik aurrera.

Era grafiko batean ematen du disko gogorren eta bestelako gailuen espazioari buruzko informazioa, sarearen erabilera, memoriaren erabilera eta memoria gehien erabiltzen diren aplikazioak eta CPUaren erabilera eta CPU gehien erabiltzen ari diren prozesuak. Nolabait, MS Windowsaren ataza kudeatzaileak ematen duen informazioa baina batera eta grafikoki erakutsita. Gainera oso aplikazio arina da.

Jaitsi daiteke debalde bere web gunetik. Util’s Haven da aplikazioaren garatzailea eta beste bi aplikazio ditu webgunean eskuragarri Note Mania QT oharrak eta agenda kudeatzeko eta First Impression grafiko ikustatzaile arina.

http://www.utilhaven.com/prism/index.htm

Tweety Got Back, Twitter gunerako gai grafikoak

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urtarrilak 25

twitterTwitter, webguneak edo blogak bezala, pertsona edo entitateen izaeraren beste isla bat bilakatzen ari da. Eta gero eta jende gehiago pasatzen da Twitterren erabiltzaile ezberdinen guneetatik, besteak beste, bilatzaileen hainbat emaitzatan agertzen direlako dagoeneko. Hala, bada, komenigarria da norberaren gustura moldatuta eta txukun edukitzea.

Tweety Got Back webgunean, bakoitzaren Twitter gunearen diseinua ederra jartzeko hainbat diseinu eskaintzen dira, 350 momentu honetan. Gainera, oso erraza da Twitterren gunean diseinua ezartzea, bakoitzak gustuko duen diseinuari sakatu eta Twitter kontuaren datuak eman besterik ez.

Diseinu gaiak aurkitzeko bilatzaile bat dator eta atalka sailkatuta daude.

http://www.tweetygotback.com/

Internet Bilatzaileak

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urtarrilak 25

bilatzailea1Google jaio zenetik, joan da pixkanaka-pixkanaka bilatzaileen eremua betetzen eta irabazten. Zerbait bilatu nahi denean amaraunean, Google da burura etortzen den lehenengo bilatzailea. Izan ere, munduko bilatzailerik erabiliena da, bilaketen %86 Googlen egiten dira. Baina, beste bilatzaile asko ere badaude Interneten informazioa aurkitu ahal izateko. Hala ere, Zibergela atalaren aurreko zenbaki batean Google bilatzailearen inguruko gaia jada garatu zenez, honetan, beste bilatzaile batzuk aipatuko dira.

Elebila, euskarazko bilatzailea

Elebilak Bing bilatzailea erabiltzen du bilaketa motorra bezala eta bilaketa egiten denean euskarazko emaitzak ateratzen ditu soilik. Nahi izanez gero, frantsesez edo gaztelerazko emaitzak ere atera ahal ditu, edo horrela aukeratuz gero, hizkuntza guztietan egiten du bilaketa.

Elebilak gainera, bilaketan ipinitako hitz edo hitzen sinonimoak erakusten ditu sinonimo horien arabera ere bilatu ahal izateko. Hitzaren esanahia ere kontutan hartuko da, alegia, adjektibo, izen edo aditza bezala.

Irudiak bilatzea ere ahalbidetzen du.

http://www.elebila.eu

Bing, Microsoft-en bilatzailea

Microsoftek atera zuen iazko ekainean bere bilatzaile berria, Bing. Microsoften aurreko bilatzaileak MSN eta Windows Live ordezkatu ditu Bingek. Bilatzaile honek, Interneten webguneak bilatzeko aukera ematen du baina era berean, irudietan, bideoetan, erosketetan, albisteetan eta mapetan bilaketak egin ahal dira. Gainera, atal hauetariko bakoitzean, zehaztu ahal dira, bilaketa ezaugarri bereziak, adibidez, irudiaren kolore nagusia eta tamaina edo prezio tartea erosketetan.

Bing bilatzailearen hobespenetan, nagusientzako edukiak iragaztea baimentzen du eta orrialdeko agertu behar diren emaitza kopurua.

Bing bilatzailearen itxura grafikoa ez da Google eta beste bilatzaileen bezain apala, eta egunero, munduko lekuren baten irudia du bilatzailearen atzealdean.

http://www.bing.com

Yahoo

Munduko estatistiketan Googleren ostean agertzen da bilatzaile hau, baina tarte handi batekin, 2009ko uztailean Microsoftekin sinatutako hitzarmenaren ondoren, Bing erabiltzen du bilaketa motorra bezala, baina bere interfaze propioa jarraitzen du izaten. Hitzarmenak 10 urteko iraupena du eta bere xedea Google-ri aurre egitea omen da.

Bilatzaile honek ere webguneetan, irudietan, bideoetan, albisteetan eta erosketetan ahalbidetzen ditu bilaketak, besteak beste.

http://search.yahoo.com/

Beste bilatzaile batzuk

Aipatutakoez aparte, beste bilatzaile asko daude, haien artean, All the Web http://www.alltheweb.com, AOL http://www.aol.com, ASK http://www.ask.com, edo Altavista http://www.altavista.com, aurrekoekin alderatuta nahiko erabilera kuota txikia daukate hauek, baina, ez dira ahaztu behar.

Specra, hainbat bilatzaileetan batera bilatu

Specra-k, Google, Yahoo eta Bing bilatzaileetan egiten du zehaztutako bilaketa, guztien emaitzak ateratzen ditu eta bilaketak bilatzaile bakoitzean duen posizioa ere adierazten du. Bilatzaile bakoitzari eman ahal zaio pisu bat eta horrela ateratzen da zerrenda ordenatuta bilatzaile bakoitzaren posizioa eta bakoitzari emandako lehentasuna kontutan hartuta. Pisu hau eman ahal zaio webgunearen azalean sartzen denean edo <<Open Control Panel>> aukeratik edozein momentutan.

http://www.specra.com

Bilatzaileen rankinga Market Sharen

Market Share-n argitaratu duten azken bilatzaileen rankingaren arabera, Google da erabiliena mundu osoan, ostean Yahoo eta Bing daude hurrenez hurren. Laugarren posizioan, Baidu dago, Baidu, txinatar hizkuntzazko bilatzaile bat da eta Pekin-en du egoitza. Bilatzaile honen ezaugarri nagusienetarikoa da mp3 edo wma bezalako audio fitxategiak bilatzeko aukera eskaintzen duela. Hori horrela da, txinatar estatuaren legeak zabalagoak direlako Interneten argitaratzen den musikarekin munduko beste estatu batzuenak baino. Bostgarren posizioan AOL dago, ostean, Altavista eta azken posizioetan Excite, All the Web eta Lycos aurkitzen dira.

http://marketshare.hitslink.com/search-engine-market-share.aspx?qprid=4

MS Office 2010 bulegotika suitearen prezioak jakinarazi ditu Microsoftek

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urtarrilak 18

office2010Microsoftek jakinarazi ditu MS Office 2010 bulegotika suiteak izango dituen prezioak. MS Office aplikazioaren bertsio berria aurtengo ekainean ateratzea aurreikusten da.

Aldi honetan, beste aurrekoetan ez bezala formatu berri batean salduko da bulegotika suitea, “Product Keys Card”e-n bitartez, aktibazio-kodeen bitartez, alegia. Era honetan, merkeagoa erosi ahal izango da kutxan baino, hori bai, soilik ordenagailu baterako lizentzia dauka. Kutxaren bitartez erosita, ordea, bi ordenagailutarako lizentzia dauka. Prezioak hurrengoak dira: Home and Student: $149 kutxan eta $119 aktibazio-kodearen bitartez, Home and Bussines: $279 eta $199 hurrenez hurren eta Professional: $499 eta $349.

Fitxategien izenak aldatzea masiboki

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urtarrilak 18

Batzuetan, hainbat fitxategien izenak masiboki aldatzeko beharra suertatzen da eta gehiegi dira banan-banan egiteko moduan. Horretarako, badaude zerbitzu hori eskaintzen duten aplikazioak, gainera batzuk doakoak. Hala, bada, aukeratutako fitxategi guztien izenetan karaktereak ordezkatzea, luzapenak, data edo nahi diren aurrezkiak edo atzizkiak txertatzea ahalbidetzen dituzte aplikazio hauek. Mac Os X sistemetan, <<Name Changer>> aplikazioa erabili daiteke eta helbide honetatik deskarga daiteke: http://www.mrrsoftware.com/MRRSoftware/NameChanger.html .

MS Windows sistemetan <<Ant Renamer>> erabil daiteke eta hemendik dago eskuragai: http://www.antp.be/software/renamer. Gainera, software librea da.

GNU/Linux Sistemetan, <<Pyrenamer>> oso aplikazio osatua da fitxategien izenak masiboki aldatzeko, instalatzeko izen bereko paketea jaitsi behar da, <<pyrenamer>>, alegia.

Sistema eragileen elkarbizitza ordenagailuan

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urtarrilak 18

sisetmaeragileakOrdenagailu bat erosten denean, gehienetan, lehenetsitako sistema eragile batekin etortzen da eta bakarrik hori erabiltzen da askotan. Hala ere, ordenagailu batean hainbat sistema eragile instalatzea posiblea da inolako arazorik gabe. Esaterako, egun, Ubuntu eta GNU/Linux sistema eragilea pil-pilean egonda, ez da batere arraroa erabiltzaile batek bere ordenagailuan MS Windows eta Ubuntu instalatuta edukitzea edo Mac OS X eta Ubuntu, esaterako. Erabiltzaile aurreratuago batzuek, bi baino sistema eragile gehiago dituzte, MS Windows 7, MS Windows 2003 Server, eta Ubuntu edo MS Windows 7, Ubuntu eta Solaris.

Sistema eragile bakoitzak partizio bat eta fitxategi sistema bat behar du

Zibergela atalaren aurreko artikulu batean aipatu zen bezala, sistema eragile bakoitza partizio ezberdin batean instalatu behar da. Gainera, sistema eragile bakoitzak fitxategi sistema bat edo gehiago behar du. Hala, bada, sistema eragile ezberdinak instalatu nahi badira ordenagailu batean, disko gogor bat baino gehiago eduki edota partizio ezberdinak egin beharko dira. Artikulu horretan ere komentatu zen bezala, onena, ordenagailua hutsik edukita, zerotik partizioak egitea da.

Master Boot Record eta abio-sistema

Master Boot Record da disko gogorraren lehenengo sektorea, eta bertan gordetzen da ordenagailuaren abio-sistema. Sistema eragile bat instalatuta egonez gero, MBR-n gordetzen du abiarazteko beharrezkoa zaion informazioa. Bestela, sistema eragile bat baino gehiago instalatuz gero, instalatutako azken sistema eragileak menu bat gorde ohi du, sistema eragile ezberdinen artean zienekin abiarazi nahi den hautatzeko.

Horrela, MS Windows instalatuta edukiz gero, adibidez, Ubuntu instalatzen denean, Ubuntu-k sortzen du MBR-n menu hori. Horrela, ordenagailua pizten denean, Ubuntu edo MS Windowsen artean aukeratu ahal izango da abiarazteko orduan. Denbora tarte batean bat ere ez bada aukeratzen, orduan, lehenetsitako sistema eragiletik abiarazten da automatikoki. Ubuntu eta GNU/Linux banaketa ezberdinek erabiltzen duten softwarea horretarako “GRUB” du izena. GNU/Linux bertsio zaharretan LILO izenekoa erabiltzen bazen ere, LILO oraindik instalatu daiteke eta eskuragai jarraitzen du software biltegian.

Hala, bada, Ubuntu edo beste GNU/Linux banaketa bat instalatzen denean, instalazio prozesuaren amaieran GRUB exekutatzen da. Orduan, GRUB-ek automatikoki ezagutuko ditu ordenagailuan instalatuta dauden sistema eragile ezberdinak, eta MBR-n abio menua idatziko du sistema eragile ezberdin hauekin. Ordenagailua pizten den hurrengo aldian, beraz, Ubuntu eta MS Windows-en artean aukeratu ahal izango da ordenagailua abiarazteko. Gauza bera gertatuko da Mac Os X eta Ubuntu instalatuz gero, esaterako.

Microsoft Windows sistema eragilearen bertsio ezberdinek ere bere softwarea daukate MBR-n idazteko eta abio menua sortzeko, baina kasu hauetan beste Microsoft sistemak baino ez dute ezagutzen. Horrenbestez, bi sistema eragile ezberdinak instalatuz gero, errazagoa da lehendabizi edukitzea instalatuta MS Windows sistema bat eta gero bestea, Ubuntu edo GNU/Linux, esaterako instalatzea. GNU/Linux sistemetan, GRUB abio kudeatzaileak ezagutzen dituelako beste sistema eragileak, MS Windows sistemetan, Microsoftenak baino ez, ordea.

GRUB eta abio menua berreskuratzea

Ubuntu edo GNU/Linux banaketa bat instalatuta edukiz gero, eta MS Windows sistema eragileren bat instalatu behar bada, esan bezala, abio menua ordezkatuko du Microsoft sistemaren instalazioak. Horrenbestez, GNU/Linux sistematik abiarazteko aukera galduko da.

Hala ere, GRUB eta abio menua berreskuratu daiteke. Horretarako nahikoa da Ubuntu CD batekin edo GNU/Linux Live CD batekin. Live CDaren bitartez abiarazi daiteke Ubuntu edo GNU/Linux sistema eragilea disko gogorrean ezer instalatu gabe. Horrela, CDa sartu, ordenagailua abiarazi eta sistema eragile oso bat dago martxan aplikazio garrantzitsuenekin erabili ahal izateko. Hori eginda, sistema eragilea, CDtik abiarazten da eta ez disko gogorretik, beraz, sisteman egiten den edozein aldaketak ez dauka eragina CDtik abiarazten den hurrengo aldian. Hala, bada, behin Live CDtik sistema kargatuta, GNU/Linux sistema instalatuta dagoen disko gogorrera joan ahal da. Hor GRUB berriz eguneratu eta abio menua grabatu daiteke hurrengo komandoekin: <<sudo fdisk -l>> jakiteko zein den GNU/Linux partizioa. Demagun /dev/sda1 dela, orduan <<sudo mount /dev/sda1 /mnt>> komandoa idatziko dugu, horrela muntatzen dugu. Gero, <<sudo mount –bind /dev /mnt/dev>> komandoaren bitartez beste gailuak muntatzen dira. Ondoren, <<sudo chroot /mnt>> egikaritzen dugu root sarbidea edukitzeko instalatutako GNU/Linux sisteman. Azkenik MBR grabatu behar da <<sudo grub-install –recheck /dev/sda>> komandoaren bitartez. Gero, ordenagailua abiarazten denean instalatuta dagoen Ubuntutik, <<sudo update-grub2>> komandoa exekutatuta, automatikoki grabatuko dira abio menuan instalatutako sistema eragile guztiak.

*Oharra; Boot,  Ubuntu sistema instalatuta dagoen partizioan ez badago, eta beste batean egonez gero, /mnt karpetan ere montatu beharko da. Beraz, <<sudo mount –bind /dev /mnt/dev>> egin ostean, <<sudo mount /dev/sda2 /mnt/boot/>>, supoastuta, boot, /dev/sda2 dela.

mount /dev/sda2  /mnt/boot
mount /dev/sda2  /mnt/boot

Google City Tours ibilbide turistikoak egiteko

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urtarrilak 7

london_city_tourGoogle City Tours proiektuak edozein hiritako eta herritako ibilbide turistikoak egiten ditu, helbide bat zehaztuta, helbide horretatik abiatuta zehaztutako hiri edo herrietatik ibilbide turistiko bat sortzen du, horretarako soilik Google Maps eta Googlen informazioaz  baliatzen da.

Zehazten ditu gainera ordutegiak, helbideak, eta baimentzen du leku bakoitzean erabiltzailea egongo den lekua zehatzago izan dadin Googlek proposatutako ordutegia, gainera.  Egun ezberdinetan banatzen du ibilbidea eta lekuak ezabatu edo bilatzaile baten bitartez gehitu daitezke eta ibilbidea zein ordutegia berkalkulatzen du. Proiektua oraindik garapenean dago eta Google Labs proiektuen artean dago, baina oso ideia ona izan daiteke.

http://citytours.googlelabs.com/

Sprixi, Creative Commons lizentzia duten irudi bilatzailea

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urtarrilak 7

Creative Commons lizentziak, ohiko copyright baino zabalagoak dira. Proiektu honen bilatzailearen bitartez, Creative Commons lizentzia duten  irudiak bilatu daitezke nahi den testua idatzita. Sprixik Openclipart.org-n, Flickr-en eta webgune honetako erabiltzaileek igotzen dituzten irudien artean bilatzen da.

Gainera, posiblea da baloratzea aurkitutako irudiak, baliagarriak izan diren ala ez edo bestela desegokiak diren. Honez gain, irudia deskargatzeko edo webgune batean jartzeko aukera eskaintzen du deskargatzeko estekarekin. Izena ematea ere posiblea da, horretarako erabiltzaile izena, pasahitza eta posta elektroniko helbidea bete beharko da. Hala ere, proiektu guztiak bezala Sprixi hobetu ahal da oraindik, esaterako, gutxieneko tamaina edo kolore nagusia zehaztu ahal izatea irudia bilatzeko.

http://www.sprixi.com/

Malware aurkako babesa eta doako antibirusak

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urtarrilak 7

birus1Oso garrantzitsua da ahalik eta babestuen izatea norberaren ordenagailua edo ordenagailuak, zer esanik ez nolabait, lanerako erabiltzen badira. Izan ere, betidanik birusak eta software gaiztoak egon badira ere, beren hedatze lana asko erraztu da Interneti esker eta are gehiago banda zabalarekin. Birus hitza malware hitza baino ezagunagoa da ordenagailuari kalte egin ahal dion softwarea adierazteko. Hala ere, birusak beste malware mota baino ez dira, izan ere, beste mehatxu asko ere badaude informatika mundu honetan, phising, Troyako  zaldiak, spama, spyware edo har informatikoak, esaterako.

Berez, birus informatikoen xede nagusia, birus biologikoen kasuan bezala, hedatzea da eta ez kaltea sortzea. Alabaina, aipatutako malware mota hauek guztiak kaltegarriak izan daitezke eta kalte egiten diete ordenagailuei gehienetan. Ordenagailuaren baliabideak edo banda zabaleraren erabilera gutxienez suertatu daiteke kaltetuta, nahi gabeko publizitatea ere jaso daiteke, beste kasu batzuetan eta hortik aurrera kalteak askoz larriagoak izan daitezke. Datuak edo sistema hondatzea, edota informazioa eta datuak lapurtzea, esaterako, informazioaren arabera larriagoa izan daitekeena, adibidez on-line bankurako sarbidea, edo beste webgune edo beste aplikazio batzuetarako erabiltzaile eta pasahitzak zein informazio estrategikoa, enpresen kasuan.

Eraso informatikoen kontrako babesa

Sistema babesteko har daitezke neurri batzuk.  Nagusiak dira, ez egikaritzea seguru zer den jakiten ez den aplikaziorik, eta ez ematea daturik ziurtatu aurretik nahi den entitateari ematen zaizkiola eta jakina, ez eman behar baino datu gehiago.

Kontutan hartu behar da, finantza entitateak inoiz ez dituela bere webgunean sartzeko datuak posta elektronikoz eskatuko, beraz, ez zaie kasurik egin behar datu mota hauek eskatzen dituzten posta elektronikoei. Honetaz aparte, beste segurtasun neurri erraz batzuk har daitezke, adibide gisa, ordenagailuan lan egitea soilik egiten ari garen atazek behar dituzten baimenekin, eta baimen gehiago dituzten erabiltzaileekin saioa hastea soilik aplikazio bat instalatu edo sistemaren konfigurazioren bat aldatu behar denean. Bestetik, Internetetik edo beste bide batetik fitxategiren bat jasotzen denean birusik ez daukala ziurtatu behar da eta era berean fidagarria izan behar da webgunea edo bidali digun entitatea edo pertsona.  Halaber, nahiko garrantzitsua izaten da sistema eragilea eguneratuta mantentzea eta badaezpada ere, datu garrantzitsuen ziurtasun kopiak egitea.

Aipatutako neurriek saihesten dute askotan software gaiztoaren biktimak izatea, baina ez dira nahikoak ordenagailua erasoen informatikoen aurka babestuta edukitzeko, beti ere, gomendagarria da antibirusen bat instalatuta edukitzea.

Doako antibirusak

Badaude zenbait antibirus doakoak direnak eta MS Windows sistemetan instalagarriak, ClaimWin antibirusa gainera, software librea da, web gune honetatik deskargatu daiteke http://www.clamwin.com/ eta euskaraz ez dago, bai ordea beste hizkuntza batzuetan, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez, esaterako. ClaimWin bateragarria da  MS Windows 7, Vista, Me, 2000, 98, Server 2003 eta Server 2008 sistemetan. GNU/(Linux sistemetarako ClamAV eskuragarri dago helbide honetan: http://www.clamav.net/. Mac Os X sistemetarako ClamXAV deskargatu daiteke hemendik: http://www.clamxav.com/.

Microsoftek ere bere doako antibirusa dauka Microsoft Security Essentials, hemendik deskargatu daiteke: http://www.microsoft.com/Security_Essentials/. Eta antza denez, ondo burutu du lana Microsoftek oraingo honetan. Izan ere, Anti-Virus Comparative erakundearen ikerketa baten arabera nahiko ondo ateratzen da Microsoften antibirusa, hain zuzen ere, malwarea kentzeko orduan ez ezik errendimenduaren aldetik ere emaitza onak eskuratu ditu. Microsoft Security Essentialsek birus, spyware, Troyako zaldi, har informatiko eta beste malware motaren kontra babesten du sistema.

AVG Antivirus aplikazioa ere nahiko ezaguna da doako aplikazio babesleen artean, hala ere, ordainpeko bertsioek askoz babesa handiagoa eskaintzen dute doakoak baino. Hemen daude eskuragarri bertsio ezberdinak: http://free.avg.com

On-line malware azterketa

Antibirus batzuek ere on-line malware azterketa egitea ahalbidetzen dute nabigatzaile baten bitartez eta antibirusa instalatu gabe. Panda Active Scan da horietariko bat eta oso erabilia, hemendik probatu daiteke: http://www.pandasecurity.com/activescan/index/. Hori bai, Panda SecurityEuskal Herriko enpresa izan arren, Active Scan ez dago euskaraz, frantsesez, gazteleraz edo ingelesez bai, ordea. Kaspersky-k ere badauka bere on-line malware azterketa, hemendik erabili daiteke: http://www.kaspersky.com/kos/english/kavwebscan.html eta  Bitdefenderrena erabiltzeko helbide honetara jo daiteke: http://www.bitdefender.com/scanner/online/free.html. Hauek, aukera batzuk dira beste batzuen artean.

Wix flash orrialdeak sortzeko webgunea

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urtarrilak 5

Egia esanda, ez da oso komenigarria flash orrialdeak sortzea, batez ere, soilik flashez eginda badaude, ez baitira oso irisgarriak, alegia, Google bezalako bilatzaileek edo itsuentzako nabigatzaileek zailtasun handiak dituzte irakurtzeko edo zuzenean, ezin dituzte irakurri. Honez gain, web astunak izaten dira eta bai banda zabalera dezente zein ordenagailuaren baliabide jatorrak eskatzen dituzte.

Hala ere, batzuetan bere erabilera badute eta ondo etor daitezke gauza batzuetarako. Hala, bada, Wix aplikazioaren bitartez, on-line eta era erraz batean sor daitezke flash orrialdeak proposatutako txantiloi batzuetatik abiatuta, gero irudiak eta ezaugarriak aldatzea baimentzen du norberaren gustura moldatu arte. Zerbitzua erabiltzeko izena ematea derrigorrezkoa da. Hala ere, posta elektronikoa, pasahitza eta erabiltzailearen izena, besterik ez da eskatzen.

http://www.wix.com/

Bodega, Mac Os Xrako aplikazio biltegia

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urtarrilak 5

bodegaBodega Ubuntu bezalako GNU/ Linux sistemek daukaten software biltegiaren antzeko aplikazio bat da, hor  agertzen dira hainbat aplikazio atalka sailkatuta, honela software horretatik, era erraz batean, eskuratu ahal dira aplikazio berriak, musu-truk doakoak badira edo bestela dagokien prezioa ordainduta. Horretaz gain, instalatutako aplikazioen eguneraketak ere kudeatu ahal dira, Bodegaren datu basean baldin badaude. Hau guztia, nolabait, Applen iTunes Store-ren ukituarekin.

Bodegaren bitartez eskuratu ahal diren aplikazio kopurua nahiko jatorra da, ia 800 aplikazio dauka, hain zuzen ere. Gainera, aplikazioak baloratzea baimentzen du. Mac Os X 10.5 edo goragoko bertsioetan instalatu daiteke eta debalde deskargatu daiteke helbide honetatik:

http://www.appbodega.com/

Disko gogorren partizioak eta fitxategi sistemak

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urtarrilak 5

disko gogorra

Ordenagailu bat erosten denean, askotan jada sistema eragile batekin eta fabrikan edo dendan ezarritako partizio konfigurazio batekin etortzen da, gauza bera gertatzen da USB kanpoko disko gogorra erosten denean, esaterako. Hala ere, lehenetsitako partizio konfigurazio hori batzuetan ez da komenigarriena edo erabiltzailearen beharrak betetzen dituena eta aldatu egin behar da.

Zer da partizio bat eta zertarako egin

Partizioak, biltegiratze unitate fisiko baten banaketak dira. Banaketa bakoitza agertuko da aparteko unitate bat izango balitz bezala sistema eragile gehienetan eta partizio bakoitzak fitxategi sistema ezberdin bat izan dezake, hau da, fitxategi eta karpeten egitura gordetzeko era ezberdin bat. Hala, bada, nahiz eta disko gogor bakarra eduki, partizioen bitartez, unitate fisiko horren banaketa ezberdinak edukitzea lortzen da.

Sistema eragile bat baino gehiago instalatu nahi badira ordenagailu batean, unitate ezberdinak beharrezkoak dira. Izan ere, sistema eragile bakoitzak berarentzako partizio eta fitxategi sistema berezi bat behar du orokorrean, kasu batzuetan bi partizio eta fitxategi sistema ezberdinak behar ditu. Honela, disko gogor bat baino gehiago edukiz gero, disko gogor ezberdinetan instalatu daitezke sistema eragileak. Baina bestela, partizioak egin beharko dira.

Bestetik, oso komenigarria da partizioak egitea datuak eta sistema eragileak banatzeko, era honetan, sistema eragilean arazoak edukiz gero, birus bat sartzen bada, esaterako, edo sistema eragilea hondatzen bada, edo besterik gabe, sistema eragilearen partizioa formateatu behar bada garbitzeko edo sistema eragilearen bertsio berri bat instalatzeko, lortzen da datuak aparte gelditzea eta ez dira ezabatuko. Alegia, sistema eragilea ostatzen duen partizioa formateatu edo ezabatu behar bada, datu partizioa ez da ukitu behar eta datuak ez dira ezabatuko. Datu partizio hau, gainera, konfigurazioaren arabera, erabil daiteke sistema eragile ezberdinekin eta horrela, sistema eragile ezberdinetan datu berdinak eskuragarri egon ahal dira.

Zerekin egin partizioak

Sistema eragile gehienen instalatzaileek partizioak egiteko utilitate bat ekartzen dute, eta instalatzen direnean, momenturik onena da nahi diren partizio banaketak egiteko. Bestela, behin sistema eragilea instalatuta ere, partizioak egin daitezke, baina hemendik aurrera partizio horretan dauden datuak edo sistema eragileak eta programak galtzeko arriskua dago, horregatik hasieratik egitea hobe da, posiblea bada. Behin sistema eragilea instalatuta partizioak egiteko, sistema eragileak berak ekartzen duen baliabidea izan daiteke aukera bat, MS Windows-en, disko administratzailea, esaterako. Hona heltzeko, Nire PC edo Ekipoaren gainean saguaren eskumako botoiarekin eta <<Kudeatu>> aukeran klik egin behar da. Bestela, beste aplikazio batekin egin ahal da, nahiko erabilia izan da Partition Magic MS Windows sistemetan zeren eta, gauzak ondo eginda, aldatzen diren partizioen datuak eta sistema eragilea mantendu ahal baitira, beti hutsik zeuden zatiak ukituz gero, baina Symantec enpresak programa erosi duenetik ez da eguneraketarik egon. Aplikazio hau ez da software librea. GNU/Linux sistemetan, GParted oso ezaguna eta erabilia da <<gparted>> izeneko paketearekin instalatzen da eta fitxategi sistema askorekin bateragarria da, alegia, GNU/Linux, MS Windows edo beste partizio motak sortu ahal dira. NTFS partizioak egiteko mkntfs aplikazioa behar badu ere, hori lortzeko, ntfstools paketea instalatzea nahikoa da.

Nahiz eta GNU/Linux sistemarik instalatuta ez eduki, Live CD batekin egin ahal dira partizioak GNU/Linux sistema batetik eta GParted-ekin. Ubuntu CD batekin, esaterako, instalatu gabe aukera erabilita edo are hobe da horretarako bereziki prestatuta dauden beste Live CD banaketa batzuk erabiltzea. GParted Live CD, esaterako: http://gparted.sourceforge.net/livecd.php.

Partizio motak nola zehaztu

Partizioak zehazten direnean zein fitxategi sistema edo zein motatakoak izango diren ere zehaztu behar da. MS Windows sistema baterako erabiliko bada NTFS mota erabili ahal da edo FAT32, baina soilik MS Windows sistema erabiliko bada hobe NTFS. GNU /Linux sistema bat instalatzeko partizioan EXT4 oso gomendagarria da eta egun, erabilienetarikoa, beste batzuekin ere ibili ahal bada ere. Gainera, GNU/Linux sistemek SWAP motako partizio bat ere behar dute, RAM memoriaren tamainaren bikoitza gutxi gorabehera eduki ahal du partizio honek, sistema eragileak memoria trukerako behar du. Datuak banatuta eduki nahi izanez gero, soilik GNU/ Linux sistema batekin erabiliko badira EXT4 bezala zehaztu ahal da partizioa eta soilik MS Windows sistema batekin NTFS da onena. Baina GNU/Linux eta MS Windows sistema ezberdinetatik erabili nahi bada datu partizioa hobe FAT32 erabiltzea, zeren eta MS Windows sistemek ez dute EXT4 onartzen eta NTFS ez da guztiz egonkorra GNU/Linux sistemetan datuak idazteko orduan, irakurtzeko orduan arazorik ez egon arren eta idaztea ere posiblea izan arren.

OfficeFolders theme by Themocracy