Irudiak optimizatu era erraz batean RIOT aplikazioaren bitartez

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Maiatzak 28

riotRIOT (Radical Image Optimization Tool) irudiak optimizatzeko aplikazio txiki bat da. Aplikazio honen bitartez pisua jaitsi ahal da irudietan kalitate gehiegi galdu gabe. Irudi bat irekitzerakoan, aplikazioak erakusten du alde batean jatorrizko irudia eta bestean aldaketak egin ostean nola geratzen joaten den.

Horretaz gain beste aldaketa batzuk egitea ere ahalbidetzen du, irudia biratzea, iraultzea edo filtro ezberdinak aplikatzea.

Formatu asko onartzen ditu, batzuk formatu itxiak, Adobe Photoshopen psd formatua bezala, baina gorde, soilik JPG, GIF edo PNG formatuetan gorde daiteke.

Beste ezaugarri interesgarri bat da hainbat irudietan batera eragiketak egitea ahalbidetzen duela da.

Aplikazio hau doakoa da eta MS Windows sistemetarako eskuragarri dago, bertsio eramangarria ere badago USB memorietan eramateko.

Hau da aplikazioa deskargatzeko webgunea: http://luci.criosweb.ro/riot/download/

Twiterrekoek, jarraitzailea izanarazten zuen akatsa konpondu dute

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Maiatzak 28

Aurreko astean aurkitu zen akats bat Twitter microbloggin webgunean. Izan ere, era erraz batean, edozein erabiltzailek bere jarraitzailea izanarazi ahal zuen beste edozein erabiltzaile. Horrela “accept izena” sarrera idatzita, Twitterren izena hori zuen erabiltzailea mezua idazten zuen erabiltzailearen jarraitzaile bihurtzen zen automatikoki.

Turkiako erabiltzaile batek aurkitu zuen akatsa. Akatsa aurkitu eta denbora gutxitan Twiterrek jarraitzaileen kontadoreak blokeatzea erabaki zuen eta zerora ikusten ziren guztiak. Erabiltzaileak akatsaz baliatuta sortzen ari ziren zoramena zela eta.

Twitterrekoek zuzendu dute akatsa eta akatsaren ondorioak ere desegin dituzte.

Bideoak ikusteko aplikazioak Windows sistemetan

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Maiatzak 28

vlc-media-player2Gero eta ohikoagoa da bideoak ordenagailuan ikustea. Izan ere, dagoeneko, tamaina jatorreko monitoreak daude merkatuan eta bereizmena zein kolore erreala ez da zerbait berria ordenagailuetan aspalditik. Microsoft Windows sistemetan hainbat aplikazio eskuragarri daude bideoak ikusi ahal izateko, bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Asko daudenez, hemen batzuk besterik ez dira aipatuko.

Windows Media Player

MS Windowserako bideo ikusteko aplikazioez hitz eginez gero, Windows Media Player etortzen da burura. Izan ere, sistemarekin lehenetsita datorren multimedia irakurlea da audiorako eta musikarako.

Windows Media Player formatu ezberdinak irakurtzeko gauza da. Audioren kasuan, CD audioa, WMA edo MP3 irakurtzen ditu. Bideoaren kasuan,  DVD bideoa, WMV, MPG eta AVI formatuak erreproduzitzeko gauza da, esaterako. Hala ere, formatu hauek zein beste batzuk ikusi ahal izateko codec ezberdinak jaitsi behar dira.

Windows Media Playerrek ere multimedia liburutegia sailkatzea eta erreproduzitzeko zerrendak sortzea ahalbidetzen du.

Oraingo bertsioa Windows Media Player 11 da eta hau da aplikazioaren webgunea: http://www.microsoft.com/windows/windowsmedia/default.mspx.

VLC Media Player

VLC Media Player oso aplikazio ezaguna da bideoak erreproduzitzeko. Izan ere, software librea da, doakoa da eta gainera plataforma anitzekoa. MS Windows, Mac Os X eta GNU/Linux sistemetan instalatu eta exekutatu ahal da. Gainera, bertsio eramangarria ere badago USB memoria batean eraman ahal izateko. Hau da bertsio eramangarriagoaren webgunea: http://portableapps.com/apps/music_video/vlc_portable

Software librea izateaz gain, aplikazio honek daukan beste abantaila handi bat da formatu asko irakurtzeko gauza dela eta gainera, formatu guzti horien Codecak aplikazioak berak ekartzen dituela. Beraz, formatu horiek guztiak ikusteko aplikazio honekin ez da aparteko codec instalatu behar. Ezaugarri hau asko eskertuko dute codecekin borrokatu behar izan dutenek. Gainera, hau ere suertatzen da bertsio eramangarrian, beraz, eraman ahal da bideoak erreproduzitzeko aplikazioa eta hainbat bideo formatu ikusi edozein ordenagailutatik ezer instalatu behar gabe eta codec ditxosoz kezkatu gabe.

Esan bezala, audio zein bideo formatu asko irakurtzeko gauza da aplikazio hau, besteak beste: DVD, VCD, CD audioa, H.264, Ogg, DivX, MKV, TS, MPEG-2, MP3, MPEG-4, aac, WMA, WMV. Zerrenda osoa ikusteko web orrialde honetara joan daiteke bideoaren kasuan: http://www.videolan.org/vlc/features.php?cat=video eta honetara audioaren kasuan: http://www.videolan.org/vlc/features.php?cat=audio. Honetaz gain, azpititulu eta etiketa formatu ezberdinak ere onartzen ditu, hemen ikus daiteke zerrenda: http://www.videolan.org/vlc/features.php?cat=sub.

Hau da aplikazioa deskargatzeko webgunea: http://www.videolan.org/vlc/, webgune horretan ere aplikazioaren inguruko bestelako informazioa aurki daiteke.

GOM Media Player

GOM Media Player bideoak ikusteko beste aplikazio doako bat da eta VLCren kasuan bezala bideo zein audio formatu asko irakurtzeko gai da eta beharrezkoak diren codecak ekartzen ditu. Baina kasu honetan ez da software librea eta soilik MS Windows sistemetarako dago eskuragarri. Aplikazio honek daukan berezitasuna oso txikia dela da, 6.55 MB besterik ez ditu. Gainera, ikusteko hiru era ezberdin eskaintzen ditu: arrunta, kalitate handikoa eta tb modua. Azken hau ordenagailua telebistara konektatzen dutenentzat pentsatuta dago. Azpititulu formatu ezberdinak ere onartzen ditu.

Aplikazio honek duen beste berezitasun bat da avi bideo apurtuak edo osorik ez daudenak irakurtzeko gauza dela.

Hau da aplikazioa jaisteko webgunea: http://www.gomlab.com/eng/GMP_download.html

Real Player

Real Player antzinako bideo-irakurlea da, lehenengo bertsioa 1995eko apirilean argitaratu zen eta Interneten bidezko bideo streaming-i irtenbide bezala jaio zen. Baina oraindik erabiltzen jarraitzen da. Gaur egun, gainera, hainbat bideo eta audio formatu ezberdinak erreproduzitzeko gauza da.

Debalde deskargatu daiteke eta Mac Os X, GNU/Linux zein MS Windows sistemetarako bertsioak daude. Gainera, azken bertsioak bideo ediziorako aukera sinple batzuk ere ekartzen ditu.

Hau da aplikazioaren webgunea: http://real.com/realplayer

Lili USB Creator Linux euskarri autoabiarazgarria sortzeko aplikazioa

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Maiatzak 26

usblinuxLinux Live USB Creator, Lili USB Creator bezala ere ezagututa, MS Windowserako aplikazio bat da. Aplikazio honek USB memoria autoabiarazgarria GNU / Linux sistema barnean duena sortzea ahalbidetzen du. Horrela posiblea da eramatea USB memoria hori eta GNU/Linux sistema bat abiaraztea edozein ordenagailutatik. Beti ere, ordenagailuan hori egitea baimenduta baldin badago. Gainera, sistema eragile eramangarri honetan, Live CDetan ez bezala, konfigurazioa, laster-markak, kontaktuak edo erabiltzaileak nahi dituen aplikazioak zein dokumentuak gorde ahal ditu eta guzti hori edozein ordenagailutatik exekutatu.

Zenbait GNU/Linux banaketarekin ibiltzen da eta hemen dago aplikazioaren webgunea:
http://www.linuxliveusb.com/index.php

MXOne, kanpoko euskarrietarako antibirusa

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Maiatzak 25

MAX-ONEJakina den bezala, Internet hedapenak malware eta birusentzat zabaltzeko bide garrantzitsu bat suposatu du. Halaber, USB memorien hedapenaren ondorioz, malware eta birus asko heltzen dira ordenagailuetara. Izan ere, USB memoria hauek ordenagailu batetik bestera mugitzen dira askotan, erabiltzailearenak ez diren ordenagailuetatik, sarritan. Beraz, ez da batere zaila malwarez kutsatzea. Honi irtenbidea emateko MXOne erabil daiteke. MXOne kanpoko euskarrietarako antibirusa da.

Bi moduluk osatua da, MX One USB modulua, USB memorian instalatzen dena eta MX One Zaintzaile modulua, ordenagailuan instalatzen dena.

MXOne automatikoki eguneratzen da, dena dela, edozein momentutan erabiltzaileak berak eguneratzea eskatu ahal du.

MXOne software librea ez bada ere, doakoa da. Ohiko antibirusekin bateragarria izaten da, beraz, ez da desinstalatu behar ohiko antibirusa MXOne erabiltzeko

Hemen deskargatu daiteke aplikazioa eta informazio gehiago irakurri:
http://www.mxone.net/

Internet konexioa herri txikietan eta landa guneetan

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Maiatzak 25

internet1Internet ezinbesteko tresna bilakatu da gure gizartean, edozein informazio bilatzeko baliabide paregabea da. Informazio hori, lan egiteko, ikasteko edo aisialdirako erabiltzen da. Baina ez hori soilik, Internet ere besteekin komunikatzeko bitarteko ahaltsua da, posta elektronikoa, sare sozialak, berehalako mezularitza edo blogak zein foroak, adibidez erabili ohi dira horretarako. Beraz, esan daiteke, Internet egunero erabiltzen den tresna dela, ikasteko, lan egiteko, jakin-mina asetzeko,  edozein informazio bilatzeko, erosketak egiteko, besteekin harremanetan egoteko edo gizartean, politikan zein administrazio publikoan parte hartzeko.

Alabaina, Euskal Herriko herri txikietara eta landa guneetara, normalean, ez dira heltzen hirietara eta herri handietara iristen diren azpiegiturak Internet gozatu eta erabili ahal izateko. Gune hauetan, beraz, Internet eskaintza mugatuago dago eta aukera gutxiago egoten dira Internet sarbideaz baliatu ahal izateko.

Horrenbestez, Internetek egun duen garrantzia aintzat hartuta Euskal Herriko administrazio publiko ezberdinek zein Internet zerbitzu hornitzaileek hau aldatzeko ahalegintzea erabakitzen duten arte, herri txikietako internautak oraingoz existitzen diren irtenbide eskasekin moldatu beharko dira.

ADSLa eta Zuntz optikoa

Arestian aipatu den bezala herri txikietara ez dira heltzen hirietara iristen diren teknologiak Internet konexiorako eta askotan beraz, ez da heltzen ez ADSLa ez zuntz optikoa. Hala ere, hauetariko baten bat iritsiz gero, ez da heltzen behar besteko estaldurarekin eta normalean eskaintzen dira oso abiadura eskasak baina hirietako abiadura handien prezio berdinetan. Beraz, ADSLa zuntz optikoa baino izan daiteke Internetera konektatzeko irtenbide bat herri txikietan, baina, esandakoa, askoz abiadura txikiagoa eskaintzen da prezio berdinetan.

Internet Mugikorra

Internet finkoaren gabezien aurrean Internet mugikorra izan daiteke aintzakotzat hartzeko aterabide bat. Izan ere, telefonia mugikor hornitzaile askok, guztiek ez esateagatik, eskaintzen dute USB modemaren bitartezko konexio mugikorra. Konexio hauen abiadura, estalduraren menpe dago. Dena dela, telefono mugikorretarako estaldura egonez gero, gutxieneko abiadura izan daiteke ADSLrekin eta WiMax bezalako beste teknologiekin eskaintzen dena baino askoz handiagoa. Nire esperientziatik, ADSL edo Wimaxen bitartez eskaintzen zidaten abiaduraren bikoitza baino gehiago lortu dut Internet mugikorrarekin. Prezioaren aldetik, Internet finkoaren antzekoa izaten da eta orokorrean WiMax baino askoz merkeagoa ateratzen da.

Teknologia honen alde txar bakarra izan liteke USB modema ez dela ibiltzen sistema eragile guztiekin eta ordenagailu bakarra konekta daitekeela. Baina, telefonia mugikor hornitzaile askok, gainera, switch-router bat eskaintzen dute. Router honetan USB modema konektatzen da eta gero hainbat ordenagailu konektatu ahal dira Wi-Fi edo Ethernet konexioen bidez. Alegia, Wi-Fi zein sare ataka ezberdinak eskaintzen dituzte hainbat ordenagailu konektatu ahal izateko. Wi-Fi zein Ethernet sare konexioak arazorik gabe erabili ahal dira sistema eragile guztiekin, gailu eramangarriekin edo sakelako telefonoekin. Beraz, router hauekin, aipatutako bi arazoak konponduta geldituko lirateke.

WiMAX dorreaWIMAX
WiMAX ( Worldwide Interoperability for Microwave Access ) datu-transmisiorako hari gabeko protokolo bat da, eta irrati-uhinen bitartez banda zabaleko Internetera konektatzeko aukera ematen du. Euskal Herriko landa gune eta herri txiki askotan eskaintzen da. Izan ere, WiMax dorre bat instalatzen denean, honek hainbat kilometro karratutarako estaldura ematen du. Gero etxeetan, baserrietan edo bulegoetan WiMax hartzaile bat kokatu behar da. Hartzaile honek WiMax dorrearekin konexioa egiten du eta hartzaile honetatik eramaten da Internet sarbidea etxera edo bulegora kable bitartez.

Printzipioz oso teknologia egokia da landa guneetarako baina oraindik nahiko garestia da. Landa gune eta herri txiki batzuetan instalatzeko diru-laguntzak egon arren, instalazioak zein kuotek garesti samarrak izaten jarraitzen dute. Gainera, ez da eskaintzen abiadura handia. Lehen esan bezala, Internet mugikorrarekin baino askoz txikiagoa.

Bestetik, teknologia honek osasun kalteak eragin litzakeelako kezka ere ematen da gizartean. Esaterako, hona hemen kezka hori duen kolektibo baten adierazpena Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko Internet konexiorako eskaintza dela eta:  http://arianhari.blogspot.com/2009/05/communique-des-collectifs-du-pays.html

Erabakitzeko irizpideak

Hala, bada, teknologia baten edo beste baten alde egiteko, Internet zerbitzu hornitzaile bakoitzak zer eskaintzen duen begiratu beharko da. Erabakia hartzeko, prezioa jakina oso garrantzitsua da, baina beste irizpide batzuk ere aintzat hartu behar dira, batez ere prezioa antzekoa izanez gero. Eskaintzen duen jaisteko abiadura zein igotzeko abiadura da haietariko bat. Askotan eskaintzetan soilik aipatzen da datuak jaisteko abiadura eta hori da Internet erabiltzaile gehienek erabiltzen dutena, normalean, Internetetik informazioa jaisten delako, baina beste batzuetan ere Internetera informazioa igo behar da, beraz, ezin da baztertu datu hau. Bestetik, Internet zerbitzu hornitzaile batzuek hileko datu transferentzia muga bat ezartzen dute eta muga hau gaindituta edo konexioaren abiadura izugarri jaisten dute edo Internet sarbidea mozten dute hilabetea amaitu arte. Beraz, hau ezagutzea ere garrantzitsua da. Honetaz, aparte eskaintzen diren beste gehigarri batzuk ere begiratu ahal dira, ea telefono finkoa ere eskaintzen duten edo deietarako tarifa lauak, adibidez.

WinPenPack, gogoko aplikazio libreak sakelan

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Maiatzak 6

winpenpackZibergela atalean hitz egin da jada USB memoria batean instalatu daitezkeen aplikazio eramangarriei buruz, lotura honetan aurkitu ahal da artikulua: http://baleike.com/blogak/zibergela/2007/10/25/eraman-pca-patrikan/. Aukera hau eskaintzen duen PortableApps proiektua oso ezaguna da eta webgune honetan aurkitu ahal da: http://portableapps.com/. Hala ere, ez da aukera bakarra, winPenPack izeneko proiektua oso aukera jatorra da pendrive batean gehien erabiltzen diren aplikazio libreak eramateko. Hau da proiektuaren webgunea: http://www.winpenpack.com. Aplikazioak multzo ezberdinetan sailkatuta daude eta aplikazio aniztasun handia eskaintzen du proiektuak. Oso erabilgarria benetan ordenagailu ezberdinetan lan egin behar duen jendearentzat.

Ubuntu 10.04 bertsioaren konfigurazio arina

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Maiatzak 6

Ubuntu 10.04 bertsio berria hasieratik instalatuko dute erabiltzaile askok. Hala ere, Ubuntuk orokorrean ez ditu aukera batzuk ekartzen nahiko ohikoak direnak. Ekartzen dituen beste batzuk, ordea, askotan kentzen edo aldatzen dira. Oso ohikoak diren aukera hauek konfiguratzeko script bat dago eskuragai, hau da, sisteman exekutatzen den aplikazio bat hau guztia automatizatzen duena. Ubuntu bertsio berria instalatu duten erabiltzaile askok ziur eskertzen dutela.

Webgune honetan argitaratu dituzte azalpenak ingelesez http://www.webupd8.org/2010/04/what-to-do-after-fresh-ubuntu-install.html, scripta jaisteko hemendik jaitsi daiteke: http://launchpad.net/ubuntustart/0.4.x/0.4.8/+download/ubuntu-10.04-start-0.4.8.4.tar.gz. Fitxategi hau deskargatu ostean, deskonprimitu behar da eta bertan dagoen scripta exekutatu sistemaren administratzaile bezala. Hori egin ondoren, leihoen bitartez automatikoki ezarri ahal diren eta instalatu ahal diren aukera ezberdinak agertzen joango dira erabiltzaileak nahi duena hautatzeko.

Hemen dago Ubuntu 10.04 Lucid Lynx

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Maiatzak 6

ubuntu 10.04 lucid lynxSei hilero bezala badago hemen Ubuntu 10.04, Ubuntu bertsio berria. Bertsio berri honi Lucid Lynx izena jarri diote Canonical entitateko kideek. Gainera, bertsio hau LTS da, alegia, “Long Term Support”. Horrek esan nahi du iraupen luzeko laguntza teknikoa duela. Horrenbestez, hiru urtez luzatuko da mantenua eta laguntza teknikoa mahaigaineko ordenagailuetarako eta bost urtez zerbitzarietarako.

Hainbat hobekuntza sumatu daitezke Ubuntu Lucid Lynx honetan. Sistema abiarazteko abiadura, adibidez, aurreko bertsioan nahiko azkartu bazen, oraingo bertsio honetan are gehiago arindu da. Ubunturen garatzaileen helburua soilik 10 segundotan abiaraztea da, hau ezin da bete ordenagailu guztietan, ordenagailuaren ezaugarri teknikoen menpe dagoelako. Hala ere, egia esanda, aurreko bertsioarekin sistema abiarazteko azkartasuna nabaria bazen, honetan izugarri azkarra dela onartu behar da. Ordenagailua piztu eta segundo gutxitan Ubuntu martxan dago jada.

Bestetik hobekuntza tekniko batzuk ere ikus daitezke, Ubunturen bertsio berri hau Linux Kernel 2.6.32 bertsioarekin etortzen. Nvidia txartel grafikoen kasuan, Noveau da orain lehenetsitako driverra eta hobetu dituzte txartel grafiko hauetarako driver jabedunen instalazio aukerak.

Itxura aldaketa

Ubuntu Lucid Lynx abiarazten denean nabarituko den lehenengo aldaketa itxura grafikoa izango da. Erabat aldatu da beste bertsioetatik, ohiko kolore marroiarekin apurtu dute bertsio berri honetan eta morea da orain banaketaren kolore nagusia, gris iluna eta laranja ilunarekin batera.

Bestetik, leihoen gaia ere aldatu da eta botoiak titulu-barraren ezkerrean kokatu dira eta ez eskuman, ohikoa den bezala. Honen ondorioz, hasiera batean, arraroa egiten da leihoak ixtea, handitzea edo txikitzea, ohitura eta inertzia dela eta, goiko eskumako aldera eramaten delako sagua eragiketa hauek egiteko. Alabaina, laster batean ohitzen da erabiltzailea, eta bestela, beti aldatu daiteke era erraz batean hobespenetatik, itxura grafikoa aldatzeko aukeran.

Firefoxerako hasierako orrialdea eta lehenetsitako bilatzailea

Beste aldaketa bat izan da Firefoxerako hasierako orrialdea. Azkenean, Canonicalekoek Gooleren alde egin dute berriz Internet bilatzaile bat aukeratzeko orduan hasierako pantaila honetarako. Hori bai, diseinu aldaketa garrantzitsu batekin eta Ubunturen irudi berrira egokituta.

Bilaketa motorretan ere Googlek jarraitzen du lehenetsita.

Sare sozialekin, microbblogging eta berehalako mezularitzarekin integrazioa

Beste aldaketa sakon bat izan da sare sozialekin, microblogging eta berehalako mezularitzarekin garatu den integrazioa.
Saioa kudeatzeko menutik bertatik zehaztu ahal da erabiltzailearen on-line egoera: eskuragarri, ez dago, deskonektatuta, lanpetuta, ikustezina. Bertan konfiguratu ahal dira sare sozialetarako, microblogging eta berehalako mezularitza kontu ezberdinen ezarpenak. Hauek dira integratzen dituen sare sozialak eta microblogging guneak: Facebook, Twitter, Identi.ca, Flicker, StatusNet, Quaiku, FriendFeed eta Digg. Berehalako mezularitzarako hainbat protokolo integratzen ditu: Facebook berriketa, Yahoo, Jabber, Google Talk, MSN, AIM, IRC, MySpace, qq, ICQ eta beste hainbat. Berehalako mezularitzaren kasuan Empathy aplikazioarekin bateratuta dago eta sare sozialen berriketak irakurtzeko eta idazteko, Gwibber aplikazioarekin dago integratuta. Gainera, menu honetatik bertatik ere Ubuntu one kontua kudeatu daiteke eta sistemaren saioa. Beraz, menu bakar batetik kudeatu ahal dira sistemaren saioa, Ubuntu One, berehalako mezularitzaren kontu ezberdinak eta sare sozialenak. Hau da, nortasun digital anitz dituztenentzat zoragarria!

Beste alde batetik Gwibber aplikazioaren diseinua ere aldatu da eta aldaketek ez dute ekarri erakargarria izate hutsa, erabilerraztasunaren aldetik ere hobetu da izugarri eta beraz erosoago eta errazago erabiltzen da aplikazio hau.

Ubuntu One

Ubuntu One da Ubunturen aurreko bertsioarekin jaio zen zerbitzu bat, dokumentuak on-line gorde eta eskuratu ahal izateko ordenagailu ezberdinetatik norberaren Ubuntutik. Gainera, Ubuntu erabiltzen zuten beste ezagun batzuekin ere partekatu ahal ziren dokumentu hauek. Orain, gainera, Ubuntu erabiltzaileak ez direnekin partekatu daitezke. Honez gain, malgutasun gehiago dago zehazteko zein ordenagailutan partekatu nahi diren gauzak eta zer partekatu daiteke, ez soilik dokumentuak, laster markak eta kontaktuak ere partekatu eta sinkronizatu daitezke erailtzen diren ordenagailu ezberdinen artean. Bestetik, Ubuntu Music Storen erosten diren abestiak ere Ubuntu One-en gordeko dira eta erreproduzitzaile ezberdinekin sinkronizatu daitezke.

Softwarea

Canonicaletik iragarri zuten bezala, Gimp irudi editorea ez dator instalatuta lehenetsita eta erabili nahi izanez gero Ubuntu Software Biltegitik instalatu beharko da, eta minutu batzuetan Gimp sisteman instalatuta egongo da. Bestetik, Pitivi bideo editorea gehitu dute bideoak era erraz batean editatzeko. Ubuntu software biltegian ere diseinu aldaketa sakona egin da.

OfficeFolders theme by Themocracy