Webgintzan parte hartzen duten teknologiak

htmlErabiltzaile batek bere nabigatzailean ikusten duen webgune bat garatzeko, teknologia ezberdinak erabiltzen dira. Batzuk nabigatzaileak erabiltzen dituen teknologiak dira, beste batzuk ordea, webgunea ostatatuta dagoen zerbitzariak erabiltzen ditu. Azkenean, erabiltzaileak ikusten duen webgunea da teknologia horien guztien nahasketaren emaitza, alegia, webgunea ostatatuta dagoen zerbitzariak nabigatzaileari informazioa bidaltzen dio eta informazio hori prozesatuta eta interpretatuta nabigatzaileak erakusten dio webgunea erabiltzaileari ikusten duen informazio eta itxurarekin.

HTML

Webgintzan erabiltzen diren teknologien artean, ziurrenik, HTMLa da ezagunena. Izan ere, HTMLa Interneten hastapenetik erabiltzen da, HTMLren bitartez sortu ziren lehenengo web orriak. Hala ere, sortu zenetik, teknologia guztiek bezala, aurrera egin du eta bertsio ezberdinak atera dira, azkena HTML 5 da (http://zibergela.bitarlan.net/2011/11/23/html5/). HTML izena, HyperText Markup Language adierazpenaren akronimoa da. HyperText hitzak, estekei esker, web orrialde batetik beste testu batzuetara, alegia, beste web orrialde batzuetara joateko aukera adierazten du. Markup Language du izena markaketa lengoaia delako. Hau da, etiketen bitartez, web orrialdean dauden elementuak sailkatzen dira eta nabigatzaileari esaten zaio, zer den parrafo bat, irudi bat, zerrenda bat, taula bat edo titulu bat, besteak beste. Lengoaia honen zehaztapenak W3C (http://www.w3c.org) nazioarteko erakundeak mantentzen ditu. Oso garrantzitsua da zehaztapen horiek eta estandarrak betetzea bai web garatzaileek bai nabigatzaileen garatzaileek. Webguneak nabigatzaile ezberdinetan era egoki batean ikus daitezen.

CSS

CSS, HTMLren kasuan bezala, nabigatzaileek web zerbitzaritik jaso, prozesatu eta interpretatzen dute. CSS bere jatorrizko izenetik dator Cascading Style Sheets, hau da, Kaskadako Estilo-Orriak. CSSak HTML dokumentuei itxura emateko erabiltzen dira. Hau da, HTMLren bitartez dokumentu edo web orrialde baten estruktura zehazten da eta CSSren bitartez, bere aurkezpena edo bere itxura. CSS lengoaiaren zehaztapenak W3C (http://www.w3c.org) erakundeak ere zehazten ditu eta halaber, kasu honetan oso garrantzitsua da web garatzaile zein nabigatzaileen partetik estandarrak errespetatzea.

Javascript

Javascript ez da HTML eta CSSen kasuan bezala maketatzeko lengoaia bat, programazio lengoaia baizik. Hau da, javascripten bitartez web orrialdean funtzionalitate eta eragiketa automatiko ezberdinak gehitu ahal dira. Aurreko kasuetan bezala, nabigatzaileek interpretatu eta prozesatzen dute javascript kodea, hau izan da askotan buruhauste handia web garatzaileentzat, batzuetan zaila zelako javascript kode bera nabigatzaile ezberdinetan ibiltzea, nabigatzaile bakoitzak ezberdin interpretatu ahal zuelako. Nahiz eta oztopo hauek hobetzen joaten diren.

Flash

Flash teknologia oso erabilia izan da animazioak eta eragiketa batzuk egiteko, nabigatzaileak exekutatzen du flash fitxategi bat eta pantailan erakusten du. Hala ere, oraindik bideoak on-line ikusteko asko erabiltzen bada ere, askoz gutxiago erabiltzen da gaur egun.

Zerbitzariko programazio lengoaiak

Aipatutako aurreko teknologiak, esan bezala, nabigatzaileak prozesatu eta interpretatu egiten ditu. Baina, egungo gehiengo webguneetan, prozesamendurik handiena web zerbitzarietan egiten da. Web zerbitzarian exekutatzen diren programen bitartez, datuak sartzen dira datu baseetan, kontsultatzen dira, prozesatzen dira eta emaitzak HTML eta CSS lengoaiekin nabigatzaileetara bidaltzen dira azken hauek informazioa erakus dezaten. Programazio lengoaia horiek nabigatzailean exekutatzen diren lengoaiek baino askoz gaitasun handiagoa dute eta horrek ahalbidetzen du deritzen web aplikazioak, intranetak eta extranetak garatzea. Web inguruneko programazio teknologia eta lengoaiarik ezagunenak PHP, Java, ASP, .NET, Python dira besteak beste. Web aplikazio garatuen hedapenean AJAX izeneko teknologiak ere zerikusi handia izan du. Teknologia hau zerbitzarian eta nabigatzailean exekutatzen da.

Datu Baseak

Zerbitzarietan ere datu baseak kudeatzeko sistemak erabiltzen dira, web zerbitzarian bertan edo beste zerbitzari batean instalatu ahal dira. Datu base hauen bitartez, web aplikazio baten datu guztiak kudeatu eta kontsultatu daitezke. Ohikoenak MySQL, PostgreSQL, Oracle edo SQLServer dira. Lehenengo biak, PostgreSQL eta MySQL datu base libreak dira.

One Response to Webgintzan parte hartzen duten teknologiak

  1. Pingback: Zibergela | Etxean probatzeko moduko web aplikazioak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>