android, Aplikazioak, Apple, Mugikorrak, NFC, qr kodea, Sakelako Telefonoak, tabletak

Elgeta Memoria edo Intxortako Bataila bertatik bertara bizitzeko aplikazioa

web-banner_contentElgetako Udalean, Intxortako borrokaldien berreskurapena eta herriko bestelako baliabide turistikoak modu berri eta ezberdin batean plazaratu dituzte. iOS eta Android gailuentzako aplikazio baten bidez, alegia. Motzean, Elgeta Memoria aplikazioa instalatu eta lekura bertara hurbiltzen direnek, Intxorta mendiaren magalean 1936-37ko gudan gertatutakoen kontaketa jasoko dute.

Interesgune ezberdinetako informazio-fitxa, bideo eta audio-gidak eskuratzen dira sakelakoan, QR kodigoak eta hurbileko irrati uhin bidezko komunikazioa edo NFC puntako baliabideak erabiliz. Hala, bisitariek ibilbidea egin eta kokaleku zehatz batzuetatik pasa ahala, besteak beste, tiro hotsez girotutako pasarteak interaktiboki jasoko dituzte, gertaeran murgilduz bisitaria. Bakoitzak bere airera, eta bidean ezarritako kodeei argazkia ateraz, nahiz telefonoa panelera hurbilduta funtzionatzen du.

Intxortako ibilbide tematikoa arindu, erabat multimedia bihurtu eta Euskal merkatuan parekorik ez duen baliabidea da. Elgeta Memoria doakoa da App Store eta Google Play-n. Bestelako gailuetatik sartzeko, http://elgetamemoria.com/ helbidetik egitea dago.

Mahaigaina, Mugikorrak, Streaming, tabletak, Telebista

Telebista, bestelako pantailetara

Panasonic_VIERA_Tablet-717064Egungo krisi ekonomikoak badu zerikusirik ordainpeko telebista zerbitzuak pairatzen ari diren beherakadan. Arrazoia ez da, alabaina, haiengatik ordaindu behar izatea. Jendeak edukien kontrolarekiko eta erosotasunarekiko duen jarreran dago aldaketaren muina.

Internetek erabiltzaileen ohiturak aldatu dituela garbi asko dago, honez gero. Inork ez du atsegin ordutegi edo programazio bati lotuta egoterik.

Are gehiago, badirudi telebista erabat interaktibo egiteari lotuta datorrela etorkizuna: erabiltzaileak edukiarekin zuzenean harremana izateari, alegia. Hori guztia nahi bada, bitartekaria aldatu beharra dago, eta gakoa, Internet da.

Berehalako pausoa, baina, etxeetan Internet bidezko telebistaren edo IPTV deituaren egonkortzea da. Eta bideratuta dago. Digital TV kontsultoriak 97 herrialdetan egindako ikerketaren arabera, 2018 aurretik, 167 milioi etxetan Internet bidezko telebista plataformak erabiliko dituzte munduan. Joera arinduz doa, 2008ko azkenaldera 13 milioi etxetan erabiltzen ziren Internet bidezko plataformak, eta 2012an, 70 milioitara iritsi ziren. Eta aurtengo urtea amaitu orduko, hartzaileen kopurua 88 milioitaraino iristea espero dute. Sektore oparoa da: 2012an 9.141 milioi euro bildu ziren, eta, kalkuluen arabera, 2018rako 16.186 milioi euro biltzea espero dute.

Bateratu gabeko eskaintza

Hornitzaileen arteko adostasunik gabe, zerbitzu mordoa dira egun eskuragarri. Estandar baten faltak, hain zuzen, agintea hartu eta elkarren segidako kanalak aldatzeko plazera oztopatzen du: zerbitzu batera harpidetzeak ez baitu kanal guztietarako sarbidea bermatzen; haiek izenpetutako barruti batera baino.

Batzuek telebista kateen bertsioak eskaintzen dituzte; besteek, aldiz, telesailen eta pelikulen salmenta eta alokairu bilgune gisa funtzionatzen dute. Denek, baina, erabiltzaileari ematen diote kontrol osoa.

Edukiak norberak aukeratzen ditu, eta ahal dituenean ikusi, emanaldiak webguneen bidez nahiz aplikazioen bidez jasota. Emititzen denaren gaineko agintea ere erabatekoa da informatikari esker, eta atzeratzeko edo errepikapenak ikusteko arazorik ez dago. Netflix, Amazon Instant Video, Magine, Total Channel, Filmin… zerrenda ia amaigabea da, eta alderik gabe, telefono, tableta, bideo joko, ordenagailu edo Smart TV telebista batetik, haien zerbitzuetara sarbidea ematen dute, harpidetza bakarra ordainduta; antenen beharrik gabe. Ezarpen askotarikoak dituzte, eta, batzuetan, telefonoa urrutiko aginte gisa ahalbidetzen dute.

Tankerako zerbitzua eskaintzen dute jada hainbat kate tradizionalek doan, bakoitzak bere aldetik. Profil berriko ikusleen haria, zein publizitatearen irabaziak galtzeko beldur. Haien artean, EiTB-ren Nahieran zerbitzua dago, http://www.eitb.tv/eu/ webgunean eta EITB izeneko aplikazioan, App Store eta Google Play-n deskargatu daiteke.

Hego Euskal Herrian Canal+ katearen Yomvi, edo, Ipar Euskal Herrian kate berak emandako Canal Play Infinity ere antzekoak dira; ordainpekoak baina zuzeneko kirol emanaldiak eta pelikula estreinaldietara bideratuagoak (22 eta 60 euro hileroko abonamendua dute).

Ipar Euskal Herriko egoera bestelakoa da. Eskaintza murritzagoa da, hein batean, legedi zentralak, estreinatu zirenetik bi urte pasatu arte pelikulak ematea eragozten baitu; eta harpidetza bidezko plataformetarako bakarrik da.

Hego Euskal Herrian dagoeneko martxan dagoen eta, zurrumurruen arabera, laster Euskal Herri osoan egongo den zerbitzuetako bat Wuaki.tv da. Nolanahi ere, batera zein bestera, audioa euskaraz ezingo da jaso eta bideoak frantsesez edo espainolez ikustean datza desberdintasuna. Zortzi euroko hileroko kuotan, haien pelikula eta telesailen katalogoa sartzen da. Bestela, banaka alokatu edo erosi ere egin daitezke edukiak. PC, iPad, Android gailu edo Xbox360 zein Play Station 3 kontsoletatik atzi daiteke.

Ohiko telebista baten gisara, kateak eskaintzen dituen streaming erako baliokiderik ere bada. Zattoo azpimarratzekoa da, halaber, frantsesez eta espainolez. Programak grabatzea, hainbat sistematatik sartu ahal izatea —GNU/Linux barne— eta doako harpidetza bat izatea ditu bereizgarri. 30 kate dauzka egun, ETB Sat barne.

Hala eta guztiz ere, egoera asko aldatuko da aurki, erabiltzaileekin interaktibitate handiagoa izango duten aplikazioak izango baitira. Microsoft, Intel, Apple edo Sony merkatu hori zelatatzen hasiak dira. Adi baita Googleri ere; Google TV izeneko telebista adimentsuentzako zerbitzua itxi eta Android sistemekin kontraerasoa egitekotan baitago, streaming bidezko telebista berriarekin.http://zibergela.bitarlan.net/2012/01/18/google-tv/.

android, Aplikazioak, Apple, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging, tabletak

Waze aplikazioa, gidarien sare soziala

WazeCrowdsourcing edo ekintzailetza kolektiboa darama erraietan Waze nabigazio aplikazioak. Hots, GPS soziala dela esan daiteke. Leku batetik bestera gidatzeko laguntza ematen duen aplikazio horietako bat da, guztiz doakoa eta une oro eguneratzen dena erabiltzaileek gidatzean sortzen duten informazioari esker. Ezaugarri orokorrenak argitze aldera, Wazelariek edo kideek emandako datuetatik zuzenean jaso daitezke mapen zuzenketak, zirkulazioaren egoera erreala (ilarak, istripuak, polizia kontrolak…), batu behar gaituen lagunaren ibilbidea eta posizioa, edo gasolindegien uneko prezioak.

Hainbat plataformatako dendetan dago prest deskargatzeko: iOS, Android, BlackBerry, Windows Mobile eta Symbian dabilela sakelakoak.

Azkenengo eguneraketari esker (3.7 bertsioan doa), gainontzeko sare sozialekin integratuago dago Waze, eta, besteak beste, posible da Foursquare baliatu eta egondako lekuak erregistratzea, edo Facebooken sortutako hitzordu batera joatea gonbidapena onartze hutsarekin.

Ben Gleitzman

Waze euskarazko ahotsarekin

Oraingoz, aukera hau Android sistemetan dago soilik, eta iOS erabiltzaileek euskarazko euskarri ofizialik gabe eta lehenetsitako beste hizkuntzekin jarraitu beharko dute Apple-ren iragazki gogorragoak gainditu zain. Haatik, Waze guztiz irekia dago itzulpen komunitarioak onartzeko, eta hizkuntza mordo batean eskuratu daiteke. Iragan udatik dago gutxi gorabehera eskuragarri euskaraz, Google Groups-en bildutako itzultzaile talde txiki baten ekinari esker. Alabaina, hasieran deserosoa zen erabat; norberak egindako ezarpenekin egiten zen eta aplikazioa eguneratzen zen bakoitzean errepikatu behar zen prozesua. Joxe Rojas (@joxe) kazetari Teknopata da kolektiboko partaide bat, eta bere ahotsa lagata, posible egin du gidatzeko jarraibideak aitorren hizkuntza zaharrean entzutea gainerako ezarpen zailagoen beharrik gabe. Hala: ireki Waze aplikazioa. Menuan (ezkerreko beheko ikurra), aukeratu Ezarpenak > Soinua. Hor barruan, aukeratu Gidatzeko laguntza maila: Norabideak bakarrik (gaiekin). Egin atzera. Orain joan Ezarpenak > Orokorra atalera. Nabigazio gida menuan, aukeratu Euskara.