Apple, Jokoak, Mugikorrak, musika, Sakelako Telefonoak, tabletak

Txalapartapp, euskal musika aplikazioa

1988 urteko “Big” pelikulan, Tom Hanks aktoreak lurrean zegoen piano erraldoi bat hankekin jotzen zuen. Hori, belaunaldi oso baten eginbeharrekoen zerrendan sartzeaz gain, zinemako irudirik famatuenetarikoa bihurtu zen halabeharrez. Orain, AEBetara joateko behar hori ekiditzearren edo, berriz ere musika eta azken teknologia biltzeko ideia otu zaie bi gazteri, jolasaren bidez. Beste behin gehiago zaharra eta berria fusionatu dira, Nafarroa Beherean ekoitzitako aplikazio batean; hots, Apple etxeko gailuen ezaugarri puntakoak eta euskal musikaren aintzindari den txalaparta batu dituzte: Txalapartapp.

Jakina denez, txalaparta zurezko xafla luzeak makilaz jo, eta munduan bakarra den soinua sortzen duen perkusiozko tresna zaharra da. Egun, Euskal Herriko ezaugarri folkloriko hutsean geratu bada ere, Damien Urruty eta Iban Lamarque-ren eskutik lehen lerro teknologikora itzuli dira erritmo zaharrok.

Azken belaunaldiko gailuen ukimenezko pantailak aprobetxatzean datza gakoa. Errealitatean bezala, jotzaile bi aritu daitezke, bakoitzak makila bina balitu bezala behatzekin egurrean kolpatzea simulatuz. Tradizioak dioen legez, jole bat ttakuna eta bestea herrena izango dira; lehenak oreka edo ordena ezartzen duen artean besteak desoreka sortuko du. Horretaz gain, ordaindutako bertsioan (App Storean 0,89€tan), bakoitzaren musika zerrenda ireki eta nahi den kantarekin batera jotzeko aukera ematen du. Azkenik, honelakoetan hain iaioak ez direnentzat, lau soinu dakartza lehentasunez eta zailtasunaren arabera sailkatuak.

Txalapartapp, iPhone eta iPadentzat kaleratu zuten pasa den ostegunean.

Apple, Jokoak

Bertsoapp. iPhone, iPad eta iPod Touch-erako bertso aplikazioa

Appleren denda birtualean, App Storen, Lander Unanuek (@abarkatxo) garatutako Bertsoapp jolas aplikazioa eskura dugu, doan.

Telebistako Mihiluze saioaren pottokumea estiloko jolasa da Bertsoapp. Aplikazio horrek eskaintzen dituen bertsoak lau edo zortzi oinez osatuta daude. Oinak, errimatzen duten hitzak, bertsoetatik kendu dira, eta jokoaren helburua oin bakoitza dagokion lekuan jartzean datza. Horretarako banan-banan eta ordenan aukeratu behar dira, bertsoak zentzua izan dezan. Oin guztiak jarri eta berehala, aplikazioak bertso osoa zuzenduko du, ondo dauden oinak berdez koloreztatuz eta lekuz kanpo daudenak gorriz markatuz. Ez dago ez puntuaziorik, ez denbora mugarik.

Bilatzaileak, Jokoak

Google-k Monopoly City Streets jokoa abiarazi zuen aurreko astean

Google-k, Monopoly City Streets on-line jokoa martxan jarri zuen irailaren 10ean, hiru miloi dollarrekin hasten da jokalari bakoitza eta diru horrekin kale ezberdinak erosi ahal ditu eta eraikitzen hasi. Hain grinatsu egon dira mundu zabaleko erabiltzaileak ezen, lehenengo egunean erori den web gunea, eta probatzeko gogoarekin gelditu dira erabiltzaile anitz. Alabaina, munduko edozein kale erosteko aukerak eta on-line mundu zabaleko milaka beste jokalariekin jolastu ahal izateak gogoarazten du zein hedadura eta tamaina izan dezake proiektuak.

http://www.monopolycitystreets.com