Kopiaren kontrako neurriak

Protected DiscFinantzek eta ekonomiak hazten jarraitu dezaten kontsumitu beharra dago. Horrela dago planteatuta gaur egungo gizartea, eta etengabe haztea xedea duen eredu makroekonomikoak ez du erreparorik eskura dituen tresna teknologikoak baliatzeko hori bete dadin. Egungo ereduan, ez dago iraupenean pentsatuta diseinatzeko eta ekoizteko lekurik. Urrunago joan barik, hor dago bolo-bolo jendearen ahotan dabilen trikimailua: zaharkitze programatua delakoa. Tresna elektronikoei jartzen zaien ezkutuko neurri horrekin, etxeko tresnak nahiz gailu elektroniko oro urte batzuk iraun eta apurtu daitezen merkaturatzen dira, aipatzen ez den iraungitze data automatikoarekin.

Hala ere, zitalkeria horretan probetxurik ez, eta aisialdirako industria digitalean ere erabiltzaileak etengabe ordaintzera behartzeko teknikak ere badira.

Zer da DRM?

Muga digitalen kudeaketa edo ingelesezko Digital Restrictions Management laburdura (DRM), bakoitzak bere euskarri digitalekin nahiz gailuekin egin dezakeena kontrolatzen duen teknologia da. Programa edo aplikazio batek abesti bat partekatzea eragozten duenean, liburu digital bat beste gailu batean irakurtzea galaraztean, bideo joko bat Internet sarbiderik gabe jolastu ezin denean, atzean DRM salbuespen neurria dago beti. Hau da, DRMk kalte egiten dio erabiltzaileari, erositakoarekin nahi duena egitea eragotzita. Aurrekari arriskutsua ezarri dute, askatasuna, pribatutasuna eta zentsura bezalako alderdietan daukan eraginagatik.

Ez da atzo goizeko kontua, hala ere, eta 2006. urteaz geroztik, erresistentzia latza dago antolatuta sarean, eta kontsumitzaileen eraginpean musikaren arloan moteltzea lortu bada ere, DRMren itzala sumatzen hasi dira liburu elektronikoak, bideoak nahiz bideo jokoak. Kopien kontrola darabilten etxe batzuk dira Apple, Amazon, Sony eta Microsoft erraldoiak. Enpresa handi horiek haien zirkuituak kontrolatu eta kopia pribatuaren eskubidea mugatu nahi dute. Dagoeneko joera sortu dute, eta haien kontrolari ihes egiten dioten Interneteko kanalak eragozteaz gain, besteak beste, hiru dimentsioko inpresioan aplikatzeko aldaeretan agertzea eragin dute.

Belaunaldi berriko bideo joko eta liburu elektronikoetan ere polemika

Esateko asko ari da ematen DRM azken boladan, hala nola E3 bideo jokoen azokan hainbat erabiltzaileren sumina piztu du hurrengo belaunaldiko bideokontsoletan neurri hori agertzeak. Bigarren eskuko salmenta nahiz lagunei jokoak uztea debekatuko lukeelako. Polemika mahai gainean dago, eta neurri honen ondorioz, Xbox One eta Play Station 4 berrien salmenta itxaropenak eta erreserbak beherakada nabarmena jasaten ari dira.

Azken albiste zirraragarria liburu digitalei lotuta etorri da, alabaina, eta mugarri latza izan daitekeela esan beharrik ere ez dago: SiDiM deitzen da DRM sistemaren aldaera berria. Horrekin, saldutako liburu elektroniko bakoitzean aldaketa txikiak sartuko lituzkete testuaren esanahia mantenduz, baina kopia bakoitza bakarra bihurtuz.

Horrek Internet bidez zabaldutako kopiaren jatorrizkoa identifikatzea ekarriko luke, eta ondorioz, sarean jarri duena erantzule bihurtzea.

2 Responses to Kopiaren kontrako neurriak

  1. Pingback: » Bukatu da Readmill, ePub liburu elektronikoen irakurgailu soziala

  2. Pingback: Zibergela | Readmill irakurgailu soziala, Android sistemetan ere bai

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>