Gmail posta zerbitzuaren ezarpenak despistatuentzat

Hizketagai izango den lehendabiziko ezarpenak agian ez dauka lotura zuzenik segurtasunarekin, baina bai gaizki ulertu eta hanka-sartze ederrak eragotzi daitezkeela berarekin. Noizbait gertatzen dira okerreko hartzaileari mezu desegokiren bat edo beste bidaltzea, haientzat zuzenduta ez zeudenean bereziki. Besteak beste, Gmail zerbitzua darabiltenek -bederen- irakasle bati edo ugazabari bidalitako biraoz beteriko mezu hori ekidin dezakete bidalketa deseginda.

Horretaz baliatu nahi duenak, Gmaileko sarrera-ontziko eskuin goialdeko engranajearen sinboloari eman eta Ezarpenetara joatea dauka. “Labs” izeneko atakan eman eta Google probatzen ari den hainbat ezaugarriren zerrenda bistaratzen da jarraian. Batzuk zinez erabilgarriak dira; besteak, dibertigarriak besterik gabe. Haien artean “Desegin bidalketa” izenekoa dago. Gaitu hori, eta ez ahaztu pantailaren beheko “Gorde aldaketak” botoia zanpatzeaz. Aurrerantzean, mezu bat bidali eta batera sarrera-ontzi goian agertu ohi den oharraren atzean agertuko da desegiteko aukera.

Lehentasunez bidalketa eragozteko 10 segundoko tartea uzten du Gmailek, baina nahiago bada 20 edo 30 segundotaraino ere atzeratu daiteke damu-epea: berriz ere, Ezarpenetara joan eta “Orokorra” atakan, “Desegin bidalketa” aukerako goitibeherako menuan horrela aukeratuta.

Oharkabeenen segurtasuna bermatzeko pentsatutako bestelako abantailarik ere badauka Gmailek, eta ahaztuta itxi gabe utzitako sesioak urrunetik isteko aukera erabilgarria suertatuko zaie askori. Hots, norbere korreora Interneta daukan edozein gailutatik konektatu ahal izatea izugarrizko abantaila da, baina aldetzerakoan nabigatzailean saioa itxi gabe uztea buruhauste askoren hasiera bihurtzen da sarritan. Gmail, webera zuzendutako zerbitzua da, eta horrelako egoerak aurreikusi dituzte Googlen. Aktibo egon daitezkeen saio guztiak isteko: berriz ere sarrera-ontzian, oinean letra xehez dagoen “Xehetasunak” hautatu eta bakoitzaren kontuaren jardueraren informazioa agertuko da, “Amaitu beste saio guztiak” egiteko botoiarekin batera. Bistakoa denez, saio guztiak itxiko dira horrekin; hau egikaritzeko erabilitako azken hau salbu, noski.

Urrunetik sesioak zarratzeko aipatu ezaugarria ezinbesteko pasahitz aldaketaren osagarria ere bada, norbere pasahitza kopiatua izan denaren susmoa dagoenean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>