Posts tagged: Google

Google Street View-n erabiltzaileen argazkiak ere agertzen dira

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Ekainak 17

google_streetview_argazkiakGoogle Street View Google maps zerbitzu iraultzailearen funtzionalitate iraultzailea da zeren eta munduko hiri eta herri askotako kale eta errepideetatik ibilaldi birtualak egitea ahalbidetzen duen. Hau da, Google Mapsen bitartez mundu osoa satelite gisa ikus badaiteke, Street View aukeraren bitartez errepide zein herri eta hiri askotako kaleetan murgildu ahal da erabiltzailea eta mugitu bertan ibiliko balitz bezala. Hala, bada, hemendik aurrera erabiltzaileen argazkiak ere gainjarrita agertzen dira kalean ikusten diren eraikin ezberdinetan. Irudi txikiak agertzen dira eraikinetan eta saguarekin gainean kokatuta eraikinaren gainjarrita handitzen dira. Argazki hauek Googlerena ere den Panoramio on-line irudi zerbitzuan dauden irudiak dira.

http://maps.google.com/

Googlek atzealdeko irudia konfiguratzea ahalbidetzen du bilatzailean

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Ekainak 10

googlefondoirudiaGoogleren atzealde zuria txepela iruditzen zaionak badauka aldatzeko aukera eta gustuko irudi bat jarri ahal izango du bilatzailearen atzealdean. Era honetan, ordenagailua erabat pertsonalizatzea gustuko dutenek jada ez dute faltan botako Google ere pertsonalizatzea. Oraingoz soilik AEBetako orrialdean agertzen da aukera, beraz, aukera hori ikusi ahal izateko, momentuz helbide honetara joan beharko da: http://www.google.com/ncr. Baina espero da pixkanaka-pixkanaka ezaugarria hedatzea bilatzailearen orrialde guztietara. Aukera ikusteko sagua mugitu beharko da orrialdearen barnean aukera guztiak agertzeko eta leihoaren beheko ezkerreko bazterrean ikusten da atzealdeko irudia aldatzeko esteka.

Labs aukeretan POP kontuak eguneratzeko aukera gehitu dute GMailen

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 23

gmail-labsZibergela ataleko aurreko artikulu batean, http://zibergela.bitarlan.net/2009/12/17/gmail-posta-kudeaketa-aplikazio-bezala/, GMailen kanpoko posta kontuak irakurtzeko aukera aipatu zen. Ba, kontu hauen arazoetariko bat da Gmailek automatikoki begiratzen duela posta berririk dagoen, baina 30 minuturo. Beraz, premiazko mezuak berandu samar jasotzen dira. Eguneratu nahi izanez gero lehenago, “Ezarpenak” atalean “Kontuak eta Inportazioa” azpiatalera joan behar da eta hor “Begiratu posta elektronikoa” aukerari sakatu. Bistan denez, nahiko motela da prozesua.

Google honetaz jabetu da eta Lab aukeren artean, Freskatu POP kontuak izeneko funtzionalitate berri bat gaitu du. Honen bitartez, “Freskatu” esteka bat gehitzen da goiko aldean eta lotura horretan klik egiten denean, POP kanpoko kontuak eguneratzen dira eta mezu berririk dagoen begiratzen du GMailek.

Lab aukeretara joateko “Ezarpenak” aukeraren ezkerrean saio-hodia itxura duen ikonotxo bat dago eta hor klikatuta lab aukera guztiak ikusi ahal dira.

Buzz, Googleren aplikazio sozial berria

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Otsailak 23

buzzBuzz-en bitartez, Google beste saiakera bat egiten ari da Internet sozialaren trena hartzeko. Googleren dema, micorblogging omen da kasu honetan, zeren eta zerbitzu honen bitartez, egoerak eta iruzkiank jarraitzaileekin partekatu daitezkeelako. Loturak eta argazkiak ere txertatu daitezke iruzkinetan, eta era berean erabiltzaileen bidalketetan iruzkinak ere egin daitezke.

Buzz GMailetik irakur daiteke, hara heltzen dira jarraitutako erabiltzaileen bidalketak eta bakoitzaren bidalketeen gainean egindako iruzkinak. Beste zerbitzuekin ere integratuta dago, Google Readerrekin, esaterako, horrela erraza da partekatzea Google Readerren irakurritako artikulu bat.

Androind eta iPhone sakelako telefonoetarako ere eskuragarri dago: http://buzz.google.com helbidean.

http://www.google.com/buzz

Google docs: Bulegotika hodeian

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Otsailak 2

googledocsEgun, pixkanaka-pixkanaka, ordenagailu batekin lan egiteko joera, lokaletik, hodeira bilakatzen doa. Alegia, gero eta gehiago erabiltzen diren aplikazioak, edukiak edo dokumentuak, Interneten daude, PC batean egon beharrean. Honek, mugikortasuna eta  berehalako erabilgarritasuna ematen du. Alde batetik, etxeko ordenagailutik, bulegoko ordenagailutik, ordenagailu eramangarritik, netbooketik, edo sakelako telefonoak bezalako gailuetatik, dokumentu, informazio edo askotan aplikazio bat eskuragarri eduki ahal du erabiltzaileak. Horretarako, Internet konexio bat baino ez da beharrezkoa. Dokumentu edo fitxategi ezberdinak, leku ezberdinetatik eta momentu ezberdinetan eskuragarri eduki eta landu ahal izatea ekartzen du honek. Eta batzuetan, beste erabiltzaile batzuekin partekatzea ere posiblea da, soilik irakurtzeko edo, idazteko baimenarekin, pertsona ezberdinen artean osatzeko.

Hala, bada, Google docs, oso baliabide jatorra da horretarako. Erabili ahal izateko, Google erabiltzaile eta pasahitza edukitzea eta http://docs.google.com helbidea Internet nabigatzailean idaztea besterik ez da behar. Google docs oraindik ez dago euskaratuta.

Dokumentuak edo idazkiak lantzea

Informazio mota ezberdinak kudeatzea ahalbidetzen du Google docs baliabideak. Dokumetuak edo idazkiak da haietariko bat. Dokumentu bat sortzeko, “Sortu berria” eta agertzen den menuan “Dokumentua” aukerari sakatu behar zaio. Hori eginda, on-line testu prozesagailua zabalduko da, MS Word edo Open Office Writer baino xumeagoa, baina, nahiko osatua, testu formateatuak sortzeko.

Behin dokumentua sortuta hainbat aukera eskaintzen ditu Google docs-ek: aldaketa historikoa ikustea; izena aldatzea; kopia bat sortzea; HTML, Open Office, PDF, RTF, MS Word edo testu bezala deskargatzea; inprimatzea. Hauek guztiak “Fitxategia” aukeretatik egin ahal dira.

Testua HTML eta CSS bezala ere editatu daiteke eta dokumentu orrialde edo web orrialde bezala ikus daiteke idazkia. Bestetik, marrazteko baliabide bat ere badu eta marrazkiak txerta daitezke honen bitartez. Halaber, loturak, irudiak, karaktere bereziak, taulak, iradokizunak, oharrak edo orrialde jauziak txertatu daitezke. Era berean, goiburukoa eta orri-oina ere jarri eta editatu ahal da.

Beste hizkuntza batzuetara ere itzul daiteke dokumentua eta ortografia zuzentzailea du, idazten den bitartean ortografia egiaztatzen joaten da. Aukera hauetan, hala ere, euskara ez dago eskuragarri. Hitzak, karaktereak eta esaldiak ere zenbatzen ditu eta beste datu estatistikoak ere ematen ditu, esaldiko batez besteko hitz kopurua, esaterako.

Aurkezpenak

Aurkezpenak ere sortu ahal dira Google Docs-en bitartez, horretarako “Sortu berria” botoiari sakatu eta irekitzen den menuan “Aurkezpena” aukeratu egin behar da. MS Power Point edo Open Office Impress aplikazioetan bezalako editore bat agertuko da orduan, aurkezpenak sortzeko diapositibaz diapositiba.

Behin sortuta, gainera, deskarga daiteke PDF, Power Point edo Testu formatuetan. Aurkezpenak on-line erakustea baimentzen du eta hizlariaren oharrak ere ikusgai jar daitezke.

Aurkezpenak egiteko gai ezberdinak konfiguratu daitezke, aurkezpenari itxura emateko eta edozein gai aukeratuta ere, atzeko irudia edo kolorea aldatu daiteke edozein momentutan.

Testuak, irudiak, bideoak, marrazkiak edo taulak txertatu daitezke. Era berean, posiblea da beste diapositiba batzuk inportatzea sortutako beste aurkezpen batzuetatik.

Kalkulu orriak

Kalkulu orriak egitea ere ahalbidetzen du Google Docs-ek, Excel, Open Office Calc eta CSV formatuetatik inportatu ahal dira datuak eta era berean, PDF, HTML eta lehen aipatutako formatuak bezala deskargatu ahal dira Google docs-en sortutako kalkulu orriak. Beste fitxategi motetan bezala, aldaketa historikoa ere ikus daiteke, eta hortik, kalkulu orrian aldaketa unean zegoen bezala erakusten da eta, era berean, zein momentutan aldatu den azaltzen da.

Kalkulu orriak sortzeko, “Sortu berriari” sakatu eta “kalkulu orriak” aukeratu. Hori eginda, MS Excel edo Open Office Calc bezalako aplikazioetan agertzen den kalkulu orria agertuko da. Hemendik, orri ezberdinak, kudeatu ahal dira, formulak, irudiak, marrazkiak, gadgetak eta grafikoak txerta daitezke. Formularioak ere sortu ahal dira eta taulak ordenatu nahi diren irizpideen arabera.

Formularioak

Formularioak galdeketekin ere sor daitezke eta posta elektronikoz bidali ahal dira edo webgune batean txertatzeko aukera ere eskaintzen du. Gero, ikus daitezke erantzunak era ezberdinetan

Beste aukera batzuk

Google docs-ek ahalbidetzen du on-line sortzen diren fitxategi ezberdinak karpetaka antolatzea eta hainbat fitxategi batera deskargatzea zip formatu konprimituan. Era berean, karpetak koloreztatu daitezke hobeto bereizteko. Eta orain dela gutxi, edozein fitxategi mota igotzeko aukera ere gaitu dute, beraz, fitxategi biltegia ere izan daiteke, irudiak edo pdfak gordetzeko, esaterako, beste dokumentu motekin batera.

Google City Tours ibilbide turistikoak egiteko

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urtarrilak 7

london_city_tourGoogle City Tours proiektuak edozein hiritako eta herritako ibilbide turistikoak egiten ditu, helbide bat zehaztuta, helbide horretatik abiatuta zehaztutako hiri edo herrietatik ibilbide turistiko bat sortzen du, horretarako soilik Google Maps eta Googlen informazioaz  baliatzen da.

Zehazten ditu gainera ordutegiak, helbideak, eta baimentzen du leku bakoitzean erabiltzailea egongo den lekua zehatzago izan dadin Googlek proposatutako ordutegia, gainera.  Egun ezberdinetan banatzen du ibilbidea eta lekuak ezabatu edo bilatzaile baten bitartez gehitu daitezke eta ibilbidea zein ordutegia berkalkulatzen du. Proiektua oraindik garapenean dago eta Google Labs proiektuen artean dago, baina oso ideia ona izan daiteke.

http://citytours.googlelabs.com/

Google Chromerako gehigarrien webgune ofiziala eskuragarri dago

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Abenduak 17

Mozilla Firefoxen kasuan bezala, Google Chrome nabigatzaileak ere martxan jarri du webgune ofizial bat bere nabigatzailerako gehigarriak biltzeko. Webgune horretatik garatzaileek argitara ditzake bere gehigarriak eta erabiltzaileek era arin batean instalatu ahal dituzte Google Chrome nabigatzailean. Testuaren arabera bilatu daitezke edo berrienak zein gehien deskargatzen direnen zerrenda ikus daiteke. Aukeratutako gehigarrian klik eginda, azalpen luzeagoa eta instalatzeko botoia agertuko da.

Mac Os X eta GNU/Linux sistema eragileekin webgunea ikusten bada ere, oraingoz ez dago eskuragarri gehigarriak instalatzeko aukera. Beraz Google Chrome nabigatzailea MS Windows sistemetan erabiltzen duten lagunen eskura dago soilik.

https://chrome.google.com/extensions

GMail posta kudeaketa aplikazio bezala

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Abenduak 17

emailAukera asko egoten dira dagoeneko posta elektronikoa irakurtzeko, ordenagailuan, mahaigaineko aplikazio batetik, sakelako telefonotik edo web postare-en bitartez, alegia, internet nabigatzaile batekin. Zerbitzu askok eskaintzen dute posta azken era honetan, Yahoo, Hotmail edo GMail dira ezagunenetarikoak. Mugikorrean posta mezuak irakurtzea, abantaila handia da, zeren eta telefonotik bertatik baitaude eskuragai bidalitako eta jasotako mezuak beti. Hala ere, telefono gailuak zein sistema eragileak eta interfazeak hobetzen joaten badira ere, oraindik, askoz erosoagoa da ordenagailu batetik irakurtzea eta idaztea. Mahaigaineko aplikazio batean posta kudeatuz gero, era eroso batean kudatzen da posta elektronikoa, kontu bat baino gehiago irakurri ahal izaten da eta gainera, askotan aparteko gehigarriak gehitzen dira funtzio berriak eta posta zerbitzua osatzeko, baina printzipioz, soilik konfiguratzen den ordenagailutik irakur daiteke. Web posta, ordea  Internet edukita, edonondik irakur daiteke, sakelako telefono batetik ere bai, baina web postarako interfazeak eta erabilera, astunagoa eta motelagoa izaten da, gainera era honetan ez da egoten mahaigaineko aplikazio batean beste funtzionalitate gehigarri. Hala ere, arlo hau joan da hobetzen eta AJAX ( Asynchronous JavaScript And XML) bezalako teknologiak erabilita lortu da web posta interfazeak arintzea eta apurka-apurka gehienetan funtzionalitate berriak joan dira gehitzen. Beraz, web posta edo web mail ingelesez, oso aukera ona da ordenagailu eta leku ezberdinetan posta kudeatu nahi izanez gero.

Arlo honen garapenaren ideia egiteko, GMail nahiko adibide ona da. Egia esanda, nahiko arina da interfazea, posta kontu bat baino gehiago konfiguratu daiteke eta oso funtzionalitate gehigarriak ditu. Gainera, Gmail kontuak edo GMailetik irakurtzen diren kanpoko kontuak jaso ahal dira mahaigaineko aplikazio batetik eta mezuak online jarraituko dira. Horrenbestez, oso aukera ona izan daiteke norberaren posta elektroniko guztia kudatzeko, zeren eta, honetaz gain,  7 GB eskaintzen dituen eta nahiko SPAM detektatzaile ona daukan. Gainera, euskaraz dago. Egutegia ere behar izanez gero, Google Calendarrekin batera erabili ahal da.

Bilatzailea

Nola ez, Googlerena izanda, nahiko bilatzaile arina du. Bilatzailea arina dago eskuragai une oro eta hau nahikoa ez bada, bilatzaile aurreratuaz balia daiteke erabiltzailea. Bilatzaile aurreratu honek ahalbidetzen du bilatzea igorlearen edota hartzailearen arabera, mezuak dituen edo ez dituen hitzen arabera, data tarte batean eta eranskinak dituen ala ez.  Gainera, mugatu daiteke bilaketa, etiketa zehatz bat edo mota zehatz bateko mezuetara.

Etiketak

Mezuak sailkatzeko etiketak eskaintzen ditu GMailek, mezu elektroniko bakoitza etiketa batekin baino gehiagorekin lotu ahal da eta ezkerreko menuan, etiketarik erabilienak edo guk aukeratutakoak agertzen dira era azkar batean hautatutako etiketaren bidez sailkatuta dauden mezuak soilik ikusi ahal izateko. Honez gain, mezuak irakurrita edo irakurri gabe bezala sailkatu ahal dira edo izar bat jarri ahal zaie nolabait bereizteko. Izardun mezuak ikusteko atala ikusi ezean, “Ezarpenak” estekari sakatu beharko saio eta hor “Etiketak” atala aukeratu eta bertan “Izardunak” aukeran “erakutsi” estekan klik egin behar da. Honela, beti egongo dira klik baten bitartez eskuragai izarraren bitartez berezitako mezuak.

Txata: GTalk

Txata atalean, GMailek erakusten ditu konektatuta dauden kontaktuak eta konektatuta dagoenarekin berehalako mezularitzaren bitartez hitz egin daiteke bere izenaren gainean klikatuta, honez gain, elkarrizketa horretara gehitu ahal dira kontaktu gehiago, taldeka hitz egiteko. Txataren leihoak gainera, GMail leihoan bertan utz daitezke edo aparteko leiho batean zabaldu. Bideoaren bidezko elkarrizketa ere ahalbidetzen du sistema eta hardwarea bateragarria izanez gero. Aukera hauek guztiak txat leihoa zabaltzen denean kontaktu batean klikatuta, “Aukerak” atalean aurki daitezke. Gainera elkarrizketak gordetzen dira eta kontsultatu daitezke “Txatak” atalean, erakusteko gaituta egonez gero, izardun mezuen kasuan bezala.

Zereginak

Zereginak kudeatzeko aukera ere eskaintzen du GMailek, horren bitartez era arin batean kudeatu ahal dira zereginak eta horretarako aukera asko eskaintzen ditu, eginda edo egiteke bezala markatzeko, koska jartzeko, zerrenda inprimatzeko edo postaz bidaltzeko esaterako. Gainera, nire iritziz oso erabilgarria dena, aukeratzen diren mezu elektronikoak zeregin zerrendara gehitzea ahalbidetzen du Ekintzak menuaren bitartez eta beraz, zereginak mezuekin lotzea dago.

Kanpoko posta elektronikoak irakurri

GMailek beste kontu batzuk ere konfiguratzea baimentzen du eta guztiak leku beretik irakurri ahal dira, beraz, kontu hauetatik mezuak idaztea ere posiblea da. Horretarako, “Ezarpenak” aukeraren barruan, “Kontuak eta inportazioa” aukeratu behar da. Eta hor, “Bidali mezuak beste helbide batetik” eta “Gehitu posta elektronikoko POP3 kontuak”  aukera daude, hor nahi den kontuaren zehaztapenak konfiguratu besterik ez dago eta erabilgarri dago une horretatik.

http://www.gmail.com

Google Public DNS

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Abenduak 10

Webgune batera jotzeko gizakiek, helbideak izenekin edo domeinuak idazten eta ulertzen dituzte, baina berez, helbide hauek zenbakiak dira, telefono zenbakiak izango balira bezala. Web zerbitzari bakoitzari dagokion zenbakia bakarra da Interneten eta IP helbidea du izena. Errazagoa denez gogoratzea helbide bat izen baten bitartez zenbakien bitartez baino, domeinuak erabiltzen dira zerbitzarien helbideak zehazteko IPak erabili beharrean. Hau ez da soilik gertatzen webguneen kasuan, beste zerbitzari mota batzuetan ere gertatzen da, posta zerbitzarietan, ftp zerbitzarietan, edo intranetetan eta sare lokaletan. Hala, bada, DNS zerbitzariek ordezkatzen dituzte nabigatzailean idazten diren internet domeinuak, webguneen izenak, alegia, webguneari dagokion IP helbidearekin. DNS zerbitzari hauen IP helbideak ISP-k (Internet Zerbitzu Hornitzailea), internet konexioa eskaintzen duen enpresak, alegia, eskaintzen dizkie bezeroei. Baina Googlek beste urrats bat ematea erabaki du, Amaraunaren bere konkista prozesuan. Eta DNS zerbitzari publiko batzuk eskaintzea erabaki du edozein internet erabiltzailek erabil ditzan. DNS zerbitzarien IPak 8.8.8.8 eta 8.8.4.4 dira eta ordenagailuaren sarearen konfigurazioan zehaztu behar dira erabili ahal izateko, ISParen DNSeen ordez.

http://code.google.com/intl/es/speed/public-dns/

Google profilak Open ID dira dagoeneko

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Abenduak 3

Googleren profilak Open ID profil bihurtu dira dagoeneko, horrek esan nahi du Open ID identifikazioa erabiltzen duen edozein webgunetan, Googleren profilaren helbidea jarri baino ez dago, Googleren profilaren helbidea hauxe da: http://www.google.com/profiles/erabiltzailea, non erabiltzailea da bakoitzak Googlen duen erabiltzailearen izena. Profila eduki ezean, “Nire kontua” loturan klik egin daiteke Google-n behin saioa hasita GMail kontuarekin (Google zerbitzu guztietarako balio du kontu honek). Behin kontura sartuta, profila sortzeko aukera dago.

Open ID, izena eman behar den webgune askotan identifikazio bakarra egiteko saiakera da, Windows Live ID aren antzekoa, baina benetan erabilgarria izateko, oraindik lortu behar du hedapen handiago bat orain duena baino, agian Googleren urrats honek laguntzen du xede horretan.

Googlek Google Chrome Os bere sistema eragilea erakutsi du

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Azaroak 26

chrome osAzkenik, Googlek erakutsi du bere sistema eragilearen ideia eta itxura. Sumatu litekeen bezala, funtsean, Chrome nabigatzailea, sistema eragilearen oinarria da eta aplikazio gehienak web ingurunean egikaritzen dira. Honek, neurri batean, aldaketa nabarmena da sistema eragileen munduan.

Chrome OS, hasiera batean, Netbooketan erabiltzeko pentsatuta dago eta urte bete barru banatzen hasiko da. Momentuz, sistema eragilearen bertsio librearen iturburu kodea eskuragarri jarri dute proiektuaren web gunean, http://www.chromium.org/chromium-os . Chromium OS da bertsio libre honen izena, eta probatzeko jaitsi eta konpilatu beharko da gailu birtual batean. Horretarako jarraipenak proiektuaren webgunean zehazten dira eta gailu birtuala instalatzeko edozein ordenagailutan, VirtualBox edo VMWare bezalako aplikazioak erabili ahal dira. Ez da gauza hutsala, oraingoz, sistema eragile hau proba nahi duenarentzat.

Google Chrome OSren azalpen bideoa:

Interfazea ikusteko bideoa:

Google Similar Images gaituta dago jada irudi bilaketan

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Azaroak 19

google similar images adibideaGooglek, Google Labsetik atera du jada Google Similar Images aplikazioa, eta Google Images irudi bilatzailean txertatu du funtzionalitate berri hau. Hala bada, hemendik aurrera irudiak bilatzen direnean http://images.google.com webgunean edo http://www.google.com-en irudiak bilatzeko estekan klikatuta, ‘Find similar images’ testua duen esteka bat agertuko da zerrendako irudi batzuen azpian. Esteka horretan klikatuta, irudi horren antzeko beste irudi batzuk erakutsiko ditu Googlek bilaketaren emaitzaren orrialdean. Irudi guztietan ez da aukera hau agertuko eta gainera, Googleren interfazea, ingelesez egon behar da. Hizkuntza aldatzeko goian eskuman, ‘Hobespenak’ izeneko esteka agertzen da, hor klikatuta, interfazearen hizkuntza zehatz daiteke.

Probatzeko, irudiak bilatzeko formularioan ‘moon’ edo ’sun’ bezalako hitzak jarri ahal dira, horien irudi askok aukera hau eskaintzen dutelako, beste hitz batzuekin ere probatu daiteke, Euskal Herriko hiriburuen izenekin, adibidez, baina aukera hau duten argazki gutxiago agertzen dira oraingoz.

http://googleblog.blogspot.com/2009/10/similar-images-graduates-from-google.html

Google Dashboard, Googlek dituen norberaren datuak

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Azaroak 12

Googlek Dashboard web aplikazioa jarri du martxan. Nolabait esateko, kontrol panelaren antzeko gunea da eta bertan, Googlek norberaren inguruan duen informazio guztia ikus daiteke. Halaber, bakoitzak ikus dezake Googlen proiektuen erabilpenaren inguruko datuak eta bere kontuaren hobespenak kudeatzeko lasterbideak proiektu ezberdinetan.

Hori ikusita, norberaren erabilpenaren arabera, harrigarria da Googlek duen informazio pertsonala.

Momentu honetan, Google Dashboard-en 20 produktu edo zerbitzu baino gehiago aurki daitezke, besteak beste, Gmail, Web historikoa, Calendar, Docs, Reader, Orkut, Blogger, Talk, Atazak eta beste batzuk.

https://www.google.com/dashboard/

Uztailean jarri nahi du Googlek liburutegi digital bat martxan

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Urriak 22

Badirudi ezin dela aste bat igaro, Interneteko erraldoiari buruz hitz egin gabe. Izan ere, Google-k aurreko astean iragarri duenez, Google Editions martxan jartzeko asmoa du, datorren urteko uztailerako. Proiektu hau, liburu elektronikoak saltzeko on-line denda bat izango litzateke eta eskuragai egongo litzateke web bilatzaile duen edozein gailutarako.

Hasiera batean 500.000 liburu elektroniko eskainiko ditu argitaratzaileekin batera. Googleko buruen arabera, etekinen %63 argitaratzaileentzat izango da eta %37 Interneteko konpainiarentzat.

Albiste honek mehatxu bat suposa dezake liburu elektronikoen merkatuan nagusia den Amazon-entzat.

http://www.teleread.org/2009/06/04/could-google-editions-kill-of-the-traditional-e-book-books-in-the-clouds/

Google Wave, Google-n uhin berria komunikazioak hobetzeko

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Urriak 8

google-waveGoogle Wave zerbitzu berriak, erabiltzaileen arteko haremanak eta komunikazioak hobetzea denbora errealean ahalbidetuko omen du. Zerbitzu honek, berehalako mezularitza eta posta elektronikoaren ezaugarriak nahasten ditu, dokumentuak, irudiak eta bestelako dokumentuak partekatzeko aukerarekin batera, hainbat erabiltzaileen artean, eta hau guztia baliabide bakar batean.

Hilabete batzuk igaro badira ere jaio zenetik, azken aldi honetan, pil-pilean dago berriz Google-n zerbitzu berria. Izan ere, orain arte oso erabiltzaile gutxientzat mugatuta egon arren, aurreko astetik 100.000 gonbidapen banatzen ari dira hainbat erabiltzailek zerbitzua probatzeko.

Hala ere, batzuek jada ikusi dute etekinak ateratzeko aukera erabiltzaile sutsuei esker eta salgai agertu dira gonbidapen batzuk Ebay eta antzeko guneetan, eta ez dira bereziki merkeak. Beraz, doako gonbidapena lortzen ez duena, eta probatzeko grinari ezin eutsi dabilena, patrika hustea egokituko zaio.

http://wave.google.com

OfficeFolders theme by Themocracy