android, Aplikazioak, Apple, ebook, Mugikorrak

Bukatu da Readmill, ePub liburu elektronikoen irakurgailu soziala

ibooks_contents_heroDatorren uztailaren 1ean bukatuko da Readmill liburu elektronikoen irakurgailu arrakastatsuaren ibilbidea. Aplikazioa itxi egingo dute, eta ordutik aurrera ezingo da liburu berririk kargatu, edo entzutetsu egin duten aipuak sare sozialetan partekatu.

Haien hitzetan, liburuak irakurtzeko komunitate bat osatu eta eredu berri bat sortzeko ahalegina antzua izan da azkenean. Ekonomikoki bideraezina egin zaie, eta hainbat aukera aztertu dituzte amaiera saiheste aldera: ordainpeko harpidetzak, aplikazioagatik kobratzea…

Azkenean aplikazioa alde batera utzi, enpresa itxi eta Dropbox etxera pasatuko dira lanera. Dropbox hodeiko biltegi zerbitzua da, eta liburu digitalen alorrean Readmill bidez hartu duten esperientzia bertan baliatuko dutela esan arren, ez omen dago asmorik berehalakoan irakurgailu berririk garatzeko.

Readmill zerbitzuaren erabiltzaileei haien informazioa deskargatu eta beste zerbitzu batera inportatzeko eran prestatu diete guztia: aipuak, iritziak, estatistikak, DRM lizentziak nahiz liburuak salbu dira horrela itxieratik. Hainbat formatutan jaisteko doitu dute webgunea, eta beste zerbitzu batzuetara kargatzeko argibideak eman: https://readmill.com/epilogue.

Hortaz, tabletan edo telefonoan irakurtzen jarraitu nahi dutenek badute aukerarik iOS eta Androiden. Batera zein bestera, esportatu nahi diren liburuek DRM duten jakin beharko da aukera egiteko. Zibergelan DRM sakon eta luze aztertu genuen: http://zibergela.bitarlan.net/2013/06/20/kopiaren-kontrako-neurriak/. Labur esanda, kopia digitalaren kontrako neurri bat da DRM. Liburuaren baitan doan lizentzia edo baimen bat bezalakoa, hura irakurtzea posible egiten duena.

iOS plataforman Applek badu bere irakurgailu propioa: iBooks. DRM gabeko liburuak irakurtzeko balio du, eta esaldiak azpimarratu edo oharrak jaso daitezke. Liburuak norberak karga ditzake ordenagailutik, hodeiko biltegi batetik edo zuzenean aplikazioko dendan erosi. DRM gaitutako liburu irakurleentzat, aldiz, Bluefire da aukera, eta aurrekoaren antzeko funtzionalitateak ditu. Androiden kasuan, Aldiko aplikazioa jantzia da baita ere, baina funtzio guztiak gaitzeko 2,49 euroko premium bertsioa deskargatu behar da.

android, Aplikazioak, Apple, Ofimatika

Office Mobile, debalde iPhone eta Androidetan iPaderako estreinaldian

Office-iPad-tabletsOffice Mobile da Microsoften bihotzeko bulegotika paketearen estreinako jauzia Windows ez den plataformetara. IPhone eta Android telefonoetarako bertsioen atzetik, orain iPaderako egokitu eta erabat aberastu izana da albiste. Iragan astean eman zuen horren berri Microsofteko agintari berriak, Satya Nadellak. Lanerako erosoagoa den tabletara jauzi egin eta eskaintza hedatzea da xedea. Bide batez, Appleri bere plataforman bertan lehiatuz erronka egitea.

Deskargatzean Word, Excel eta Powerpoint aplikazioak jasotzen dira. Paketean ohikoa den Outlook posta elektronikoko bezeroa eskaintzatik at utzi dute oraingo honetan. Baina txundigarriena ez da hori, sakelakoetarako Office Mobile dohainik jartzeko erabakia baino.

Doakoa, ñabardurekin

Ez du hautu propioz egin, lehiakideek hala beharturik baizik. Eta, hala eta guztiz ere, dokumentuak ikusteko eragozpenik egon ez arren, editatzeko aukera guztiak beharrez gero, Office 365 harpidetza ordaindu beharra dago. Hilean 9,99 euro edo urtean 99,99 euro ordaindu beharrekoa. Tabletaren kasuan, mugak harago doaz, eta dokumentuak ikusi baino ezin da egin doako eskaintzarekin. Telefonoen bertsioa, berriz, osorik balia daiteke; baina tresna bera da mahaigaineko edo iPadeko bertsioak baino aukera gutxiago dituena. Esaterako, eranskinak txertatzeko edo taulak doitzeko aukerak falta zaizkio.

Applek iWorks eta Googlek QuickOffice doako egin ostean, Microsoften erantzun lasterra espero zuten askok. Orduan, Zibergelan ere jardun genuen tableten bulegotika aplikazioetako lehiaz: http://zibergela.bitarlan.net/2013/10/17/quickoffice-bulegotika-aplikazioa-doakoa-egin-du-googlek/.

Gainera, enpresek zein erabiltzaileek nahiago dute Dropbox edo Drive erabili dokumentuak gordetzeko. Egoera irauli eta Office Mobilek sortutako olatua aprobetxatzeko asmoz, OneDrive lehenetsi dute. Ondorioz, Internet sarbidea edo seinalea ezinbestekoak dira gordetzeko. Kopiak lokalean biltegiratzea gabezia latza da.

Ikusteko dago zeinek irabaziko duen telefono eta tableten norgehiagoka, baina, horrela, Microsoftek gehiago estutu du lehia. Erabiltzaileen mesedetan, bistan da.

iPaderako aplikazioak banaka aurki daitezke, bilduman izan beharrean: Microsoft Word for iPad, Microsoft Excel for iPad eta Microsoft Powerpoint for iPad sekulako arrakasta izaten ari dira. Telefonoetarako, berriz, deskarga bakarrean eta doan dago Office Mobile App Store eta Google Play lekuetan.

Aplikazioak, Apple, tabletak

eTangram, haur zein adindunengan estimulu kognitiboa sortzeko jokoa

screen480x480Tangram puzzle joko bat da. Jatorria Txinan du, hemezortzigarren mendean. Adimena suspertzeko eta garatzeko erabiltzen da; baita psikomotrizitatea lantzeko ere. Egun, gehienbat psikologoek erabiltzen dute, adinekoekin eta haurtxoekin.

Jolaserako piezak lortzen dira lauki batetik abiatuta, zazpi forma geometrikotan moztuta. Horregatik, disekzio puzzle ere esaten zaio: tamaina desberdineko bost triangelu, erronbo bat eta paralelogramo bat, hain zuzen. Pieza horiek biratuz, mugituz eta konbinatuz sortutako ereduaren gisako figurak osatzean datza. Mila bat figura egin daitezkeela kalkulatzen da.

Merkatuan abagunea ikusi ostean garatu dute eTangram izeneko aplikazioa Bilbomatica eta Deustuko Unibertsitateak. Zuentzat taldearen aholku psikogerontologikoa jasota garatu dute. Horrela, iPad tabletaren ukipenezko pantaila baliatu eta joko zaharra teknologia berrietara moldatu dute.

eTangram euskaratuta eta doan dago App Storean deskargatzeko.