Web mahaigainak

icloud

Dagoeneko ezaguna den bezala, web aplikazioak pil-pilean daude Internet munduan. Web 2.0 deritzonaren arrakastari erreparatu besterik ez dago, ikusteko neurri batean, joera Internet ingurunean aplikazioak egikaritzea dela. Ildo horretatik, aurreko asteko artikulua, Googlek dituen on-line proiektuen inguruan, horren aldeko beste adibide bat da.
Hala ere, urrats bat haratago lan egiten ari dira web proiektu batzuetan, nork bere mahaigaina on-line edukitzea, hain zuzen ere. Proiektu hauek, web mahaigainak edo web sistema eragileak bezala ezagutzen dira. Berez, benetako sistema eragileak ez diren arren, web aplikazioak baizik, kasu askotan, on-line sistema eragileak izango balira bezala erabil daitezke.

Hau oso praktikoa da nabigatzailearen barnean sistema osoa edukitzea ahalbidetzen duelako, oso abantaila ona mugikortasunaren ikuspuntutik. Era honetan, Interneterako sarbidea duen edozein ordenagailutatik, eskuragai egongo lirateke bakoitzaren mahaigaina, dokumentuak, karpetak, fitxategiak edo aplikazioak. Ez hori soilik, era berean, elkarlana ere errazten du, enpresa batean, talde batean edo ikasleen artean esaterako. Erabiltzaile berdinarekin sartzen den ororentzat baliabideak eskuragai daudelako, ordenagailu ezberdinetatik sartuta ere, eta beraz, hainbat pertsonen artean partekatu daitezke. Horrenbestez, kasu hauek oso ohikoak ez badira ere, enpresa edo ikastetxe txiki batzuetan sare lokalaren ordez erabiltzen ari dira horrelako web aplikazioak.

EyeOS

Kode irekiko web mahaigaina da hau. Frantsesez, gazteleraz eta ingelesez dago besteak beste, baina ez euskaraz. Alde batetik, web gunea informazioarekin aurki daiteke, eta bestetik on-line mahaigaina duen web gunea. Azken honetan sartuta, saioa hasteko aukera dago, edo erabiltzaile berria izanez gero, kontu berria sortzeko formularioa ireki daiteke. Kontua sortzea oso erraza da, erabiltzailea, pasahitza eta nahi den hizkuntza baino ez da zehaztu behar. Hori eginda, mahaigaina kargatzen da eta hor hainbat aplikazio eskaintzen dira, sistema eragile arrunt batean aurkitu ahal direnen antzerakoak. Kalkulagailua, nabigatzailea, posta elektronikoa eta rss irakurlea, kalkulu orriak, dokumentuak eta aurkezpenak sortzeko eta aldatzeko aplikazioak, egutegia, jokuak edo ftp aplikazioa, adibidez. Gainera, fitxategi arakatzaile batekin, disko gogorra egongo balitz bezala antolatu ahal dira karpetak eta fitxategiak. Halaber, norberaren ordenagailutik fitxategiak igo daitezke. Mahaigainaren itxura eta sistemaren ezarpenak ere aldatu daitezke.
Proiektu honek, EyeOs sistemarako aplikazio berriak sortzeko baliabideak ere eskaintzen ditu software garatzaileentzat.
Proiektua on-line erabili edo probatu ahal den arren, bertsio deskargagarri bat dator nahi den ostatze zerbitzuan instalatzeko, Apache web zerbitzaria eta PHP5 programazio lengoaiaren interpretatzailea edukitzea baino ez da beharrezkoa.

Informaziorako web gunea: http://www.eyeos.org/

Sistemaren web gunea: http://www.eyeos.info/

Icloud

Icloud, proiektu hauen beste adibide jator bat da. Aurreko kasuan bezala, hainbat hizkuntzatan dago, gazteleraz eta frantsesez barne, ez ordea, euskaraz, momentuz. Sistema erabiltzen hasi aurretik, izena eman behar da proiekturen informazioa duen web gunean. Hor, nahi den erabiltzailea, pasahitza, izena, abizena, posta helbidea eta sexua eskatzen da. Gero jada, proiekturen web gunera jo daiteke eta saioa hasi. Orduan, mahaigaina txukun bat irekiko da nabigatzailearen pantailan. Horrelako beste proiektu batzuek bezala, hainbat aplikazio ditu eta sistema eragilea izango balitz bezala, mahaigainaren leiho ezberdinetan zabaltzen dira. Aplikazio hauek, arloka sailkatuta daude eta besteak beste hauek ditu: kalkulagailua, egutegia, ohar-bloka, garapenerako baliabideak, bideoak eta irudiak ikusteko aplikazioak, audioak eta irratia entzuteko softwarea, nabigatzailea, RSS irakurlea, berehalako mezularitza, Twitter eta Google maps bezeroak, posta elektronikoa irakurtzeko eta idazteko bezeroa, jokoak eta dokumentuak eta aurkezpenak sortzeko aplikazioak. Kontsola ere badauka komandoen bitartez komunikatzeko sistemarekin eta hainbat ezaugarri konfigura daitezke kontrol panelean, itxura eta erabileraren inguruan.

Informaziorako web gunea: http://icloud.com
Proiektuaren web gunea: http://os.icloud.com

Eta gehiago

Proiektu hauek, ez dira bakarrak, beste batzuk ere badaude, zerrenda bat ikusteko, web gune honetara jo besterik ez dago: http://ntt.cc/2008/03/04/list-of-the-most-great-web-operating-systems-over-19.html.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>