Internet, Sareak

Posta elektronikoa

eposta ikonoaWebguneak arakatzearekin batera, posta elektronikoa da Internet zerbitzurik erabilienetarikoa. Mezu elektronikoak hainbat eratan idatzi eta irakur daitezke, sakelako telefonotik, webgune batetik nabigatzaile baten bitartez (webmail deitzen dena) edo mahaigaineko aplikazio batekin. Posta elektronikoa izenarekin baino, munduan zehar ezagunagoa da bere anglosaxoniar hitzarekin, “e-mail”. Eta bere ikurrik ospetsuena @ da, a bildua, ingelesez “at” hitzetik datorrena.

Posta protokoloak edo zerbitzuak

Posta elektronikorako protokolo izenak, ezagunak egingo dira noizbait posta elektronikoa irakurtzeko eta idazteko aplikazio batean, bere kontua konfiguratu behar izan duen erabiltzailearentzat. Izan ere, konfiguratzerakoan, galdetu ohi da ea IMAP edo POP3 kontua konfiguratuko dugun eta POP3 sarrera zerbitzaria edo SMTP irteera zerbitzaria bezalako kontzeptuak agertzen dira.

SMTP irteera zerbitzaria

SMTP da irteera zerbitzaria, alegia, posta elektronikoak bidaltzeko erabiltzen den protokoloa edo zerbitzua. Bere izena, Simple Mail Transfer Protocol hitzetatik dator, posta transferentzia protokolo sinplea, alegia. Normalean, protokolo honek 25 ataka erabili ohi du zerbitzarian.

Beste noizbait ere ataka logikoa zer den azaldu da Zibergelan. Baina, nolabait esateko, honek esan nahi du zerbitzari batean zerbitzu ezberdinak ostatzen badira, web, posta elektronikoa edo ftp, esaterako, bakoitzak erabiltzen duela ataka zenbaki bat. Ataka hauek 1024 zenbakira arte zehaztuta daude eta ezagunak dira, aldatu ahal badira ere zerbitzaria konfiguratzerakoan. Hala bada, honelako zerbitzu batera konektatu nahi denean, konektatzen den aplikazioak, helbidea eta ataka zehaztu behar du, ez soilik helbidea. Hau erabiltzailearentzat nahiko gardena da, aplikazioek egiten dutelako eta erabiltzaileak ez du jakiten zein portutara konektatzen ari den. Baina behin edo behin, portu hau zehaztuta dagoena ez bada, erabiltzaileak idatzi behar du.

POP3 sarrera zerbitzaria

POP3 da sarrera zerbitzaria, alegia, posta elektronikoak jasotzeko erabiltzen den protokoloa edo zerbitzua. Zerbitzu honek 110 ataka erabiltzen du eta bere izena Post Office Protocol hitzetatik dator, posta bulego protokoloa, alegia.

IMAP

IMAP, Internet Message Access Protocol hitzen akronimoa da eta 143 ataka erabiltzen du. Protokolo honek ahalbidetzen du jasotako posta elektronikoa kudeatzea zerbitzaritik, zuzenean. Hau da, jasotako posta karpetaka antolatzea edo irakurrita bezala markatzea ahalbidetzen du, baina ez norberaren ordenagailuan, baizik eta zerbitzarian. Honek ekartzen duen abantaila mugikortasuna da. IMAP posta kontu bat konfiguratu daiteke hainbat ordenagailutan, etxeko ordenagailuan, ordenagailu eramangarrian, bulegoko ordenagailuan. Eta bakoitzean egindako aldaketak, ez direnez lokalki egiten, zerbitzarian baizik, beste ordenagailu batean, posta kontu hori erabiliz gero, beste ordenagailuetan egindako aldaketak ere ikusiko dira, zerbitzaritik irakurtzen direlako. Beraz, oso egokia da, mugikortasun handia behar duten erabiltzaileentzat. Are gehiago, erakunde edo elkarte baten posta kontua bada, elkarte edo erakundeko pertsona ezberdinak ere sartu ahal dira ordenagailu ezberdinetatik. Orduan mezu bat, batek irakurtzen badu, edo erantzuten badu edo karpeta batean sailkatzen badu, besteek ikusiko dituzte aldaketa horiek guztiak.

Posta zerbitzu doakoak

Badaude hainbat gune posta kontu doakoak eskaintzen dituztenak, oso ezagunak badira ere, hemen aipatuko dira horietariko batzuk.

Microsoften posta zerbitzu doakoa Hotmail du izena eta webgune honetan eskuratu daiteke: http://www.hotmail.com. Honek webmail baino ez du eskaintzen, berez, ez du eskaintzen POP3, SMTP ez IMAP mahaigaineko aplikazio batean konfiguratzeko aukera. Norberaren postontzirako espazioa handitzen joaten da denbora pasa ahala.

Googleren GMail, http://mail.google.com/, hau euskaraz dago; Webmail zerbitzua eskaintzeaz gain, POP3 eta SMTP protokoloak zein IMAP konfiguratzea ahalbidetzen du mahaigaineko aplikazio batean. Norberak duen postontziaren espazioa handitzen doa denbora pasa ahala.

Euskalerria.org, http://www.euskalerria.org, euskara hutsez eskaintzen dira posta elektroniko kontu doakoak eta webmail eskaintzeaz gain POP3 eta SMTP konfiguratzea baimentzen du mahaigaineko aplikazio batetik.

Beste batzuk ere badaude, esaterako: Yahoo, http://mail.yahoo.com edo GMX, http://gmx.com/.

Google, Internet

GMail posta kudeaketa aplikazio bezala

emailAukera asko egoten dira dagoeneko posta elektronikoa irakurtzeko, ordenagailuan, mahaigaineko aplikazio batetik, sakelako telefonotik edo web postare-en bitartez, alegia, internet nabigatzaile batekin. Zerbitzu askok eskaintzen dute posta azken era honetan, Yahoo, Hotmail edo GMail dira ezagunenetarikoak. Mugikorrean posta mezuak irakurtzea, abantaila handia da, zeren eta telefonotik bertatik baitaude eskuragai bidalitako eta jasotako mezuak beti. Hala ere, telefono gailuak zein sistema eragileak eta interfazeak hobetzen joaten badira ere, oraindik, askoz erosoagoa da ordenagailu batetik irakurtzea eta idaztea. Mahaigaineko aplikazio batean posta kudeatuz gero, era eroso batean kudatzen da posta elektronikoa, kontu bat baino gehiago irakurri ahal izaten da eta gainera, askotan aparteko gehigarriak gehitzen dira funtzio berriak eta posta zerbitzua osatzeko, baina printzipioz, soilik konfiguratzen den ordenagailutik irakur daiteke. Web posta, ordea  Internet edukita, edonondik irakur daiteke, sakelako telefono batetik ere bai, baina web postarako interfazeak eta erabilera, astunagoa eta motelagoa izaten da, gainera era honetan ez da egoten mahaigaineko aplikazio batean beste funtzionalitate gehigarri. Hala ere, arlo hau joan da hobetzen eta AJAX ( Asynchronous JavaScript And XML) bezalako teknologiak erabilita lortu da web posta interfazeak arintzea eta apurka-apurka gehienetan funtzionalitate berriak joan dira gehitzen. Beraz, web posta edo web mail ingelesez, oso aukera ona da ordenagailu eta leku ezberdinetan posta kudeatu nahi izanez gero.

Arlo honen garapenaren ideia egiteko, GMail nahiko adibide ona da. Egia esanda, nahiko arina da interfazea, posta kontu bat baino gehiago konfiguratu daiteke eta oso funtzionalitate gehigarriak ditu. Gainera, Gmail kontuak edo GMailetik irakurtzen diren kanpoko kontuak jaso ahal dira mahaigaineko aplikazio batetik eta mezuak online jarraituko dira. Horrenbestez, oso aukera ona izan daiteke norberaren posta elektroniko guztia kudatzeko, zeren eta, honetaz gain,  7 GB eskaintzen dituen eta nahiko SPAM detektatzaile ona daukan. Gainera, euskaraz dago. Egutegia ere behar izanez gero, Google Calendarrekin batera erabili ahal da.

Bilatzailea

Nola ez, Googlerena izanda, nahiko bilatzaile arina du. Bilatzailea arina dago eskuragai une oro eta hau nahikoa ez bada, bilatzaile aurreratuaz balia daiteke erabiltzailea. Bilatzaile aurreratu honek ahalbidetzen du bilatzea igorlearen edota hartzailearen arabera, mezuak dituen edo ez dituen hitzen arabera, data tarte batean eta eranskinak dituen ala ez.  Gainera, mugatu daiteke bilaketa, etiketa zehatz bat edo mota zehatz bateko mezuetara.

Etiketak

Mezuak sailkatzeko etiketak eskaintzen ditu GMailek, mezu elektroniko bakoitza etiketa batekin baino gehiagorekin lotu ahal da eta ezkerreko menuan, etiketarik erabilienak edo guk aukeratutakoak agertzen dira era azkar batean hautatutako etiketaren bidez sailkatuta dauden mezuak soilik ikusi ahal izateko. Honez gain, mezuak irakurrita edo irakurri gabe bezala sailkatu ahal dira edo izar bat jarri ahal zaie nolabait bereizteko. Izardun mezuak ikusteko atala ikusi ezean, “Ezarpenak” estekari sakatu beharko saio eta hor “Etiketak” atala aukeratu eta bertan “Izardunak” aukeran “erakutsi” estekan klik egin behar da. Honela, beti egongo dira klik baten bitartez eskuragai izarraren bitartez berezitako mezuak.

Txata: GTalk

Txata atalean, GMailek erakusten ditu konektatuta dauden kontaktuak eta konektatuta dagoenarekin berehalako mezularitzaren bitartez hitz egin daiteke bere izenaren gainean klikatuta, honez gain, elkarrizketa horretara gehitu ahal dira kontaktu gehiago, taldeka hitz egiteko. Txataren leihoak gainera, GMail leihoan bertan utz daitezke edo aparteko leiho batean zabaldu. Bideoaren bidezko elkarrizketa ere ahalbidetzen du sistema eta hardwarea bateragarria izanez gero. Aukera hauek guztiak txat leihoa zabaltzen denean kontaktu batean klikatuta, “Aukerak” atalean aurki daitezke. Gainera elkarrizketak gordetzen dira eta kontsultatu daitezke “Txatak” atalean, erakusteko gaituta egonez gero, izardun mezuen kasuan bezala.

Zereginak

Zereginak kudeatzeko aukera ere eskaintzen du GMailek, horren bitartez era arin batean kudeatu ahal dira zereginak eta horretarako aukera asko eskaintzen ditu, eginda edo egiteke bezala markatzeko, koska jartzeko, zerrenda inprimatzeko edo postaz bidaltzeko esaterako. Gainera, nire iritziz oso erabilgarria dena, aukeratzen diren mezu elektronikoak zeregin zerrendara gehitzea ahalbidetzen du Ekintzak menuaren bitartez eta beraz, zereginak mezuekin lotzea dago.

Kanpoko posta elektronikoak irakurri

GMailek beste kontu batzuk ere konfiguratzea baimentzen du eta guztiak leku beretik irakurri ahal dira, beraz, kontu hauetatik mezuak idaztea ere posiblea da. Horretarako, “Ezarpenak” aukeraren barruan, “Kontuak eta inportazioa” aukeratu behar da. Eta hor, “Bidali mezuak beste helbide batetik” eta “Gehitu posta elektronikoko POP3 kontuak”  aukera daude, hor nahi den kontuaren zehaztapenak konfiguratu besterik ez dago eta erabilgarri dago une horretatik.

http://www.gmail.com

Internet

Dokumentuak posta elektronikoz bidaltzeko

e-mailPosta elektronikoak bidaltzen direnean kontutan hartu behar da hartzaileak, agian, ez dituela bidaltzailearen ordenagailuaren zehaztapen edo ezaugarri tekniko berdinak, eta orduan zailtasunak sor daitezke eransten diren dokumentuak ikusteko, batez ere, aplikazio eta sistema eragile ezberdinen artean. Hori dela eta, soilik testu informazioa bidali nahi izanez gero, posta elektronikoan bertan idaztea informazio hau da egokiena, edo erantsitako fitxategi batean izatekotan, testu fitxategi batean hobe, formatu konplexuagoak erabili gabe. Hala ere, askotan, formatu, itxura eta irudiak dituzten dokumentuak bidali nahi izaten dira, kasu hauetan, sistema eta aplikazio zehatz batekin zabaldu behar diren dokumentuak bidaltzea saihestea komeni da eta hainbat sistemetan eta aplikazio ezberdinetan zabaldu ahal diren dokumentu formatuak erabiltzea da egokiena.

PDF dokumentuak

Egun, PDF formatua da egokienetariko bat dokumentuak posta elektronikoz bidaltzeko. Izan ere, sistema eragile gehienetan ireki daitekeen formatua da, bai Mac Os X, bai MS Windows edo bai GNU/Linux sistemetan eta jada mugikor askotan ere bai. Gainera, formatu honekin ziurtatzen da hartzaileak, egileak sortu duen bezala edo antzekoa ikusiko duela. Izan ere, askotan, nahiz eta dokumentua zabaldu ahal izan, letra mota berdinak instalatuta egon ahal dira ordenagailu ezberdinetan, sistema eragile eta aplikazio berdinak erabili arren, are gehiago sistema eragile ezberdinetan. Kasu honetan ere, dokumentua ez litzateke ikusiko sortu den moduan. PDF dokumentu bat sortzen denean, ordea, inprimaketa bat izango balitz bezala sortzen da, eta orduan, esan bezala, aipatutako arazoa ekiditen da.

PDF dokumentuak sortu

PDF moduan dokumentu bat sortzea oso erraza da. Izan ere, bulegotika aplikazio askok daukate PDFra esportatzeko aukera aplikaziotik bertatik. Open Office GNU/Linux, Mac Os X eta MS Windows sistemetan edo NeoOffice Mac Os X sistemetan eta MS Office suitearen azken bertsioetan, adibidez.

Erabiltzen den programa aukera hori eduki ezean, praktikoena PDFak sortzeko aplikazio bat sisteman instalatuta edukitzea komeni da. Mota honetako aplikazio gehienak inprimagailu birtual bat instalatuko balitz bezala erabiltzen dira. Beraz, PDFa sortzeko, inprimatzeko aukerari sakatu eta PDF inprimagailu birtuala aukeratzea besterik ez dago. Orduan PDF dokumentua sortuko da eta aukeratutako karpetan gordeko da .

Horretarako MS Windows-en PDFCreator da ezagunenetariko bat, hemendik http://sourceforge.net/projects/pdfcreator/ jaitsi daiteke instalatzailea. Gainera, software libre eta doakoa da.

GNU/Linux sistemetan, CUPS inprimatzeko sistema erabiltzen bada cups-pdf paketea instalatu behar da eta gero inprimagailu berri bat sortu CUPS sisteman, sortzeko momentuan CUPS-PDF (Virtual PDF printer) aukera hautatu behar da eta fabrikatzaile bezala “Generic”. Hori eginda, jada inprima daiteke PDF bezala edozein dokumentu eta erabiltzailearen home karpetaren barnean PDF izeneko karpetan gordeko da inprimaketa.

Mac OS X sistemetan, aurrebistan gorde honela aukerari sakatzea eta hor PDF hautatzea besterik ez dago. Sistema eragilearen bertsio zaharragoetan, dokumentua inprimatzerakoan PDF aukeran klik eginda gorde daiteke PDF formatuarekin.

RTF

RTF formatua, ingelesetik, Rich Text Format, testu aberastuko formatua esan nahi du. Formatu hau testu prozesadore asko irekitzeko gauza dira sistema eragile ezberdinetan eta MS Word testu prozesadoreen bertsio ezberdinetatik ere zabal daiteke. Halaber, testu prozesadore gehienek gorde ahal dute dokumentuak formatu honetan. Formatu honek baimentzen du testua aldatzea eta editatzea, beraz, oso egokia da ez bada nahi PDF formatuan bidaltzea edota testua aldatzea baimendu nahi bada. Alabaina, formatu honekin ez da ziurtatzen mantenduko dela dokumentuaren jatorrizko itxura osoa.

MS Office eta Open Office bateragarritasuna

Esan daiteke bulegotika aplikazio erabilienak MS Office eta Open Office edo NeoOffice (Mac Os Xren kasuan) direla, beste batzuk ere egon arren. Ba, bien bateragarritasunei dagokienez, Open Office doc eta docx formatuak irekitzeko gauza da eta baita doc formatuan gordetzeko ere. MS Office, ordea ez du odt formatua ulertzen eta ez da ez irekitzeko ez gordetzeko gauza.

Artxibo konprimituen kasuan

Artxibo konprimituak bidali behar badira, zip formatua egokiagoa da rar edo ace formatuak baino, sistema eta aplikazio gehiago zabaltzeko gai direlako.