Super Hexagon, ‘retro’ kutsuko aisialdiko erronka jokoa

Aisialdiko jokoen artean 29 urte luzetan aurkaririk ez du izan Tetris puzzleak. Haren sinpletasunak eta aurkezten duen erronkak adin guztietako jendearen kutuna bihurtu zuten 1980ko hamarkadan. Orain, badirudi bitxikeria berri batek fenomenoa berregingo duela. Historiako bideo-jokorik jokatuena izan daiteke Tetris jokoa, eta poliedro batek eman duen jokorik dibertigarriena da Terry Cavanagh sortzailearen Super Hexagon. Argotean Indie gisa ezagutzen diren aplikazio apal horietakoa da, egile bakarrak edo talde oso txikiek sortzen dituztenetarikoa.

Lehendabizikoaren helburua goitik behera zetozen piezak elkarrekin batu eta lerroak ezabatzea zen, pilatuz zihoazen piezak goiko mugara iristea eragozteko. Hori egin ezean, partidaren azkena iragartzen zuen Game Over mezu gorrotagarria jasoko zen. Planteamendu erraz eta liluragarri hark milaka jarraitzaileren babesa lortu zuen, gaurdaino irauten duen atxikimendua. Beste joko honetan, berriz, hexagono baten inguruan biratzen duen gezia gidatzea da helburua; koloretako zurrunbilo batean gerturatzen doazen formak saihestuz musika taupaden erritmoan.

Hemen ere, norbere trebezia da muga bakarra, eta ahalik eta denbora luzeenean irautea helburua. Hala, 60 segundoz eutsiz gero, hurrengo maila zailago baterako sarbidea jasotzen da. Retro-a modan dago, eta geratzeko bueltatu da.

Adituen kritika ezin hobeak jasotzen ari da Super Hexagon, eta sariren bat edo beste ere jaso du dagoeneko; diseinuaren burutazioagatik horietako bat. Hiru euroren truke PC, Mac, iOS eta Android sistementzat dago eskuragarri jokoa, haien webgunetik nahiz euskarri bakoitzaren sareko dendatik: http://www.superhexagon.com.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>