Hardware, Mantenimendua

Kuartzozko kristalezko biltegiratze euskarri berria aurkitu dute

hitachi1CDak 30 urte bete ditu aste honetan, baina jada ez dago ondorengoen faltan. Halabeharrez, etengabe eraberritzen den esparrua da informazioa gordetzeko balio duten euskarriena. Esandakoaren lekuko da denborak utzitakoa: biniloak eta kaseteak; hiru t’erdiko disko malguak eta pendrive-ak; eta VHS zinten oinordeko diren Blu-Ray diskoak. Argi dago, garapen horrek hobekuntzak ekarri dituela biltegiratze sistemetara. Hala behar du, informazioaren gizartea deritzon batean oinarrizko lanabesak baitira.

Hala ere, guztiek daukate akats komun bat: iraupena. Hitachi enpresaren burutazio berriak badirudi konpondu duela arazoa: kuartzozko kristalezko xafla txiki batzuk erabiltzea otu zaie informazioa gordetzeko formatu gisa.

Abantailarik handiena erresistentzian datza; datu galerarik jasan gabe eutsi ditzakete milioika urte. Euskarriaren iraungitzearen ondoriozko datu aldaketarik egin beharrik ez litzateke egongo, beraz. Gainera, isurketa kimikoak, uhin magnetikoak, ura nahiz tenperatura handiak ere jasaten ditu kuartzoak, alferrik galdu gabe. Dirudienez, material hori bi orduz 1.000 gradu jasateko gai litzateke.

Optikoki sortutako puntu (voxel) batzuen bitartez idazten dira, eta irakurtzeko, nahikoa da mikroskopio optiko arrunt bat edukitzea. Aurkeztutako prototipoak 4 geruza zituen, eta egungo CD baten edukiera. Sortzaileek ustez, alderdi hori hobetzeko aukera handiak daude.

Aplikazioak, Mantenimendua

MyDefragPowerGUI, desfragmentatzaile eramangarria

MyDefragPowerGUIMyDefragPowerGUI sistema garbitzea eta desfragmentatzea ahalbidetzen duen aplikazio eramangarri bat da..Hau da, USB memoria batean gorde ahal da eta edozein ordenagailutatik exekuta daiteke. Aplikazioak hainbat aukera ditu baina soilik MS Windows sistemetan ibiltzen da. Erabiltzeko zein partizio edo unitate desfragmentatu nahi diren aukeratu daiteke eta orduan hasteko botoiari sakatu behar da.

Hainbat aukera eskaini arren, hizkuntza garbi batean ematen ditu aukera zein azalpen ezberdinak eta pentsatuta dago erabiltzaile guztiek erabil dezaten eta ez soilik ezagutza teknikoak dituzten erabiltzaileek. Izan ere, aplikazioak berak aholkuak ematen dizkio erabiltzaileari. Besteak beste eragiketak programatzeko aukera eskaintzen du, horrela, eguneko, asteko edo hilabeteko egin ahal da aukeratutako eragiketa.

Flash memoriekin ere ondo lan egiten du MyDefragPowerGUI-k. Hemendik jaitsi daiteke aplikazioa dohainik baina ez da software librea: http://www.wieldraaijer.nl/. Helbide horretan ere eskura daiteke proiektu honi buruzko informazioa zein enpresa honek egindako beste lanei buruzkoa.

Aplikazioak, Mantenimendua, Segurtasuna

Areca, software libredun aplikazio bat segurtasun kopiak egiteko

arecaAreca Backup sistema eta datuen segurtasun kopiak egiteko aplikazio bat da. Software librea eta doakoa da eta helbide honetan deskargatu daiteke: http://www.areca-backup.org/. Eskuragarri dago MS Windows eta GNU/Linux sistemetarako.

Areca Backup Java lengoaiaz idatzita dago eta beraz, Java Makina Birtualaren 1.6. bertsioa eduki behar da instalatuta sisteman aplikazioa erabili ahal izateko.

Areca segurtasun kopia osoak, inkrementalak nahiz diferentzialak egitea ahalbidetzen du. Kopiak programatu daitezke eta kopien edukiak konprimitzeko aukera ere eskaintzen du. Honetaz gain, kopiak zifratzeko aukera ere badauka, hau erabilgarria da Interneteko lekuren batean gorde nahi bada kopia, esaterako.

Kopia bat egiteko orduan, fitxategiak iragazi daitezke, mota, tamaina edo karpetaren arabera.