Mendigoizaleek motxilan eramateko ezinbestekoak

UepaaSakelakoen geolokalizazioak berrikuntzak ekarri ditu kokapenean. Orain, erraz bilatu daitezke kaleak, lekuak eta pertsonak. Geokokapenaren erabilerez aritu ginen Zibergelan: http://zibergela.bitarlan.net/2012/12/06/geokokapenaren-erabilerak/.

Altitude: altuera ezagutu, eta sare sozialetan partekatzeko

Mendian, berebiziko garrantzia dauka posizioa mapan seinalatzeak. Hala ere, gutxi hitz egiten da altuera neurtzeko gaitasunaz. Azken hori baliatuz, erabiltzailea dagoen altueraren berri ematen du Altitude – View & Share aplikazioak. iOS 7 eguneraketa duten iPhone telefonoetarako doako aplikazioa da, eta gazteleraz eta frantsesez dago. Abiaraztean, norbera dagoen garaieraren araberako paisaia erakusten du; eta, gainean, altuera, metrotan zein oinetan. Horren ostean, Facebook eta Twitter balia daitezke informazio hori ingurukoekin partekatzeko.

Paisaiaren ordez, lekuko argazkia ere izan daiteke. Baina, horretarako, 0,99 dolar (0,73 euro) ordaindu beharra dago. Bide batez, garaieraren informazioa erantsita duten argazkiak telefonoaren galerian gordetzeko aukera izango da. Norbere irudia erabili ahal izateak ukitu berezia ematen dio Altituderi. Sinplea da oso, eta, adierazitakoaz gain, gutxi dauka eskaintzeko. Esaterako, argazkia posta elektronikoz bidali nahi duenak Altitude itxi, eta telefonoaren galeriatik egin beharko du. Izen bereko Androiderako aplikazio bat dago. Askoz ere osoagoa da. Horrek momentu bakoitzeko datuak erregistratzen ditu, eta ibilbidearen profilak ere osatzen ditu.

Antzekoa da Travel Altimeter Lite, eta iOS eta Androiden aurki daiteke. Horrek ere irudi baten gainean altuera, latitudea eta longitudea azaltzen ditu. Baina aukera gehiago nahi badira, eranskinengatik ordaindu beharra dago. Hots, Altitude baino garestiagoa da.

iNDeT: irteerak antolatzeko web eta sakelako aplikazioa

Mendizaleak igotako mendi guztien erreferentzia gorde, igo nahi direnak planifikatu, lagunekin partekatu eta erronkatan parte har daiteke iNDeT aplikazioaren bitartez. Osatzeko, posible da norbere gailurren argazkiak igo eta, geolokalizazioari esker, mapan kokatzea. Horretarako, iOS eta Androiden dendetan aurki daitekeen aplikazioa zein http://www.indetweb.com/ webgunea balia daitezke. iNDeT sistema Akting Ingeniaritzaren garapena da.

Alpify: larrialdietan kokapena ezagutarazteko

Badira telefonoko berehalako mezu baten bidez kokapena partekatu eta bizirik atera diren mendizaleak. Hala ere, hiru kilometrorainoko akatsa egon daiteke seinale horietan. Erreskaterako traba handia bihurtzen da hori sarri. Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Alpify aplikazioak ez dauka traba hori, eta zehatzagoa da. Hego Euskal Herrira mugatzen den zerbitzu horren bidez, Internet eta GPS seinalerik ez dagoenean ere alerta bidaltzen du SOS Deietara. Galduz gero, gainera, erabiltzaileak baimena eman dien pertsonek abiaraz dezakete prozesu hori. Horrela, zaintzen ari direnaren geolokalizazio datuak helaraziko dizkiete larrialdi zerbitzuei.

One Response to Mendigoizaleek motxilan eramateko ezinbestekoak

  1. Pingback: Mendigoizaleek motxilan eramateko ezinbestekoak...