Aplikazio biltegiak

ubuntusoftwarecenterAplikazio biltegien kontzeptua, gero eta gehiago entzuten da, android market, app store, ubuntu software biltegia. Hala ere, aplikazio biltegien kontua ez da batere berria, izan ere, GNU/Linux sistema eragilearen erabiltzaileak oso ohituta daude jada aplikazioak deskargatzeko, instalatzeko eta kudeatzeko filosofia horretara. Izan ere, aspalditik erabiltzen dira GNU/Linux sistemetan pakete biltegiak deritzonak.

Zertan datza

Aplikazio biltegien filosofia hau izugarri erosoa da erabiltzailearentzat eta aplikazio zein osagaien garatzaileentzat ere bere abantailak ditu.

Aplikazio biltegian existitzen ez den sistemetan, aplikazio berriak instalatzeko, denda batera joan behar da, hor edo Interneten bitartez aplikazioa erosi, aplikazioaren euskarria sartu ordenagailuan eta aplikazioa instalatu. Doakoa izanez gero, Interneten bilatu ahal da eta webgunetik deskargatu eta gero instalatu. Gainera, aplikazio horiek bestelako menpekotasunak izan ditzakete eta menpekotasun horiek ere asmatzen eta instalatzen joan behar dira dena ondo ibiltzeko.

Aplikazio biltegiak, ordea, sisteman zeharo integratuta daude. Beraz, aplikazio bat sisteman instalatzeko, oso era erraz batean egiten da, aplikazio biltegian bilatu, eta instalatzeko aukerari sakatu besterik ez da egin behar. Doakoa bada, besterik gabe instalatuko litzateke eta ordainpekoa bada, aurretik ordaindu beharko litzateke, txartelaz edo Paypal kontuaren bitartez, adibidez. Dena oso automatikoa eta azkarra da. Gainera, ez da aplikazioaren izena jakin behar. Askotan, arloka antolatuta egoten dira aurkitu nahi den aplikazioa arakatzeko. Horretaz aparte, izenaren arabera edo funtzionalitateen arabera ere bilatu ahal dira aplikazioak. Hau da, bideoak ikusteko aplikazioak bilatu ahal dira eta deskribapenak, pantaila-argazkiak eta ezaugarriak begiratuta, gustukoena instala daiteke.

Gainera, aplikazioaren bertsio berrien eguneraketak automatikoki kudeatzen dira aplikazio biltegiaren bitartez. Beraz, sistemak berak ohartarazten dio erabiltzaileari zer dagoen eguneratzeko eta ea eguneratu nahi duen galdetzen dio.

Biltegiko aplikazioetan, sistema batzuetan, bozkatu daitezke, beraz, erabiltzaileak jakin ahal du zein aplikazio dira bozkatuenak eta aukeratzeko orduan izan ahal da irizpide bat. Horretaz aparte, aplikazio biltegian ez da edozein gauza sartzen, beraz, neurri batean, edozein lekutatik deskargatzen diren aplikazio maltzurren arrisku hori murrizten da.

Arestian esan bezala, aplikazio garatzaileentzat ere beren abantailak dituzte aplikazio biltegi hauek. Alde batetik, erabiltzaileak era erraz batean aurkitu eta instalatu dezake aplikazioa, probatu eta gero desinstalatu gustuko ez badu. Beraz, aplikazio biltegiek aplikazio aniztasuna eta hautatzeko aukerak errazten dituztela esan daiteke. Gainera oso bide erosoa da aplikazioak argitaratzeko eta ateratzen joaten diren bertsio berriak ere plazaratzeko eta erabiltzaileari jakinarazteko.

Biltegi batzuetan ere garatzaileak aplikazioaren erabiltzaileekin harremanetan jar daitezke emailez jakinarazpenak edo informazioa emateko. Hori bai, garatzaileak erabiltzen badu aukera hau publizitatea bidaltzeko, jakin behar du erabiltzaile batzuek aplikazioa desinstalatuko dutela.

Aplikazio biltegi sistema ezberdinak.

GNU/Linux sistemetako erabiltzaileek aspaldi erabiltzen dituzte aplikazio biltegiak, pakete biltegiak, zehatzago esanda, sistema hauetan instalatzen den software ezberdinak pakete bezala ezagutzen direlako. GNU/Linux sistemetan, banaketa bakoitzak, are gehiago, banaketa bakoitzeko bertsio bakoitzak, bere biltegi berezia du. Horren adibidea da, Ubuntu Software Biltegia (http://www.ubuntu.com/ubuntu/features/ubuntu-software-centre). Ubuntu banaketa ospetsuaren pakete biltegia, alegia. Bi biltegi mota nagusi daude GNU/Linux sistemen munduan, apt eta rpm, Ubuntu banaketa Debian banaketan oinarrituta dagoenez, eta Debian banaketak apt sistema erabiltzen duenez, Ubuntu Software Biltegiak ere apt erabiltzen du. Red Hat edo Fedora banaketetan, adibidez, RPM sistema erabiltzen da. Sistema hauetan, aplikazioak edo paketeak libreak dira gehienbat eta doakoak.

Googlek ere aplikazioen biltegiaren bidea jorratu zuen bere Android sistema eragilearekin, horrela sakelako telefonotik edo Tabletetik oso erraza da erabiltzaileak nahi dituen aplikazioak bilatzea eta instalatzea. Android market du izena Androiden aplikazio biltegia. Hau da aplikazio biltegi honen helbidea: https://market.android.com/. Aplikazio batzuk ordainpekoak dira eta beste batzuk doakoak.

Apple-ren aplikazio biltegia ere oso ezaguna da, App Store, alegia, bertatik software eskuratu daiteke Mac Os X eta iOS sistema erabiltzen duten gailu guztietarako. Hau da bere helbidea: http://store.apple.com/

Microsoftek ere bere Windows Phone Marketplace eskaintzen du, http://www.windowsphone.com/marketplace, eta iragarrita dago jada aplikazio biltegi bat MS Windows 8-rako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>