Category: Apple

Tableta, 2011. urteko izar

By Ander Goñi Beltza, 2012(e)ko Urtarrilak 4

Tableten urtea izan da, ezbairik gabe, 2011. urtea. Applek sortutako iPad izan zen produktu horren aitzindaria, eta, Appleren atzetik, hainbat enpresak merkatu eskaintza zabala osatu dute horrelako gailuekin. Appleren iPadarekin batera, Android sistema eragilea da tableten munduko bigarren jokalari garrantzitsuena; 2011. urtearen amaieran, Ice Cream Sandwich izenarekin bataiatu duten azken bertsioa plazaratu zen, oraindik oso gailu gutxitan aurki zitekeena. 2011. urteak iPadaren bigarren bertsioa ekarri du; aurrekoa baino meheagoa, azkarragoa eta arinagoa da, eta, salmenta aldetik, senide zaharrenak ezagutu zuen arrakasta izan du. Android sistema eragilea darabilten tabletei dagokienez, iaz, izugarrizko eskaintza zabala merkaturatu zuten enpresa teknologikoek, eta, eskaintza zabal horretan, kostu baxuko gailuak agertu dira indar handiz, 100 euroren bueltan dauden tabletak. Kostu baxuko aukeran, kasu berezia da Amazon etxeak iPadari aurre egiteko merkaturatu duen Kindle Fire delakoa; arazo tekniko batzuk dituen arren, salgai daramatzan bi hilabetetan, hainbat ale saldu ditu Amazonek.

Apple etxeak, esan bezala, arrakasta latza lortu du iPad 2arekin, baina ez da izan produktu arrakastatsu bakarra; iPhone 4S telefonoa eta MacBook Air ordenagailu eramangarriak ere erruz saldu dira.

Nabigatzaileen inguruan, Googleren Chrome hazi da gehien 2011. urtean. Azken urte hauetan Mozillaren Firefox nabigatzailea Microsoften Internet Explorerri erabiltzaileak kentzen joan bada ere, 2011. urtean, Chrome izan da Explorer eta Firefox nabigatzaileen lepo hazi dena. Nabigatzaile erabilien kuotak horrela gelditu dira, StatCounterren aburuz: %40 Internet Explorer, %27 Chrome eta 25% Firefox.

2011. urtean ere, teknologiaren munduan hainbat agurtu ditugu. Batzuk ezagunak oso, Appleren CEO izandako Steve Jobs kasu, eta beste batzuk, jendartean ezagunak izan ez arren, teknologia munduan oso garrantzitsuak izan direnak. Horietako bat da Dennis Ritchie; 1941. urtean jaio zen, eta, 70eko hamarkadan, UNIX eta C programazio lengoaiaren garapenean parte hartu zuen. 2011. urtean zendutako beste bat Betty Jean Jennings Bartik izan da, ENIAC izena zuen lehen ordenagailuaren sortzaileetako bat.

Porrotak

Teknologia enpresa ezagunenek, HTC, Samsung, LG, Sony eta abarrek, euren tabletak merkaturatu dituzte. Samsung etxeak arrakasta handia lortu du Galaxy izeneko tabletarekin, baina beste ekoizle batzuek porrot handiak jasan dituzte, HP eta RIM etxeek kasu. HP etxeak WebOS sistema eragilean oinarritutako Touchpad izeneko tableta plazaratu zuen; produktu ona, etxe ospetsua, baina salmentarik ez. Ipadaren prezio antzerakoa zuen, eta erabiltzaileek nahiago izan zuten Appleren tableta. Ondorioz, HP etxeak prezioa asko jaitsi behar izan zuen bere produktu berria saldu ahal izateko, eta, azkenean, tableten negoziotik alde egitea erabaki zuen.

BlackBerry ekoizten duen RIM etxeak ere BlackBerry PlayBook delakoa merkaturatu zuen, baina ez zuen arrakastarik izan; badirudi sistemaren eguneraketa urria eta aplikazio erakargarrien eskasia izan zela arrakasta eskasaren arrazoia.

Tableten mundutik at, teknologiaren beste alor batzuetan ere, izan dira uste baino emaitza kaskarragoak izan dituzten produktu eta zerbitzuak. Google+ da horietako bat. Kontaktuak zirkulutan biltzeko aukera ematen du sare sozial horrek ez du publiko zabalaren onarpenik izan. Googlek berean jarraitzen du, funtzionaltasun gehiago eskaintzen, jada erregistratuak dituen 50 milioi erabiltzaile horien kopurua handitu nahian.

Sarean edo hodeian eskaintzen diren zerbitzuen etenak ere kalte handiak eragin dizkiete RIM eta Sony etxeei. RIMen BlackBerry telefonoak mezularitza zerbitzuak porrot egin eta gero posta gabe izan ziren urrian. Sony etxearen PlayStation plataformak sarean jolasteko zerbitzua eten izan behar zuen bere sistemek jasan zuten eraso baten ondorioz. Agerian gelditu zen Sonyren sistemen ahulezia eta erabiltzaileek sarean gordetzen dituzten datu pribatuak egoki babestearen beharra.

Kontsolen alorrean, Nintendo etxeak betaurreko berezien beharrik gabe 3D efektua eskaintzen zuen 3DS plazaratu zuen. Plataforma horrentzat joko gutxi garatu direlako eta hainbat erabiltzailek zorabioak jasan dituztela zabaldu delako, produktu horrek arrakasta gutxi izan du.

Eta 2012rako zer?

Badirudi hasi berria den urte honek ere gailu eta zerbitzu mordoa eskainiko dituela. Gailuen munduan, bolo-bolo dabilen iPad 3 delakoaren aurkezpena espero da, eta badira Applek bere tabletaren tamaina txikitu eta 7 hazbeteko bertsio bat plazaratuko duela esaten dutenak ere. Apple etxeak ere iPhone telefono adimendunaren bosgarren bertsioa merkaturatuko du, eta, Appleren produktuen inguruan gertatu ohi denez, horrekin ere dena da filtrazio eta txutxu-mutxua.

Microsoft etxeak Windows 8 aurkezteko asmoa du 2012an, eta ezagutzera eman diren ezaugarrien artean, USB 3.0 euskarria, Ribbon interfazea eta aplikazioen denda izango duela jakin da.

Kontsolen munduan, bi dira espero diren aurkezpen ezagunenak: Nintendo etxearen Wii U eta eta Sonyren Vita.

Amaitzeko, Amazon etxea lanean da bere Fire tabletak dituen akatsak konpontzeko, eta gainontzeko tablet ekoizleek bezala, badirudi bere produktuaren bertsio berriren bat kaleratuko duela.

iPhonerako aplikazioak

By Jabi Asurmendi Sainz, 2011(e)ko Abenduak 16

iphone aplikazioakGaur egun, sakelako telefonoak deiak eta mezuak bidaltzeko gailuak baino zerbait gehiago dira. Sakelako ordenagailu eramangarriak direla ere esan daiteke. Gero eta hardware aurreratuagoa dute, gero eta sentsore gehiago, gero eta sistema eragile konplexuagoak eta gero eta aplikazio zoragarriagoak. Horren adibide garbi bat iPhone telefonoak dira beren iOS sistema eragilearekin.

Applek 500 mila aplikazio baino gehiago eskaintzen ditu iPhone telefonoetarako bere App Storetik, haiek esaten duten bezala lan egiteko, jolasteko eta edozein gauza egiteko. Batzuk ordainpeko aplikazioak dira, beste batzuk, ordea, dohainik deskargatu eta instalatu daitezke norberaren telefonoan.

Doako aplikazioak

Doako aplikazioen artean, Facebook eta Twitterrerako aplikazioak deskargatuenetan daude. Biak dira Facebook eta Twitter aplikazio ofizialak iOS sistemetarako, bigarrenak hasieran Tweetie izena bazuen ere, Twitterrek erosi zuen iPhonetarako beren aplikazio ofizial bihurtzeko. Izan ere, sakelako telefonoetan Internet duten erabiltzaileen artean, sare sozialak mugikorretik kudeatzeko joera handia dago.

Dropbox aplikazioa ere oso erabilia da iPhone zaleen artean. Aplikazio honen bitartez, erabiltzaileak Dropox Interneteko fitxategi biltegian dituen fitxategiak eta karpetak ikus eta kudea ditzake. Halaber, telefonoaren argazki-kamerarekin ateratako argazkiak igo ahal dira Dropboxera. Era horretan, fitxategiak “hodeian” erabiltzen dituztenek, ordenagailuetatik ez ezik, sakelako telefonotik ere erabiltzeko aukera daukate.

Berehalako mezularitzak ere badu arrakasta sakelako telefonoetan, eta beraz, iPhoneetan ere bai. Fring dago berehalako mezularitzarako gehien erabiltzen diren aplikazioen artean. Ziur asko, honen arrazoia zerbitzu asko eskaintzen dituela da, besteak beste: Google Talk, MSN Live, ICQ, Facebook Chat, Aim, Yahoo eta VoIP barne. Horrenbestez, erabiltzaile batek zerbitzu horietariko batzuetan kontua edukiz gero, telefonotik guztiak batera erabili ahal ditu aplikazio bakar honekin.

Oso erabilgarria den beste aplikazio bat GasAll izenekoa da, inguruko gasolindegiak eta haien prezioak azaltzen ditu mapa batean.

Evernote izeneko aplikazioak sakelako telefonoan oharrak egitea ahalbidetzen du, gainera, ohar hauek “hodeian” gordetzen dira eta beraz, ordenagailutik ere kontsultatu daitezke. Baina testu oharrak ez ezik, audio oharrak eta irudiak ere erantsi ahal dira Evernoteren bitartez. Aplikazio honen doako bertsioak 60MBko muga du hileko, baina, orokorrean horrekin nahiko eta soberan dauka edozein erabiltzailek.

Shazam ere oso aplikazio ezagun bihurtu da. Izan ere, ez daude aplikazio asko honek eskaintzen duen funtzionalitatearekin. Erabiltzaileak jakin nahi badu zein titulua daukan bere ingurunean entzuten ari den abesti bat, Shazam, abestia entzute hutsarekin bakarrik, abestiaren titulua, egilea, diskoa, karatula eta bestelako informazioa bilatzeko eta erakusteko gai da.

Ordainpeko aplikazioak

Ordainpekoa bada ere, iPhone telefonoetan eta bestelako plataformetan ere aplikaziorik ezagunenetarikoa da Whatsapp. Aplikazio honek testu mezuak debalde bidaltzea ahalbidetzen du, beti hartzailearen telefonoan ere Whatsapp aplikazioa instalatuta egonez gero. Gainera, ohiko SMSetan ez bezala, Whatsappen kasuan ez dago karaktere mugarik testu mezuak bidaltzeko.

Erabiltzaile batzuk ez daude guztiz ase iPhonek eguraldiaren aurreikuspena kontsultatzeko ekartzen duen aplikazioarekin, beraz, jaitsiera asko lortzen ari da horretarako dagoen aplikazio aurreratuago bat, Weather Pro izenekoa.

RSS jarioak irakurtzeko, Reeder aplikazioa da deskargatuenetarikoa. Aplikazio hau bateragarria da Google Readerrekin, eta beraz, erabiltzaileak irakurri ahal ditu Google Readerren dituen RSSak eta Google Readerren antolatuta dituen bezala. Gainera, diseinu aldetik ere nahiko minimalista eta erakargarria da.

Macintosh, Appleren ordenagailuak

By Ander Goñi Beltza, 2011(e)ko Urriak 17

Macintosh edo Mac moduan ezagutzen dira Applek diseinatu, fabrikatu eta saltzen dituen ordenagailuak. PCen erabiltzaileentzat mundu ezezaguna izan badaiteke ere, Mac motako ordenagailuak erabiltzen dituztenak asko dira, eta, oro har, egin duten hautuaren aldeko jarrera sutsua agertzen dute. Ordenagailu horiek probatu ez dituztenen artean ere oso zabaldua dago ordenagailu egonkorrak direla eta birusek ez dietela erasotzen. Ordenagailu hauen nondik norakoak erakusten saiatuko gara.

Historia

Lehen Macintosha 1984. urtean merkaturatu zuen Apple etxeak. Arrakasta komertzial itzela izan zuen kontsola interfazea alde batera utzi eta sagu eta interfaze grafikoa eskaintzen zuen ordenagailuak. Gaur egungo begiekin museoko pieza dirudien ordenagailu hark 2.500 dolarreko salneurria zuen, 9 hazbeteko pantaila eta 128 Kilobyte DRAM, hau da, Megabyte laurdenera ere ez zen iristen. 80ko hamarkadan izadako arrakasta apurka-apurka itzaltzen joan zen MS-DOS eta ondoren Windows sistema eragilea erabiltzen zituzten PCak agertu zirenean.

1998. urtean, berriki zendu den Steve Jobs Apple konpainiara itzuli eta urte batera, iMac moduan ezagutzen den ordenagailua merkaturatu zen, eta berarekin, egun diharduen arrakastaren bidea berreskuratu zuen Apple etxeak. Ordenagailu hauetan, pantaila eta prozesadorea, dena da bat, eta ondorengo urte guzietan ere, ikono bihurtu den diseinua mantendu egin da.

2006. urtetik aurrera, Applek ordenagailu hauek erabiltzen zituzten prozesadoreak aldatu zituen. PowerPC markako prozesadoreak utzi, eta Intel etxekoak erabiltzen hasi zen. Txip berri hauekin, Applek saltzen dituen ordenagailuek Windows sistema eragilea erabiltzeko aukera dute. Mac OS X sistema eragilea duten makina hauetan, Boot Camp izena duen softwarea erabili behar da Windows instalatu ahal izateko.

Ezaugarriak

Apple etxeak bere gain hartzen du ordenagailu hauen euskarria den hardware eta softwarearen diseinu, fabrikazio eta mantenua. Makina itxiak direla esan daiteke: Macintoshek Applek diseinatutako hardwarea dute, Applek sortutako Mac OS X sistema eragilearekin eta Applek berak garatzen dituen aplikazio sortarekin. Enpresa honek bere produktuaren atal guztiak kontrolatzen dituenez, sistema hauen egonkortasuna handia da PCekin alderatzen baditugu. PC munduan, enpresa batzuek hardwarea bakarrik egiten dute (Acer, Asus, Dell, HP…); Microsoft eta horrelako enpresek sistema eragilea eta milaka eta milaka enpresek softwarea sortzen dute.

Macintosh ordenagailuen beste ezaugarri bat estetika zaindua izan da. Bere iMac G3 ordenagailuaren plastiko garden koloreduna azken hamarkadako ikono bat izan da, eta zer esanik ez azal metalikoa duten Macintosh eramangarriak: macBook ezagunak, eramangarriaren tapan argiztatua agertzen den sagarra eta guzti.

Mac OS X sistema eragileak, Linuxek bezala, Unix du oinarri. 2002. urtetik aurrera, Macintosh ordenagailu guztietan presente dagoen sistema eragilea da. Sistema honen xedea erabiltzaileari gauzak erraztea izan da: adibidez, keinuak erabiliz, akzio ezberdinak burutzen dira.

PCekin alderatuz, oro har, sistema garestiagoak izanda ere, nabarmena da Macen erabiltzaileek markarekiko erakusten duten atxikimendua. Interneten, PC eta Mac erabiltzaileen artean dauden ezberdintasunak erakusten dituzten hainbat ikerketa aurki daitezke. Oro har, maila ekonomiko ezberdinen artean dauden diferentziak nabarmentzen dira: goi mailako ikasketetan, gehiago dira Mac erabiltzaileak, politikoki liberalagoak eta gazteagoak. Ikus daitekeenez, trufarako behintzat ematen du gaiak.

NFC, bluetoothen oinordekoa

By Ander Goñi Beltza, 2011(e)ko Ekainak 28

NFC, ingelesetik datorren laburdura da. Near Field Communication delakoak, gailuen arteko haririk gabeko komunikatzeko modu bat ezartzen du, gehienez 20 zentimetrora dauden gailuen arteko datu trukea. Orain arte oso hedatua egon den bluetooth sistemaren antzerakoa da, baina badituzte zenbait diferentzia: bluetooth bidez, metro batzuetara dauden sistemen artean komunikatzea posible den artean, NFC bidezko komunikazioa, zentimetro gutxi batzuetara mugatzen da. Horrek zailagoa egiten du datuen joan-etorria zelatatzeko aukera. Energiari dagokionez, bluetoothek baino kontsumo txikiagoa du NFCek, eta komunikazio saio bat hasteko askoz ere denbora gutxiago behar du.

Googlek kaleratu duen Nexus S sakelakoari NFC teknologia txertatu diote, eta Applek ere NFC txipa sartzeko asmoa erakutsi du bere iPad 2 tabletean eta iPhone 5 sakelakoan. Badirudi 2011 urtea, NFC-dun gailuen urtea izango dela.

NFC teknologiaren erabilpenak

Haririk gabeko komunikazioa da NFCren lan eremua. Etorkizun handiena duten erabilpenak, berriz, identifikazioa, datu trukea eta, gehienbat, ordainketak dira.

Identifikatzea beharrezkoa den leku batera sartu nahi dugunean, nahikoa izango da gure sakelako telefonoa edo NFC txipa duen txartel bat irakurle batera gerturatzea. Zerbait ordaintzeko tenorean ere, kreditu txartelak erabili beharrean, posiblea izango litzateke gure sakelakoa ordainketa irakurlera gerturatzea eta horrela di-da batean erositakoa ordaintzea. Ordainketa modu horiek probatzen dabiltza hainbat enpresa. Esaterako, Sitgesen, Visa, Telefonica eta La Caixak, 2010. urtearen amaieran, 1.500 erabiltzaileei samsung telefonoak banatu zizkieten, 500 bat saltokitan egindako erosketa txikiak ordaindu ahal izateko.

Gure sakelako telefonoak diru poltsa elektronikoak bihurtu nahi dituzte. Gure telefonoen SIM-etan, Visa txartelak gorde ahal izango ditugu, eta, horrela, metro edo autobus txartelak ordaindu edo VISA bidez ordaintzen dugun edozein erosketa egingo dugu. Sistema horren erabilera errazak kontsumitzaileak animatuko dituelakoan dira adituak, Korean gertatu den bezala.

NFCren beste erabilera batzuk ere aurkeztu dira. Adibidez, jatetxe edo saltoki bat gustukoa badugu, eta, horren berri eman nahi badugu, saltokiak sarreran jarritako pegatina batera gure telefonoa gerturatzea nahikoa izango da Google Hotpot Foursquare eta natzeko sistemetan, gure gomendioa publikatua izan dadin.

Google Wallet eta Google Offers

Ameriketako Estatu Batuetan (New York eta San Frantziskon), Googlek, Wallet izeneko sistema jarri du martxan sakelakoarekin ordainketa txikiak egin ahal izateko. Mastercard motako txartel bat duen amerikarrak, txartel hori Google Walletekin lotzeko aukera izango du, eta Mastercard-ik ez duenari Googlek edozein txartelekin diruz kargatu daitekeen txartel birtual bat eskaintzen dio. Ordainketa bat egiteko orduan, Android sistema eragilea duen telefonoan, Wallet aplikazioa martxan jarri, eta, bertan, ordaindu beharreko kopurua agertu ondoren, ordainketa onartzeko 4 digituko PIN bat sartu beharko du erabiltzaileak. Wallet sistema horrekin batera, Google Offers sistema ere martxan jarri du. Gure telefonoaren geolokalizazioa aktibatua egonez gero, saltoki baten aurretik pasatzean, gure terminalean saltoki horren eskaintzak ikusi ahal izango ditugu.

Hilaren 25ean iritsiko da Euskal Herrira iPad2-a

By Ander Goñi Beltza, 2011(e)ko Martxoak 28

Appleren tableta famatuaren bigarren bertsioa salgai jarri da berriki. Eta lehen salmenta datuak izugarriak dira: diotenez, 600.000 ale saldu dira Ameriketako Estatu Batuetan gailua salgai jarri eta lehen egunean.

Lehen bertsioarekin alderatuz, honako ezaugarri hauek eskaintzen ditu jostailu berriak: bi kamera jarri dizkiote: bata aurrean eta bestea atzean; eta kolore bitan eskaintzen da: zuri nahiz beltzean. Apur bat finagoa ere bada, eta formak borobildu egin dizkiote.

Aldaketa handienetako bat, hala ere, tabletaren prozesadorean dago, nukleo bikoitzeko Apple A5 prozesadore berrian hain zuzen ere. Sistema eragilea iOS 4.3 du iPad2-ak eta dakarren softwarearen artean, FaceTime da aipagarrienetako bat. FaceTimekin, Applek bideotxata jartzen du eskuragarri bere ordenagailu, iPhone, iPod touch eta iPad 2 erabiltzaileen eskura.

Euskal Herrian, martxoaren 25tik aurrera egongo da eskuragarri, 16, 32 eta 64GBtako modeloetan. Beste tokietan bezala, zuri eta beltzean eskainiko du Applek, Wifi edo Wifi + 3G konektibitaterekin. 470 eurotik tik hasita, 800 euro bitarteko preziotan salduko da.

“iGailuak”: Appleren aniztasun digitala

By Jabi Asurmendi Sainz, 2011(e)ko Martxoak 11

Apple-ren logoaApplek “i” letraren bitartez izendatzen ditu beren gailu eta aplikazio gehienak, horrela, iPhoto, iTunes edo iPhone, iPad, iPod, iMac aski ezagunak dira dagoeneko guztiontzat eta “i” izenaren aurretik ikusita, laster batean Apple etortzen da burura orokorrean. Horregatik, iGailuak agertzen da tituluan, Appleren gailuak eta bakoitza zer den aipatuko direlako artikulu honetan. Azkenean, hainbeste “iGailuekin” nahaste-borrastea sor daiteke. Gailu hauetan zerbait azpimarratu behar bada diseinu zaindua izan daiteke, ordenagailuetan zein gailu eramangarrietan izugarri zainduta dago itxura eta estetika. Oso fidagarriak dira funtzionamendu aldetik eta prezioaren aldetik merkeak ez badira ere, erabiltzaileen fideltasun handia lortzen dute.


Appleren ordenagailuak

Ordenagailuak eta beren periferikoak, Mac Os sistema eragilearekin batera, Appleren lan esparru nagusia izan dira iPod ospetsua agertu arte. Egun, aniztasun handia dago ordenagailu eramangarrietan zein mahaigaineko ordenagailuetan. Mahaigaineko ordenagailuei dagokienez, Mac min, iMac eta Mac Pro eskaintzen ditu Applek. Mac mini oso tamaina txikiko mahaigaineko ordenagailua da eta estetikoki oso txukuna, monitorerik, sagurik eta teklaturik gabe saltzen da. Bestetik, iMac-en berezitasuna da monitorea eta prozesagailua zein irteera eta sarrera ezberdinak gailu bakar batean doazela. Mac Pro-k, ordea, ohiko mahaigainekoak bezala, dorre itxura du eta, monitorea zein beste osagaiak, ez daude txertatuta dorrean, etekin handiko ordenagailua da. Ordenagailu eramangarrietan MacBook, MacBook Pro eta Mac Book Aire dira aukerak. MacBook etxeko eta enpresa txikiko erabiltzaileei zuzenduta dago, Mac Book Pro-k errendimendu altuagoa eskaintzen du eta beraz erabiltzaile profesionalei bideratuago dago. Mac Book Air, oso pisu gutxiko ordenagailua da eta oso oso estua, beraz, oso egokia da maiz ordenagailua soinean eraman behar duenarentzat . Zerbitzariak ere badituzte: Mac Pro Server eta Mac Mini server.

Apple ordenagailuak: MacBook, MacBook Pro, MacBook Air, iMac, Mac mini, Mac Pro

iPod, musika soinean

iPod musika eta multimedia erreproduzigailua da. Hemen ere gailu ezberdinak eskaintzen ditu Applek, iPod shuffle, txikiena eta merkeena da, iPod nano ere oso tamaina txikikoa da baina ukimen-pantaila dauka. iPod classic eta iPod touch eredurik handienak dira, lehenengoak ohiko itxura du, pantaila eta behean botoiak, bigarrenak, ordea, ukimen pantaila dauka.

iPod: iPod shuffle, iPod nano, iPod classic, iPod touch


iPhone, Appleren sakelako telefonoa

Appleren sakiPhone sakelako telefonoaelako telefonoak iPhone du izena. Wi-Fi eta 3G Internet konexioak eskaintzen ditu. Ukimen-pantaila dauka eta sistema eragile bezala iPhonerako Applek garatutako sistema eragilea erabiltzen du. Telefonoa biratzea besterik ez da beharrezkoa, pantailaren edukia ere bira dadin, honela, ikusgarria izateaz g ain, testuak errazago idaztea eta irakurtzea ahalbidetzen du. Telefonoaren eduki osoan bilatzaile aurreratua ekartzen du. Bestetik, “qwerty” ukimen-teklatua du era eroso batean idazteko. Ordainpeko eta doako aplikazio biltegi bat eskaintzen du, aplikazio hauek guztiak deskargatu edo eros daitezke App Storetik telefonotik zuzenean.


iPad tabbleta

iPad tabbletaiPad Appleren tabbleta da, tabblet bat Smarthphone edo sakelako telefono inteligente eta ordenagailu eramangarri baten arteko gailu bat izango litzateke. iPad ukimen-pantaila du, ez du teklaturik, beste tabbletetan ohikoa denez, beraz “qwerty” teklatua eskaintzen du ukimen-pantailan bertan. Produktu hau 2010eko urtarrilean atera zen merkatura eta 2011ko martxoaren 2an atera da iPad 2, beraz, bero-bero dago oraindik.

Ordenagailua euskaratzen

By Ander Goñi Beltza, 2011(e)ko Otsailak 7

puntueusOrdenagailua, testu prozesadoreak, internet edo mugikorrak, gero eta gehiago erabiltzen ditugu, baina zein hizkuntzatan? Den-dena ez dago euskaraz, baina pena da dagoena ez erabiltzea. Askotan, gure sistemak euskaratu daitezkeela ez dakigunez, edo interneten euskaldun bezala agertzeak duen garrantziaz jabetzen ez garenez, arreta gutxi jartzen diogu gai honi. Haurrak gero eta adin goiztiarragoan erabiltzen dituzte gailu teknologikoak, eta hasieratik euskaraz erabiltzea ere garrantzitsua da.

Artikulu honetan, sistema ezberdinak nola euskaratu daitezkeen erakutsiko da. Sistema eragileetatik hasi, testu prozesadore, internet nabigatzaile eta mugikorretaraino.

Sistema eragileak

Sistema eragilez ari garela, euskararen egoera oso ezberdina da sistema ireki eta sistema itxiei dagokionez. Sistema eragile itxien esparruan, Microsoft Windows eta Apple enpresaren Mac OS X dira erabilienak.

Microsoft Windowsen kasuan, XP sistema eragilea izan zen bere interfaze eta zenbait aplikazio euskaraz eskaini zituen Microsoften lehendabiziko sistema eragilea. Eusko Jaurlaritzak erruz ordaindutako itzulpena izan zen, eta ordutik aurrera, Microsoftek plazaratu dituen sistema eragileen bertsio ezberdinen (Vista eta Windows 7) itzulpena, Redmoneko enpresak ordaindu ditu. Sistema eragile eta zenbait aplikazioren interfaze euskaratzeko, Microsoftek eskaintzen duen “Language Interface Pack” (LPI) delako bat instalatu behar da. LPI honek, oinarrizko sistema eragilearen mezuak aldatzen ditu. Euskararen kasuan, oinarrizko sistema eragilea, derrigorrez, gaztelera edo frantsesez dagoena izan behar da. Beraz, sistemak gehien erakusten dituen mezuak euskaraz erakutsiko dira, eta zenbait mezu, itzulita ez daudenez, gazteleraz edo frantsesez erakutsiko dira.
XPrentzat euskara paketea hemendik jaitsi daiteke.  Vistarentzat hemendik,  eta azkenik, Windows 7rentzat hemendik.

Mac OS X sistema eragileari dagokionez, egun ez dago sistemaren interfazea euskaratzeko modurik. Erabiltzaile euskaldun batzuk, musu-truk, OS X sistema eragilea eta hainbat aplikazio itzuli bazuten ere, Appleren aldetik, egindako lana zabaltzeko debekua jaso zuten, jabetza intelektualaren eskubideak urratzen zituztela argudiatuz.

Linux bezalako sistema eragile irekitan, egoera bestelakoa da. Edonork hartu dezake parte sistema eragile, inguru grafiko (Gnome, KDE) eta hainbat aplikazioen itzulpenean. Gurean, Euskal GNU eta Librezale taldeak dira itzulpengintzan lan gehien egiten duten taldeak. Debianen oinarritutako Ubuntu bezalako sistema eragilean, di-da batean euskaratu daiteke sistema osoa; horretarako nahikoa da Sistema->Administrazioa->Hizkuntza-Sostengua hautatzea menu nagusitik eta bertan euskara lehenestea menu, leiho, zenbaki, moneta naiz datak erakusteko.

Testu prozesadoreak

Testu prozesadoreetan, interfazea bera euskaraz izatea garrantzitsua bada ere, ortografia eta gramatika zuzentzaileari erreparatuko diogu hemen, oso tresna erabiliak baitira. Xuxen dugu euskarazko zuzentzailea eta hainbat aplikaziotan instalatu daiteke berau, bai OpenOffice/LibreOffice eta Microsoft Office bezalako aplikazio ofimatikoetan eta baita Thunderbird posta bezero edo Firefox internet nabigatzailean.
Microsoft Officen Xuxen instalatzeko, errazena Xuxenen webgunera jo eta bertan ematen diren azalpenak jarraitzea da.
OpenOffice berriz,  webgunetik jaitsi eta edozein sistema eragileta instalatu daiteke euskaraz. Zuzentzaile ortografikoa bakarrik instalatu nahi badugu, hedapen kudeatzailea erabiliz, erraz gehitu daiteke Xuxen zuzentzailea.

Nabigatzaileak

Sistema eragileetan bezala, lizentzia libre edo itxiak dituzten nabigatzaileen egoera oso ezberdina da. Esaterako, Firefox bezalako nabigatzaile ireki baten itzulpena Librezale taldeak hartu zuen bere gain aspaldi eta beti ere, nabigatzaile honen azken bertsioa euskaraz erabiltzeko aukera dugu. Internet Exploreren euskaratzea, sistema eragileetan azaldu den LIP pakete horien baitan dago, eta beti ere, Microsoftek erabakitzen duenaren menpe.
Appleren Safari nabigatzailea, arestian aipatu diren arrazoiak medio, ez dago euskaraz jartzerik. Googleren Chrome nabigatzailea ere, ez dago euskaraz jartzerik, baina Chromen oinarritutako Chromium nabigatzaile librea bai. Chromium inguruan, itzultzaile talde bat bildu eta Launchpad plataforma erabiliz, nabigatzaile libre hau euskaratu dute. Xehetasun gehiago hemen.

Nabigatzailearen interfazea euskaraz egonda ere, gomendagarria da nabigatzaileak Internetera bideratzen dituen eskakizunetan, euskarazko edukiak lehenestea. Webgune askok, edukiak hainbat hizkuntzetan eskaintzen dituzte eta nabigatzaileak hobetsitako hizkuntza hartzen dute aintzat edukiak zerbitzatzeko orduan. Erabiltzaileak zein hizkuntza lehenesten duen, nabigatzailean bertan ezartzen den parametroa da.

Webgune bat hizkuntza jakin batean plazaratzeko orduan, hizkuntza horrek sarean dituen erabiltzaile kopurua erabakikorra izan daiteke. Hau horrela izanik, euskaldun garenok euskaldun bezala aurkeztu beharko ginateke Interneten gure hizkuntzaren presentzia areagotzeko. Nabigatzaileak euskaratzeko, jo hona.

Mugikorrak

Jaurlaritzak telefonia operadore eta fabrikatzaile batzuekin sinatutako akordioaren baitan, hainbat terminaletan euskara sartzea lortu zen. Kasu hauetan, euskararen presentzia, sistema itxietan gertatzen den bezala, enpresen eskutan gelditzen da. Sistema eragile libreak erabiltzen dituzten mugikorretan, Android kasu, egoera bestelakoa da. Oraingoan ere, erabiltzaile talde bat batu eta Android euskaratzeari ekin dio. Zutagu plataformaren inguran batzen dira, eta google docs erabiltzen dute Androiden testuak euskaratzeko.

Lion, Mac OS X sistemaren bertsio berria

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Azaroak 15

macosxLion du izena Apple enpresaren Mac OS X sistemaren bertsio berriak. Mac OS X 10.7 Lion bertsioa da, hain zuzen ere. Urriaren amaieran egin zuen Applek sistema eragilearen bertsio berri honen aurkezpena eta iragarri zutenez, 2011ko udan egongo da eskuragarri.

Azken bertsio honetan, badirudi, gailu eramangarrietarako (iPhone, iPod, iPad) iOS sistema eragilearen eta ordenagailuetarako OS X sistema eragilearen arteko filosofiak uztartzen saiatu direla. Izan ere, iOStik hartutako ideia batzuk OS X sistemaren bertsio berri honetan txertatu dituzte.

Berrikuntza handietariko bat Mac App Store da. Izan ere, iOS sistemetan hain arrakastatsua izan den aplikazio biltegia Mac Os X-an ere egongo da. Aplikazio biltegi horretatik ordainpeko eta doako aplikazioak deskargatu ahal izango dira.

Beste berrikuntza garrantzitsu bat Full Screen Mode litzateke, honen bitartez, pantaila osoan ikusi ahal izango dira bai aplikazioak edo bai edukiak eta era erabat autonomo batean beste aplikazioekiko. Honela, aplikazio batzuk abiarazi ahal izango dira era berri honetan eta beste batzuk leiho arruntak bezala. Eta hori guztia, gainera, trackpad-en bitartez edo ukipen-mungimenduekin.

Cyberduck eta Google Docs zerbitzuarekiko bateragarritasuna

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Ekainak 17

cyberduckCyberduck Mac Os X sistemetarako FTP aplikazio doakoa da. Software librea da eta oso ezaguna da sistema eragile honetako erabiltzaileen artean. Hala, bada, Cyberduck 3.5 bertsio berria atera da eta bertsio honetan beste berrikuntza batzuen artean garrantzitsuenetarikoa Google Docs zerbitzuarekin ekartzen duen integrazioa da. Izan ere, azken funtzionalitate honen bitartez arakatu ahal dira Google Docs zerbitzuan dauden dokumentuak FTP batean egongo balira bezala eta dokumentu horiek antolatu eta arakatu fitxategi zerrenda moduan. Gainera, jaisteko orduan lehenetsi daiteke zein formatutan jaitsiko den Google Docseko dokumentu mota bakoitza.

Proiektuaren webgunea http://cyberduck.ch/ da eta aplikazioa zuzenean deskargatzeko lotura hau erabil daiteke: http://cyberduck.ch/Cyberduck-3.5.1.zip

Dragoman, fitxategi formatu bihurtzailea Mac Os X-rako

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Apirilak 14

dragoman_2Dragoman, Mac Os Xrako oso aplikazio erabilgarria da. Fitxategi formatu ezberdinen artean bihurketak egitea ahalbidetzen du.

Hala, bada, formatu grafikoen artean bihurketak egitea posiblea da PDF, JPEG, PNG, TIFF eta GIF formatuak erabili ahal dira. Era berean audio formatuen artean ere bihurketak egin daitezke eta MP3, OGG, VORBIS edo FLAC formatuak onartzen ditu, honetaz gain, musika CD batetik atera ahal dira abestiak, ripeatu deitzen dena, eta mp3 formatuan gorde.

Testu fitxategien arteko bihurketak egin daitezke TXT, HTML, RTF, XML edo Safari Web Archives formatuekin, DOC fitxategi sinpleak ere erabili ahal dira.

Artxibo konprimitu edo paketatuen artean ere aldatu ahal dira formatuak DMG, RAR, StuffIt, ZIP, TAR edo DMG formatuak onartzen dira.

Beraz, Mac Os X erabiltzaileentzako oso aplikazio erabilgarria izan daiteke, gainera, fitxategi batekin edo gehiagorekin lan egitea posiblea da.

Proiektuaren webgunea ikusteko eta deskargatzeko url honetara joan beharko da: http://creativebe.com/dragoman/

Deskargagarri dago jada Messenger 8 bertsioaren beta Mac sistemetan

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Apirilak 8

messengerMicrosoftek abiarazi du Mac Os X sistemetarako Messenger bertsio berriaren beta bat eta dagoeneko eskuragarri dago sistema eragile honen erabiltzaileentzat. Bertsio honen berritasunik handiena da audio eta bideoarekin txat egiteko aukera sartu izana.

Hala ere, Microsoftek jakinarazi du oraingoz fitxategi-transferentzia aukera ez dabilela probazko bertsio honetan, beste gabezi batzuen artean.

http://www.microsoft.com/mac/downloads.mspx?pid=Mactopia_Messenger&fid=573C3149-EF09-4729-97BA-5200DD320FFE

Bodega, Mac Os Xrako aplikazio biltegia

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urtarrilak 5

bodegaBodega Ubuntu bezalako GNU/ Linux sistemek daukaten software biltegiaren antzeko aplikazio bat da, hor  agertzen dira hainbat aplikazio atalka sailkatuta, honela software horretatik, era erraz batean, eskuratu ahal dira aplikazio berriak, musu-truk doakoak badira edo bestela dagokien prezioa ordainduta. Horretaz gain, instalatutako aplikazioen eguneraketak ere kudeatu ahal dira, Bodegaren datu basean baldin badaude. Hau guztia, nolabait, Applen iTunes Store-ren ukituarekin.

Bodegaren bitartez eskuratu ahal diren aplikazio kopurua nahiko jatorra da, ia 800 aplikazio dauka, hain zuzen ere. Gainera, aplikazioak baloratzea baimentzen du. Mac Os X 10.5 edo goragoko bertsioetan instalatu daiteke eta debalde deskargatu daiteke helbide honetatik:

http://www.appbodega.com/

Applek jada ez du aterako Mac OS X Tiger bertsiorako eguneraketarik

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Azaroak 26

Mac Os X TigerAntza denez, jada ez da egongo eguneraketa berririk Appleren Mac Os X Tiger (Mac Os X 10.4) sistema eragilerako. Izan ere, nazioarteko konpainiak, ohikoa den bezala, soilik azken bi bertsioen eguneraketak ateratzen jarraituko du, Snow Leopard (Mac OS X 10.6) eta Leopard (Mac OS X 10.5), alegia.
Honen arazoa da Snow Leopard soilik ibiltzen dela Intel prozesagailua duten Mac gailuetan, beraz, Power PC duten erabiltzaileek eguneraketak jasotzen jarraitu nahi badute, edo Leopardera eguneratu beharko dute sistema, edo Intel prozesagailua duen Mac gailu berri bat erosi beharko dute.
Bestetik, Apple dagoeneko Mac Os X 10.7 sistema eragilearen bertsio berrian lanean omen dabil.

OfficeFolders theme by Themocracy