Posts tagged: domeinuak

ICANN erakundeak Interneteko domeinuak zabalduko ditu

By Ander Goñi Beltza, 2011(e)ko Ekainak 28

ICANN korporazioak, hainbat urte iraun duen eztabaidaren ondoren, Interneteko helbideak edozein hitzetan eta edozein hizkuntzatan amaitzeko aukera onartu du.

ICANN Izenak eta Zenbakiak Banatzeko Interneteko Korporazioa da. Erakunde horrek kudeatzen ditu Interneten aurkitzen ditugun domeinu izen eta IP helbideak. Goi mailako domeinuak dira Interneten erabiltzen ditugun izenetan ageri den azken atala, hain ezagunak diren .com, .net .info eta horrelakoak. 22 goi mailako domeinu generiko daude, eta beste 250 lurralde domeinu. Adibide gisa, .fr Frantziarentzat edo .es Espainiarentzat.

Onartutako aldaketarekin, edozein enpresa, hiri edo taldek lehen mailako domeinu generiko bat eskatzeko aukera izango du. Domeinu izen berrien salerosketa edo espekulazioa saihesteko, ICANNek hainbat baldintza jarriko ditu erregistroa garbia izan dadin. Gainera, 185.000 dolarreko ordainketa egin beharko da.

2012. urteko urtarrilaren 12an zabalduko da domeinu berrien eskaera egiteko epea, eta apirilean itxi.

Baimendutako domeinu berri horiek 2013. urtearen erdialdean lanean hasteko moduan izango direla uste da.

Domeinu bereziak: .tel

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Azaroak 30

teldomeinuakArtikulu nagusian esan bezala, domeinu batekin webgune edo posta elektronikoa eduki ahal izateko, ostatze zerbitzu batean ostatu behar da. Horren salbuespena .tel domeinuak dira, izan ere, oso domeinu bereziak dira. Domeinu hauek ez dute ostatze zerbitzurik behar, hobeto esanda, ezin dira ostatze zerbitzu batean ostatu. Baina ostatze zerbitzua ez izan arren datuak izan ahal dituzte eta enpresa, elkarte edo norbanako baten informazioa konfiguratu eta erakutsi ahal da domeinu horietatik. Google bezalako bilatzaileentzat ere ikusgarri dago informazio hori. Beraz, aukera jator bat izan daiteke webgune eta ostatze zerbitzuan dirua gastatzeko ez dagoenean. Domeinu arruntak baino garestixeagoak badira ere, ez da batere garestia.

Domeinu hauen helburua helbide-txartel birtuala izatea da. Bertan, harremanetarako norbanako, enpresa, erakunde edo elkartearen datuak jarri ahal dira, sare-sozialen helbideena barne eta datu hauek enpresa horren .tel domeinura sartzen den edonork ikusi ahal ditu. Gainera, nahi izanez gero, vcard formatuan deskargatu ahal dira datu horiek. Vcard formatua kontaktuetarako formatu estandarra da eta beraz, vcard hori inportatu daiteke MS Outlook, Thunderbird edo GMail aplikazioetako kontaktuetan, beste askoren artean. Gainera, enpresa edo elkartearen kideak eta beren datuak ere sar daitezke eta gero .tel domeinu nagusiaren azpidomeinu bezala ikusi ahal dira.

Hau da .tel domeinuen webgunea: http://www.telnic.org/

Adibide bat ikusteko: http://bitarlan.tel/ eta kide baten adibidea ikusteko: http://jabi.bitarlan.tel/

Domeinuak eta ostatze zerbitzuak

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Azaroak 30

domeinua eta hostingWebguneak eskegitzeko edo eraikitzeko doako guneak badaude ere, izen edo domeinu propio batekin webgune bat argitaratu nahi duenak domeinu bat eta ostatze zerbitzu bat izan behar du, orokorrean. Hain zuzen ere, behar horretan aurkitu dira hainbat enpresa, elkarte edo norbanako webgune bat ireki beharra edo nahia heldu zaienean.

Zer da domeinua eta ostatze zerbitzua

Domeinua da Internet dagoen ordenagailu baten helbidea, beraz, Interneten ostatze zerbitzu edo ordenagailu batera iritsi nahi denean, beste guztiez bereizteko, domeinua erabiltzen da. Adibidez, nabigatzailearen helbide-barran idatz daiteke webgune bat ikusteko, “www.domeinua.com” edo posta elektronikorako aplikazioan posta nori bidali nahi zaion adierazteko “kontua@domeinua.com”. Hala, bada, normalean, domeinua ostatze zerbitzu batean ostatzen da eta ostatuta dagoen ordenagailu horri erreferentzia egiten dio. Ordenagailu edo ostatze zerbitzu horietatik webguneak, posta elektronikoa eta beste zerbitzu batzuk eskaini ahal dira.

Ostatze zerbitzua (hosting bezala ere ezagututa), beraz, ordenagailu bat edo ordenagailu baten lekuaren zati bat eta azpiegituraren zati bat da Interneten zerbitzuak emateko gai dena.

Ostatze zerbitzu batean domeinu bat baino gehiago ostatu daiteke, horrek esan nahi du ostatzen den domeinu ezberdinetatik iritsi ahal izango direla ostatuaren zerbitzu berdinetara edo domeinu bakoitzetik zerbitzu ezberdinetara. Era berean, erosi ahal dira domeinuak inongo ostatze zerbitzutan egon gabe. Batzuetan, hori egiten da domeinu bat gordetzeko etorkizunean erabili ahal izateko, erregistratzen da domeinua eta horrela beste inork ezin du hartu. Baina ostatze zerbitzurik gabe, nahiz eta domeinua eduki ezin da inolako webgunerik ostatu edo posta elektronikorik eskaini, izena baino ez da.

Domeinua zein ostatze zerbitzua epe zehatz batean kontratatzen dira, urte batez edo bi urtez, normalean, beraz, epeka ordaintzen eta berritzen da, nolabait esateko ez da erosten behin eta, akabo, baizik eta alokatzen edo kontratatzen dela esan daiteke.

Ostatze zerbitzua ere enpresa batean edo etxe batean ere eratu ahal da. Izan ere, ordenagailu batekin, Interneterako sarbidearekin eta Routerrean zein ordenagailuan konfigurazio batzuekin, ostatu daiteke domeinu bat eta Interneteko zerbitzuak eman. Baina, ez da arruntena, normalean, kanpoan kontratatzen da. Etxean egin nahi duenarentzat ondo dago ikasteko eta bere probak egiteko eta enpresa batean bertan eduki nahi izanez gero, azkenean, enpresa handia ez bada askoz erosoago eta merkeago ateratzen da kanpoan kontratatzea. Izan ere, enpresako norbait arduratu behar da zerbitzariaren mantenuaz beti prest egoteko 24 ordu urteko egun guztietan, ziurtasun kopiak egiteaz eta Interneteko banda zabalera zein zerbitzari jator bat izan behar da Interneteko erabiltzaileen trafikoa jasan ahal izateko. Beraz, esan bezala, askoz erosoagoa eta merkeagoa ateratzen da kanpoan hartzea zerbitzu hori enpresa txiki edo ertain batentzat, elkarte edo norbanako batentzat.

Domeinua eta ostatze zerbitzua kontratatzeko kontutan hartu beharrekoak

Domeinua hartzerakoan izena eta zein luzapena aukeratuko den erabaki behar da. Izena aukeratzeko orduan oreka bilatu behar da, motza eta gogoratzeko erraza izan dadin eta bide batez, bilatzaileentzat hitz egokiak dituenak. Pentsatutako izenarekin, domeinuaren luzapena aukeratu behar da. Luzapen bakoitzak bere esanahia dauka. Esaterako: .com hasiera batean helburu komertzialetarako pentsatuta bazegoen ere, gaur egun oso orokorra da eta beraz, domeinu askorekin hartzen da helburu komertzialak eduki ez arren; .net sare eta Internetekin zerikusirik domeinuetarako da; .info komunikabideetarako; .edu hezkuntzarako; .coop kooperatibeetarako; .gov gobernu erakundeetarako; .biz (bussiness) negozioetarako, hala ere, Bizkaian asko hartzen da, herrialdearen izenaren lehenengo hiru letrekin bat datorrelako. Horretaz aparte lokalizaziorako luzapenak ere badaude, adibidez: Europako .eu, Erresuma Batuko .uk, AEBko .us. Nahasketak ere egin ahal dira, .com.uk, bat aipatzearren. Izen batekin nahi beste luzapen har daitezke, batzuk izan ezik mugatuta daude eta.

Ostatze zerbitzua kontratatzerakoan irizpide batzuk begiratu behar dira prezioaz gain, zenbat leku ematen den, zenbat posta kontu, hileko trafiko edo transferentzia tasa, esaterako. Gainera, oso garrantzitsua da ostatze zerbitzuaren enpresak egunero ziurtasun kopiak egitea eta egun batzuetan gordetzea, horrela, ustekabe bat gertatuz gero, datuak berreskuratu ahal dira. Posta zerrendak sortzeko aukera edo norberak ziurtasun kopiak egiteko aukera ere oso gomendagarriak dira. Bestetik, laguntza teknikoa ona izatea ezinbestekoa da. Gainera, blog bezalako web aplikazio bat instalatu edo garatu behar bada bertan, datu-basea eta programazio lengoai bat ere ekarri behar du. Kasu horretan, garatu edo instalatuko den aplikazioaren beharrak begiratu beharko lirateke. Wordpress bat instalatzeko, adibidez, MySQL datu-basea eta PHP programazio lengoaia ekarri beharko luke zerbitzariak.

Google Public DNS

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Abenduak 10

Webgune batera jotzeko gizakiek, helbideak izenekin edo domeinuak idazten eta ulertzen dituzte, baina berez, helbide hauek zenbakiak dira, telefono zenbakiak izango balira bezala. Web zerbitzari bakoitzari dagokion zenbakia bakarra da Interneten eta IP helbidea du izena. Errazagoa denez gogoratzea helbide bat izen baten bitartez zenbakien bitartez baino, domeinuak erabiltzen dira zerbitzarien helbideak zehazteko IPak erabili beharrean. Hau ez da soilik gertatzen webguneen kasuan, beste zerbitzari mota batzuetan ere gertatzen da, posta zerbitzarietan, ftp zerbitzarietan, edo intranetetan eta sare lokaletan. Hala, bada, DNS zerbitzariek ordezkatzen dituzte nabigatzailean idazten diren internet domeinuak, webguneen izenak, alegia, webguneari dagokion IP helbidearekin. DNS zerbitzari hauen IP helbideak ISP-k (Internet Zerbitzu Hornitzailea), internet konexioa eskaintzen duen enpresak, alegia, eskaintzen dizkie bezeroei. Baina Googlek beste urrats bat ematea erabaki du, Amaraunaren bere konkista prozesuan. Eta DNS zerbitzari publiko batzuk eskaintzea erabaki du edozein internet erabiltzailek erabil ditzan. DNS zerbitzarien IPak 8.8.8.8 eta 8.8.4.4 dira eta ordenagailuaren sarearen konfigurazioan zehaztu behar dira erabili ahal izateko, ISParen DNSeen ordez.

http://code.google.com/intl/es/speed/public-dns/

OfficeFolders theme by Themocracy