Category: Osagarri Informatikoak

Disko gogorren partizioak eta fitxategi sistemak

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urtarrilak 5

disko gogorra

Ordenagailu bat erosten denean, askotan jada sistema eragile batekin eta fabrikan edo dendan ezarritako partizio konfigurazio batekin etortzen da, gauza bera gertatzen da USB kanpoko disko gogorra erosten denean, esaterako. Hala ere, lehenetsitako partizio konfigurazio hori batzuetan ez da komenigarriena edo erabiltzailearen beharrak betetzen dituena eta aldatu egin behar da.

Zer da partizio bat eta zertarako egin

Partizioak, biltegiratze unitate fisiko baten banaketak dira. Banaketa bakoitza agertuko da aparteko unitate bat izango balitz bezala sistema eragile gehienetan eta partizio bakoitzak fitxategi sistema ezberdin bat izan dezake, hau da, fitxategi eta karpeten egitura gordetzeko era ezberdin bat. Hala, bada, nahiz eta disko gogor bakarra eduki, partizioen bitartez, unitate fisiko horren banaketa ezberdinak edukitzea lortzen da.

Sistema eragile bat baino gehiago instalatu nahi badira ordenagailu batean, unitate ezberdinak beharrezkoak dira. Izan ere, sistema eragile bakoitzak berarentzako partizio eta fitxategi sistema berezi bat behar du orokorrean, kasu batzuetan bi partizio eta fitxategi sistema ezberdinak behar ditu. Honela, disko gogor bat baino gehiago edukiz gero, disko gogor ezberdinetan instalatu daitezke sistema eragileak. Baina bestela, partizioak egin beharko dira.

Bestetik, oso komenigarria da partizioak egitea datuak eta sistema eragileak banatzeko, era honetan, sistema eragilean arazoak edukiz gero, birus bat sartzen bada, esaterako, edo sistema eragilea hondatzen bada, edo besterik gabe, sistema eragilearen partizioa formateatu behar bada garbitzeko edo sistema eragilearen bertsio berri bat instalatzeko, lortzen da datuak aparte gelditzea eta ez dira ezabatuko. Alegia, sistema eragilea ostatzen duen partizioa formateatu edo ezabatu behar bada, datu partizioa ez da ukitu behar eta datuak ez dira ezabatuko. Datu partizio hau, gainera, konfigurazioaren arabera, erabil daiteke sistema eragile ezberdinekin eta horrela, sistema eragile ezberdinetan datu berdinak eskuragarri egon ahal dira.

Zerekin egin partizioak

Sistema eragile gehienen instalatzaileek partizioak egiteko utilitate bat ekartzen dute, eta instalatzen direnean, momenturik onena da nahi diren partizio banaketak egiteko. Bestela, behin sistema eragilea instalatuta ere, partizioak egin daitezke, baina hemendik aurrera partizio horretan dauden datuak edo sistema eragileak eta programak galtzeko arriskua dago, horregatik hasieratik egitea hobe da, posiblea bada. Behin sistema eragilea instalatuta partizioak egiteko, sistema eragileak berak ekartzen duen baliabidea izan daiteke aukera bat, MS Windows-en, disko administratzailea, esaterako. Hona heltzeko, Nire PC edo Ekipoaren gainean saguaren eskumako botoiarekin eta <<Kudeatu>> aukeran klik egin behar da. Bestela, beste aplikazio batekin egin ahal da, nahiko erabilia izan da Partition Magic MS Windows sistemetan zeren eta, gauzak ondo eginda, aldatzen diren partizioen datuak eta sistema eragilea mantendu ahal baitira, beti hutsik zeuden zatiak ukituz gero, baina Symantec enpresak programa erosi duenetik ez da eguneraketarik egon. Aplikazio hau ez da software librea. GNU/Linux sistemetan, GParted oso ezaguna eta erabilia da <<gparted>> izeneko paketearekin instalatzen da eta fitxategi sistema askorekin bateragarria da, alegia, GNU/Linux, MS Windows edo beste partizio motak sortu ahal dira. NTFS partizioak egiteko mkntfs aplikazioa behar badu ere, hori lortzeko, ntfstools paketea instalatzea nahikoa da.

Nahiz eta GNU/Linux sistemarik instalatuta ez eduki, Live CD batekin egin ahal dira partizioak GNU/Linux sistema batetik eta GParted-ekin. Ubuntu CD batekin, esaterako, instalatu gabe aukera erabilita edo are hobe da horretarako bereziki prestatuta dauden beste Live CD banaketa batzuk erabiltzea. GParted Live CD, esaterako: http://gparted.sourceforge.net/livecd.php.

Partizio motak nola zehaztu

Partizioak zehazten direnean zein fitxategi sistema edo zein motatakoak izango diren ere zehaztu behar da. MS Windows sistema baterako erabiliko bada NTFS mota erabili ahal da edo FAT32, baina soilik MS Windows sistema erabiliko bada hobe NTFS. GNU /Linux sistema bat instalatzeko partizioan EXT4 oso gomendagarria da eta egun, erabilienetarikoa, beste batzuekin ere ibili ahal bada ere. Gainera, GNU/Linux sistemek SWAP motako partizio bat ere behar dute, RAM memoriaren tamainaren bikoitza gutxi gorabehera eduki ahal du partizio honek, sistema eragileak memoria trukerako behar du. Datuak banatuta eduki nahi izanez gero, soilik GNU/ Linux sistema batekin erabiliko badira EXT4 bezala zehaztu ahal da partizioa eta soilik MS Windows sistema batekin NTFS da onena. Baina GNU/Linux eta MS Windows sistema ezberdinetatik erabili nahi bada datu partizioa hobe FAT32 erabiltzea, zeren eta MS Windows sistemek ez dute EXT4 onartzen eta NTFS ez da guztiz egonkorra GNU/Linux sistemetan datuak idazteko orduan, irakurtzeko orduan arazorik ez egon arren eta idaztea ere posiblea izan arren.

Ordenagailuetarako babesa arazo elektrikoen aurrean

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Abenduak 30

upsOrdenagailu erabiltzaile gehienei, guztiei ez izateagatik, gertatu zaie lana galdu dutela bat-batean argindarra joan delako. Izan ere, ez da batere arraroa, argia joatea eta ordenagailuan egiten ari den guztia galtzea, badela ekaitza batengatik, badela arazo elektriko batengatik edo argindarraren hornitzailearekin kontratatutako potentzia gainditu izanagatik. Hori saihesteko, oso gomendagarria da egiten joaten den guztia maiz gordetzea, era honetan, horrelako zerbait gertatuz gero, ez lirateke datu guztiak galduko, dokumentu bat edo lan bat egiten ari izanez gero, esaterako. Zeren eta lan minutu batzuk edo lan ordu asko hauts daitezke horrelako egoerak suertatzen direnean.

Ordenagailu eramangarrien kasuan, bateria daukatenez, bateria hori jarrita eta kargarekin egonez gero, txikia bada ere, argindarra joaten denean, ordenagailu eramangarria bateriatik hartuko du elikadura. Honela, jarraitu daiteke lanean eta datuak ez lirateke galduko.

Hala ere, batzuetan, arazo elektriko hauek ekar ditzaketen ondorioak, ez dira soilik denbora-galerak. Izan ere, ordenagailuaren osagai elektrikoak ere hondatu ahal dira, elikadura-iturria, prozesagailua edo oinarri-plaka, esaterako. Eta batzuetan, disko gogorraren datuak ere galdu ahal dira, edo disko gogorra bera apur daiteke, eta era berean  datu guzti-guztiak galduko lirateke. Kasu hauetan, datuen ziurtasun kopia egiteko ohitura izanez gero, datuak bederen, berreskuratu ahal izango lirateke, baina bestela, betiko galduko lirateke.

UPSak

Horrelako arazoak ekiditeko UPS izeneko gailuak erabili ahal dira, Uninterruptible Power Supply hitzetatik dator izena eta euskaraz Etengabeko Elikadura Sistema izango litzateke edo Etengabeko Indar Hornidura izena ere har dezake. Gailu hauen bitartez, arazo elektrikoen aurrean babes daitezke ordenagailu bat edo gehiago eta beste gailu mota batzuk. Zeren eta gailuetara heltzen den argindarraren kalitatea hobetzen duen.

Potentzia jaitsiera eta igoeren kontrako babesa

Alde batetik, UPSek argindarrean eman daitezkeen tentsio igoerak eta jaitsierak iragazi egiten ditu. Hau oso onuragarria da gailu digitaletarako, zeren arestian aipatu den bezala, horrelako potentzia igoera batek, ekaitza bat dela eta edo sistema elektrikoan akats batengatik, osagai elektrikoak hondatu ahal dituelako. Horrenbestez, norbanakoentzat zein enpresentzat arazo informatiko larriak ekar ditzake. Hala, bada,  UPS baten bitartez gailu digitalak babestuta gelditzen dira ondorio horiek kontra. Berez, UPSaren kalitate neurtzen duen irizpidetariko bat hau da hain zuzen ere, potentzia jaitsierak eta igoerak iragazteko gaitasuna, alegia.

Ordezko elikadura

Bestetik, argindarra joaten denean ere beti ekartzen ditu arazoak, denbora-galerak gorde ez den lana galdu delako, esaterako, edo berriz ordenagailua abiarazterakoan arazoak ekar ditzaketen sistema eragilean akats teknikoak, eta askoz larriagoa dena, disko gogorrak eta bere datuak hondatzea, alegia. Horren aurka, UPSek ere irtenbidea daukate. Izan ere, ordezko bateria batez baliatzen dira argindarra joten denean eta konektatuta dituen gailuak elikatzen jarrai dezake argindarra etortzen den bitartean. Bateria honen energiak minutu batzuk eta ordu erdiko tartean iraun dezake UPS eredu arruntetan, eredu batzuek denbora gutxiago edo gehiago eskaini ahal dute. Honez gain, denbora hau, UPSra konektatuta dauden gailuen menpe dago, zenbat eta gailu gehiago konektatu orduan eta gutxiago iraungo du, jakina den bezala. Hau ez da denbora asko, baina behintzat, argia berriz itzaltzeko denbora ematen du, eta kasurik txarrenean, argindarra berehala ezin bada berreskuratu, lanak gorde eta aplikazioak zein sistema eragilea ondo ixteko denbora emango du. UPS-ek, alarma mota ezberdinak dituzte txistu-hotsen bitartez eta haien arteko denbora-tartea motela izan daiteke hasieran edo azkarrago bateria amaitzear baldin badago.

Erabilera eta prezioak

UPSak oso erraz erabiltzen dira, etxeko edo bulegoko entxufera edo lokiara konektatzen dira eta gero UPS-ek beste hainbat gailu konektatzeko aukera eskaintzen ditu. Gailu horiek aipatu diren arazoetatik babestuta egongo dira. Bulego edo saltoki txiki edo etxe baterako UPSak edozein informatika dendatan aurki daitezke eta 60 eta 100 euroko tartean oso eredu jatorrak eros daitezke, garestiagoak ere egon arren.

Frankencamera: Software libredun argazki-kamera digitala

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Irailak 17

AEBko Stanford Unibertsitateko zenbait zientzilari Camera 2.0 izeneko argazki-kamera garatzen ari da, kameraren berezitasuna, barnean duen software guztia, librea dela, eta beraz, erabiltzaile aurreratuek moldatu eta sortu litzakete funtzionalitateak behar edo nahien arabera. Sortzaileek Frankencamera izengoitia ezarri diote, zeren eta beste argazki-makina batzuen zati eta osagarriekin eginda baitago, eta nahiko itxura bitxia hartu du horren ondorioz.

frankencamera 2.0 atzekaldetikfrankencamera 2.0 aurretik

http://graphics.stanford.edu/projects/camera-2.0/

OfficeFolders theme by Themocracy