Posta elektronikoa nola erabili eta nola konfiguratu
Aurreko asteko artikuluan komentatu zen zeintzuk ziren posta elektronikorako erabiltzen diren protokoloak eta nola ibiltzen da bakoitza. Halaber, posta elektroniko zerbitzu doako batzuk ere aipatu ziren. Honetan, aurrekoari jarraipena ematen, posta elektronikoa nola erabili azaltzen saiatuko da eta posta elektronikoa irakurtzeko aplikazio ezberdinak aipatuko dira.
Webmail
Erabiltzen den posta zerbitzua, webgune batean irakurri ahal bada, webmail zerbitzua eskaintzen badu hornitzaileak, alegia, nabigatzaile batekin, nahikoa izango da posta elektronikoa irakurtzeko. Nabigatzailearen helbide barran, zerbitzuaren helbidea idatzi beharko da eta ondoren, erabiltzailea eta pasahitza eskatuko da norberaren kontura sartzeko. Aurreko astean aipatutako doako zerbitzuek, Gmail, Hotmail zein Euskalerria.org esaterako eskaintzen dute webmail bidezko posta elektronikoa. Halaber, Internet hornitzaile askok ere eskaintzen dute. Webmail zerbitzua oso erabilgarria da mugikortasuna behar duen jendearentzat. Izan ere, edozein lekutatik irakur edo idatz daitezke posta mezuak.
Aurreko astean azaldu zen IMAP postaren kasuan bezala, erabilgarritasunerako oso egokia izan arren. Honek ez du esan nahi webmail zerbitzuak IMAP erabili behar duenik. Webmail zerbitzua posta elektronikorako aplikazioa da, mahaigaineko aplikazioak bezala, baina web ingurunean. Izan ere, posta kontu bera webmail-en bitartez eta mahaigaineko aplikazio baten bitartez ere irakurtzen bada, mezu elektroniko ezberdinak egon ahal dira batean eta bestean. Era berean, karpeta ezberdinak eta marka ezberdinak. Esaterako, batean irakurtzen bada mezu elektroniko bat markatuko da irakurrita bezala, baina bestean ez.
Mahaigaineko aplikazioak
Hornitzaile batzuek, bi aukerak eskaintzen dituzte, webmail zerbitzua eta mahaigaineko aplikazio batetik posta elektronikoa irakurri eta idatzi ahal izateko. Beste hornitzaile batzuek, ordea, ez dute eskaintzen webmail zerbitzua eta derrigorrez posta elektronikorako mahaigaineko aplikazio bat erabili behar da.
Posta elektronikoa kudeatzeko ere aplikazio asko eta asko daude. Adibidez, Microsoft Outlook asko erabiltzen da, Microsoft Office suitearekin etortzen da eta Microsoft Windows sistemetan ibiltzen da. Ezagunenetarikoen artean ere, Mozilla Thuderbird dago, hau euskaraz dago eta software librea da, gainera, MS Windows, Ubuntu edo GNU/Linux eta Mac Os X sistemetan erabili ahal da. Hau da jaisteko helbidea: http://eu.www.mozillamessaging.com/eu/thunderbird/.
Mac Os X sistemetan, Mail etortzen da sisteman lehenetsitako aplikazioa bezala posta elektronikorako.
GNU/Linux sistemetan, Evolution http://projects.gnome.org/evolution/ edo KMail http://userbase.kde.org/kmail ere oso ezagunak dira.
Nola konfiguratu posta elektronikoa
Webmail zerbitzua erabiltzen denean, esan bezala, oso erraza da posta zerbitzua erabiltzea, normalean, helbidea idazten da nabigatzailearen helbide barran, eta orduan erabiltzailearen izena eta pasahitza besterik ez da eskatzen. Mahaigaineko aplikazio bat erabiltzen denean, zailxeagoa izaten da, posta kontua konfiguratu behar delako. Normalean, posta elektronikoa erabiltzeko aplikazio bat lehenengo aldiz abiarazten denean, kontu berria sortzeko laguntzailea aterako da. Hala ere, edozein momentutan kontu berriak sortu ahal dira. Izan ere, mahaigaineko aplikazio batean, posta kontu bat baino gehiago konfiguratu daiteke. Posta elektroniko berri bat konfiguratzeko orduan hainbat datu jakin behar dira, SMTP irteera zerbitzariaren helbidea, erabiltzailea eta pasahitza; posta elektronikoa jasotzeko edo sarrera zerbitzaria POP3 edo IMAP den, hala nola, sarrera zerbitzarirako helbidea, erabiltzailea eta pasahitza. Normalean sarrera zein irteera zerbitzarirako erabiltzailea eta pasahitza berdinak dira. Gainera, batzuetan, SMTPren kasuan ez da derrigorrezkoa erabiltzailea eta pasahitzaren bidezko autentifikazioa. Aurreko asteko artikuluan komentatu zen bezala, bakoitzak gainera badu zehaztutako ataka bat, eta normalean lehenetsitako portua ez da aldatu behar, baina beste batzuetan aldatu behar da lehenetsitako ataka eta kasu honetan jakin beharko litzateke zein den. Irteera zerbitzarian zein sarrera zerbitzarian ere jakin behar da konexio seguru bat erabiltzen duen eta zein den, SSL, esaterako.
Gainera, kontu bakoitzeko konfiguratu ahal da zein maiztasunekin begiratu behar duen zerbitzarian posta elektronikorik dagoen ala ez, idazten diren mezu elektronikoetan txertatzen den sinadura (nahi den testua izenarekin eta harremanetarako datuekin). Beste aukera bat oso erabilgarria izan daitekeena ordenagailu ezberdinetatik irakurri ahal izateko da mezuak ez ezabatu zerbitzaritik jasotzen direnean. Posta erabiltzeko aplikazioek, ez bazaie kontrakoa esaten, normalean ezabatzen dituzte zerbitzaritik jaisten dituzten posta elektronikoak, baina aukera hau markatzen bada, zerbitzarian mantenduko dira, beste ordenagailu batetik ere jaitsi ahal izateko edo webmailen bitartez kontsultatu ahal izateko. Hori bai, aukera hau arriskutsua da zerbitzarian dagoen lekuaren arabera, posta elektronikoak zerbitzarian gordetzen badira, gainditu ahal delako erabiltzaileko eskaintzen den lekua.
Aukera asko egoten dira dagoeneko posta elektronikoa irakurtzeko, ordenagailuan, mahaigaineko aplikazio batetik, sakelako telefonotik edo web postare-en bitartez, alegia, internet nabigatzaile batekin. Zerbitzu askok eskaintzen dute posta azken era honetan, Yahoo, Hotmail edo GMail dira ezagunenetarikoak. Mugikorrean posta mezuak irakurtzea, abantaila handia da, zeren eta telefonotik bertatik baitaude eskuragai bidalitako eta jasotako mezuak beti. Hala ere, telefono gailuak zein sistema eragileak eta interfazeak hobetzen joaten badira ere, oraindik, askoz erosoagoa da ordenagailu batetik irakurtzea eta idaztea. Mahaigaineko aplikazio batean posta kudeatuz gero, era eroso batean kudatzen da posta elektronikoa, kontu bat baino gehiago irakurri ahal izaten da eta gainera, askotan aparteko gehigarriak gehitzen dira funtzio berriak eta posta zerbitzua osatzeko, baina printzipioz, soilik konfiguratzen den ordenagailutik irakur daiteke. Web posta, ordea Internet edukita, edonondik irakur daiteke, sakelako telefono batetik ere bai, baina web postarako interfazeak eta erabilera, astunagoa eta motelagoa izaten da, gainera era honetan ez da egoten mahaigaineko aplikazio batean beste funtzionalitate gehigarri. Hala ere, arlo hau joan da hobetzen eta AJAX ( Asynchronous JavaScript And XML) bezalako teknologiak erabilita lortu da web posta interfazeak arintzea eta apurka-apurka gehienetan funtzionalitate berriak joan dira gehitzen. Beraz, web posta edo web mail ingelesez, oso aukera ona da ordenagailu eta leku ezberdinetan posta kudeatu nahi izanez gero.

