Euskalterm terminologia banku publikoaren bertsio berria aurkeztu du Kultura Sailak. Bertsio zaharrak, oraingoz, eskuragarri jarraitzen du sarean, http://www1.euskadi.net/euskalterm/indice_e.htm helbidean. Bertsio berriaren helbidea hau da: http://www.euskadi.net/euskalterm.
Bertsio berriaren ekarpenak, hauek dira: interfaze berria eskaintzen duen aplikazio honek, 14 hiztegi terminologiko eskaintzen ditu, eta bilaketaren emaitzak sailkatu egiten dira. Gaztelerako «tinta» terminoa bilatuz gero, Biologia atalean emaitza bat eta Arte atalean beste emaitza bat dagoela esaten zaigu. Emaitza guztiak bistaratu ahal izateko, atalez atal klikatzen ibili beharko dugu. Besteak beste, Sustatu webgunean, atzerapauso horixe leporatzen diote erabiltzaile batzuek bertsio berriari: lehen, emaitza guztiak ikusteko, klik bakarrarekin nahikoa zen; eta, orain, adiera guztiak ikusteko, hainbat klik egiten ibili behar da.
Eskaintzen diren emaitzetan ere, ponderazio-marka batzuk erakusten dira, terminoen fidagarritasuna adierazteko. 0 marka duten emaitzak baztertzekoak dira, eta 4 dutenak berriz, termino normalizatu eta gomendatuak lirateke. Azkenik, erabiltzeak bere ekarpenak egiteko aukera du: zuzenketak edo termino berriak gehitzeko eska dezake erabiltzaileak web orri berri honetan.