Kutsatu ordenagailua software librez

GNU - Software librearen ikurraSoftware libre aipatzen denean,GNU/Linux sistema eragilea burura etortzen da, eta jende askok beldurra dio sistema eragile berri bat erabiltzeari. Izan ere, aldaketa horrek, neurri batean iraultza bat suposatzen du edozein erabiltzailerentzat, ordenagailua erabiltzeko ohitura batzuk eta kontzeptu batzuk aldatu behar direlako. Honetaz gain, GNU/Linux sistema eragilea erabiltzea zaila delako iritzia hedatuta dago. Nahiz eta, apurka-apurka Ubuntu eta Kubuntu banaketak eskema hori hausten joan. Dena den, ez dago zertan aldatzerik ordenagailuaren sistema eragilea software eta aplikazio libreak erabiltzen hasteko enpresa, entitate edo norbanakoen ordenagailuetan. Erabiltzaile oro, jauzi handirik eman gabe, pixkanaka-pixkanaka, software libreaz kutsatzen joan daiteke bere ordenagailua, erabiltzen duen sistema eragilea erabiltzen jarraituta, MS Windows edo MacOSX esaterako.

Zer da software librea

Software librea dagoeneko ez da ezer berririk, eta gehiago edo gutxiago informatika erabiltzaile gehienek ezagutzen dute. Hori bai, askotan, aske eta doako kontzeptuak nahasten dira mota honetako softwareaz hitz egiten denean. Izan ere, ingelesez “free software” doakoa ala askea da. Kasu honetan, free softwarearen  funtsa ez da doakotasuna, askatasuna baizik. Horrenbestez, software librea, askatasun osoz erabil, kopia, iker, alda eta birbana daitekeen softwarea da. Honetarako, ezinbestekoa da, softwarearen iturburu-kodea edo mamia eskuragarri egotea. Horregatik, maiz, doako aplikazioak aurki daitezke Interneten jaisteko, baina, software librearen askatasunak bete ezik, debaldekoak izan arren, ez dira libreak. Kasu honetan, freeware bezala ezagutzen dira.

Honetaz gain, software librea eskuragarri egon daiteke Interneten dohainik jaisteko, edo banaketa prezioan lor daiteke, baina ez da ezinbestekoa librea izan dadin. Software librea sal eta eros daiteke.

Abantailak

Software libreak abantaila anitz ditu informatika erabiltzaile norbanakoentzat zein hainbat talde, elkarte eta erkidegoentzat.

Haietariko bat segurtasuna da, zeren eta iturburu-kodea eskuragarri egoteak ahalbidetzen baitu  adituek aplikazioak eta bestelako softwarea aztertzea. Beraz, ziurta daiteke  egiten duela esaten duena eta ez beste gauzarik, informazioa bidaltzea bezala edo segurtasun zuloak eta ateak ordenagailuan irekitzea, esaterako.

Bestetik, aplikazio eta plataformen laguntza-zerbitzu teknikoa ez da eteten edo jarraitzen irizpide komertzialen arabera, baizik eta komunitatearentzako onurarengatik. Euskara bezalako hiztun gutxiko hizkuntzentzat ere onuragarria da software librea, edonork itzul dezakeelako softwarea edozein hizkuntzatan. Hain zuzen ere, aplikazio libre asko eta sistema eragilea bera ere aurki daitezke euskaraz.

Gainera, kasu gehienetan debalde lor daiteke. Hala ere, ordaindu behar bada softwarea librea eskuratzeko, nahi beste ordenagailutan instalatu daiteke. Beraz, lizentzietan diru dezente aurrezten da.

Aplikazio libreak

Hala, bada, sistema eragile itxi batean ere aplikazio libreak instala eta erabil daitezke. Aniztasuna amaigabea da. Kasurik ezagunenetarikoa Mozilla Firefox nabigatzailea da, MS Windows, MacOsX eta GNU/Linux sistemetan instalatu daiteke eta gero eta gehiago erabiltzen da, hemendik jaitsi eta instalatu daiteke euskarazko bertsioa: http://www.mozilla-europe.org/eu/firefox/. Era berean, posta elektronikoa irakurtzeko Mozilla Thunderbird aplikazioa, http://www.mozilla-europe.org/eu/products/thunderbird/ , oso egokia da, gainera, Firefoxen kasuan bezala, gehigarriak instalatu ahal zaizkio bestelako funtzionalitateak gehitzeko, egutegia, esaterako. Ordenagailua babestea software librearen bitartez ere posiblea da, Claimwin antibirusa erabili ahal da honetarako, izena begiratuta asmatu daitekeenez, MS Windows sistemetarako prestatuta dago eta ez dago euskaraz, bai ordea, frantsesez eta gazteleraz, hau da web gunea: http://www.clamwin.com. Bulegotika-suitea ere euskaraz dago eta oso ezaguna den aukera bat Open Office da. Hau da lortzeko helbidea: http://eu.openoffice.org/, hemen Xuxen zuzentzailea ere instalatu ahal da: http://www.euskara.euskadi.net/r59-738/eu/contenidos/informacion/euskarazko_softwarea/eu_9567/xuxen.html. Azken kasu honetan, MacOs X-rako, NeoOffice instalatzea gomendagarriagoa da, moldatuta dagoelako sistema eragile horretarako: http://www.neooffice.org/. Irudiekin jarduteko eta diseinu grafikorako aplikazio libreak ere erabil daitezke, Gimp http://gimp.org/ eta Inkscape http://www.inkscape.org/ hurrenez hurren. Berehalako mezularitzarako Amsn http://www.amsn-project.net/ edo Pidgin http://www.pidgin.im/ oso ezagunak dira. Beste hainbat motatako aplikazioak daude eta joko asko ere bai, eta esan bezala, asko eta asko, gainera euskaraz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>