IEEE-k 802.11n Wi-Fi araua onetsi du

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Irailak 24

wifiInstitute of Electrical and Electronics Engineers erakundeak, 802.11n kablerik gabeko sare lokaletarako arau berria onetsi du, arau berri honek sei aldiz abiadura handiagoa eskaintzen du, 802.11g aurreko arauarekin alderatuta eta larogeita hamar metrotan datuak transmititzeko gauza da, 802.11g arauak baimentzen zuenaren bikoitza, hain zuzen ere.

Hala ere, araua onetsi aurretik, duela urte batzuk, aurkitu ahal dira produktu asko arauaren zirriborroaren zehaztepanak betetzen zituztenak. Arauaren onespenak orain bermatzen du teknologiaren bateragarritasuna gailu ezberdinekin.

http://en.wikipedia.org/wiki/IEEE_802.11n-2009

Operak mugikorretarako bere nabigatzailearen probako bertsio berria atera du

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Irailak 24

operaminiOpera Software norvegiar korporazioak Opera Mini 5 beta nabigatzailea atera du, probako bertsioa da, eta honekin, diseinu berria, ezaugarri berriak eta erabilerraztasuna agintzen du Opera Softwarek, Opera nabigatzaileak gailu mugikorren arloan kuota garrantzitsua dauka, trafikoaren ehuneko hogeita bost, gutxi gorabehera. Operak bere nabigatzailea saltzen dio fabirkatzaile askori, gainera, dohanik deskarga daiteke bere web gunean. Alabaina, lehia gogortzen doa, zeren eta Google merkatuan sartu den eta Mozilla Fundation sartzeko asmoa duen.

http://www.opera.com/mini/

Nola sortu blog bat Internet-en

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Irailak 24

wordpress kudeaketaOhikoa da Internetera jotzea edozein informazio motaren bila, bilatzailetan hitz gakoak idatzi eta berehala agertzen dira bilaketaren emaitzak. Baina, honetaz gain, amaraunak parte hartzeko aukera ere ematen du eta edonor izan daiteke halaber edukien sortzailea. Norberaren ezagutza, ideiak edo sentimenduak utz daitezke mundu osoko Internet erabiltzaileentzat irakurgarri.
Parte hartzeko erarik hedatuenetarikoa, norberaren bloga edukitzea da, eta bloga Interneten sortzeko hainbat era eta baliabide daude.

Blogak sortzeko web gune euskaldunak

Euskaraz blogak sortzeko zenbait web gune daude, http://www.blogari.net da haietariko bat, behin web gunera sartuta, Sortu estekari sakatu eta formularioan nahi den erabiltzailea, pasahitza eta eposta besterik ez da beharrezkoa bloga martxan edukitzeko. Blogaren helbidea http://www.blogari.net/erabiltzailea/ izango da, eta saioa hasita, blogari.net-en bloga kudeatu ahal da, artikuluak eta iradokizunak sortu, aldatu eta ezabatu ahal dira, estekak eta atalak kudeatu, itxura konfiguratu, eta abar.
Blogak sortzeko beste baliabide bat, http://www.blogak.com da, web gune honetan ere erabiltzailea, pasahitza, eposta, blogaren izenburua eta helbidea sartuta, diseinu txantiloia aukeratzea falta da eta laster batean bloga sortzen da . Halaber, oso era erraz batean sor daitezke artikuluak eta blogaren aukerak zein erantzunak kudeatu.
Antzeko eran, aukera hau ere eskaintzen dute beste web gune batzuek, http://www.baleike.com/blogak edo http://www.nabarreria.com, besteak beste.

Blogak sortzeko nazioarteko gune eleanitzak

Interneteko erraldoia den Google-k ere badauka blogak sortzeko plataforma, nola ez, https://www.blogger.com helbidean, hor eskaintzen da bloga sortzeko aukera hainbat hizkuntzatan, baina ez oraingoz euskaraz, bai ordea ingelesez, frantsesez eta gazteleraz, adibidez. Zerbitzu hau erabiltzeko, kontu bat sortuta eduki behar da Google-n, Gmail-en kontua, alegia, bestela web gunean bertan sor daiteke kontu berri bat. Kontu batetik hainbat blog  eratu daitezke eta blog bakoitzeko, helbidea eta titulua baino ez da zehaztu behar, behin diseinu txantiloia hautatuta, blog berria kudeatzen eta elikatzen hasi ahal da.
Oso ezaguna den beste zerbitzu bat Wordpress-ena da, http://wordpress.com/ helbidera joan daiteke erabiltzeko,eta hemen bai hizkuntzen artean euskara aurki daitekeela bloga sortzeko beste askorekin batera, hori bai, hizkuntza hautatzeko agertzen diren aukeretan, hasiera batean More languages aukeratu beharko da eta ondoren agertzen den orrialdean, euskarari dagokion eu jartzen duen estekari sakatu beharko zaio. Dena dela, hau probatuta, bloga sortzeko prozesua zein kudeaketa panela eta bloga bera ingelesez agertzen bide da momentuz. Prozesua burutzeko, eposta helbidea, erabiltzailearen izena, pasahitza eta baldintza legalak onartzea eskatzen da, gainera, datu hauek hasierako formularioa beteta, zehaztutako eposta helbidera iristen den onarpenari sakatu behar zaio. Hortik aurrera, Wordpress bat dago prest nahi den bezala konfiguratzeko eta erabiltzeko.

Bloga sortu web zerbitzari propio batean.

Wordpress, bere web gunean bloga sortzeko duen zerbitzuagatik baino, askoz ezagunagoa da blogak garatzeko software libredun aplikazio bezala.  Honek, bloga sortzea web zerbitzari propio batean ahalbidetzen du. Aukera honek kontrol gehiago eskaintzen du blogaren gainean, hori bai, zailtasun handixeago du, arestian aipaturiko aukerek baino. Alde batetik, web zerbitzari bat ezinbestekoa da, izan daiteke ordaindutako edo doako web ostatze zerbitzu bat, askotan ere, domeinu propio bat beharrezkoa da, beste batzuetan, doako azpidomeinu batekin nahikoa izaten da. Zerbitzarien ezaugarrien aldetik, Wordpress  instalatu ahal izateko, PHP eta MySQL datu base kudeatzailea izan behar du. Hori lortuta, Wordpress jaitsi behar da, euskaraz jaisteko, helbide honetara jo behar da: http://eu.wordpress.org/. Jaitsitako artxiboa deskonprimitu eta aplikazioaren fitxategi guztiak web zerbitzarira igo behar dira. Ostean, ostatze zerbitzuaren panelaren bitartez, datu basea sortu behar da, gordetzeko hor blogaren datu eta sarrera guztiak. Azkenik, web nabigatzailea kargatu eta gunearen helbidea idatzita, instalazioa hasiko da, instalazio prozesuaren lehenengo urratsean, sortutako datu basearen datuak eskatzen dira, izena, erabiltzailea, pasahitza, gero jada sortzen da blogaren konfigurazio fitxategia dena ondo joan bada eta blogerako nahi diren ezaugarriak zehazten hasi ahal dira, bestela, eskuz editatu beharko da konfigurazio fitxategia, wp-config.php, eta hor eskatutako datuak sartu.

Frankencamera: Software libredun argazki-kamera digitala

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Irailak 17

AEBko Stanford Unibertsitateko zenbait zientzilari Camera 2.0 izeneko argazki-kamera garatzen ari da, kameraren berezitasuna, barnean duen software guztia, librea dela, eta beraz, erabiltzaile aurreratuek moldatu eta sortu litzakete funtzionalitateak behar edo nahien arabera. Sortzaileek Frankencamera izengoitia ezarri diote, zeren eta beste argazki-makina batzuen zati eta osagarriekin eginda baitago, eta nahiko itxura bitxia hartu du horren ondorioz.

frankencamera 2.0 atzekaldetikfrankencamera 2.0 aurretik

http://graphics.stanford.edu/projects/camera-2.0/

Google-k Monopoly City Streets jokoa abiarazi zuen aurreko astean

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Irailak 17

Google-k, Monopoly City Streets on-line jokoa martxan jarri zuen irailaren 10ean, hiru miloi dollarrekin hasten da jokalari bakoitza eta diru horrekin kale ezberdinak erosi ahal ditu eta eraikitzen hasi. Hain grinatsu egon dira mundu zabaleko erabiltzaileak ezen, lehenengo egunean erori den web gunea, eta probatzeko gogoarekin gelditu dira erabiltzaile anitz. Alabaina, munduko edozein kale erosteko aukerak eta on-line mundu zabaleko milaka beste jokalariekin jolastu ahal izateak gogoarazten du zein hedadura eta tamaina izan dezake proiektuak.

http://www.monopolycitystreets.com

Firefox-erako gehigarriak, nabigatzaile bat baino zerbait gehiago

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Irailak 17

firefox-en logoaFirefox nabigatzaileak, berez, bere erabilerraztasunagatik zein bere ziurtasunagatik edo atzean dagoen filosofiagatik, software librea, alegia, nabigatzaile erabilienetarikoa da, eta bere lekua irabazten ari da apurka-apurka nabigatzaileen guda honetan. Honetaz gain, bere oinarrizko funtzionaletatik aparte instalagai dituen gehigarriek oso erakargarri bihurtzen dute nabigatzaile hau, ongi dakitenez dagoeneko, web masterrek, diseinatzaileek eta garatzaileek.

Web gune ofizialean milaka gehigarri daude, beraz, errazago aurkitu ahal izateko zehazki behar dena edo nahi dena, atalez sailkatuta daude eta bilatzaile batez ere baliatu ahal da web gunera jotzen duen erabiltzailea.

Behin nahi den gehigarria aurkituta, Firefox nabigatzalearekin web gunea zabalduta dagoela, sakatu ahal diogu “Gehitu Firefox(e)ra” botoiari, eta automatikoki instalatuko da nabigatzailean. Ostean, Firefox berrabiarazi beharko da gehigarriaren funtzionalitatea kargatzeko. Gehigarri guztiak ez, baina, gehienak, plataforma anitzekoak dira eta bai GNU/Linux, MacOsX edo MS Windowspean instala daitezke.

Euskaraz lan egiteko gehigarriak

Euskaraz lan egiteko bi gehigarri ditugu, oso ezagunak eta erabiliak euskaldun askoren artean. Euskalbar gehigarriak, hainbat euskarazko hiztegitan batera bilaketak egitea ahalbideratzen du, klik bakar bat eginda. Horrela, hitzak itzultzen ditu euskaratik gaztelaniara, frantsesera, ingelesera eta japonierara eta gaztelaniatik, frantsesetik, ingelesetik eta latinetik euskarara. Bestetik, Xuxen zuzentzaile ortografikoak, euskaraz zuzenki idazteko laguntzen du nabigatzailearen bidez idazten diren testuetan. Xuxen zuzentzaileak hitzen bat ez badu aurkitzen, lerro gorri eten baten bitartez azpimarratuko du, eta saguaren eskumako botoiarekin berbaren gainean klikatuta, Xuxen-ek, hiztegira gehitzeko aukera edo hitz hori ordezkatzeko hautatu dituen eleak letra lodiz erakutsiko ditu.

Laster-markak eskuragai nonahi

Xmarks-ek (lehen Foxmarks izena zuen), laster-markak sinkronizatzeko aukera ematen du, honela, beti ordenagailu bera erabiltzen ez bada, instalatu daiteke gehigarri hau erabiltzen diren ordenagailu ezberdinetako Firefox-en, era honetan, laster-markak urrutiko zerbitzari batean ere gordetzen dira. Ordenagailu ezberdinetatik Firefox egikaritzen denean, Xmarks-ek arakatzen du urrutiko zerbitzari hori, eta aldaketak sinkronizatzen ditu, hala, bada, erabili eta kudeatu ahal dira laster-markak edozein ordenagailutatik, Firefox eta Xmarks gehigarria instalatuta egonda. Oso erabilgarria eta interesgarria da gehigarri hau, jende askok erabiltzen duelako ordenagailu bat baino gehiago sarritan, ordenagailu eramangarria, etxekoa, eta bulegokoa, esaterako.

Web master, diseinatzaile eta garatzaileentzako baliabideak

Haien artean ezagunena Web Developer da, hainbat aukera dauzka web bat aztertzeko eta bere funtzionamendua egoera ezberdinetan egokia dela ziurtatzeko. Besteak beste, pantaila bereizmen bestelakoetan ikusteko aukera, formularioen bidez bidaltzen den informazioaren azterketa egiteko bitartekoak, irudiak, ordezko testuak eta estandarrak zuzenki erabiltzen diren ziurtatzeko baliabideak edo elementu eta estilo ezberdinak bereizteko eta hainbat argibide lortzeko.

Bestalde, web gune baten arrakasta interneten eta bilatzaileetan, bilaketetan gehiago edo gutxiago kontutan hartzen den ezagutzeko, Searchstatus gehigarriak, une horretan nabigatzaileak irekita duen web gunearen page rank Google-n eta Alexa-ren posizioa erakusten du.

Urrutiko disko gogorra Gmail-en

GMail Space-k ahalbideratzen du Gmail kontuan daukagun lekua, urrutiko disko gogor bat bezala erabiltzea eta era erraz batean gure diskoan ditugun fitxategiak igo eta jaitsi Firefox nabigatzailea erabilita. Igotako fitxategia, gainera epostaz bidali ahal da.

Jaitsierak errazteko eta indartzeko

Download Statusbar-rek, Firefox-ek jaitsieretarako daukan leiho mugikorra desagertarazten du eta jaitsieren informazioa era erosoago batean erakusten du estatu barraren gainean. Orobat, DownloadHelper-ri esker, Euskaltube, Youtube, Google Video eta antzeko web guneetan dauden bideoak jaitsi eta nahi den formatu bihur daitezke. Bihurketa hauetarako, gehigarri honek kanpoko aplikazio baten beharra du, MS Windows sistemetan Converter Helper izeneko softwarea behar izango luke eta GNU/Linux eta beste sistema eragile batzuetan, ordea, Ffmpeg paketea instalatu beharko litzateke. Bi software hauek jaitsi eta instalatu daitezke dohainik, eta Ffmpeg paketearen kasuan, GNU/Linux erabiltzen den banaketaren pakete kudeatzailearen bitartez zuzenean instalatzea dago.

Zibergela-ren denboraldi berria hasten da

By Jabi Asurmendi Sainz, 2009(e)ko Irailak 15

Zibergela-ren denboraldi berriarekin batera, blogaren helbidea ere aldatzen da. Ibon Aizpuruaren lekukoa hartuko dut, helbide berri honetan, asteazkenetan Berria egunkarian argitaratzen den edukia Zibergela atalean, blog honetan argitaratuko dut ostegunetan.

OfficeFolders theme by Themocracy