android, Aplikazioak, Apple, Bilatzaileak, elkarlana, Jokoak, Multimedia

EuskalAPPs, euskarazko aplikazioen komunitatea

Euskal aplikazioak aurkitzeko eta sortzeko komunitatea plazaratu berri dute sarean. Zaratarik egin gabe, ia ezustean iritsi zen ataria aurreko astean. Ideiaren asmatzaileak The Movie Virtual enpresakoak dira, eta, Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren babesarekin ataria abiarazi ostean, Twitter sare soziala aukeratu zuten jardueraren berri emateko: @euskalapps: «Online gaude! Laguntza asko behar dugu proiektu hau ondo bideratzeko… prest al zaudete? http://www.euskalapps.net».

Helburu bikoitzaz aurkeztu gura izan dute ekintza: euskal aplikazioen erabilera bultzatzeko biltegi bateratuaz gain, berriak sortzeko argibideak ere eskaintzen dituzte. Jardueraren ibilbidea ikusteko dago oraindik, baina ez dute nahi bitartekari falta muga izatea: programatzeko lanabesak eta interfazeak jarri dituzte eskuragarri, eta badago biderik lankidetzarako nahiz proiektu berriak sortzeko. Bide batez, erabiltzailea ere aplikazio garatzaile bihurtzea da jomuga. Norberak sortu edo aurkitu duen aplikazioa sustatzeko aukera ere eskaintzen dute ondoren. Horrez gain, beste hizkuntzetan dauden aplikazioak euskarara itzultzeko aukera ematen dute.

Oraindik ez dauzkate bilduta merkatuan euskaraz eskuragarri dauden aplikazio guztiak, eta daukaten eskaintza 50 bat aplikaziokoa da bakarrik. Baina euskarriei dagokienez, ez dira motz geratu: Apple, Android, Windows Phone eta BlackBerry telefono eta tabletetan dauzkate eskuragarri aplikazioak. Gurean dagoeneko ezagunak diren aplikazio batzuk ageri dira dagoeneko: besteak beste, TxalapartApp, BertsoApp, KulturMapp proiektua, Ordiziako azokaren salneurriak jasotzen dituena, Elhuyar hiztegia, iHondartza —uda garaia gerturatzen denerako — eta poteoko zerrendetarako ApPoteo aplikazioak dituzte eskuragarri.

Amazon, android, Apple, ebook, Google, Hardware, Jokoak, Mahaigaina, Microsoft, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Sistema Eragileak, Software Librea, tabletak, Windows

2012a, tamainari lotutako urtea

Gailu eramangarrien urtea dei dakioke 2012ari. Lehendabizikoz, tableten eta sakelakoen salmentak mahaigainekoen zifrak gainditu dituzte 2012. urtean. Irabaziak dituztenen zerrenda, ordea, ez da aldatu: Apple, Samsung eta Googlek besteen gainetik zuten abantailari eutsi diote, eta handitzea ere lortu dute.

Urtea albistetan aberats hasi zen: polemikarako nahiz eztabaida ideologikorako pizgarri izan zen Megaupload ixtea, eta Kodak argazki etxe mitikoaren gainbeherak, Facebooken burtsako txango makalak eta Appleren mapa sistema propioaren deskalabruak zeresana eman zuten. Esan beharrik ere ez dago Google Maps izan dela garaile segmentu honetan: bizkorra, zehatza, itxurosoa eta trafikoaren eta errepideen eguneratzeekin. Bestalde, filtroak eskuragarri dituzten argazki aplikazioek gorakada handia izan dute, eta Twitterrek berak ere eskuragarri ezarri du berriki, moda berriari eusteko asmoz. Nabarmenena Instagram telefonoetarako vintage erako argazki aplikazioa izan da; iOSen erabiltzaileen artean arrakasta izan ostean, Androiderako jauzia eman zuen. Instagram Facebookek barneratu, eta Twitterrek bere zerbitzutik atera zuen erantzun gisa; baina benetan kaltegarria suertatu zaio: azken asteetan erabiltzaileen eskubide gaineko eguneratze polemiko baten ondorioz, erabiltzaile galera masiboa izan du.

Windows 8 sistema eragilea ere atera da, behinola erreferente izan zenak aldaketa handiak proposatu ditu ukimenezko pantailetarako eta gailuetarako, ordenagailu, eramangarri zein tabletentzat berdin balio duen euskarriarekin sosak jokatzeko asmotan. Produktu berriari lotuta, Surface izeneko tabletak ere plazaratu zituzten, tableten gudan bidea ireki nahian. Ordenagailuen merkatua nora ezean dagoen isla besterik ez da Microsoftek pairatutakoa, hainbat eratako gailuak kaleratzen baitira, salmentak puskatuko dituen produktua nork plazaratu: bihurgarriak (erdi tableta, erdi ordenagailu eramangarri), teklatu txertagarria duten tabletak edo ultrabook ukimenezko pantailadunak dira adibideak.

Urtea bukatzeko mezuak ere jada ez ziren SMS bidez egin, baizik eta Whatsapp bidez. Hala ere, joera aldatuz doa, eta aitzindariak egunak zenbatuta dauzka lehen postuan. Spotbros edo Line mezularitza aukerak merkatua hartuz doaz, eta agian datozen Gabonetan zorion agurrek beste bitartekaririk ere izango dute. Bien indarra segurtasunean datza, eta Linek deiak egiteko aukera ere ematen duen arren, arazoak dauzka telefonoaren bateriaren erabilpen larregizkoarekin.

Tabletak eta sakelakoak

Esan dugun bezala, smartphone-en joera geroz eta pantaila handiagoak jartzea da, eta tabletetan, berriz, txikiagoak merkaturatzeko apustua egin dute. Errudunak Googlekoak direla esan daiteke, haien Nexus 7 gailuaren ondorioz. Aurrenekoa agian Amazon izan zen, bere Firerekin, baina erdibidean geratu dira Googlekoen aldean.

Nexus 7 ez da iPad Miniaren materialen kalitatera iristen, baina Google Play dendako app eskaintza zabala, prezio erakargarri bat (199 euro) eta Android euskarriaren azken eguneratzea edo 4.2 Jelly Bean bertsioaren esperientzia berrituak 2012. urteko errebelazioa bihurtu dute. Telefonoei dagokienez, iPhone 5 sakelakoa kaleratu bada ere, prezioak gutxi batzuen gutizian utzi dute, eta hori Samsung konpainiaren mesedetan joan da. Apirilean Nokia aurreratu zuten hegokorearrek munduko lehen telefono fabrikatzaile gisa, eta gaur egun Apple, Nokia eta HTC etxeek batera saltzen dituztenak baino ale gehiago merkaturatzen dituzte munduan.

Galaxy S3 izan da aginte makila eman diona, merkatuan dagoen ezaugarri, software eskaintza eta prezio onenak dituen smartphone-a dela esan baitaiteke. Googlek, bere aldetik, Nexus 4 telefonoaren eskaintza bortitza proposatu zuen, baina izan dituzten hornikuntza arazoek arrakasta oztopatu diete.

Bideo-jokoak

Kontsolen esparruan, goitik behera zetorren Nintendok eman du aldaketa, Wii U makinarekin. Gakoa prezioan (300 euro), hasierako katalogo zabala (23 jokorekin) eta beste behin ere orain arteko guztiarekin apurtu duen aginte gailu edo tableta iraultzailearen eskutik —Wii U Gamepad— etorri da. AEBetan etxeko aurreko bideo jokoak izandako salmentak bikoiztea lortu dute Mario eta Luigi anaien sortzaileek, eta momentu batez arrakastatsuak bezain gogaikarriak diren txorien edo Angry Birds bideo jokoak ahaztarazi dituzte erabiltzaileak.

Aipamen bereziak

Liburu elektronikoen sailari dagokionez, Amazonek orain arteko Kindle lineako produkturik landuena kaleratu zuen, Paperwhite: pantaila argiztatua, 1.100 libururentzako edukiera eta diseinu dotorea. Prezioa, 129 euro. Hurrengo Zibergela-ren batean mintzagai izango diren Googleren betaurrekoek errealitate areagotuaren ikuspegi berri bat ekarri izana edota 26 euroko Raspberry Pi informatika ikasteko erabiltzeko ordenagailuek ere merezi dute aipamena.

Internet, Jaialdiak, Jokoak

Fun and Serious Game Festival, bideojokoen jaialdia Bilbon

Datorren azaroren 26tik hasita eta astebetez, Europako garrantzitsuenaren etiketa eskegi dioten bideojokoen biltzarra edo Fun and Serious Game Festival, ospatuko da Bilbon. Aisialdiko sektorean geroz eta garrantzia handiagoa daukan industria da bideojokoena, inongo zalantzarik gabe. Urrutirago joan gabe, James Cameronen Avatar luzemetraiak 17 egun behar izan zituen artean 1.000 milioi dolar batzeko; Call of Duty Modern Warfare 3 jokoak egun bat gutxiago behar izan zuen zifra ikaragarri hori gainditzen. Joera hau areagotuz doa, iragan astean kaleratu zuten Call of Duty Black Ops 2 bideojokoak 500 milioi dolar batu ostean lehen egunean.

Alor honen pisuaz ohartuta, Euskal Herriko eta Bizkaiko erakunde nagusiak sektore hau indartu nahian dabiltza urte batzuetatik hona, Bilbo ardatz jarrita: jaialdi honen bitartez profesionalen ahalmen sortzailea publikoki zabaltzea nahi dute; eta bestetik, bideojokoen industria sortzeko ahalmena sendotzeko asmoa daukate, profesionalak sortzeko ikasketa eskaintzaren bidez. Ikasketa planari buruzko informazioa: https://www.digipen.es/workshops/.

Bigarren edizioan doan F&S jaialdiaren aurkezpenean, apustu horren garrantzia azpimarratu nahi izan zuten; eta etxeko bideokontsola baino haratago, sektorearen mugikortasuna eta hezkuntza bezalako esparruetarako erabilpena potentziatzea aipatu zituzten.

Programatutako ekintzak lau zutabetan oinarritzen dira: jokogintza eta Serious Games esparruko profesionalen hitzaldien zikloa; pertsona guztientzako jarduerak eta jokoak izango dituen zona (Alhondiga Bilbao); aisialdirako bideojokoen konferentziak; eta 2012ko bideojokorik onenak saritzeko ekitaldia. Bertaratuko diren norbanakoen artean dago Charles Cecil, Revolution Software enpresaren sortzaileetariko bat eta Broken Sword frankiziaren sortzailea; eta “crowfundig” edo jendearen laguntza bidezko finantziazioari buruz mintzatuko da. Esandako guztiaz gain, aipatu nahi da League of Legends izeneko jokoaren txapelketa bat egingo dela estatu guztiko jokalarien artean aukeraketa egin ostean. Finala streaming bidez ikusteko aukera egongo da.

Informazio gehiagorako jo: http://www.funandseriousgamefestival.com/euskera/.