Aste hauetan zehar Facebook sare sozial ospetsua bere App Center pixkanaka-pixkanaka gaitzen joango da erabiltzaileen artean. Aurreko hilabetean garatzaileentzako aurkezpena egin zuten Facebookeko arduradunek. App Center aplikazio biltegi bat da, non sare sozialean zein sakelako telefonoan erabiltzeko aplikazioak aurki daitezkeen. Sakelako telefonoetarako aplikazioen kasuan, telefonoari dagokion aplikazio biltegira birbideratzen du eskaera, iOS-ren kasuan App Store-ra eta Androiden kasuan Play Store-ra.
Hala ere, aplikazio oro ez da aplikazio honetan onartzen. Izan ere, garatzaileentzako gidan adierazten den moduan, saioa hasteko sistema bezala Facebook erabiltzen dutenak baino ez dira onartuko.
Aplikazio bakoitzak informazio orrialde bat izango du eta bertatik aplikazioa erabiltzeko botoia eskuragarri dago. Aplikazio biltegian aplikazioak hainbat ataletan sailkatuta agertzen dira eta sakelako telefonoetarako zein webgunerako aplikazioak bereizten dira.
Hala, bada, Facebook-n App Center, Apple-n App Store, Android-en Play Store (lehengo Android Market), Chrome Web Store, Ubuntu Software Center, besteak beste, aplikazio biltegiak modan daudelako adibideak dira.