Category: Aplikazioak

MyDefragPowerGUI, desfragmentatzaile eramangarria

By Jabi Asurmendi Sainz, 2011(e)ko Apirilak 18

MyDefragPowerGUIMyDefragPowerGUI sistema garbitzea eta desfragmentatzea ahalbidetzen duen aplikazio eramangarri bat da..Hau da, USB memoria batean gorde ahal da eta edozein ordenagailutatik exekuta daiteke. Aplikazioak hainbat aukera ditu baina soilik MS Windows sistemetan ibiltzen da. Erabiltzeko zein partizio edo unitate desfragmentatu nahi diren aukeratu daiteke eta orduan hasteko botoiari sakatu behar da.

Hainbat aukera eskaini arren, hizkuntza garbi batean ematen ditu aukera zein azalpen ezberdinak eta pentsatuta dago erabiltzaile guztiek erabil dezaten eta ez soilik ezagutza teknikoak dituzten erabiltzaileek. Izan ere, aplikazioak berak aholkuak ematen dizkio erabiltzaileari. Besteak beste eragiketak programatzeko aukera eskaintzen du, horrela, eguneko, asteko edo hilabeteko egin ahal da aukeratutako eragiketa.

Flash memoriekin ere ondo lan egiten du MyDefragPowerGUI-k. Hemendik jaitsi daiteke aplikazioa dohainik baina ez da software librea: http://www.wieldraaijer.nl/. Helbide horretan ere eskura daiteke proiektu honi buruzko informazioa zein enpresa honek egindako beste lanei buruzkoa.

Wikiak: Elkarlanerako tresna

By Jabi Asurmendi Sainz, 2011(e)ko Apirilak 18

wiki1Interneten edukiak elikatzeko baliabideen artean, ezagunenak blogak dira. Baliabide hauen bitartez, norbanakoak, elkarteak edo enpresak artikulu eta sarrera ezberdinak argitaratzen joan daitezke. Orokorrean artikulu edo sarrera bakoitzak pertsona bakarrak idazten du.

Wikiak, ordea, elkarlanerako eta informazioa, dokumentuak edo web orrialdeak taldean sortzeko eta elikatzeko pentsatuta dagoen baliabidea da. Beraz, oso baliabide aproposa da auzolanerako eta informazioa taldean eta elkarlanean sortzeko eta mantentzeko.

Zer da wiki bat

Wiki hitza hawaiieratik dator, wiki wiki esamoldetik; arin-arin esan nahi du euskaraz. Ward Cunningham izan zen wiki sistema batean oinarritzen zen lehenengo webgunearen sortzailea. Hala, bada, wiki sistema batekin, hainbat erabiltzailek era erraz eta azkar batean sortu, aldatu eta ezabatu ditzakete loturak eta testua formatuarekin elkarlanean. Horretarako nabigatzailea eta sare konexioa baino ez da beharrezkoa. Gainera, wikietan erraz berreskura daitezke eduki ezberdinen lehengo bertsioak eta bertsio zaharrak. Dokumentu edo orrialde bakoitzean egin diren aldaketen historikoa gordetzen delako.

Wiki sistemak maila guztietan dira erabilgarriak auzolanean informazioa kudeatzeko, enpresentzat zein elkarteentzat. Esaterako, dokumentu bakarra adosteko eta lantaldean idazteko edo enpresaren ezagutza kudeatzeko erabil daiteke.

Wikipedia, wiki adibiderik nabarmenena

Wikipedia wikien emaitza nabarmenetariko bat da. Wikipedia entziklopedia eleaniztuna da, Interneten kontsulta daiteke eta, beste web entziklopediak ez bezala, auzolanean osatzen da; hau da, edonork sor dezake artikulu bat, edo jada dagoen bat osatu, nahi duen hizkuntzan. Wiki aplikazio erraldoia dela esan liteke, hori delako artikuluak idazteko eta osatzeko era, eta hitz horretatik hartu du izena. Gaur egun, ospe handiko entziklopedia bilakatu da Interneten, eta oso erabilia da. Hau da euskarazko wikipediaren helbidea: http://eu.wikipedia.org/ da.

Wikiak sortzeko baliabideak

Baliabide ezberdinak daude wikiak debalde sortu ahal izateko. Batzuk, doako zerbitzuak dira nahi duenak wikia on-line sortu ahal izateko eta beste batzuk dira aplikazio libreak Interneteko ostatze zerbitzu propio batean edo intranet pribatu batean instalatu eta inplementatu ahal izateko. Edozein kasutan sortzen diren wikiak publikoak izan ahal dira (edonork ikusteko eta soilik baimena dutenek elikatzeko) edo pribatuak (soilik ikusi eta elikatu ahal dituzte baimenak dituzten erabiltzaileek). Horrela, wikia nahi den bezain itxia edo irekia izan daiteke. Adibidez, Interneten aurkitu daitezke guztiz irekiak diren wikiak non edozein erabiltzailek ikusi eta elikatu dezaketen edo oso itxiak, non soilik baimena duten erabiltzaile batzuek ikusi eta editatu dezaketen.

Wikia on-line sortzea oso erraza da eta ez du behar inolako azpiegiturarik, nabigatzailea eta Internet konexioa baino ez. Web zerbitzu hauen artean oso ezaguna da Wikispaces http://www.wikispaces.com. Honen bitartez oso era erraz batean kudeatu ahal da wiki bat. Bi aukera eskaintzen ditu, bat doakoa norbanakoentzat, elkarteentzat edo ikasleentzat eta beste bat ordainpekoa enpresentzat. Wikispaces bezala, beste zerbitzu batzuk ere badaude wikiak sortzeko, adibidez Wikia: http://www.wikia.com, XWiki http://www.xwiki.com edo Writeboard http://writeboard.com/, Google Docs bera ere uler daiteke Wiki filosofiatik, zeren eta dokumentuak partekatu ahal baitira, lantaldean osatu eta aldaketen historikoa gordetzen baita.

Wikia nork bere zerbitzarian edo intranetean eratu nahi izanez gero aukera ugari ere badaude. PHPWiki http://phpwiki.sourceforge.net/ , adibidez PHPz garatuta dago eta hainbat datu base ezberdinekin ibili ahal da; DokuWiki http://www.dokuwiki.org ere oso ezaguna da, gainera azken honek ez du behar datu baserik testu fitxategiak baino ez ditu erabiltzen, aurrekoa bezala PHPz garatuta dago. Beste programazio lengoaietarako ere alternatibak daude: MoinMoin http://moinmo.in/ Python-ez garatuta dago, OpenWiking ASP-z, eta aintzinetariko bat, UseModWiki Perl-ez garatuta dago.

Twitterrek bost urte

By Ander Goñi Beltza, 2011(e)ko Apirilak 6

twitterOrain arte Twiterrek egindako bideari begirada bat botako diogu. 2006. urtean sortu zuen Jack Dorseyk Twitter, San Franciscon, Ameriketako Estatu Batuetan. Interneteko SMS zerbitzu gisa da ezaguna, eta urtetik urtera erabiltzaile gehiago bereganatu ditu: 190 bat miloi inguru erabiltzaile 2011. urtearen hasieran.

Hasiera batean «friki» gutxi batzuen kontua zela bazirudien ere, egun, gutxi dira Twitterri buruz zerbait entzun ez dutenak. Telebistan ere, zenbait programatan, oraingo pertsonaia ezagunek Twitterren esaten dituztenak erakusten dira. Beraz, esan daiteke gizarte osora zabaldu dela, ez bakarrik teknofiloen artean. Enpresak ere Twitterren sartu dira aspaldi, denak ere hark proposatzen duen «zer ari zara egiten» erantzun nahian.

Zer da Twitter?

Twitterrek, SMSek bezala, gehienez 140 karaktere dituzten mezuak plazaratzeko aukera ematen du. Mezuak sailkatze aldera, etiketak erabil daitezke, # karakterea aurrizki moduan erabiliz. Adibidez: #fukushima. Erabiltzaile batek botatzen dituen mezu edo tweet-ak, printzipioz, publikoak dira, edonork ikus ditzake. Beste erabiltzaile batek esandakoen berri izateko, hari «jarraitu» behar zaio. Beraz, erabiltzaile jakin batek hainbat erabiltzaile jarrai ditzake, eta beste hainbat erabiltzailek jarrai dezakete hura. Jarraituek eta jarraitzaileek ez dute zertan berdinak izan; esaterako, Xabi Alonsok 442.227 jarraitzaile baditu ere, 147 jarraitzen ditu hark.

Norbaiti erantzun bat bidali edo norbait aipatzeko tenorean, @ karakterea jarri behar da erabiltzaile-izenaren aurrean: adibidez, @zibergela.

Norbaitek botatako tweet-ari atxikimendua erakutsi eta zabaldu nahi badugu, mezuari «retweet» egiteko aukera ematen da. Horrelakoetan, mezuaren jabearen izenari, RT: aurrizkia txertatzen zaio; esaterako, RT: @zibergela.

Mezu pribatuak bidaltzeko aukera ere badago.

Tresnak

Twitter erabiltzeko, hainbat modu daude. Twitter bera webgune batean eskaintzen da: http://twitter.com. Bertan, erabiltzailea sortu eta norberak jarraitzen dituen lagunen mezuak ikusteko aukera dago —timeline izenez ezagutzen dena—, baita gure tweet-ak plazaratzeko aukera ere.

Twitterren inguruan, hainbat aplikazio sortu dira, bai mahai gaineko aplikazio nahiz sakelakoetarako. TweetDeck izan daiteke mahai gainerako, iPhone edo Android sistema eragilea duten sakelako telefonoentzat Twitter bezero egoki bat.

Bota nahi dugun mezuan Internet-loturaren bat txertatu nahi badugu, askotan lotura horiek laburtzeko beharra izango dugu. Horretarako, helbide laburtzaile andana dago; horietako bat ttiki.com da (http://ttiki.com/).

Erabilpenak

Twitter zer den lagunartean azaltzean, askotan horrelako galderak agertzen dira: Nor jarrai dezaket? Nola bila ditzaket gustuko erabiltzaile edo gaiak? Hau gomendatuko genuke: lagun twitterlaririk izanez gero, hasi horiek jarraitzen. Lagun horiek beste batzuen aipamenak egingo dituztenez, lagun horien bitartez, has gaitezke beste «lagun» batzuk jarraitzen, eta, modu berean, gure mezuak beste batzuentzat interesgarriak suertatzen badira, jarraitu egingo gaituzte.

Euskal twitterlari asko dabil sarean. Horien guztien berri izateko, Eu.umap.eu webgunea erabil daiteke. Umap da Twitterreko euskarazko jardun guztiaren batzailea.

Twitterren jardunaren inguruan aholkuak nahi badituzue, jo Joxe Aranzabalen blogera.

Argi eta itzalak

Arras erabilia eta famatua den komunikazio tresna bat izanda, baditu alde ilunak. Batetik, Twitter Inc. enpresak eskaintzen duen zerbitzua sare zentralizatu batean oinarriturik dago. Bestetik, Twitterren webgunea ez da euskaraz eskaintzen. Twitter euskaratzeko, eskakizuna abian da.

2011.04.14 eguneraketa: Zertarako erabili, adibide batzuk

SketchUp: Googleren 3D diseinu aplikazioa

By Jabi Asurmendi Sainz, 2011(e)ko Martxoak 31

sketchup2Hainbat alditan esan den bezala, zaila da aurkitzea Internet eta Informatika eremu bat non Googlek eskua sartu ez duenik. Izan ere, hiru dimentsiotako modelatze aplikazioa ere eskaintzen du Interneteko erraldoiak.

Google Seketch Up aplikazioak eraikinak, etxeak, pertsonak, ibilgailuak eta marrazkilariak irudikatzen duen edozein 3Dtako irudiak sortzea ahalbidetzen du. Googlek, gainera, hainbat egitura eta hiru dimentsiotako objektu ezberdinak eskaintzen ditu eta ehunaka objektu ezberdinak bilatu eta deskargatu daitezke horretarako eskaintzen duen bilatzailetik.

SketchUp erabilerraztasunari begira diseinatu da, aplikazioak berak eskaintzen ditu bideo ezberdinak aplikazio honen bitartez modelatzen eta hiru dimentsioetan marrazten ikasteko.

Sketch Up-en historia

Beste proiektu askorekin gertatu den bezala, Sketch Up hasieran ez zen Googleren aplikazio bat. “@Last Software” enpresa amerikarrak abiarazi zuen proiektua 2000ko abuztuan. Googlek “@Last Software” enpresa erosi zuen 2006an eta beraz Sketch Up aplikazioaren eskubideak ere eskuratu zituen. Egun, 8. bertsioa dago eskuragarri.

Sistemaren betebeharrak

Googleren aplikazio asko hodeian daude, Internet aplikazioak dira, Google Docs, Google Calendar edo Google Maps bezala; haatik, kasu honetan, Google SketchUp mahaigaineko aplikazio bat da. Oraingoz ez da prestatu Ubuntu bezalako GNU/Linux sistemetarako bertsio bat, nahiz eta Wine-ren bitartez erabiltzaile batzuek GNU/Linux sitemetan ibiltzea lortu duten, hemen zehazten da nola: http://wiki.winehq.org/GoogleSketchup. MS Windows 2000 Serverren ere ezin da exekutatu. Izan ere, aplikazio honek erabiltzen ditu programazio liburutegi batzuk MS Windows 2000 Serverren ez daudenak. Ordea, ez dago arazorik erabiltzeko MS Windows XP SP2, MS Windows Vista, MS Windows 7 eta Mac Os X 10.5 eta Mac Os X 10.6 sistemetan. SketchUp-en azken bertsioa, 8. bertsioa alegia, dagoeneko ez da bateragarria Mac Os X 10.4 bertsioarekin.

RAM memoriari dagokionez Googletik 2GB edo gehiago gomendatzen dute, baina gutxienez aplikazioa kargatzeko 1GB beharrezkoa da sistema eragile gehienetan eta MS Windows XP SP2 sistemetan 512 MB. 3D bideo-txartela ere beharrezkoa da eta txartela honen driverra OpenGLrekin bateragarria izan behar da.

Nola eskuratu

Aplikazio hau eskuratu ahal da dohainik Googleren webgunetik lotura honetan: http://sketchup.google.com/download/index.html. Eta hor agertuko da Google Sketch Up Pro bertsioaren demo bat deskargatzeko aukera, baina, hori ordainpeko bertsioa da eta orduan debalde deskargatzen den bertsioa soilik 8 orduz erabili ahal izango da mugarik gabe. Horren azpian, agertzen da doako bertsioa deskargatzeko lortura, horri sakatu, aukeratu sistema eragilea eta deskargatzen hasiko da. Ondoren urratsei jarraitu eta sisteman instalatuko da.

Erabilera

Arestian esan bezala, Google Sketch Up erabilerraztasunari begira sortuta dago eta orduan 3Dtan modelatzeko aplikazio bat izanda, erraz erabil daiteke. Erabileran laguntzeko aplikazioa lehenengoz abiarazten denean, erabiltzen ikasteko hainbat baliabide eskaintzen dira: bideo-tutorialak, erabiltzeko aholkuak eta trukuak, laguntza-gunea, laguntza gida edo blogaren lotura. Oso gomendagarria da baliabide hauek arakatzea aplikazioa erabiltzen hasi aurretik.

Aplikazioa erabiltzen hasteko “Sketch Up erabiltzen hasi” botoiari sakatu ahal zaio eta diseinatzen hasteko txantiloia aukeratu behar da. Zenbait txantiloiren artean aukeratu daiteke: Txantiloi sinplea, diseinu arkitektonikoa, Google Eartherako eredua, ingeniaritza eredua, zurgintza eta produktuen diseinua edo ikasteko eredua, adibidez.

Mapak sarean erabilgarri

By Ander Goñi Beltza, 2011(e)ko Otsailak 21

openstreetmap_cartoonAspalditik dator gizasemeak bere ingurua mapa batean irudikatzeko zaletasuna. Ptlomeo greziarra izan zen kristo ondorengo bigarren mendean bere aurrekari izandako guztien jakintza batu eta koordenatuak meridiano eta paraleloen bidez adierazteko oinarriak ezarri zituena. Ptlomeok, Aristoteles eta Hiparkoren lanak baliatu zituen: Aristotelesek ekuatorearekiko inklinazio angelua neurtu zuen eta Hiparkok, mundua bezalako esfera bat, bi dimentsiotako plano batean irudikatzeko oinarri matematikoak ezarri zituen kristo aurreko bigarren mendean, hau da, lehen proiekzio kartografikoa egin zuen.

Mapen garapena, teknologian emandako aurrerapenarekin dago estuki lotua. Mapagintzak erdi aroan bizi izan zuen aurrerakada handiena, iparrorratz eta koadrantearen asmakizunarekin batera. Asmakizun berri hauekin, eguzki zein artizarrarekiko angelua neurtzea posiblea izan zen, eta horrela, mundu azalean, puntu baten kokapena zehaztea posible bilakatu zen.

Hogeigarren mendean, lehen gerrate mundialean, hegazkinak erabiltzen hasi ziren mapak egiteko, bertatik ateratako argazkiak erabiliz, ortoargazkiak bezala ezagutzen direnak. Bigarren gerrate mundialean erabat zabaldu zen hegazkinen erabilpena mapak egiteko orduan. Sateliteen erabilpenari dagokionez, 1966 urtean, Estatu Batuek Pageos izeneko satelitea espazioratu zuten lurrazalaren ikerketa geodesikoak egiteko, oraingoan ere, bereizmen handiko argazkiak erabiliz.

Mapak, nabigatzaileak eta erabilpen lizentziak

Ez da denbora asko, gure kotxeetan nabigatzaile izenarekin ezagutzen ditugun aparatuak agertu direla. Funtzionamendu erraza dute: nora joan nahi dugun adierazi eta gailuak proposatutako bidea jarraitu besterik ez dugu. Baina, nork egiten ditu nabigatzaile hauek erabiltzen dituzten mapak? Bi enpresa dira nagusiki mapa hauen egile: Teleatlas eta navteq. Lehena Tomtom enpresa ezagunak erosia 2007an eta bigarrena Nokia enpresa finlandiarrarena. Nabigatzaile hauek, GPS sistema bidez gure ibilgailuaren posizioa irakurtzen dute, mapan kokatu eta helburu dugun punturantz bideratzen gaituzte.

Nabigatzaileok erosten ditugunean, aparatuak izan ditzakeen mapak erabiltzeko eskubidea lortzen dugu eta inondik inora ez datuok berrerabiltzeko eskubidea. Gure udaletxe askotan ere horrelako zerbait gertatzen da. Enpresa bati mapa bat egiteko eskatuta, inor ez bada lizentzia kontuaz arduratzen, udaletxeak eskatutako mapa jasoko du, baina datuen jabetza, enpresarena izango da. Udaletxe horrek mapa hornitzailez aldatu nahi balu, ezin izango lituzke lehen enpresak erabilitako datuak lortu eta bigarren enpresa horri eman.

Google, Yahoo eta horrelako enpresak, datu geografikoak eskuratu eta erabiltzaileon eskura, hainbat aplikazio jarri dituzte. Erraza da gaur egun interneten sartu eta leku baten helbidea mapa batean irudikatzea, gure herriaren satelite-argazkia ikustea edo norabait joan nahi dugunean, hartu beharreko bidea zein den jakitea. Datu geografikoen erabilera eta irudikatzea ere aplikazio informatikoen programatzaileen esku jarri dute. Gure herriko mugarrien kokapena irudikatu nahi badut, Googlek eskaintzen duen plataforma erabili dezaket. Oraingoan ere, erabilpen baimena da enpresa hauek eskaintzen dutena, baina datuotan aldaketaren bat egin nahi bada, ateak itxita daude. Mashup bezala ezagutzen dira aplikazio hauek, eta gurean, Tagzania izan daiteke ezagunenetako bat.

OpenStreetMap

Datu geografiko askeak eskaintzeko asmoarekin sortu zuen OpenStreetMap proiektua 2004an Steve Coast ingelesak. Wikipediaren filosofiari jarraitzen dio proiektu honek: erabiltzaileen ekarpenekin osatutako mapa da proiektu honen fruitua.
Mapa egin ahal izateko, honako pausuok ematen dira: lehenik eta behin datu geografikoak bildu behar dira; honetarako, normalean GPS hargailu bat erabiltzen da. Jasotako datuak editatu egiten dira hondoren. Errepide batean aurrera lortutako GPS puntuak aintzat hartuta, puntuok lotu egingo ditugu eta lortzen dugun arrasto horri, ezaugarri batzuk erantsiko dizkiogu (bidearen izena, kategoria, lurraren egoera, zentzu bakarra edo bikoa den…). Datuak editatzeko aplikaziorik erabilienetakoa, josm da. Azkenik, datuok editatu ondoren, OpenStreetMap proiektuaren zerbitzarira igoko dira eta bertan, pilatutako datu guzti horiekin itxura ezberdinetako mapak sortzen dira.

GPS datuak jasotzea oso lan nekeza denez, ortoargazkiak (satelite zein hegazkinetatik lortutako argazkiak) ere erabiltzen dira kalko gisa errepide, etxe edo iturrien kokapenak OpenStreetMapen sartzeko. Ortoargazki hauek erabili ahal izateko, eduki hauek erabilpen hau onartzen duten lizentzia aitortu behar dute. Berriki, Gipuzkoako datu espazialen azpiegiturak eta Euskadiko Open Data ekimenak, administrazioak dituen datu geografikoak askatu dituzte eta bertako edukiak OpenStreetMap-en erabiltzea ahalbideratu dute.

OpenStreetMap-ek eskainitako datuekin, munduko mapa euskalduna ere badugu esku artean: euskalmapa. Gune honetan bertan dagoen blogean ere, han eta hemen burutzen diren mapa-egite eta kurtsoen berri ematen da.

Ordenagailua euskaratzen

By Ander Goñi Beltza, 2011(e)ko Otsailak 7

puntueusOrdenagailua, testu prozesadoreak, internet edo mugikorrak, gero eta gehiago erabiltzen ditugu, baina zein hizkuntzatan? Den-dena ez dago euskaraz, baina pena da dagoena ez erabiltzea. Askotan, gure sistemak euskaratu daitezkeela ez dakigunez, edo interneten euskaldun bezala agertzeak duen garrantziaz jabetzen ez garenez, arreta gutxi jartzen diogu gai honi. Haurrak gero eta adin goiztiarragoan erabiltzen dituzte gailu teknologikoak, eta hasieratik euskaraz erabiltzea ere garrantzitsua da.

Artikulu honetan, sistema ezberdinak nola euskaratu daitezkeen erakutsiko da. Sistema eragileetatik hasi, testu prozesadore, internet nabigatzaile eta mugikorretaraino.

Sistema eragileak

Sistema eragilez ari garela, euskararen egoera oso ezberdina da sistema ireki eta sistema itxiei dagokionez. Sistema eragile itxien esparruan, Microsoft Windows eta Apple enpresaren Mac OS X dira erabilienak.

Microsoft Windowsen kasuan, XP sistema eragilea izan zen bere interfaze eta zenbait aplikazio euskaraz eskaini zituen Microsoften lehendabiziko sistema eragilea. Eusko Jaurlaritzak erruz ordaindutako itzulpena izan zen, eta ordutik aurrera, Microsoftek plazaratu dituen sistema eragileen bertsio ezberdinen (Vista eta Windows 7) itzulpena, Redmoneko enpresak ordaindu ditu. Sistema eragile eta zenbait aplikazioren interfaze euskaratzeko, Microsoftek eskaintzen duen “Language Interface Pack” (LPI) delako bat instalatu behar da. LPI honek, oinarrizko sistema eragilearen mezuak aldatzen ditu. Euskararen kasuan, oinarrizko sistema eragilea, derrigorrez, gaztelera edo frantsesez dagoena izan behar da. Beraz, sistemak gehien erakusten dituen mezuak euskaraz erakutsiko dira, eta zenbait mezu, itzulita ez daudenez, gazteleraz edo frantsesez erakutsiko dira.
XPrentzat euskara paketea hemendik jaitsi daiteke.  Vistarentzat hemendik,  eta azkenik, Windows 7rentzat hemendik.

Mac OS X sistema eragileari dagokionez, egun ez dago sistemaren interfazea euskaratzeko modurik. Erabiltzaile euskaldun batzuk, musu-truk, OS X sistema eragilea eta hainbat aplikazio itzuli bazuten ere, Appleren aldetik, egindako lana zabaltzeko debekua jaso zuten, jabetza intelektualaren eskubideak urratzen zituztela argudiatuz.

Linux bezalako sistema eragile irekitan, egoera bestelakoa da. Edonork hartu dezake parte sistema eragile, inguru grafiko (Gnome, KDE) eta hainbat aplikazioen itzulpenean. Gurean, Euskal GNU eta Librezale taldeak dira itzulpengintzan lan gehien egiten duten taldeak. Debianen oinarritutako Ubuntu bezalako sistema eragilean, di-da batean euskaratu daiteke sistema osoa; horretarako nahikoa da Sistema->Administrazioa->Hizkuntza-Sostengua hautatzea menu nagusitik eta bertan euskara lehenestea menu, leiho, zenbaki, moneta naiz datak erakusteko.

Testu prozesadoreak

Testu prozesadoreetan, interfazea bera euskaraz izatea garrantzitsua bada ere, ortografia eta gramatika zuzentzaileari erreparatuko diogu hemen, oso tresna erabiliak baitira. Xuxen dugu euskarazko zuzentzailea eta hainbat aplikaziotan instalatu daiteke berau, bai OpenOffice/LibreOffice eta Microsoft Office bezalako aplikazio ofimatikoetan eta baita Thunderbird posta bezero edo Firefox internet nabigatzailean.
Microsoft Officen Xuxen instalatzeko, errazena Xuxenen webgunera jo eta bertan ematen diren azalpenak jarraitzea da.
OpenOffice berriz,  webgunetik jaitsi eta edozein sistema eragileta instalatu daiteke euskaraz. Zuzentzaile ortografikoa bakarrik instalatu nahi badugu, hedapen kudeatzailea erabiliz, erraz gehitu daiteke Xuxen zuzentzailea.

Nabigatzaileak

Sistema eragileetan bezala, lizentzia libre edo itxiak dituzten nabigatzaileen egoera oso ezberdina da. Esaterako, Firefox bezalako nabigatzaile ireki baten itzulpena Librezale taldeak hartu zuen bere gain aspaldi eta beti ere, nabigatzaile honen azken bertsioa euskaraz erabiltzeko aukera dugu. Internet Exploreren euskaratzea, sistema eragileetan azaldu den LIP pakete horien baitan dago, eta beti ere, Microsoftek erabakitzen duenaren menpe.
Appleren Safari nabigatzailea, arestian aipatu diren arrazoiak medio, ez dago euskaraz jartzerik. Googleren Chrome nabigatzailea ere, ez dago euskaraz jartzerik, baina Chromen oinarritutako Chromium nabigatzaile librea bai. Chromium inguruan, itzultzaile talde bat bildu eta Launchpad plataforma erabiliz, nabigatzaile libre hau euskaratu dute. Xehetasun gehiago hemen.

Nabigatzailearen interfazea euskaraz egonda ere, gomendagarria da nabigatzaileak Internetera bideratzen dituen eskakizunetan, euskarazko edukiak lehenestea. Webgune askok, edukiak hainbat hizkuntzetan eskaintzen dituzte eta nabigatzaileak hobetsitako hizkuntza hartzen dute aintzat edukiak zerbitzatzeko orduan. Erabiltzaileak zein hizkuntza lehenesten duen, nabigatzailean bertan ezartzen den parametroa da.

Webgune bat hizkuntza jakin batean plazaratzeko orduan, hizkuntza horrek sarean dituen erabiltzaile kopurua erabakikorra izan daiteke. Hau horrela izanik, euskaldun garenok euskaldun bezala aurkeztu beharko ginateke Interneten gure hizkuntzaren presentzia areagotzeko. Nabigatzaileak euskaratzeko, jo hona.

Mugikorrak

Jaurlaritzak telefonia operadore eta fabrikatzaile batzuekin sinatutako akordioaren baitan, hainbat terminaletan euskara sartzea lortu zen. Kasu hauetan, euskararen presentzia, sistema itxietan gertatzen den bezala, enpresen eskutan gelditzen da. Sistema eragile libreak erabiltzen dituzten mugikorretan, Android kasu, egoera bestelakoa da. Oraingoan ere, erabiltzaile talde bat batu eta Android euskaratzeari ekin dio. Zutagu plataformaren inguran batzen dira, eta google docs erabiltzen dute Androiden testuak euskaratzeko.

Denbora / ataza kudeaketa

By Ander Goñi Beltza, 2011(e)ko Urtarrilak 23

Atazak kudeatzeko orduan, oso baliabide erabiliak dira zerrendak. Modu sinpleenean, paper batean zerrenda bat osatu daiteke, lerroz-lerro atazak idatzi, eta ataza hauek egin ahala, lerroak marratu. Ez da estrategia txarra, baina zerrenda hauek eraginkorrak izateko, zenbait gauzari erreparatu beharko zaio.

Ataza guztiak ez dira testuinguru berdinean ematen: lantokian sortzen diren zereginak, etxeko lanak, eskola, afizioak, seme-alabak… denak dira testuinguru ezberdinak. Ataza guztiak ere ez dute izaten ez lehentasun eta ez garrantzi berdina. Beraz, badirudi beharrezkoa dela ataza zerrenda hauek sailkatu, ordenatu eta kudeatzeko estrategiaren bat garatu eta aplikatzea.

Lehen saiakera batean, egin beharreko ataza bakoitzari, lehentasun maila bat ezarri dakioke, letrak edo zenbakiak erabiliz. Lehentasun irizpide hau baliatuz zerrenda ordenatu, eta garrantzitsuenak diren atazak betetzeari ekingo zaio. Teknika hau erabili duen orok jakingo du, badirela beti atzean geldituko diren atazak, sekula burutuko ez direnak, garrantzitsuak izan arren behin eta berriz ataza-metaren azpialdean uzten direlako. Psikologian, zeregin garrantzitsuak, hain garrantzitsu ez diren zereginekin ordezteko joerari, prokastinazioa esaten zaio.

Eisenhower, Ameriketako Estatu Batuetako lehendakaria izandakoak ere, erabiltzen zuen atazak sailkatzeko metodo bat, Eisenhower metodoa bezala ezagutzen dena. Atazak bi aldagairen arabera sailkatzen ditu metodo honek, garrantziari dagokionez batetik, eta urgentziari dagokiona bestetik. Bi aldagai hauek konbinatuz, lau kategoria sortzen dira, eta kategoria bakoitzean kokatzen den atazekin jokabide ezberdinak erabiltzen dira. Ataza ez bada ez garrantzitsua eta ez urgentea, alboratu egiten da. Garrantzitsu eta urgenteak direnak segituan egin behar dira. Garrantzitsuak eta ez urgenteak direnei, amaiera data bat jarri behar zaie eta garrantzitsuak izanik urgenteak ez direnak berriz, delegatu.

David Allenen GTD metodoa

David Allen estatu batuarrak, egun oso ezaguna den GTD (Getting Things Done) metoa sortu zuen. Metodo honen egileak dioenez, gizasemearen zerebroak ez du aparteko gaitasunik gauzak gogoratzeko; aitzitik, akziorako egina dago. Beraz, metodo honek burua gogoratu beharrez libratu eta ekintzak burutzeko prozedura bat proposatzen du.

Ataza zerrenda bezala egituratzen diren erretilu batzuen kudeaketa da metodoaren muina. Hasiera batean, buruan ditugun “gauza” guzti horiek, sarrera erretiluan jarriko dira. Sarrera erretilua prozesatzean, bertan dauden gauzekin, sekuentzialki, zer egin erabaki beharko da: egiteko ezer ez duten gauzak alboratu, zeregina eskatzen duten gauzak delegatu, segituan egin edo beste erretilu batzuetara mugitu.

Zerbait egiteak bi minutu baino gutxiago eskatzen baditu, zuzenean egin eta “gauza” hori alboratu egingo da. Denbora gehiago behar bada, beste erretilu batean utziko da. Metodologiak, sarrera erretiluaz gain, honako hauek proposatzen ditu: segituan egin behar diren gauzen erretilua, beste norbaiten akzioaren zain dauden gauzen erretilua eta noizbait egin beharko diren gauzen erretilua. Gauza batek akzio bakarra baina gehiago behar badu, proiektu bakoitzeko erretilu bat sortu daiteke.

Gauzak prozesatu ondoren, sarrera erretilua hustu egingo da eta segituan egiteko erretiluan dauden gauzak burutzen hasi beharko da. Azkenik, norberak nahiago duen maiztasunarekin, erretilu guztietan dauden gauzak berrikustea gomendatzen da. Berrikuspen honetan, gauza edo atazak, erretilu batetik bestera mugituko dira eta egindako gauzak sistematik aterako dira. Etengabeko prozesua da GTDek proposatzen duena: gauza berriak sarrera erretilura sartu, egin beharreko erretiluan dauden atazak egiten jardun eta azkenik, atazen berrikuspena, non atazak erretilu batetik bestera mugituko diren.

GTD erabiltzeko euskarri informatikoak

GTD metodoa erabiltzeko, David Allenek, inongo tresna informatikorik behar zuen erretilu, karpeta eta zerrenda sistema bat proposatu bazuen ere, segituan bere metodoan oinarritutako hainbat aplikazio informatiko agertu ziren. Remember The Milk eta Things, azken hau Mac OS X sistema eragilerako bakarrik, dira ordainpeko aplikaziorik ezagunenak. Doako aplikazio bezala ere, Doit.im oso erabilgarria da. Aplikazio hauek guztiak, ordenagailuetarako ezezik, mugikorretara ere zabaldu dira, Android edo iPhone bezalako plataformatara. Egin beharrekoak edozein leku eta momentutan sortzen direnez, oso erabilgarria izaten da gure sakelekoarekin egin beharrekoaren berri jasotzea, hau da, GTD metodoak proposatzen duen sarrera erretilura sartzea.

Jorge Oyhenard-ek, GTD zer den eta RTM, Things, Evernote edo Gmail bezalako aplikazioekin nola erabili daitekeen azaltzen du bideo sorta interesgarri batean hemen

AllMyApps: Windowserako aplikazio biltegia

By Jabi Asurmendi Sainz, 2011(e)ko Urtarrilak 18

allmyapsGNU/Linux eta Ubuntu erabiltzaileak hasieratik ohituta daude ohiko software biltegira joatera eta nahi duten aplikazioa sisteman instalatzera. Oso sistema erosoa eta azkarra da sisteman software berria instalatzeko edo erabiltzen ez den softwarea desinstalatzeko. Gainera, aplikazioen zein sistemaren eguneraketak automatikoki kudeatzen dira software biltegitik. Beste sistema batzuk ere antzeko software biltegiak eta dendak gehitzen joan dira bai ordenagailuetarako zein sakelako telefonoetarako edo bestelako gailuetarako. Apple-en App Store edo Android Market dira adibide batzuk.

Hala, bada, software biltegi hauek duten arrakasta ikusita, Microsoft ezin zen gutxiago izan eta iragarri duenez, etortzekoa den Windows 8k ere antzeko software eta aplikazio denda ekarriko due. Hala ere, Windowserako bestelako software biltegiak sortzen hasi dira. Horren adibide bat AllMyApps (http://allmyapps.com/) da. Bertatik bilatu eta instalatu ahal dira doako zein ordainpeko aplikazioak MS Windows sistemetarako, gainera nahi diren aplikazioak aukeratu ahal dira eta instalazio bakarra egin. Aplikazio bakoitzeko deskribapen bat eta pantaila-argazki batzuk erakusten dira. Oraingoz ingelesez baino ez dago.

Datu konpresioa

By Ander Goñi Beltza, 2011(e)ko Urtarrilak 10

Konpresioa, ZIPMerkatuan dauden argazki kamerek gero eta mega gehiago dituzten argazkiak ateratzen dituzte. Telebista digitalek Full HD marka erakusten dute, irudi kalitate gorena aginduz. Betiere, kalitate gehiago eskaintze horrek informazio bolumen handiagoa kudeatzea suposatzen du. Eta informazio asko transmititu edo gorde nahi bada, derrigorrezkoa bihurtzen da informazio horren bolumena txikitzeko beharra. Gaur egungo argazki kamera xumeenak ateratzen dituen argazkiak inongo konpresiorik gabe gordeko balira kameren memorian, argazki gutxi batzuekin laster beteko lirateke memoria horiek.

Datu konpresioa erabiliz, jatorrizko fitxategi baten tamaina txikitu daiteke, eta berau transmititzeko denbora gutxiago behar izango da, edo leku gutxiago beharko da disko gogor batean gordetzeko orduan. Konprimitutako fitxategitik, jatorrizko fitxategia lortzeko, deskonprimitu egin beharko da. Nola lortzen da fitxategi baten tamaina txikitzea, gero, berriz ere, jatorrizko fitxategia lortzeko?

Konpresioaren funtsa, jatorrizko informazioan errepikakorrak diren datuak atzeman eta ordeztean datza. Errepikatzen diren datuokin, hiztegi moduko bat eraikitzen da, eta hiztegi horretako sarrera bakoitzari nolabaiteko identifikadore bat ematen zaio. Azkenik, jatorrizko informazioan, hiztegian agertzen den datu bakoitza, bere identifikadorearekin ordezkatuko da. Konpresio prozesuaren ondorioz, hiztegi bat eta ordezkapenaren ondorioa lortuko dugu. Konprimitutako informazioa jatorrizko formara bueltatu nahi denean, identifikatzaileak hiztegiko sarrerekin ordeztuko dira. 70eko hamarkadan, Abraham Lempel eta Jacob Ziv israeldarrek asmatutako LZ algoritmoa da gaur egun erabiltzen diren algoritmo gehienen aita.

Aurrekoaren adibide gisa, Mikel Laboaren Txoriak txori kantuaren testua hartu eta bertan agertzen den hitz ororekin hiztegi bat osatuko litzateke. Hainbat hitzen artean, «txori» hitza agertuko da, eta hitz horren identifikadorea, esate baterako 8 izango da. Txori hitza 8 zenbakiarekin ordezkatzen bada kantaren testuan, «…ez zen gehiago txoria izango, eta nik, txoria nuen maite» prozesatuz, «…ez zen gehiago 8 izango, eta nik, 8 nuen maite» lortuko da. Txori hitzak dituen 5 karaktereen ordez, «8» identifikadoreak duen karaktere bakarra erabiliko da txori hitza agertzen den aldi bakoitzean. Konprimitu nahi den informazioa errepikakorragoa den neurrian, konpresioaren ondorioz, emaitza hobeak lortuko dira, konpresio tasa altuagoak.

7-zip izan daiteke Windows sistema eragilean, iturburu irekiko konpresio software erabilgarria.

Kalitatearen galera duten edo ez duten konpresio motak

Orain arte azaldutako metodo edo algoritmoarekin, konpresioaren ondorioz lortzen den informazioari deskonpresio prozesua aplikatzean, berriz ere jatorrizko informazioa lortzen dugu, inongo galerarik gabe. Testu fitxategiak aintzat hartuta, garbi dago konpresio-deskonpresio prozesuak ezin duela jatorrizko informazioaren galerarik sortu, baina beste informazio mota batzuetan, irudi edo audio fitxategietan adibidez, jatorrizko informazioaren galera onargarria suertatu daiteke.

Galera dagoen algoritmoek, «beharrezkoa» ez den informazioa baztertu egiten dute jatorrizko datuak konprimitzean. Zeru urdin bati egindako argazki bat hartuz, pentsatu daiteke galerarik ez duen metodo bat erabiliz, ez dela emaitza oso onik lortuko. Zerua urdina izan arren, pixel gutxi egongo da urdin balio berdinarekin, beraz errepikaketa txikia izango da irudi fitxategian. Kontuan hartzen badugu gizakiaren begia ez dela gai oso gertu dauden urdin-tonu bi bereizteko, konpresio aplikazio batek, oso gertukoak diren urdin tonuak, tonu bakarrera bihurtu ditzake; eta horrela, informazioa errepikakorragoa bihurtzen denez, konpresio tasa altuagoa lortuko da. Horrela konprimitutako irudiak galera du jatorrizko irudiarekiko, baina lortuko den fitxategi konprimituaren tamaina galera gabeko metodoekin lortutakoa baino txikiagoa izango da.

MP3

Audio CD batean entzuten dugun musika digitalki grabatzen denean, 44.100 lagin jasotzen dira segundoko. Lagin bakoitzarentzat, 16 bit erabiltzen dira (2 byte), eta estereo sistemetan, bi kanal grabatzen dira, ezkerrekoa eta eskumakoa. Horrek esan nahi du, kanta baten segundo bakoitza gordetzeko, 176 K behar direla, eta 3 minutu luze irauten dituen kanta bat gordetzeko, 32 mega beharko direla. ADSL konexio azkarra izanda ere, minutuak beharko lirateke kanta bakar bat jaisteko, eta oraintsurarte erabili izan diren 56 K konexio telefoniko batekin, 3 ordu inguru beharko lirateke.

Musika konprimitzeko gehien erabiltzen den algoritmoetako bat da MP3 esaten dioten MPEG-1 edo MPEG-2 Audio Layer 3 algoritmoa. Aipatu kantaren 32 megak, 3 megatan geratuko dira konpresioaren ondorioz. Musika konprimitzeko metodo horrek gizakiaren entzumenak dituen ezaugarriak hartzen ditu kontutan. Badira gizakiok entzuten ez ditugun soinu frekuentzia batzuk. Soinu batzuk beste batzuk baino hobeto entzuten ditu belarriak, eta azkenik, bi soinu batera entzutean, gizakion entzumenak, arreta handiago eskaintzen dio ozenago jotzen duenari. Hori dena kontuan hartuta, algoritmoak «soberan» dauden datuak alboratuko ditu, antzekoak direnak bateratu eta horrela, hamar aldiz txikiagoa den audio fitxategi bat lortuko da.

Markup.io: Informazioa bereizteko aplikazioa partekatu nahi diren webguneetan

By Jabi Asurmendi Sainz, 2011(e)ko Urtarrilak 3

markupio2Markup.io proiektuak webguneak eta webgune bakoitzean bereizi nahi den informazioa partekatzea ahalbidetzen du. Horretarako marrazketa baliabide ezberdinak eskaintzen ditu webgune zehatz batean bereizi nahi den informazioan marrazteko eta marka ezberdinak egin ahal izateko. Honez gain, testu baliabide bat eskaintzen du iruzkin txikiak edo jarraibideak ere txertatu ahal izateko.

Erabili ahal izateko http://markup.io webgunera joan behar da eta “GET MARKUP” jartzen duen lekuan agertzen den iruditxoa Laster-marketara edo gogokoetara arrastatu baino ez da egin behar. Orduan laster-marka gehitzen da besteekin batera, kasu honetan, laster-markaren helbidea ez da urla, javascript kode bat baizik. Era honetan, edozein webgunetan egonda, egin den laster-markan edo gogoko hori aukeratuz gero, marrazketa-baliabide bat kargatuko da eta webgunearen nahi den lekuan markak, marrazketak eta oharrak egin ahal izango dira. Horrela, nahi den informazioa bereizi eta gero, “Publish” botoiari sakatu ahal zaio eta ondoren web orrialde bat sortuko da. Aplikazioak orrialde horren lotura sortuko du nahi denari bidali ahal izateko.

Beste erabiltzaile batek jaso ahal du eta erantzun ahal du emandako informazioaren inguruan, bai testuarekin edo bai webgunearen beste zati batzuk bereiziz. Erantzun hau beste lotura batekin gordeko da. Beraz, oso baliabide jatorra izan daiteke elkarlanerako.

Prey, ordenagailu eramangarria berreskuratzeko aplikazioa lapurtua izanez gero

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Abenduak 9

PreyOrdenagailu eramangarria norbaitek lapurtuz gero faena handia izaten da produktu merke bat ez delako. Hala ere, enpresen zein norbanako askoren kasuan, datuak dira balio delikatuena ordenagailu eramangarria edo sakelako telefonoa norbaiti lapurtzen diotenean.

Bada, badago aplikazio bat Mac Os X, GNU/Linux, MS Windows eta Android sistemetan erabili ahal dena eta lapurreta baten ostean, baliabide ezberdinen bitartez, ordenagailu eramangarria berreskuratzea ahalbidetzen duena. Gainera, doakoa eta software librea da. Prey du izena eta hau da deskargatzeko eta informazioa ikusteko webgunea: http://preyproject.com/.

Aplikazio hau egikaritzen da sisteman bigarren planoan, hau da, ez dago ikusgai leiho bezala. Ordenagailua edo sakelako telefonoa lapurtu diotenean erabiltzaile bati, honek urrutiko kudeaketa sistema baten bitartez gaitu ahal du Prey aplikazioa, beti lapurtutako ordenagailua edo telefonoa piztuta baldin badago. Orduan Prey aplikazioa saiatuko da ordenagailua edo telefonoa geolokalizatzen GPS sistemaren bitartez edo detektatutako wifi sareen bitartez. Gainera web-kamera gaitzea ahalbidetzen du eta horrela lapurrari argazkia atera lekioke. Era berean, saguaren mugimenduak eta mahaigaina ikustea ahalbidetzen du hala nola ordenagailua blokeatzea, beste hainbat aukeren artean.

Web-kamera bidezko bideo-zaintza sistema etxean

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Abenduak 9

bideo zaintzaZiur-asko, lagun batzuek bideo-zaintza sistema bat beren etxean instalatzea pentsatu dute. Alabaina, diru hori ez zutelako gastatu nahi, edo segurtasun enpresen sistema profesional horrek ekartzen dituen ohitura aldaketak onartzen ez zituztelako, ideia baztertu dute azkenean. Hala ere, informatikari esker, posiblea da martxan jartzea bideo-zaintza sistema bat etxean, era erraz batean eta oso merke. Izan ere, ordenagailu bat, web-kamera bat eta eskuragarri dauden bideo-zaintzarako doako aplikazioetariko bat besterik ez da behar etxean bideo-zaintza sistema jator bat jartzeko. Zer esanik ez, ez da izango segurtasun enpresa profesionalek jartzen dutenaren parekoa, askoz xumeagoa da, eta ez du izango poliziarekiko konexioa ezta segurtasun enpresek eskaintzen dituzten beste zerbitzu gehigarri batzuk; haatik nahikoa izan daiteke pertsona batzuentzat.

Bideo-zaintza MS Windows sistemetan

Dorgem bideo-zaintzarako doako aplikazioa da, software librea da eta MS Windows sistemetarako prestatuta dago. Software hau webgune honetatik deskargatu daiteke: http://dorgem.sourceforge.net/. Ondoren instalatu beharko da, oso erreza da instalatzea eta konfiguratzea, hori bai, ingelesez baino ez dago. Behin instalatuta, web-kamera konfiguratu beharko da eta “Preview” aukeraren bitartez ondo konfiguratuta dagoela ziurta daiteke. Aplikazioaren hobespenen artean, “Use motion detection” aipatzeko modukoa da, ezaugarri hau markatuz gero, mugimendu-detekzioa gaitzen da. Aplikazio honek web-kameraren bitartez kapturatzen dituen irudiak, FTP zerbitzari batean edo etxeko ordenagailuan gorde daitezke. Irudi izen bezala eman ahal zaio izen finko bat, eta orduan ordezkatzen joaten da fitxategi berdina behin eta berriz, edo izenaren barnean karaktere bereziak erabil daitezke fitxategi ezberdinak sortzeko data eta orduarekin, esaterako. Aplikazio honen alde txarra da 2008tik bertan-behera gelditu dela garapena, azken bertsioa 3.0 da.

Beste aukera libre eta doakoa MS Windows sistemetarako iSpy da, hau da proiektuaren webgunearen helbidea: http://ispy.developerinabox.com/default.aspx, bertatik aplikazioa deskargatu daiteke eta proiektuari dohaintza bat emateko aukera eskaintzen du. Aplikazio honek ordenagailuaren web-kamera eta mikrofonoa erabiltzen du audioa zein mugimendu-detekzioa egiteko. Audioa edo mugimendua detektatzen duenean posta elektroniko bat irudiarekin bidaltzen dio erabiltzaileari, horrela denbora errealean ikus daiteke etxean gertatzen ari dena. Horrez gain, konfiguratu daiteke SMS bat ere bidaltzeko edo aplikazio zehatzen bat exekutatzeko. ISpy aplikazioaren bitartez web-kamera bat baino gehiago edota ordenagailu bat baino gehiago kudeatu ahal dira. Halaber, iPhone, Android edo Widnows 7 mobile sistema duten sakelako telefonoetatik bideoa denbora errealean ikustea ahalbidetzen du iSpyk. Gainera, web-kameren aktibitatea ere grabatu daiteke.

Esan daiteke instaltzeko iSpy Dorgem baino zailagoa dela, baina askoz osatuagoa da aplikazioa.

SecuritySpy Mac Os X sistemetarako

Mac Os X sistemetan ere bideo-zaintza sistema instalatu ahal da dohainik, SecuritySpy erabil daiteke horretarako, webgune honetatik deskargatu daiteke: http://www.bensoftware.com/ss/index.html. Kasu honetan ere hainbat web-kamera kudeatu daitezke. Halaber, audio eta mugimendu-detekzioa ere ekartzen du. Eta beste adibideetan bezala zerbait gertatuz gero erabiltzaileari jakinarazten dio mezu elektronikoz. Honez gainera, FTP zerbitzari batera igo ahal dira argazkiak edo nabigatzaile batekin web-kamerak grabatzen ari direna ikustea posiblea da.

ZoneMinder GNU/Linuxpean

GNU/Linux sistemetan ZoneMinder softwarea erabil daiteke. Hau da proiektuaren webgunea: http://www.zoneminder.com, bertan aplikazioa jaitsi eta dagoen dokumentazioa ikus daiteke. Hala ere, Ubuntu Software biltegitik edo Synaptic pakete kudeatzailetik ere instalatu daiteke. Aplikazio hau oso osatua da, bideo-kamera bat baino gehiago kudeatu daiteke. Gainera, aukera asko konfiguratu daitezke, adibidez, ea soilik irudiak edo bideoa gorde behar duen edo programatu ahal da bideo-kamerek grabatu behar duten ordutegia. Beste kasuetan bezala mugimendu-detekzioa dauka eta erabiltzailea ohartarazten du posta elektroniko baten bitartez mugimendu-alarma sortu duen irudiarekin. Aterisk (http://www.asterisk.org/) telefonogune bat instalatuta edukiz gero jakinarazpenak ere telefonoaren bitartez egin ahal ditu.

Testu prozesagailuak eta editoreak

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Azaroak 19

testuprozesagailuak2Dokumentuak idazteko ezinbestekoak dira testu prozesagailuak eta oso garrantzitsua da bakoitzaren beharretara ondoen moldatzen dena aukeratzea. Aukera anitz daude, Internet-ingurunean, mahaigainekoak, libreak, pribatuak, arinak edo sistema eragile ezberdinentzat.

Internet inguruneko testu prozesagailuak

Internet inguruneko prozesagailuek abantaila batzuk eskatzen dituzte. Interneten daudenez, erabiltzaile batek edozein lekutatik aldatu, irakurri eta kudeatu ahal ditu bere dokumentuak on-line. Gainera, plataformanitzak dira, hau da, nabigatzailea eta internet konexioa nahikoa da atzitu ahal izateko. Beraz, ez du axola sistema eragilea, Mac Os X, GNU/Linux edo MS Windows izan daiteke. Sakelako telefonoetatik ere ikusi ahal dira Internet konexioa edukiz gero. Honez gain, plataforma batzuek ere dokumentu horiek beste erabiltzaileekin partekatzea ahalbidetzen dute, erabiltzaile ezberdinen artean osatu edo irakurri ahal izateko. Beraz, Internet-inguruneko testu prozesagailuak oso egokiak dira asko mugitzen diren pertsonentzat edo ordenagailu ezberdinetatik dokumentu ezberdinak lantzen dituzten erabiltzaileentzat. Era berean, edozein erabiltzailerentzat izan ahal da erabilgarria dokumenturen bat beste erabiltzaile batzuekin batera osatu behar badu.

On-line testu prozesagailuen artean, ezagunena, Google Docs da. Google Docs, Googlek Internet ingurunean eskaintzen duen bulegotika-suitea da, non dokumentuak, kalkulu-orriak, aurkezpenak, marrazketak eta formularioak sor daitezkeen. Helbide honetan erabili ahal da dohainik: https://docs.google.com. Googleren suite honen inguruan hitz egin zen jada Zibergelaren aurreko ale batean, “Google docs: Bulegotika hodeian” zuen izenburua eta lotura honetan irakurri ahal da: http://zibergela.bitarlan.net/2010/02/02/google-docs-bulegotika-hodeian/. Dokumentuak Internet edukitzeaz gain, plataforma honek eskaintzen duen abantaila nagusietarikoa da beste erabiltzaile batzuekin partekatu ahal direla dokumentuak, soilik irakurtzeko eran edo idazteko eran erabiltzaile ezberdinen artean osatu ahal izateko.

Beste aukera interesgarri bat Wrttn.me da, helbide honetan erabili ahal da: http://wrttn.me/. Oso testu editore arina da eta webgunean izena eman gabe sortu ahal da dokumentu bat. Formatua emateko html eta css erabili ahal da, bestela formaturik gabe idatzi ahal da testu laua. Sortutako dokumentuak helbide publiko baten bitartez argitaratu ahal dira eta Twitter edo Facebooken partekatu. Era berean embed kodea ere eskaintzen du dokumentua edozein webgunetan txertatu ahal izateko. API bat ere eskaintzen du beste aplikazio batzuetatik dokumentuak argitaratu edo irakurri ahal izateko.

Beta bertsioa da oraindik ea nolako bilakaera duen.

Mahaigaineko aplikazio arinak

Emankortasunari garrantzia eman nahi bazaio, pantaila osoko testu prozesagailu arinak izan ahal dira aukerarik onenak. Pantaila osoan egikaritzen direnez, entretenimendu guztiak baztertzen dira. Haietariko bat CreaWritter da, proiektuaren helbidean http://www.creawriter.com/ debalde deskargatu daiteke edo borondatezko dohaintza eman ahal zaio proiektuari. Testu editore hau, esan bezala, pantaila osoan exekutatzen da, aukerazko atzealdeko argazki eta musika lasaigarri batekin emankortasuna sustatzeko. Testu editore arina denez, testu formaturako gutxienezko aukerak ditu, dohaintzazko bertsioak doako bertsioak baino aukera gehiago ditu. RTF edo testu bezala gorde ahal dira baliabide honen bitartez sortutako dokumentuak. MS Windows sistemetarako bertsioa dago bakarrik. Mac Os X sistemetan, antzeko aplikazio bat erabil daiteke, OmmWritter izenekoa, hona hemen aplikazio honen webgunea: http://www.ommwriter.com, kasu honetan ere debalde jaitsi daiteke.

Blogarientzako aukera aproposa

Blogariek ere aukera interesgarri bat dute MS Windows sistemetan erabiltzeko, Windwos Live Writter, hain zuzen ere, Windows Live webgunetik bertatik deskargatu daiteke, hona hemen helbidea: http://explore.live.com/windows-live-writer. Wordpress edo Blogger bezalako blog plataforma askotan argitaratu ahal dira sarrerak aplikazio honen bidez. Gainera, sarreraren aurrebista eskaintzen du. MS Windows sistemetan baino ezin da instalatu, jakina.

Aukera klasikoak

Aukera klasikoak aski ezagunak dira, arestian aipatutakoak baino aplikazio pisutsuagoak dira, hori bai, askoz aukera anitzekin. MS Office Word, Open Office Writer edo LibreOffice dira ezagunenak.

Pantaila-argazkiak egiteko aukerak

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Azaroak 15

Pantaila-argazkia1Askotan, aplikazio baten, webgune baten edo ordenagailuaren pantailan ikusten den edozein gauzaren inguruko txosten bat egin behar denean, gauzak era bisualagoan azaltzeko, pantaila-argazkiak txertatzen ibili behar da.

Pantaila-argazki bat egiteko, sistema eta ordenagailu gehienetan “ImprPant” tekla sakatu ahal da. Horrek pantailan dagoenaren argazki bat paper-zorroan kopiatzen du. Ondoren, nahi den dokumentuan edo irudiak editatzeko aplikazioan itsatsi ahal da. “Alt + ImprPant” ere egin ahal izaten da, kasu honetan ez da pantaila osoa kopiatzen baizik eta soilik une horretan erabiltzen ari den leihoa.

Mac sistemetan eta ordenagailuetan, ordea, “Sagarra + Shift + 3” sakatu behar da pantaila osoaren argazkia egiteko eta “Sagarra + Shift + 4” soilik hautatutako zatiaren argazkia egiteko. Bi kasu hauetan, egindako argazkia mahaigainean gordetzen da, png motako irudi bezala, ez da paper-zorrora kopiatzen. Paper-zorrora kopiatzeko, “Ctrl+Sagarra + Shift + 3” edo “Ctrl+Sagarra + Shift + 4” sakatu beharko litzateke, hurrenez hurren, pantaila osoaren edo pantailaren zati baten argazkia kopiatzeko. Azken aukera bat eskaintzen da Mac Os X sistemetan, “Sagarra + Shift + 4” edo “Ctrl+Sagarra + Shift + 4” sakatu ostean, zuriune-barra ri sakatuta, argazki-kamera bat agertzen da pantaila eta argazki-kamera horren bitartez leiho oso edo ikono oso baten argazkia atera ahal da. Ateratako argazkia mahaigainean gordeko litzateke edo paper-zorroan Ctrl teklari ere sakatu bazaio.

Esan bezala, hauek sistemek eskaintzen dituzten lehenetsitako aukerak dira, baina horretaz gain, aplikazio edo gehigarri batzuk daude aparteko funtzionalitateak eskaintzen dituztenak.

MS Windowserako SnapIt eta ZScreen

SnapIt Screen Capture MS Windows sistemetan ibiltzen da. MS Windows 95etik aurrera, sistema honen bertsio guztietan erabili ahal da. Aplikazioaren lizentzia komertzialak 17,99$ balio du gaur egun, baina debalde jaitsi daiteke probazko bertsio bat 15 egunetarako. Hau da aplikazioa deskargatzeko helbidea: http://www.digeus.com/downloads/snapit/index.html. Deskargatzeko izena eta helbide elektronikoa eskatzen du. Jaitsi ondoren, instalatu beharko da, oso erraza da instalatzea, urratsei jarraitu baino ez da egin behar. Oso aplikazio arina da, 2MB baino ez du behar. Abiarazten denean sistemaren atzeko planoan gelditzen da eta pantaila-argazki bat egiten denean abiarazten da, horren bitartez aukeratu ahal da kopiatu nahi den zatia eta BMP, GIF, JPEG, PNG eta TIFF formatuetan gordetzea ahalbidetzen du. Aplikazioa ingelesez dago soilik.

MS Windows sistemetarako beste aukera bat ZScreen izango litzateke. Kasu honetan ere soilik ingelesez dago, baina software librea da, doakoa eta gainera oso oso osatua da. Gainera, aurrekoa bezain arina da, 2 MBera ez da heltzen. Aukera anitz eskaintzen ditu, bai pantaila-argazkia ateratzeko orduan zein ateratako argazkiaren helburuaren inguruan. Ateratako argazkia, paper-zorrora, fitxategi batera edo FTP batera bidali ahal da esaterako, edo Flickr, TinyPick edo TwitPick bezalako webguneetara ere bai. Gainera, argazki-pantaila ateratzen denean egindako argazkia editatzeko aukera eskaintzen du. Hau da aplikazioaren webgunea: http://code.google.com/p/zscreen/, deskargatzeko Downloads pestainara joan behar da eta hor ZSCreen aukeratu.

Shutter, GNU/Linux sistemetan.

Shutter GNU/Linux sistemetan pantaila-argazkiak ateratzeko oso aplikazio interesgarria da. Shutter software librea da eta instalatu daiteke Ubuntu edo GNU/Linux sistemetan Synaptic-etik, Ubuntu Software Biltegitik edo edozein pakete kudeatzailetatik, shutter izeneko paketea bilatu eta instalatzeko markatu besterik ez da behar. Aplikazio honetaz hitz egin zen jada Zibergelaren aurreko ale batean, hau da sarrera horren helbidea: http://zibergela.bitarlan.net/2010/04/08/shutter-gnulinux-en-pantaila-argazkiak-ateratzeko-aplikazio-interesgarria/ eta hau proiektuaren helbidea:http://shutter-project.org/.

Webguneen argazkiak

Screengrab, Firefoxerako gehigarri bat da eta Firefox nabigatzailearen bitartez ikusten diren webguneen argazkiak edo kapturak ateratzea ahalbidetzen du. MS Windows, Mac OS X eta GNU/Linux sistemetarako Mozilla Firefox nabigatzaileetan instalatu daiteke eta hau da gehigarriaren helbidea: https://addons.mozilla.org/eu/firefox/addon/1146/. Web orrialde osoa edo zati baten argazkia egin daiteke eta paper-zorroan edo fitxategi batean gorde ahal da PNG edo JPEG formatuan.

Micro blogging eta sare sozial kontuak kudeatzeko aplikazioak

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Urriak 29

saresozialak2Sare sozialak eta microblogging baliabideak norberaren bizitzan lekua egiten joan dira eta gutxiago edo gehiago Internet erabiltzaile askok denbora ematen dute sareak eta microbloggin baliabide hauek arakatzen eta kudeatzen. Gainera ohikoa da erabiltzaile batek sare sozial bat baino gehiago erabiltzea. Eta ez hori soilik, erabiltzaile batzuek sare sozial edo microblogging zerbitzu berean kontu edo identitate bat baino gehiago era badaukate.

Izan ere, eguneko denbora asko suposatu ahal da erabiltzaile askorentzat beren microblogging eta sare sozialen azpiegitura hau guztia kudeatzea. Beraz, sare sozialen hedapena eta garapenarekin batera, kontu guztiak kudeatzeko era zentralizatu baten beharra joan da ateratzen. Horrenbestez, kontuak kudeatzeko era zentralizatu hau eskaintzen dituzten hainbat aplikazio agertzen joan dira.

Tweetdeck

Tweetdeck aplikazioaren bitartez Twitterreko hainbat kontu eta Facebook, Linkedin, Buzz, MySpace eta Foursquare kontu banak kudeatu daitezke. Doako aplikazioa da eta hemendik jaitsi daiteke: http://www.tweetdeck.com. MS Windows, Mac Os X eta GNU/Linux sistemetan ibiltzen da. Gainera Android sistema duten sakelako telefonoetan ere instalatu daiteke Android Market-en bitartez eta iPhone, iPod eta iPad gailuetarako ere badago, bai webgunetik deskargatuta edo bai App Storetik.

Informazioa erakusteko orduan, ordenagailuetan zutabeka erakusten du, eta zutabe bakoitzean sare sozial bateko kontu bat erakusten da, zutabe horiek ordenatu daitezke eta gehitu eta kendu ahal dira erabiltzaileak nahi duen bezala. Gainera, zutabeak izan ahal dira kontuak, Twitter zerrendak, eguneraketak, bilaketak edo iragazki bereziak. Sare sozialetan eta microblogging guneetan sarreraren bat idatzi nahi bada, idazterakoan, aukeratu ahal da zein kontutan argitaratuko den. Sarerretan, argazkiak, bideoak, lokalizazioa eta loturak, loturak, nahi izanez gero automatikoki laburtzen ditu karaktere gutxiago okupatzeko. Tweetdeck doakoa bada ere ez da software librea eta ez dago euskaraz.

Gwibber

Aplikazio hau GNU/Linux sistemetarako aplikazioa da, Ubuntu, Debian, Suse, Fedora eta Gentoo banaketetarako paketeak daude. Hala bada, pakete eta aplikazio biltegitik instalatu ahal da zuzenean, Ubunturen kasuan Ubuntu Software Biltegia edo Synaptic erabili daiteke, esaterako. Software librea da, doakoa da eta euskaraz dago zati bat. Hau da aplikazioaren webgunea:

http://gwibber.com/. Gainera, Ubunturen azken bertsioetan instalatuta dator lehenetsita eta sisteman integratuta dago Empathy berehalako mezularitza aplikazioarekin eta Evolution posta elektroniko aplikazioarekin.

Gwibber-ren nahi beste kontu sor daitezke eta Twitter, Facebook, Flickr, Digg, Identi.ca, FriendFeed, StatusNet eta Qaiku guneetako kontuak erabili ahal dira. Informazioa oso era jatorrean erakusten du, zutabe bakar batean. Zutabe horretan aukeratu ahal dira nahi diren kontuen jarioak ikus daitezen. Hor ere, jasotako mezu pribatuak, bidalitako mezu pribatuak, aipuak edo argazkiak ikus daitezke. Alde orokor honi “Home” deitzen zaio. Gero, era eroso batean ere aukeratu ahal da esandako informazioa baina kontu bakoitzeko ikusteko. Idazteko orduan ere, aukeratutako kontu guztietan batera idatzi ahal dira sarrerak.

Splitweet

Splitweet, on-line aplikazioa da, hau da, web aplikazio bat Twitter kontu ezberdinak kudeatzeko. Euskaraz dago, Twitter komunitate euskaldunetako kide batzuek egin zuten borondatezko euskaratze lana. Erabiltzen hasteko, helbide honetan sartu: http://eu.splitweet.com/, posta helbidea idatzi eta pasahitza bat asmatu besterik ez da egin behar. Behin saioa hasita, kudeatu nahi diren Twitter kontuak gaitu beharko dira eta ondoren, kontu guztietako mezuak edo soilik kontu batzuetako mezuak irakur daitezke eta kontu guztietan edo soilik aukeratutakoetan idatz daiteke sarrera bakoitza. Ginera, kontu guztietako mezuak, erantzunak eta aipamenak ere ikusi ahal dira.

OfficeFolders theme by Themocracy