Category: Mantenimendua

Segurtasun kopiak

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Martxoak 2

BackupJakina den bezala, zergati askorengatik ordenagailuan gordetzen diren datuak galdu daitezke. Datu horiek gordetzen dituen euskarria hondatu daiteke edo arazo elektrikoren bat egon daiteke, nahigabe zerbait ezabatu ahal da, malwarearen batek kalteak eragin ahal ditu, eta abar. Kontuan hartzen badugu, gero eta gehiago, ordenagailuak eta bertan gordetzen diren datuak, bakoitzaren bizitza pertsonala zein profesionalaren zati handi bat bilakatzen joan direla, datu horiek galtzea betiko, ezbehar itzela izan daiteke.

Segurtasun kopiak egiteko era errazak

Segurtasun kopiak egiteko, hainbat era daude. Batzuek, ezagupen teknikoez gainera, baliabide eta aplikazio konplexuak eskatzen dituzte. Beste batzuk, ordea, edozein erabiltzaileren eskuan daude, diru asko gastatu gabe, eta segurtasun kopiak egiteko aplikazio konplexuak erabiltzen ikasi behar gabe. Hori bai, azken hauek, askotan ez dira besteak bezain eraginkorrak edo automatikoak, baina kasu batzuetan, norbanakoentzat edo enpresa txiki baten datuak babesteko nahikoak dira.

Segurtasun kopiak egiteko oso era erraza USB memoria batean (pendrive izenekoak) edo USB kanpoko disko gogor batean eskuz nahi diren karpetak eta fitxategiak kopiatzea da. Esan bezala, ez da automatikoena eta erosoena, ezta ere eraginkorrena, baina dagoeneko edonor erabiltzen has daiteke, aplikazio berriak instalatzen eta ikasten hasi gabe. Gainera, diziplina eskatzen du, noizbehinka kopia horiek erregularki egiteko. Bestetik, komenigarria da egun ezberdinetako kopiak gordetzea, horretarako karpeta ezberdinak sor daitezke USB memorian edo USB disko gogorrean eta izenean data jarri. USB memoriei dagokienez, 4 GB eta 32 GB-eko tartean aurkitu ahal dira. Beraz, horrelako gailu batean segurtasun kopia gorde nahi izanez gero, eta gainera data ezberdinetako kopiak, kontutan hartu behar da gorde nahi dena tamaina txikiagokoa izan behar dela. Bestela, USB kanpoko disko gogorra erabili beharko da.

Honekin lotuta, Zibergela atalean 2009ko ekainean argitaratu zen artikulu bat aipatu daiteke http://baleike.com/blogak/zibergela/2009/06/10/segurtasun-kopia-pendrive-batean/ , artikulu horretan ScanDisk konpainiaren produktu bati buruz hitz egiten zen. USB memoria bat segurtasun kopiak egiteko bereziki sortuta, hau da produktuaren webgunea: http://www.sandisk.com/products/usb-flash-drives/sandisk-ultra-backup-usb-flash-drive.

Euskarriak

Aurreko kasuan aipatu dugun bezala, USB memoriak erabili daitezke kopiak egiteko edo behar besteko lekua ez badaukate, USB kanpoko disko gogorrak, edo ordenagailuan dagoen disko gogor edo partizio bat.

DVDak ere erabili ahal dira eta noizbehinka datuak gorde daitezke DVD batean eta horrela DVD bakoitzak data zehatz bateko kopia izango du. Nahi izanez gero, berridatzi ahal diren DVDak ere erabili ahal dira eta horrela, kopia bat baino gehiago egin ahal izango da DVD bakoitzean, aurreko kopiak ordezkatuta.

Enpresa batzuetan zintak ere erabiltzen dira, baina ez da kasu arrunta etxe batean edo enpresa txiki batean.

Eta beste euskarri batzuk ere erabili ahal dira, BluRay, esaterako, edo urrutiko zerbitzari edo webgune batean Interneten bitartez.

Segurtasun kopia osoak, inkrementalak edo diferentzialak

Segurtasun kopiak egiterakoan, zerbitzu hori eskaintzen duen aplikazio bat erabiliz gero, galdetuko du nola egin nahi den kopia, kopia osoa, inkrementala ala diferentziala. Kopia osoa da kopia egiten den egun bakoitzean, nahi diren datu guztiak kopiatzen direla aukeratu den euskarrian. Inkrementalaren kasuan, lehenengo kopia, osoa egiten da, eta gero kopiaz kopia, soilik gordetzen dira aldatu diren edukiak eta eduki berriak, aurreko kopiatik. Beraz, kopia bakoitzeko soilik gordetzen dira euskarrian aurreko kopiarekiko aldaketak. Honen abantaila da leku gutxiago okupatzen dutela segurtasun kopiek, eta azkarrago egiten direla, kopia osoak baino. Desabantaila da kopia zehatz bat berreskuratzeko, hasierako kopia osoa eta kopia inkremental guztiak berreskuratu nahi den kopiara arte beharrezkoak direla. Kopia diferentzialaren kasuan, kopiatzen da hasierako segurtasun kopia oso bat, eta gero, kopia bakoitzeko, gordetzen da kopia osoarekiko aldaketak, aldatutako datuak eta berriak. Ez aurreko kopiarekiko inkrementalaren kasuan bezala, baizik eta, kopia osoarekiko aldaketak. Beraz, berreskuratzeko behar da kopia osoa eta berreskuratu nahi den kopia diferentziala. Eta kasu honetan ere, lehenengo adibidean baino leku gutxiago okupatuko du eta azkarrago egingo da.

Segurtasun kopiak egiteko aplikazioak

Segurtasun kopiak egiteko aplikazioren bat erabili nahi bada, Bacula http://www.bacula.org oso aukera ona da, software librea, doakoa eta oso ezaguna da. Gainera, MS Windows zein GNU/Linux sistemetan erabili daiteke. Ubuntu eta GNU/Linux sistemetan Synaptic-etik ere instalatu daiteke.

Areca http://www.areca-backup.org ere izan daiteke beste aukera bat, Javaz garatuta dago eta beraz, plataforma anitza da, MS Windows, GNU/Linux edo Mac Os X sistemetan ibiltzen da. Hau ere software librea eta doakoa da.

Arazoak bateriarekin Windows 7 duten portatiletan

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Otsailak 23

Arazo batzuk suertatu omen dira bateriarekin Windows 7 duten protatil batzuetan. Interneteko foroetan MS Windows 7 duten erabiltzaile batzuen kexak agertu dira beren portatilen bateriak direla eta. Batzuek nabaritu dute MS Windows 7rekin baino gutxiago irauten duela beren bateriak eta beste batzuek erabat erabiltezina dute bateria.

Ez omen da erabat segurua, arazoa MS Windows 7rena izatea. Hala ere, Microsoft entitatean aztertzen ari dira arazo hauek. Nazioarteko konpaniaren arabera, ordenagailuen firmwarearekiko bateraezintasunean egon liteke arazoa. Firmware hau da arduraduna jakinarazteko bateriaren kargaren amaiera.

Microsoftetik arazo honi erantzun diote aitxaki ezberdinekin. Hemen ikus daiteke erantzuna: http://blogs.msdn.com/e7/archive/2010/02/08/windows-7-battery-notification-messages.aspx

http://www.computerworld.com/s/article/9151098/Microsoft_probes_Windows_7_battery_problems?taxonomyId=125

TestDisk eta PhotoRec, datuak berreskuratzeko aplikazioak

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Otsailak 2

TestDisk kode irekiko aplikazio bat da, doakoa eta MS DOS, MS Windows, GNU/Linux eta Mac Os X sistemetan dabilena, besteak beste. Aplikazio hau partizioak analizatzen ditu eta galdutako datuak berreskuratzeko gauza da, NTFS, FAT eta EXT motatako partizioetan. Ezabatutako partizioak ere berreskuratzeko gai da.

Ez du ingurune grafikorik eta terminalean edo komando interpretean egikaritu behar da. Hala ere, ez da instalatu behar, deskargatu eta exekutatzearekin nahikoa da erabiltzeko.

TetDisk-ekin batera PhotoRec ere etorri ohi da, aplikazio hau oso ona da multimedia edukiak eta fitxategi konprimituak berreskuratzeko

http://www.cgsecurity.org/wiki/TestDisk

Prism HUD, sistemaren monitorizazioa MS sistemetan

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urtarrilak 25

Prism HUD da aplikazio bat sistema monitorizatzea baimentzen duena Microsoft sistemetan MS Windows XP bertsiotik aurrera.

Era grafiko batean ematen du disko gogorren eta bestelako gailuen espazioari buruzko informazioa, sarearen erabilera, memoriaren erabilera eta memoria gehien erabiltzen diren aplikazioak eta CPUaren erabilera eta CPU gehien erabiltzen ari diren prozesuak. Nolabait, MS Windowsaren ataza kudeatzaileak ematen duen informazioa baina batera eta grafikoki erakutsita. Gainera oso aplikazio arina da.

Jaitsi daiteke debalde bere web gunetik. Util’s Haven da aplikazioaren garatzailea eta beste bi aplikazio ditu webgunean eskuragarri Note Mania QT oharrak eta agenda kudeatzeko eta First Impression grafiko ikustatzaile arina.

http://www.utilhaven.com/prism/index.htm

Disko gogorren partizioak eta fitxategi sistemak

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urtarrilak 5

disko gogorra

Ordenagailu bat erosten denean, askotan jada sistema eragile batekin eta fabrikan edo dendan ezarritako partizio konfigurazio batekin etortzen da, gauza bera gertatzen da USB kanpoko disko gogorra erosten denean, esaterako. Hala ere, lehenetsitako partizio konfigurazio hori batzuetan ez da komenigarriena edo erabiltzailearen beharrak betetzen dituena eta aldatu egin behar da.

Zer da partizio bat eta zertarako egin

Partizioak, biltegiratze unitate fisiko baten banaketak dira. Banaketa bakoitza agertuko da aparteko unitate bat izango balitz bezala sistema eragile gehienetan eta partizio bakoitzak fitxategi sistema ezberdin bat izan dezake, hau da, fitxategi eta karpeten egitura gordetzeko era ezberdin bat. Hala, bada, nahiz eta disko gogor bakarra eduki, partizioen bitartez, unitate fisiko horren banaketa ezberdinak edukitzea lortzen da.

Sistema eragile bat baino gehiago instalatu nahi badira ordenagailu batean, unitate ezberdinak beharrezkoak dira. Izan ere, sistema eragile bakoitzak berarentzako partizio eta fitxategi sistema berezi bat behar du orokorrean, kasu batzuetan bi partizio eta fitxategi sistema ezberdinak behar ditu. Honela, disko gogor bat baino gehiago edukiz gero, disko gogor ezberdinetan instalatu daitezke sistema eragileak. Baina bestela, partizioak egin beharko dira.

Bestetik, oso komenigarria da partizioak egitea datuak eta sistema eragileak banatzeko, era honetan, sistema eragilean arazoak edukiz gero, birus bat sartzen bada, esaterako, edo sistema eragilea hondatzen bada, edo besterik gabe, sistema eragilearen partizioa formateatu behar bada garbitzeko edo sistema eragilearen bertsio berri bat instalatzeko, lortzen da datuak aparte gelditzea eta ez dira ezabatuko. Alegia, sistema eragilea ostatzen duen partizioa formateatu edo ezabatu behar bada, datu partizioa ez da ukitu behar eta datuak ez dira ezabatuko. Datu partizio hau, gainera, konfigurazioaren arabera, erabil daiteke sistema eragile ezberdinekin eta horrela, sistema eragile ezberdinetan datu berdinak eskuragarri egon ahal dira.

Zerekin egin partizioak

Sistema eragile gehienen instalatzaileek partizioak egiteko utilitate bat ekartzen dute, eta instalatzen direnean, momenturik onena da nahi diren partizio banaketak egiteko. Bestela, behin sistema eragilea instalatuta ere, partizioak egin daitezke, baina hemendik aurrera partizio horretan dauden datuak edo sistema eragileak eta programak galtzeko arriskua dago, horregatik hasieratik egitea hobe da, posiblea bada. Behin sistema eragilea instalatuta partizioak egiteko, sistema eragileak berak ekartzen duen baliabidea izan daiteke aukera bat, MS Windows-en, disko administratzailea, esaterako. Hona heltzeko, Nire PC edo Ekipoaren gainean saguaren eskumako botoiarekin eta <<Kudeatu>> aukeran klik egin behar da. Bestela, beste aplikazio batekin egin ahal da, nahiko erabilia izan da Partition Magic MS Windows sistemetan zeren eta, gauzak ondo eginda, aldatzen diren partizioen datuak eta sistema eragilea mantendu ahal baitira, beti hutsik zeuden zatiak ukituz gero, baina Symantec enpresak programa erosi duenetik ez da eguneraketarik egon. Aplikazio hau ez da software librea. GNU/Linux sistemetan, GParted oso ezaguna eta erabilia da <<gparted>> izeneko paketearekin instalatzen da eta fitxategi sistema askorekin bateragarria da, alegia, GNU/Linux, MS Windows edo beste partizio motak sortu ahal dira. NTFS partizioak egiteko mkntfs aplikazioa behar badu ere, hori lortzeko, ntfstools paketea instalatzea nahikoa da.

Nahiz eta GNU/Linux sistemarik instalatuta ez eduki, Live CD batekin egin ahal dira partizioak GNU/Linux sistema batetik eta GParted-ekin. Ubuntu CD batekin, esaterako, instalatu gabe aukera erabilita edo are hobe da horretarako bereziki prestatuta dauden beste Live CD banaketa batzuk erabiltzea. GParted Live CD, esaterako: http://gparted.sourceforge.net/livecd.php.

Partizio motak nola zehaztu

Partizioak zehazten direnean zein fitxategi sistema edo zein motatakoak izango diren ere zehaztu behar da. MS Windows sistema baterako erabiliko bada NTFS mota erabili ahal da edo FAT32, baina soilik MS Windows sistema erabiliko bada hobe NTFS. GNU /Linux sistema bat instalatzeko partizioan EXT4 oso gomendagarria da eta egun, erabilienetarikoa, beste batzuekin ere ibili ahal bada ere. Gainera, GNU/Linux sistemek SWAP motako partizio bat ere behar dute, RAM memoriaren tamainaren bikoitza gutxi gorabehera eduki ahal du partizio honek, sistema eragileak memoria trukerako behar du. Datuak banatuta eduki nahi izanez gero, soilik GNU/ Linux sistema batekin erabiliko badira EXT4 bezala zehaztu ahal da partizioa eta soilik MS Windows sistema batekin NTFS da onena. Baina GNU/Linux eta MS Windows sistema ezberdinetatik erabili nahi bada datu partizioa hobe FAT32 erabiltzea, zeren eta MS Windows sistemek ez dute EXT4 onartzen eta NTFS ez da guztiz egonkorra GNU/Linux sistemetan datuak idazteko orduan, irakurtzeko orduan arazorik ez egon arren eta idaztea ere posiblea izan arren.

OfficeFolders theme by Themocracy