android, Aplikazioak, E-Learning, Euskara, formakuntza, Ikastaroak, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Ariketak egin eta EGA titulua prestatzeko Android aplikazioa

Euskaldunen ahozko zein idatzizko trebetasuna ziurtatzen duen proba edo azterketa da EGA edo Euskararen Gaitasun Agiria. Proba eta azterketa desberdinak gainditzea eskatzen die ikasleei: atariko proba, azterketa idatzia eta ahozko azterketa. Bat egin ahal izateko aurrekoa gainditzea ezinbestekoa da.

unnamedEuskal Herrian EGA banatzen duten erakunde bat baino gehiago dago: Eusko Jaurlaritza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroako Gobernua, Nafarroan; eta Euskaltzaindia, Ipar Euskal Herrian. Europako erreferentzia markoan C1 mailarekin da bateragarria EGA azterketa.

Ikasleen amesgaizto bihurtzen dira orduan ikasi beharreko esamoldeak, esaera zaharrak, sinonimoak zein berridazketak. Bada, aurrerantzean hori guztia prestatzeko era berri bat izango dute. Izan ere, Kaixo! euskaltegiak EGA APP izeneko Android telefonoentzako aplikazioa sortu du bere hamargarren urteurrena ospatzeko.

Aplikazio horrek EGA azterketako aurreneko bi probak prestatzeko 4.000 ariketa baino gehiago eskaintzen ditu. Ordenagailuarekin eta fotokopia zaharrekin ez ezik, belaunaldi berriko gailuen bitartez ere egin ahal izango dira EGArako prestaketa lanak.

Oraingoz Android sakelakoetarako baino ez dago eskuragarri Google Play-n, baina laister beste sistemetara iritsiko dela iragarri dute sortzaileek.

android, Aplikazioak, Apple, Euskara, Kirola

Euskara eta Athleticen baloreak sustatzeko haurrentzat ipuin interaktiboak

IMG_0110Euskaltzaleen Topaguneak eta Athletic Club Fundazioak batera sakelako eta tabletetarako “Lehoiak ametsetan: Bixentaren abentura zurigorriak” izeneko ipuin interaktibo bilduma plazaratu berri dituzte. Kirmen Uribek idatzitakoak dira ipuinak, eta ilustrazioak Asisko Urmenetak eginak dira.

Zazpi pasartek osatuko dute bilduma bukatuta dagoenean. Baina gaur-gaurkoz hiru dira dakartzanak. Gainerako laurak hurrengo asteetan batuko zaizkie.

San Mameseko zelaipean bizi den Bixenta sator zaharra da esataria. Berea da ardura haurrei azaltzekoa Athletic futbol taldeko pertsonai zein pasarte adierazgarrienak: Mr. Pentland, Iribar, Zarra, gerra garaiko pasadizoak, Athleticeko jarraitzailea izatea zer den edo Athletic Clubeko emakumeak. Jose Angel Iribarrek, bera ardatz duen ipuinerako bere ahotsa sartu du gainera.

Athleticen baloreen transmisioa abiapuntutzat hartu, eta gurasoen eta haurren artean euskararekiko motibazioa handitzea ditu helburu egitasmoak. Horrela, ipuinak entzun egin daitezke, eta azpi-tituluen bitartez irakurri ere bai.

Hala nahi duenak ekarpena egin dezake, eta Athleticen inguruko istorio edo pasarteren bat kontatu helbide honetara bidalita. Iristen diren gaien artean bat aukeratu eta horren gainean idatziko da ipuin bat; baita aplikaziora igo ere.

Lehoiak Ametsetan aplikazioa iOSeta Android plataformetarako deskarga daiteke doan App Store eta Google Playn.

android, Aplikazioak, Apple, Euskara

Mendigoizaleek motxilan eramateko ezinbestekoak

UepaaSakelakoen geolokalizazioak berrikuntzak ekarri ditu kokapenean. Orain, erraz bilatu daitezke kaleak, lekuak eta pertsonak. Geokokapenaren erabilerez aritu ginen Zibergelan: http://zibergela.bitarlan.net/2012/12/06/geokokapenaren-erabilerak/.

Altitude: altuera ezagutu, eta sare sozialetan partekatzeko

Mendian, berebiziko garrantzia dauka posizioa mapan seinalatzeak. Hala ere, gutxi hitz egiten da altuera neurtzeko gaitasunaz. Azken hori baliatuz, erabiltzailea dagoen altueraren berri ematen du Altitude – View & Share aplikazioak. iOS 7 eguneraketa duten iPhone telefonoetarako doako aplikazioa da, eta gazteleraz eta frantsesez dago. Abiaraztean, norbera dagoen garaieraren araberako paisaia erakusten du; eta, gainean, altuera, metrotan zein oinetan. Horren ostean, Facebook eta Twitter balia daitezke informazio hori ingurukoekin partekatzeko.

Paisaiaren ordez, lekuko argazkia ere izan daiteke. Baina, horretarako, 0,99 dolar (0,73 euro) ordaindu beharra dago. Bide batez, garaieraren informazioa erantsita duten argazkiak telefonoaren galerian gordetzeko aukera izango da. Norbere irudia erabili ahal izateak ukitu berezia ematen dio Altituderi. Sinplea da oso, eta, adierazitakoaz gain, gutxi dauka eskaintzeko. Esaterako, argazkia posta elektronikoz bidali nahi duenak Altitude itxi, eta telefonoaren galeriatik egin beharko du. Izen bereko Androiderako aplikazio bat dago. Askoz ere osoagoa da. Horrek momentu bakoitzeko datuak erregistratzen ditu, eta ibilbidearen profilak ere osatzen ditu.

Antzekoa da Travel Altimeter Lite, eta iOS eta Androiden aurki daiteke. Horrek ere irudi baten gainean altuera, latitudea eta longitudea azaltzen ditu. Baina aukera gehiago nahi badira, eranskinengatik ordaindu beharra dago. Hots, Altitude baino garestiagoa da.

iNDeT: irteerak antolatzeko web eta sakelako aplikazioa

Mendizaleak igotako mendi guztien erreferentzia gorde, igo nahi direnak planifikatu, lagunekin partekatu eta erronkatan parte har daiteke iNDeT aplikazioaren bitartez. Osatzeko, posible da norbere gailurren argazkiak igo eta, geolokalizazioari esker, mapan kokatzea. Horretarako, iOS eta Androiden dendetan aurki daitekeen aplikazioa zein http://www.indetweb.com/ webgunea balia daitezke. iNDeT sistema Akting Ingeniaritzaren garapena da.

Alpify: larrialdietan kokapena ezagutarazteko

Badira telefonoko berehalako mezu baten bidez kokapena partekatu eta bizirik atera diren mendizaleak. Hala ere, hiru kilometrorainoko akatsa egon daiteke seinale horietan. Erreskaterako traba handia bihurtzen da hori sarri. Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Alpify aplikazioak ez dauka traba hori, eta zehatzagoa da. Hego Euskal Herrira mugatzen den zerbitzu horren bidez, Internet eta GPS seinalerik ez dagoenean ere alerta bidaltzen du SOS Deietara. Galduz gero, gainera, erabiltzaileak baimena eman dien pertsonek abiaraz dezakete prozesu hori. Horrela, zaintzen ari direnaren geolokalizazio datuak helaraziko dizkiete larrialdi zerbitzuei.