iPhonerako aplikazioak
Gaur egun, sakelako telefonoak deiak eta mezuak bidaltzeko gailuak baino zerbait gehiago dira. Sakelako ordenagailu eramangarriak direla ere esan daiteke. Gero eta hardware aurreratuagoa dute, gero eta sentsore gehiago, gero eta sistema eragile konplexuagoak eta gero eta aplikazio zoragarriagoak. Horren adibide garbi bat iPhone telefonoak dira beren iOS sistema eragilearekin.
Applek 500 mila aplikazio baino gehiago eskaintzen ditu iPhone telefonoetarako bere App Storetik, haiek esaten duten bezala lan egiteko, jolasteko eta edozein gauza egiteko. Batzuk ordainpeko aplikazioak dira, beste batzuk, ordea, dohainik deskargatu eta instalatu daitezke norberaren telefonoan.
Doako aplikazioak
Doako aplikazioen artean, Facebook eta Twitterrerako aplikazioak deskargatuenetan daude. Biak dira Facebook eta Twitter aplikazio ofizialak iOS sistemetarako, bigarrenak hasieran Tweetie izena bazuen ere, Twitterrek erosi zuen iPhonetarako beren aplikazio ofizial bihurtzeko. Izan ere, sakelako telefonoetan Internet duten erabiltzaileen artean, sare sozialak mugikorretik kudeatzeko joera handia dago.
Dropbox aplikazioa ere oso erabilia da iPhone zaleen artean. Aplikazio honen bitartez, erabiltzaileak Dropox Interneteko fitxategi biltegian dituen fitxategiak eta karpetak ikus eta kudea ditzake. Halaber, telefonoaren argazki-kamerarekin ateratako argazkiak igo ahal dira Dropboxera. Era horretan, fitxategiak “hodeian” erabiltzen dituztenek, ordenagailuetatik ez ezik, sakelako telefonotik ere erabiltzeko aukera daukate.
Berehalako mezularitzak ere badu arrakasta sakelako telefonoetan, eta beraz, iPhoneetan ere bai. Fring dago berehalako mezularitzarako gehien erabiltzen diren aplikazioen artean. Ziur asko, honen arrazoia zerbitzu asko eskaintzen dituela da, besteak beste: Google Talk, MSN Live, ICQ, Facebook Chat, Aim, Yahoo eta VoIP barne. Horrenbestez, erabiltzaile batek zerbitzu horietariko batzuetan kontua edukiz gero, telefonotik guztiak batera erabili ahal ditu aplikazio bakar honekin.
Oso erabilgarria den beste aplikazio bat GasAll izenekoa da, inguruko gasolindegiak eta haien prezioak azaltzen ditu mapa batean.
Evernote izeneko aplikazioak sakelako telefonoan oharrak egitea ahalbidetzen du, gainera, ohar hauek “hodeian” gordetzen dira eta beraz, ordenagailutik ere kontsultatu daitezke. Baina testu oharrak ez ezik, audio oharrak eta irudiak ere erantsi ahal dira Evernoteren bitartez. Aplikazio honen doako bertsioak 60MBko muga du hileko, baina, orokorrean horrekin nahiko eta soberan dauka edozein erabiltzailek.
Shazam ere oso aplikazio ezagun bihurtu da. Izan ere, ez daude aplikazio asko honek eskaintzen duen funtzionalitatearekin. Erabiltzaileak jakin nahi badu zein titulua daukan bere ingurunean entzuten ari den abesti bat, Shazam, abestia entzute hutsarekin bakarrik, abestiaren titulua, egilea, diskoa, karatula eta bestelako informazioa bilatzeko eta erakusteko gai da.
Ordainpeko aplikazioak
Ordainpekoa bada ere, iPhone telefonoetan eta bestelako plataformetan ere aplikaziorik ezagunenetarikoa da Whatsapp. Aplikazio honek testu mezuak debalde bidaltzea ahalbidetzen du, beti hartzailearen telefonoan ere Whatsapp aplikazioa instalatuta egonez gero. Gainera, ohiko SMSetan ez bezala, Whatsappen kasuan ez dago karaktere mugarik testu mezuak bidaltzeko.
Erabiltzaile batzuk ez daude guztiz ase iPhonek eguraldiaren aurreikuspena kontsultatzeko ekartzen duen aplikazioarekin, beraz, jaitsiera asko lortzen ari da horretarako dagoen aplikazio aurreratuago bat, Weather Pro izenekoa.
RSS jarioak irakurtzeko, Reeder aplikazioa da deskargatuenetarikoa. Aplikazio hau bateragarria da Google Readerrekin, eta beraz, erabiltzaileak irakurri ahal ditu Google Readerren dituen RSSak eta Google Readerren antolatuta dituen bezala. Gainera, diseinu aldetik ere nahiko minimalista eta erakargarria da.
Applek “i” letraren bitartez izendatzen ditu beren gailu eta aplikazio gehienak, horrela, iPhoto, iTunes edo iPhone, iPad, iPod, iMac aski ezagunak dira dagoeneko guztiontzat eta “i” izenaren aurretik ikusita, laster batean Apple etortzen da burura orokorrean. Horregatik, iGailuak agertzen da tituluan, Appleren gailuak eta bakoitza zer den aipatuko direlako artikulu honetan. Azkenean, hainbeste “iGailuekin” nahaste-borrastea sor daiteke. Gailu hauetan zerbait azpimarratu behar bada diseinu zaindua izan daiteke, ordenagailuetan zein gailu eramangarrietan izugarri zainduta dago itxura eta estetika. Oso fidagarriak dira funtzionamendu aldetik eta prezioaren aldetik merkeak ez badira ere, erabiltzaileen fideltasun handia lortzen dute.


iPad Appleren tabbleta da, tabblet bat Smarthphone edo sakelako telefono inteligente eta ordenagailu eramangarri baten arteko gailu bat izango litzateke. iPad ukimen-pantaila du, ez du teklaturik, beste tabbletetan ohikoa denez, beraz “qwerty” teklatua eskaintzen du ukimen-pantailan bertan. Produktu hau 2010eko urtarrilean atera zen merkatura eta 2011ko martxoaren 2an atera da iPad 2, beraz, bero-bero dago oraindik.
Lion du izena Apple enpresaren Mac OS X sistemaren bertsio berriak. Mac OS X 10.7 Lion bertsioa da, hain zuzen ere. Urriaren amaieran egin zuen Applek sistema eragilearen bertsio berri honen aurkezpena eta iragarri zutenez, 2011ko udan egongo da eskuragarri.
Bodega Ubuntu bezalako GNU/ Linux sistemek daukaten software biltegiaren antzeko aplikazio bat da, hor agertzen dira hainbat aplikazio atalka sailkatuta, honela software horretatik, era erraz batean, eskuratu ahal dira aplikazio berriak, musu-truk doakoak badira edo bestela dagokien prezioa ordainduta. Horretaz gain, instalatutako aplikazioen eguneraketak ere kudeatu ahal dira, Bodegaren datu basean baldin badaude. Hau guztia, nolabait, Applen iTunes Store-ren ukituarekin.
Antza denez, jada ez da egongo eguneraketa berririk Appleren Mac Os X Tiger (Mac Os X 10.4) sistema eragilerako. Izan ere, nazioarteko konpainiak, ohikoa den bezala, soilik azken bi bertsioen eguneraketak ateratzen jarraituko du, Snow Leopard (Mac OS X 10.6) eta Leopard (Mac OS X 10.5), alegia.

