Esteganografia, informazioa ezkutatzeko teknikak

EsteganografiaEuskadi Digital (http://www.euskadigital.net) irrati digitalaren “El Guardian” (http://elguardian.euskadigital.net/) irratsaioan Esteganografiari buruz mintzatu ziren eta gai bitxia eta interesgarria delakoan, Zibergela atalaren artikulu hau ere horri buruzkoa da.

Zer da Esteganografia deritzon hori

Esteganografia mezuak edo bestelako informazioa ezkutatzeko teknikak ikertzen dituen gaia da. Ezkutatu beharreko informazio edo mezu horiek elementu ezberdinetan txertatu edo ezkutatu daitezke. Informazio ezkutatua duten elementu horiek eramaileak dira. Batzuetan, kriptografiarekin nahasten da, baina adar ezberdinak dira. Nolabait esateko, kriptografian informazioa zifratzeko teknikak aztertzen dira, baina, edonork jakin dezake informazioa garraiatzen ari dela. Kasu horretan, informazioaren edukia ezkutatzen saiatzen da, soilik hartzaileak irakurri ahal izateko. Horrela, beste norbaitek informazioa ikusten badu, ezin izango du asmatu informazio horretan zer esaten den eta ezin izango du informazio hori aldatu. Esteganografiaren kasuan, ordea, informazio bera ezkutatzen da, beraz, informazio hori hor dagoela inor ez ohartzea da helburua. Horrenbestez, kriptografia eta esteganografia bateragarriak dira, hau da, informazio zifratu bat bidali ahal da eramaile batean ezkutatuta. Era horretan, hartzailea izan ezik, beste inork ez du jakingo eramaile horretan ezkutatutako informazioa dagoela eta norbaitek hori asmatu arren, gainera deszifratu beharko luke informazioaren edukia ikusi ahal izateko. Adibide bat jartzeagatik, mezu bat txertatu ahal da argazki baten kodifikazio digitalean eta orduan, argazkia ikusten duenak argazki arrunt bat baino ez du ikusiko, ordea, mezu ezkutuaren hartzaileak mezua dagoela jakingo du eta atera ahal izango du.

Esteganografiaren kontzeptua ez da zerbait berria eta ez dagokio soilik Informatikaren munduari. Ziur asko, txikitan, pertsona askok idatziko zuten zerbait limoizko zukuaz paper batean lagun batentzat eta lagun hartzaileak irakurriko zuen mezua pospolo bat piztuta papera hurbilduz. Eta historian zehar ere asko erabili da, garai klasikotik azken gatazka belikoetara arte.

Eramaile digitalak

Informazioa eramaile digital mota askotan ezkutatu daiteke. Testu dokumentuetan, esaterako, gizakien ikusten ez duten zuriuneen bitartez egin daiteke. Irudietan, kolore aldaketa sumagaitz baten bitartez informazio ezkutatzea teknikoki erraza da. Irudien informazioa gordetzeko era digitalean, pixel bakoitzaren kolorea gordetzen da. Kolore hori zenbaki batekin adierazten da eta hori bat eta zero zenbakien bitartez, sistema bitarrez. Beraz, erabili ahal da argazki baten pixel bakoitzeko azken bita informazio ezkutatua gordetzeko. Gizakiek ez lukete ezer nabarituko, kolore aldaketak ezin txikiagoak izango zirelako, baina mezuaren hartzaileak bai informazio jaso ahal izango lukeela. Antzeko zerbait erabil liteke bideo eta audio fitxategietan informazioa ezkutatzeko, gizakion begi eta belarriarentzat sumagaitzak diren informazioak bezala gordeko lirateke.

Esteganografiarako aplikazioak

Esteganografia erabili ahal izateko aplikazio informatiko asko daude. OpenStego, esaterako software librea den aplikazio bat da. Aplikazio hau dohainik jaitsi daiteke helbide honetatik: http://openstego.sourceforge.net/, webgune horretan OpenStegoren inguruko informazio eta dokumentazio asko ere badago. Plataforma anitzetan erabili ahal da aplikazioa, MS Windows eta GNU/Linux sistemetan soilik probatuta badago ere, Mac Os X bezalako plataformetan ere erabil liteke. Aplikazio hau irudiak beste irudi batzuetan ezkutatzeko balio du. Gainera, informazioa konprimitu eta zifratu daiteke eta pasahitzaren bitartez babestu.

Beste aplikazio batzuk ere badaude, esaterako MP3Stego, aplikazio hau MS Windows sistemetan erabil daiteke eta testuak MP3 audio fitxategietan ezkutatzeko balio du. Komandoen bitartez erabili behar da baina ez da zaila, hona hemen lotura aplikazioa deskargatu ahal izateko eta dokumentazio ikusi ahal izateko: http://www.petitcolas.net/fabien/steganography/mp3stego/. Erabil daitekeen beste aplikazio bat wbStego4open da, software librea da, http://wbstego.wbailer.com/ hemen dago eta MS Windows zein GNU/Linux sistemetan erabili ahal da. Mota ezberdinetako fitxategiak ezkutatzea ahalbidetzen du testu, html edo PDF fitxategietan zein BMP fitxategietan.

2 Responses to Esteganografia, informazioa ezkutatzeko teknikak

  1. Txopi says:

    Oso artikulu interesgarria, ZORIONAK!

    Gai honi lotuta, aipatzen den “kriptografia” delakoari buruzko, artikulu bat gomendatu nahiko nuke. Hau ere sarrera bat da, teknika horren gakoa zein den azaltzen du eta eskuragarri dauden tresnak aipatzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>