Informatika eta teknologia berriak ataleko ikastaroak hasteko prest daude UEUren eskutik

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 29

200609201612110.UEUlogoa-handiaUdako Euskal Unibertsitatea (UEU) batez ere udako ikastaroengatik baldin bada ezaguna ere, urtean zeharreko ikastaroak bultzatzen dihardu, etengabeko prestakuntza urte osora eta batez ere herritar guztiei zabaltzeko asmoz. “Ordenagailua eta internet euskaraz” eta “Web dinamikoen garapena PHP eta MySQL erabiliz” dira Informatika eta Teknologia Berriak ataleko bi ikastaro interesgarri.
Lehenengoa “Ordenagailua eta Internet euskaraz” izenekoa da, ordenagailua euskaraz jarri nahi duenari eta Interneten euskaraz dauden baliabideak ezagutu nahi dituenari zuzendua dago. Sei orduko iraupena du, apirilaren 14an eta 21ean emango da arratsaldeko lau eta erdietatik zazpi eta erdiak arte.
Bigarren ikastaroa “Web dinamikoen garapena PHP eta MYSQL erabiliz” izenekoa da eta on- line da. Saio presentziala egingo da maiatzaren 3an, 24 orduko iraupena du.
Informazio gehiagorako http://ueu.org helbidera jo daiteke.

Internet Explorer 9ren “preview”-a deskargatu daiteke jada

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 26

explorer-9-internetMicrosoftek aurkeztu ditu Microsoft Internet Explorer 9k izango dituen berritasunak eta deskargagarri jarri du bere nabigatzailearen bertsio honen previewa. Badirudi, bertsio berri honetan indarrak jartzen ari direla nabigatzailearen mamian, estetika edo itxuran baino, hau da, estandarrak ondo kudeatzeko eta errendimenduaren aldetik aurrerapausoak ematen ari dira. Ildo horretatik doa hain zuzen ere, sortu duten JavaScript motor berria, Chakra izenekoa.

Aipatu beharrekoa da, Internet Explorer 9 ez dela ibiliko MS Windows XP sistemetan.

Informazioa: http://windowsteamblog.com/blogs/windowsexperience/archive/2010/03/16/internet-explorer-9-at-mix10.aspx

Previewa deskargatzeko lotura: http://ie.microsoft.com/testdrive/

Ezin da jakin nork bisitatu duen norberaren profila Facebooken

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 26

facebookFacebook erabiltzen duen orori, titulua irakurrita, seguru gaia ezaguna egiten zaiola. Izan ere, Facebook erabiltzaile gehienek edo guztiek jaso dute gonbidapena norberaren profila nork bisitatu duen esaten duen aplikazio bat erabiltzeko.

Facebook honetaz jabetu da, eta argitaratu duten komunikatu batean adierazten dute, Facebook-en, ez dela posible jakitea nork bisitatu duen norberaren profila. Ingelesezko testuan, gutxi gorabehera esaten da: Ez sinistu inongo aplikaziori, zure profila edo argazkiren bat nork ikusi duen esango dizula adierazten duena: 1) Ezin dute, 2) Bortizki desgaitzen ari gara, hori egin ahal dutela aipatzen dutenak, 3) Zuk aplikazio hauek gelditzen lagundu ahal duzu, aplikazio hauen inguruan ohartarazten ikasten http://www.fb.me/help/?faq=13237 helbidean.

Hona hemen testua:
http://www.facebook.com/facebook?v=feed&story_fbid=418014835504

Ordenagailuaren zikinkeria eta nola garbitu

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 26

ordenagailua garbituOrdenagailuak iman bat izan daitezke hautserako eta zikinkeriarako. Ordenagailuaren dorrea edo kutxa nagusia kanpotik zein barnetik zikinkeria eta hautsa metatzen joaten da. Gainera, zikinkeria honek arazo teknikoak ere ekar ditzake. Horrenbestez, ordenagailuaren mantenurako oso komenigarria da garbiketa txukun bat egitea barnetik eta kanpotik maiztasun batekin.

Barneko garbiketa ez da hain garrantzitsua ordenagailu eramangarrietan, hauen barneko aldea babestuago eta isolatuago dagoelako. Hala ere, kanpotik garbitzea ez da txarto etorriko, teklatuan eta monitorean ere hautsa eta zikinkeria pilatzen delako.

Halaber, periferikoak, monitorea, teklatua, sagua, inprimagailua edo eskanerra ere hautsa eta zikinkeria metatzen joaten dira. Kasu hauetan, kanpotik batez ere eta ordenagailuaren kasuan bezala, komenigarria da noizbehinka garbitzea.

Zikinkeriaren zioak eta ondorioak

Ordenagailu batek pilatu dezakeen zikinkeria, instalatuta dagoen ingurunearen araberakoa da. Izan ere, zikinkeria-iturri ezberdinak egon daitezke.

Inguruneko hautsa da nagusietako bat. Hautsaren ondorioz, barneko osagai batzuek beren arteko konektibitatea gal dezakete. Gainera, ingurunean hezetasuna egonez gero, hautsa hezeak arazo elektrikoak ere ekar litzake. Honetaz gain, hautsak, mugitzen diren osagaietan, haizegailua bezala, zarata ekar dezake edo moteldu dezake osagai hauen abiadura. Gauza bera gertatu daiteke, esaterako, txakur, katu edo etxean egon daitezkeen bestelako animalien ilearekin.

Ordenagailua oso leku aproposa da animali txiki eta intsektuentzat. Izan ere, ordenagailuek, zulo eta irekidura anitz dauzkate eta hortik, animali txiki ezberdinak sartu ahal dira. Animali hauek arrautsak edo sabel-husteak utzi ahal dituzte barnean eta hauek eragiten dute barneko osagaien korrosioa. Batzuetan, intsektu hilak ere aurkitu daitezke ordenagailuaren barneko bazterretan.

Halaber, airearen oxigenoak barneko osagaien oxidazioa eta korrosioa ekartzen du.

Ordenagailua barnetik garbitu

Ordenagailua garbitu aurretik, dorrearen kanpoko konexio guztiak kendu beharko zaizkio, batez ere, elikadura elektrikoa ematen duen konexioa, horrela energiarik gabe geratu behar da ordenagailua. Zeren eta barneko osagaiak kendu edo deskonektatu behar badira, beroan egiten bada, osagaiak hondatu ahal baitira.

Dorrearen edo kutxa nagusiaren kanpoko konexio guztiak kenduta, dorrearen estalkia kendu behar da. Horretarako, kasu gehienetan, atzean etortzen diren torloju batzuk kendu behar dira, beste kasu batzuetan, goian etor daitezke torlojuak, eta beste kasu batzuetan ez dute torlojurik, aurrera edo atzerako mugimendu bat egin behar da estalkia kentzeko. Hori eginda, ikusiko dira ordenagailuaren barneko osagaiak.

Ikusiko den hautsa kentzeko airea trapu edo zapi bat baino hobeagoa da, horrela, zerbait ukitzeko eta apurtzeko arriskua galtzen da. Horretarako oso erabilgarriak dira, ordenagailuak garbitzeko prestatuta dauden aire konprimitu boteak. Bote hauek, sprayri sakatzen zaion bakoitzean, aire konprimitua botatzen dute tutu estu batetik, airea nahi den lekura bideratzen laguntzeko. Era honetan, hautsa erraz joaten da ordenagailuaren barnetik ezer ukitu gabe. Bote hauek 8 edo 9 euro inguru balio dute eta edozein informatika dendatan aurkitu ahal dira. Bazter batzuk, pintzel baten bitartez garbitu ahal dira, hau oso praktikoa izango da batez ere haizegailuaren hegalak garbitzen amaitzeko. Pintzela erabiltzen bada, leuntasunarekin eta arretaz igaro behar da.

Sakonago garbitu nahi bada, memoria-txartelak eta bestelako osagai batzuk deskonektatu ahal dira, konektoreak ondo garbitzeko aire konprimituarekin. Kasu honetan, kontuz ibili behar da osagai hauek era egoki batean jartzearekin berriz, bestela, ordenagailua ez da abiaraziko.

Ordenagailua eta periferikoak kanpotik garbitu

Ordenagailua kanpotik garbitzeko, alkoholarekin bustituriko paperezko zapi bat erabili ahal da. Sagua eta teklatua era berean garbitu daitezke, alkoholarekin bustitako paperezko zapiaren bitartez. Teklatuan gainera, aire konprimitu botea erabili ahal da teklen arteko hautsa kentzeko. Esan behar da, teklatuan zikinkeria asko pilatzen dela bai teklen gainean bai teklen artean. Saguaren azpiko aldea garbitzea ere garrantzitsua da, arintasunarekin mugitu ahal izateko. Jada ez da erraza ikustea boladun sagurik, baina sagu hauek garbitzea bereziki garrantzitsua da ondo ibiltzeko. Horretarako, bola atera behar da eta alkoholarekin eta kotoi-txotxekin garbitu behar dira bola zein barneko gurpiltxoak, gero, saguaren mugimendua arina eta leuna izan dadin. Monitorea garbitzeko, garrantzitsua da amatatuta egotea eta zapi bat urarekin hezetuta erabili ahal da garbitzeko. Zapia era leun batean pasatu behar da monitoretik.

HelenOS sistema eragile berria

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 23

HelenosHelen OS da oraindik garapenean dagoen sistema eragile berri bat. Garatzaileen asmoa sistema eragile arina sortzea da eta prozesagailu askorekin erabilgarria da dagoeneko. Orain dela gutxi 0.4.2 bertsioa abiarazi dute eta oraingoz funtzionalitate handia ez duen arren, egitasmoaren jarraipena egin beharko da bilakaera ikusteko.

Garatzaileek esaten dute ez dagoela oinarrituta ez Linux, ez BSD, ez Unix eta ez Solaris sistema eragileetan. BSD lizentzia dauka, hau da, lizentzia ireki bat eta zati batzuek ere GPL lizentzia irekia daukate. Beraz, egitasmoa lizentzia zeharo irekikoa da.

http://www.helenos.org/

Labs aukeretan POP kontuak eguneratzeko aukera gehitu dute GMailen

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 23

gmail-labsZibergela ataleko aurreko artikulu batean, http://zibergela.bitarlan.net/2009/12/17/gmail-posta-kudeaketa-aplikazio-bezala/, GMailen kanpoko posta kontuak irakurtzeko aukera aipatu zen. Ba, kontu hauen arazoetariko bat da Gmailek automatikoki begiratzen duela posta berririk dagoen, baina 30 minuturo. Beraz, premiazko mezuak berandu samar jasotzen dira. Eguneratu nahi izanez gero lehenago, “Ezarpenak” atalean “Kontuak eta Inportazioa” azpiatalera joan behar da eta hor “Begiratu posta elektronikoa” aukerari sakatu. Bistan denez, nahiko motela da prozesua.

Google honetaz jabetu da eta Lab aukeren artean, Freskatu POP kontuak izeneko funtzionalitate berri bat gaitu du. Honen bitartez, “Freskatu” esteka bat gehitzen da goiko aldean eta lotura horretan klik egiten denean, POP kanpoko kontuak eguneratzen dira eta mezu berririk dagoen begiratzen du GMailek.

Lab aukeretara joateko “Ezarpenak” aukeraren ezkerrean saio-hodia itxura duen ikonotxo bat dago eta hor klikatuta lab aukera guztiak ikusi ahal dira.

Ordenagailua erosterakoan aintzat hartu beharrekoak

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 23

ordenagailuaerosiOrdenagailu bat erosterakoan, zalantzaz bete ohi da burua. Zer erosi, ordenagailu eramangarria ala mahaigaineko ordenagailua. Eta zenbaki arraro horiek guztiek zer esan nahi dute. Zer da hobe RAM memoria arraro hori ez dakit zenbat Megabytekoa edo disko gogorraren edukiera.

Ordenagailu eramangarria ala mahaigainekoa

Ordenagailu bat erosteko orduan pentsatu behar den lehenengoa da zer behar den edo zer erosi nahi den, ordenagailu eramangarria ala mahaigainekoa. Prezio eta ezaugarrien aldetik, egun nahiko parekatuta badaude ere, oraindik merkeagoak eta ezaugarri ahaltsuagoak dauzkate mahaigaineko ordenagailuek. Gainera, mahaigaineko ordenagailuak erosoagoak izaten dira ordenagailu eramangarriak baino. Izan ere, monitorea handiagoa izaten da azken hauetan edo teklatua eta sagua handiagoak eta erosoagoak ere izaten dira. Bestetik, ordenagailua irekitzea eta osagaiak ordezkatzea edo gehitzea eta kentzea ere errazagoa izaten da mahaigaineko ordenagailuetan eramangarrietan baino. Hala, bada, eramangarritasuna ez bada behar eta ordenagailua ez bada eramango leku batetik bestera, esan daiteke hobe dela mahaigaineko ordenagailua erostea. Erosoago, merkeago eta ahaltsuagoa izango da eramangarria baino mahai batean edukitzeko.

Aldiz, erosi nahi den ordenagailua mugituko bada, gutxitan bada ere, ordenagailu eramangarria oso aukera ona da, egun oso merke daudelako eta oso ahaltsuak direlako. Gero eta gehiago murriztu da tartea ordenagailu eramangarri eta mahaigaineko ordenagailuen artean ahaltasun eta prezioaren aldetik.

Ordenagailu eramangarriaren tamaina eta pisua

Ordenagailu eramangarria erostea aukeratu bada, tamaina da kontutan hartzeko ezaugarri garrantzitsu bat. Gainera, zenbat eta handiago izan orduan eta pisutsuagoa izango delako. Normalean, ordenagailu eramangarria izango duen tamaina pantailaren tamainak finkatzen du. Noizbehinka mugituko bada, soilik bidaietan edo denboraldi luzeetan handiagoa hartzea komeni da, batez ere ordenagailu nagusia baldin bada, alegia, normalean erabiltzen dena. Kasu honetan, gutxienez, 15,6 hazbeteko pantaila duen ordenagailua hartzea komeniko litzateke. Hala ere, 17 edo gehiago hazbeteko ordenagailu eramangarriak ere badaude, beraz, onena, posiblea bada tarte horretan hartzea izango litzateke.

Aldiz, batzuetan eraman behar bada ordenagailua batzarretara joateko edo leku ezberdinetara joateko, 14,5 edo hazbeteko pantaila duen ordenagailua hartzea komeniko litzateke. Sarritan eraman behar bada gainean, leku batetik bestera joan behar diren pertsonentzat, netbook edo ultraportatila izeneko ordenagailuak izan liteke erosoena. Batez ere leku finko batean, etxean edo bulegoan, ordenagailu handiago bat edukiz gero. Ordenagailu hauek 10,1 eta 12,1 hazbete arteko pantailak izaten dituzte eta oso arinak dira, 1,3 edo 1,4 Kg inguruko pisua daukate gehienek, baten batek gutxiago eduki ahal du. Gainera oso erosoak dira edozein poltsotan eramateko eta bateriak nahiko irauten du kargatuta. Hori bai, hauen ezaugarriak ordenagailu eramangarri arruntenak baino ahulagoak izaten dira eta askok ez dute ekartzen DVD edo CD-ROM irakurlea, beraz, edo kanpoko irakurle/grabatzaile bat erosi beharko da edo USB memoriekin grabatu beharko dira datuak eta aplikazioak.

Ordenagailu eramangarriaren osagaiak

Ordenagailua eramangarria erosten denean, hainbat gauza begiratu behar dira, egokiena hartu ahal izateko. Mahaigaineko ordenagailuetan ez bezala, pisua da kontutan hartzeko ezaugarri bat. Zertarako erabiliko den kontutan hartuta, aparteko osagaiak ere begiratzea interesgarria izan daiteke. Alegia, webcam duen edo kanpoko pantaila bat lotzeko portua, VGA normalean, HDMI edo DVI ere izan daiteke. Telebistarekin konektatu nahi bada eta telebista ez badauka HDMI, DVI edo VGA sarrera, s-bideo motako irteera oso ondo etor daiteke, esaterako. Telebista askok daukate s-bideo sarrera eta bestela, s-bideotik eurokonektorerako egokigailuak daude. USB ataka kopurua ere garrantzitsua da, USBak asko erabiltzen dira ordenagailu eramangarrietan. Wifi konexioa edo sare-txartela edukitzea ezinbestekoa da, baina hau guztiek ekartzen dute, jakina,

Ordenagailuaren ezaugarriak

Ordenagailua erosterakoan, disko gogorraren edukiera garrantzitsua da batez ere informazio dezente gorde behar izanez gero, eta gainera pisutsua bada argazkiak, bideoak edo audioak bezala. Hala ere, kanpoko disko gogorrak erabili ahal dira, aukeratzen den ordenagailuaren disko gogorra ez bada behar bezain handia. Baina ordenagailuaren azkartasunerako eta errendimendurako garrantzitsuago izaten da RAM memoria eta prozesagailua, eta hau ez da konpontzen disko gogorraren edukierarena bezain erraz, beraz, hobe da RAM memoriari eta prozesagailuari ondo erreparatzea disko gogorrari baino. Sistema eragilea ere begiratu ahal da. Sistema eragile doako bat baino ez bazaio instalatuko, Ubuntu bezala, hobe da ordenagailua sistema eragilerik gabe erostea ahal bada, horrela ez da ordaintzen gero kenduko den sistema eragile baten lizentzia. Ordenagailuak dituen atakak ere begiratzea komeni da, batez ere ataka bereziak behar izanez gero, serie (RS-232) edo firewire atakak bezala.

Opera 10.5 MS Windowserako eskuragarri dago

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 11

opera logoaOpera nabigatzailearen 10.5 bertsioa eskuragarri dago honezkero Microsoft Windows XP, Vista eta 7 sistemetarako. Bi azken bertsio hauetan, gainera, Aero-Glass lehio bat zabaltzen da era egoki batean sistemarekin integratzeko. Beren berrikuntzarik garrantzitsuenak, webak renderizatzeko Carakan izeneko motore berria nabigatzailean sartzea eta HTML5 zein CSS3 estandarrekin bateragarria izatea dira. Honez gain, nabigazio pribatuaren funtzionalitatea gehitu zaio.

Mac OS X eta GNU/Linux sistemetarako bertsio berriaren adar egonkorrak laster ateratzea espero da, horrela adierazten da Operaren webgunetik. Hala ere, sistema hauetan jada probatu daiteke 10.5 bertsioaren beta.

Hau da nabigatzailearen webgunea: http://www.opera.com/

Googlek Picnik online irudi editorea erosi du

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 11

picnik irudi editoreaPicnik, http://www.picnik.com/,  irudiak editatzeko online aplikazio bat da. Doakoa da eta oso erraza erabiltzeko. Izan ere, izena ematea ere ez da derrigorrezkoa zerbitzua erabiltzeko. Ordainpeko bertsioaren bitartez, aukera gehigarriak eskaintzen badira ere.

Picknik 2005ean eratu zen eta egun, 20 langile ditu eta milioika bisitari igarotzen dira zerbitzuaren webgunetik hilero.

Hala, bada, Googlek online zerbitzu hau erosi du. Baliteke, honen bitartez, Googleren Picasa zerbitzua berpiztu nahi izatea. Picniken partetik ere oso onuragarria ikusten da operazioa, zeren eta Googleren azpiegitura eta baliabide teknikoak erabilita, beren zerbitzua hobetzea espero duten.

Albistea Picnik blogean:
http://blog.picnik.com/2010/03/google-acquires-picnik/

Posta elektronikoa nola erabili eta nola konfiguratu

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 11

emailAurreko asteko artikuluan komentatu zen zeintzuk ziren posta elektronikorako erabiltzen diren protokoloak eta nola ibiltzen da bakoitza. Halaber, posta elektroniko zerbitzu doako batzuk ere aipatu ziren. Honetan, aurrekoari jarraipena ematen, posta elektronikoa nola erabili azaltzen saiatuko da eta posta elektronikoa irakurtzeko aplikazio ezberdinak aipatuko dira.

Webmail

Erabiltzen den posta zerbitzua, webgune batean irakurri ahal bada, webmail zerbitzua eskaintzen badu hornitzaileak, alegia, nabigatzaile batekin, nahikoa izango da posta elektronikoa irakurtzeko. Nabigatzailearen helbide barran, zerbitzuaren helbidea idatzi beharko da eta ondoren, erabiltzailea eta pasahitza eskatuko da norberaren kontura sartzeko. Aurreko astean aipatutako doako zerbitzuek, Gmail, Hotmail zein Euskalerria.org esaterako eskaintzen dute webmail bidezko posta elektronikoa. Halaber, Internet hornitzaile askok ere eskaintzen dute. Webmail zerbitzua oso erabilgarria da mugikortasuna behar duen jendearentzat. Izan ere, edozein lekutatik irakur edo idatz daitezke posta mezuak.

Aurreko astean azaldu zen IMAP postaren kasuan bezala, erabilgarritasunerako oso egokia izan arren. Honek ez du esan nahi webmail zerbitzuak IMAP erabili behar duenik. Webmail zerbitzua posta elektronikorako aplikazioa da, mahaigaineko aplikazioak bezala, baina web ingurunean. Izan ere, posta kontu bera webmail-en bitartez eta mahaigaineko aplikazio baten bitartez ere irakurtzen bada, mezu elektroniko ezberdinak egon ahal dira batean eta bestean. Era berean, karpeta ezberdinak eta marka ezberdinak. Esaterako, batean irakurtzen bada mezu elektroniko bat markatuko da irakurrita bezala, baina bestean ez.

Mahaigaineko aplikazioak

Hornitzaile batzuek, bi aukerak eskaintzen dituzte, webmail zerbitzua eta mahaigaineko aplikazio batetik posta elektronikoa irakurri eta idatzi ahal izateko. Beste hornitzaile batzuek, ordea, ez dute eskaintzen webmail zerbitzua eta derrigorrez posta elektronikorako mahaigaineko aplikazio bat erabili behar da.

Posta elektronikoa kudeatzeko ere aplikazio asko eta asko daude. Adibidez, Microsoft Outlook asko erabiltzen da, Microsoft Office suitearekin etortzen da eta Microsoft Windows sistemetan ibiltzen da. Ezagunenetarikoen artean ere, Mozilla Thuderbird dago, hau euskaraz dago eta software librea da, gainera, MS Windows, Ubuntu edo GNU/Linux eta Mac Os X sistemetan erabili ahal da. Hau da jaisteko helbidea: http://eu.www.mozillamessaging.com/eu/thunderbird/.

Mac Os X sistemetan, Mail etortzen da sisteman lehenetsitako aplikazioa bezala posta elektronikorako.

GNU/Linux sistemetan, Evolution http://projects.gnome.org/evolution/ edo KMail http://userbase.kde.org/kmail ere oso ezagunak dira.

Nola konfiguratu posta elektronikoa

Webmail zerbitzua erabiltzen denean, esan bezala, oso erraza da posta zerbitzua erabiltzea, normalean, helbidea idazten da nabigatzailearen helbide barran, eta orduan erabiltzailearen izena eta pasahitza besterik ez da eskatzen. Mahaigaineko aplikazio bat erabiltzen denean, zailxeagoa izaten da, posta kontua konfiguratu behar delako. Normalean, posta elektronikoa erabiltzeko aplikazio bat lehenengo aldiz abiarazten denean, kontu berria sortzeko laguntzailea aterako da. Hala ere, edozein momentutan kontu berriak sortu ahal dira. Izan ere, mahaigaineko aplikazio batean, posta kontu bat baino gehiago konfiguratu daiteke. Posta elektroniko berri bat konfiguratzeko orduan hainbat datu jakin behar dira, SMTP irteera zerbitzariaren helbidea, erabiltzailea eta pasahitza; posta elektronikoa jasotzeko edo sarrera zerbitzaria POP3 edo IMAP den, hala nola, sarrera zerbitzarirako helbidea, erabiltzailea eta pasahitza. Normalean sarrera zein irteera zerbitzarirako erabiltzailea eta pasahitza berdinak dira. Gainera, batzuetan, SMTPren kasuan ez da derrigorrezkoa erabiltzailea eta pasahitzaren bidezko autentifikazioa. Aurreko asteko artikuluan komentatu zen bezala, bakoitzak gainera badu zehaztutako ataka bat, eta normalean lehenetsitako portua ez da aldatu behar, baina beste batzuetan aldatu behar da lehenetsitako ataka eta kasu honetan jakin beharko litzateke zein den. Irteera zerbitzarian zein sarrera zerbitzarian ere jakin behar da konexio seguru bat erabiltzen duen eta zein den, SSL, esaterako.

Gainera, kontu bakoitzeko konfiguratu ahal da zein maiztasunekin begiratu behar duen zerbitzarian posta elektronikorik dagoen ala ez, idazten diren mezu elektronikoetan txertatzen den sinadura (nahi den testua izenarekin eta harremanetarako datuekin). Beste aukera bat oso erabilgarria izan daitekeena ordenagailu ezberdinetatik irakurri ahal izateko da mezuak ez ezabatu zerbitzaritik jasotzen direnean. Posta erabiltzeko aplikazioek, ez bazaie kontrakoa esaten, normalean ezabatzen dituzte zerbitzaritik jaisten dituzten posta elektronikoak, baina aukera hau markatzen bada, zerbitzarian mantenduko dira, beste ordenagailu batetik ere jaitsi ahal izateko edo webmailen bitartez kontsultatu ahal izateko. Hori bai, aukera hau arriskutsua da zerbitzarian dagoen lekuaren arabera, posta elektronikoak zerbitzarian gordetzen badira, gainditu ahal delako erabiltzaileko eskaintzen den lekua.

MS Windows 7n sistemaren kopia piratak antzemateko eguneraketa

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 9

Windows 7 edizio pirataMicrosoftek abiatu du eguneraketa bat Microsoft Windows 7 sistemetarako, sistema eragilearen kopia piratak antzemateko. Eguneraketa honek kopia pirata aurkitzen duen sisteman, erabiltzaileari jakinaraziko dio ez dela araua betetzen.

Eguneraketak 1,2 MB pisatzen du eta garrantzitsu bezala markatuta dago. Microsoft-en arabera eguneraketa honek, sistema eragilea era ez zilegi batean instalatzeko 70 era ezberdinak antzemateko gauza da.

Hala ere, eguneraketa honek pirateriaren kontra hartuko dituen neurriak ez bide dira izango oso zorrotzak, sistemaren kopia piratek jarraitu ahal izango dute eguneraketa ez kritikoak jasotzen eta ez da egongo funtzionalitatearen murrizketa.

Informazio gehiago: http://support.microsoft.com/kb/971033

MS Internet Explorer 6 soporterik gabe hainbat webgunetan

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 9

explorer 6MS Internet Explorer zortzigarren bertsioa egonda dagoeneko, oraindik badaude Microsoften nabigatzailea erabiltzen duten erabiltzaile asko seigarren bertsioan gelditu direnak eguneratu gabe. Marketshare estatistiken arabera, ia Internet erabiltzaileen %20k erabiltzen du oraindik MS Internet Explorer 6 nabigatzaile bezala http://marketshare.hitslink.com/browser-market-share.aspx?qprid=2. W3C-ren estatistiken arabera, ez da %10era heltzen: http://www.w3schools.com/browsers/browsers_stats.asp.

Dena dela, kopuru dezente da eta honezkero webgune eta web zerbitzu batzuek utzi diote Microsoft Explorer 6rako laguntza eta eguneraketak emateari eta egiten diren garapenak probatzeari. Google Interneteko erraldoia da haietariko bat, Youtube da laguntza zerbitzua martxoan etetea iragarri duen azkenetarikoa, baina lehenago ere iragarri zuten Google Docs eta Google Sites zerbitzuen laguntzaren etena MS Internet Explorer 6rako.

Posta elektronikoa

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 9

eposta ikonoaWebguneak arakatzearekin batera, posta elektronikoa da Internet zerbitzurik erabilienetarikoa. Mezu elektronikoak hainbat eratan idatzi eta irakur daitezke, sakelako telefonotik, webgune batetik nabigatzaile baten bitartez (webmail deitzen dena) edo mahaigaineko aplikazio batekin. Posta elektronikoa izenarekin baino, munduan zehar ezagunagoa da bere anglosaxoniar hitzarekin, “e-mail”. Eta bere ikurrik ospetsuena @ da, a bildua, ingelesez “at” hitzetik datorrena.

Posta protokoloak edo zerbitzuak

Posta elektronikorako protokolo izenak, ezagunak egingo dira noizbait posta elektronikoa irakurtzeko eta idazteko aplikazio batean, bere kontua konfiguratu behar izan duen erabiltzailearentzat. Izan ere, konfiguratzerakoan, galdetu ohi da ea IMAP edo POP3 kontua konfiguratuko dugun eta POP3 sarrera zerbitzaria edo SMTP irteera zerbitzaria bezalako kontzeptuak agertzen dira.

SMTP irteera zerbitzaria

SMTP da irteera zerbitzaria, alegia, posta elektronikoak bidaltzeko erabiltzen den protokoloa edo zerbitzua. Bere izena, Simple Mail Transfer Protocol hitzetatik dator, posta transferentzia protokolo sinplea, alegia. Normalean, protokolo honek 25 ataka erabili ohi du zerbitzarian.

Beste noizbait ere ataka logikoa zer den azaldu da Zibergelan. Baina, nolabait esateko, honek esan nahi du zerbitzari batean zerbitzu ezberdinak ostatzen badira, web, posta elektronikoa edo ftp, esaterako, bakoitzak erabiltzen duela ataka zenbaki bat. Ataka hauek 1024 zenbakira arte zehaztuta daude eta ezagunak dira, aldatu ahal badira ere zerbitzaria konfiguratzerakoan. Hala bada, honelako zerbitzu batera konektatu nahi denean, konektatzen den aplikazioak, helbidea eta ataka zehaztu behar du, ez soilik helbidea. Hau erabiltzailearentzat nahiko gardena da, aplikazioek egiten dutelako eta erabiltzaileak ez du jakiten zein portutara konektatzen ari den. Baina behin edo behin, portu hau zehaztuta dagoena ez bada, erabiltzaileak idatzi behar du.

POP3 sarrera zerbitzaria

POP3 da sarrera zerbitzaria, alegia, posta elektronikoak jasotzeko erabiltzen den protokoloa edo zerbitzua. Zerbitzu honek 110 ataka erabiltzen du eta bere izena Post Office Protocol hitzetatik dator, posta bulego protokoloa, alegia.

IMAP

IMAP, Internet Message Access Protocol hitzen akronimoa da eta 143 ataka erabiltzen du. Protokolo honek ahalbidetzen du jasotako posta elektronikoa kudeatzea zerbitzaritik, zuzenean. Hau da, jasotako posta karpetaka antolatzea edo irakurrita bezala markatzea ahalbidetzen du, baina ez norberaren ordenagailuan, baizik eta zerbitzarian. Honek ekartzen duen abantaila mugikortasuna da. IMAP posta kontu bat konfiguratu daiteke hainbat ordenagailutan, etxeko ordenagailuan, ordenagailu eramangarrian, bulegoko ordenagailuan. Eta bakoitzean egindako aldaketak, ez direnez lokalki egiten, zerbitzarian baizik, beste ordenagailu batean, posta kontu hori erabiliz gero, beste ordenagailuetan egindako aldaketak ere ikusiko dira, zerbitzaritik irakurtzen direlako. Beraz, oso egokia da, mugikortasun handia behar duten erabiltzaileentzat. Are gehiago, erakunde edo elkarte baten posta kontua bada, elkarte edo erakundeko pertsona ezberdinak ere sartu ahal dira ordenagailu ezberdinetatik. Orduan mezu bat, batek irakurtzen badu, edo erantzuten badu edo karpeta batean sailkatzen badu, besteek ikusiko dituzte aldaketa horiek guztiak.

Posta zerbitzu doakoak

Badaude hainbat gune posta kontu doakoak eskaintzen dituztenak, oso ezagunak badira ere, hemen aipatuko dira horietariko batzuk.

Microsoften posta zerbitzu doakoa Hotmail du izena eta webgune honetan eskuratu daiteke: http://www.hotmail.com. Honek webmail baino ez du eskaintzen, berez, ez du eskaintzen POP3, SMTP ez IMAP mahaigaineko aplikazio batean konfiguratzeko aukera. Norberaren postontzirako espazioa handitzen joaten da denbora pasa ahala.

Googleren GMail, http://mail.google.com/, hau euskaraz dago; Webmail zerbitzua eskaintzeaz gain, POP3 eta SMTP protokoloak zein IMAP konfiguratzea ahalbidetzen du mahaigaineko aplikazio batean. Norberak duen postontziaren espazioa handitzen doa denbora pasa ahala.

Euskalerria.org, http://www.euskalerria.org, euskara hutsez eskaintzen dira posta elektroniko kontu doakoak eta webmail eskaintzeaz gain POP3 eta SMTP konfiguratzea baimentzen du mahaigaineko aplikazio batetik.

Beste batzuk ere badaude, esaterako: Yahoo, http://mail.yahoo.com edo GMX, http://gmx.com/.

Kaspersky etxeak hardwar bidezko antibirus sistema patentatu du

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 2

KASPERSKY LOGOKaspersky ziurtasun enpresa ezagunak iragarri du ABEn patente bat lortu duela malwarearen kontrako irtenbide bat garatzeko. Karsperskyren hardware irtenbidea sistema eragiletik kanpo lan egingo luke, CPU eta biltegiratze euskarriaren artean.

Irtenbide hau automatikoki eguneratuko litzateke, birusak eta beren sinadurak kudeatzeko datu base propioak izango lituzke. Era independente batean edo aplikazio batekin batera lan egin ahal izango luke. Bere xedea da malwarearen inguruko jakinarazpenak eta informazioa eman eta malwarea kontrolatzea eta detektatzea.

Irtenbide honek prozesagailu eta RAM memoria propio bat erabiliko luke, beraz, ez lituzke sistemaren baliabideak erabiliko eta beraz, ordenagailuaren eraginkortasunean ez luke efekturik edukiko.

Kasperskyren albistea: http://www.kaspersky.com/news?id=207576021

Segurtasun kopiak

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 2

BackupJakina den bezala, zergati askorengatik ordenagailuan gordetzen diren datuak galdu daitezke. Datu horiek gordetzen dituen euskarria hondatu daiteke edo arazo elektrikoren bat egon daiteke, nahigabe zerbait ezabatu ahal da, malwarearen batek kalteak eragin ahal ditu, eta abar. Kontuan hartzen badugu, gero eta gehiago, ordenagailuak eta bertan gordetzen diren datuak, bakoitzaren bizitza pertsonala zein profesionalaren zati handi bat bilakatzen joan direla, datu horiek galtzea betiko, ezbehar itzela izan daiteke.

Segurtasun kopiak egiteko era errazak

Segurtasun kopiak egiteko, hainbat era daude. Batzuek, ezagupen teknikoez gainera, baliabide eta aplikazio konplexuak eskatzen dituzte. Beste batzuk, ordea, edozein erabiltzaileren eskuan daude, diru asko gastatu gabe, eta segurtasun kopiak egiteko aplikazio konplexuak erabiltzen ikasi behar gabe. Hori bai, azken hauek, askotan ez dira besteak bezain eraginkorrak edo automatikoak, baina kasu batzuetan, norbanakoentzat edo enpresa txiki baten datuak babesteko nahikoak dira.

Segurtasun kopiak egiteko oso era erraza USB memoria batean (pendrive izenekoak) edo USB kanpoko disko gogor batean eskuz nahi diren karpetak eta fitxategiak kopiatzea da. Esan bezala, ez da automatikoena eta erosoena, ezta ere eraginkorrena, baina dagoeneko edonor erabiltzen has daiteke, aplikazio berriak instalatzen eta ikasten hasi gabe. Gainera, diziplina eskatzen du, noizbehinka kopia horiek erregularki egiteko. Bestetik, komenigarria da egun ezberdinetako kopiak gordetzea, horretarako karpeta ezberdinak sor daitezke USB memorian edo USB disko gogorrean eta izenean data jarri. USB memoriei dagokienez, 4 GB eta 32 GB-eko tartean aurkitu ahal dira. Beraz, horrelako gailu batean segurtasun kopia gorde nahi izanez gero, eta gainera data ezberdinetako kopiak, kontutan hartu behar da gorde nahi dena tamaina txikiagokoa izan behar dela. Bestela, USB kanpoko disko gogorra erabili beharko da.

Honekin lotuta, Zibergela atalean 2009ko ekainean argitaratu zen artikulu bat aipatu daiteke http://baleike.com/blogak/zibergela/2009/06/10/segurtasun-kopia-pendrive-batean/ , artikulu horretan ScanDisk konpainiaren produktu bati buruz hitz egiten zen. USB memoria bat segurtasun kopiak egiteko bereziki sortuta, hau da produktuaren webgunea: http://www.sandisk.com/products/usb-flash-drives/sandisk-ultra-backup-usb-flash-drive.

Euskarriak

Aurreko kasuan aipatu dugun bezala, USB memoriak erabili daitezke kopiak egiteko edo behar besteko lekua ez badaukate, USB kanpoko disko gogorrak, edo ordenagailuan dagoen disko gogor edo partizio bat.

DVDak ere erabili ahal dira eta noizbehinka datuak gorde daitezke DVD batean eta horrela DVD bakoitzak data zehatz bateko kopia izango du. Nahi izanez gero, berridatzi ahal diren DVDak ere erabili ahal dira eta horrela, kopia bat baino gehiago egin ahal izango da DVD bakoitzean, aurreko kopiak ordezkatuta.

Enpresa batzuetan zintak ere erabiltzen dira, baina ez da kasu arrunta etxe batean edo enpresa txiki batean.

Eta beste euskarri batzuk ere erabili ahal dira, BluRay, esaterako, edo urrutiko zerbitzari edo webgune batean Interneten bitartez.

Segurtasun kopia osoak, inkrementalak edo diferentzialak

Segurtasun kopiak egiterakoan, zerbitzu hori eskaintzen duen aplikazio bat erabiliz gero, galdetuko du nola egin nahi den kopia, kopia osoa, inkrementala ala diferentziala. Kopia osoa da kopia egiten den egun bakoitzean, nahi diren datu guztiak kopiatzen direla aukeratu den euskarrian. Inkrementalaren kasuan, lehenengo kopia, osoa egiten da, eta gero kopiaz kopia, soilik gordetzen dira aldatu diren edukiak eta eduki berriak, aurreko kopiatik. Beraz, kopia bakoitzeko soilik gordetzen dira euskarrian aurreko kopiarekiko aldaketak. Honen abantaila da leku gutxiago okupatzen dutela segurtasun kopiek, eta azkarrago egiten direla, kopia osoak baino. Desabantaila da kopia zehatz bat berreskuratzeko, hasierako kopia osoa eta kopia inkremental guztiak berreskuratu nahi den kopiara arte beharrezkoak direla. Kopia diferentzialaren kasuan, kopiatzen da hasierako segurtasun kopia oso bat, eta gero, kopia bakoitzeko, gordetzen da kopia osoarekiko aldaketak, aldatutako datuak eta berriak. Ez aurreko kopiarekiko inkrementalaren kasuan bezala, baizik eta, kopia osoarekiko aldaketak. Beraz, berreskuratzeko behar da kopia osoa eta berreskuratu nahi den kopia diferentziala. Eta kasu honetan ere, lehenengo adibidean baino leku gutxiago okupatuko du eta azkarrago egingo da.

Segurtasun kopiak egiteko aplikazioak

Segurtasun kopiak egiteko aplikazioren bat erabili nahi bada, Bacula http://www.bacula.org oso aukera ona da, software librea, doakoa eta oso ezaguna da. Gainera, MS Windows zein GNU/Linux sistemetan erabili daiteke. Ubuntu eta GNU/Linux sistemetan Synaptic-etik ere instalatu daiteke.

Areca http://www.areca-backup.org ere izan daiteke beste aukera bat, Javaz garatuta dago eta beraz, plataforma anitza da, MS Windows, GNU/Linux edo Mac Os X sistemetan ibiltzen da. Hau ere software librea eta doakoa da.

OfficeFolders theme by Themocracy