Aplikazioak, elkarlana, Google, Hezkuntza, Irisgarritasuna, Mugikorrak, Ofimatika, tabletak

Quickoffice bulegotika aplikazioa doakoa egin du Googlek

Bulegotika aplikazioen merkatua puri-purian dela ez dago zalantza egiterik. Applek iWork bulegoko aplikazio bilduma eskuragarri jarri zuten sarean (http://icloud.com/), nahi den nabigatzailetik dokumentuak sortu eta eguneratzean gailu guztietan sinkronizatu ahal izateko. Cupertinoko enpresan ez da ohikoa horrelakorik, baina zerbitzua gainera doan lor daiteke iOS gailu berri bat aktibatzen bada orain.

Ordainetan odolkiak jaso dituzte Applen, eta Googlek telefono eta tabletentzako Quickoffice aplikazioa doako egin du. Ez hori bakarrik: aldi baterako eskaintza ireki du, urriaren 26a aurretik hura deskargatzen duten erabiltzaileek bi urtez 10GB gehiago jaso ditzaten Google Drive zerbitzuan. Artean, mugimendu horiek guztiak ez dirudite Microsoft larregi asaldatzen dutenik. Eta Office Mobile aplikazioaren deskarga doakoa den arren, ordainpeko Office 365 sareko zerbitzuan harpidetu beharra dago smartphone eta tabletetatik erabiltzeko.

Saltsa horretan, onuradunak, Quickoffice bulegotika suite txukuna doan jaso duten iOS eta Android erabiltzaileak dira. Sareko Google Drive zerbitzuarekin sinkronizatzen da dokumentuak sortu, gorde eta editatzeko. Eta egun besterik dagoen arren, gehien hedatuak izateari eusten dien Microsoft Office bildumako formatuetan lan egitean du berezitasuna. Hau da, Word dokumentuak, Excel kalkulu orriak eta Powerpoint aurkezpenak erabiltzeko pentsatutako aplikazioa da. Bestela, PDF erako dokumentuak irekitzeko, posta bidez fitxategiak eransteko edota Google Drive biltegiko edukiak partekatzeko ere balio dezake.

Quickoffice aurrerantzean doan dago App Store zein Google Play lekuetan.

Google, Sare sozialak eta Microblogging, Segurtasuna

Googleko informazio pertsonala, iragarkietan

Google kontua edukitzean hainbat zerbitzutarako sarbidea eskuratzen da. Adibidez, kontu berdinari lotuta eros daitezke telefonorako aplikazioak Google Play dendan, geroago mezu elektroniko bat bidali Gmail posta zerbitzutik, zein Google+ sare sozialean argazki bat partekatu lagunekin. Joan den asteburuan hasita, hasiera orrian urdin koloreko agerkari bat jasotzen hasi dira erabiltzaileak konektatzean; azken orduko baldintzen eguneraketa baten berri ematen du. Askok oharkabean mezuari kasurik egin gabe zereginetan jarraitu duten arren, berdin eragiten die: haien profileko argazkia, izena eta iruzkinak edo komentarioak erabil ditzake Googlek, eta Interneteko iragarkietan erantsi.

Beste modu batean esanda, nabigatzailean norbaitek produktu baten izena sartzerakoan, bilaketarekin erlazionaturiko iragarki emaitzekin norberaren informazioa ager daiteke. Jakinaren gainean egotea gutxienekoa da, behintzat, sorpresak saiheste aldera.

Esan beharrik ere ez dago, sare sozialek erabiltzaileengandik informazio ederra biltzen dutela, inolako etenik gabe. Bakoitzaren eguneroko jardunaren berri badute, baita atsegin denaren edo egiten diren erosketei buruzkoa ere. Hain zuzen ere, horregatik dira saltzaile eta iragarleentzat hain baliotsuak datu horiek guztiak. Lehenengo mailako informazio iturri dira: interesik gabe kontsumitzaileek zuzenean emandako aholkuak dira, eta eraginkorragoak dira iragarkirik arrakastatsuenak emandako mezua baino.

Iragarkiak, beste izen batekin

Gomendio partekatuak da sistemari jarritako izena. Eta labur esanda, erabiltzaile bakoitzaren jardueran bilatu eta produktu bat probatu dutenak lortzean datza. Ondoren, emandako iritzia edo puntuazioa positiboa bada, produktu horren bilaketa egiten dutenei publizitate gisa txertatuko dizkiete haren profileko aurpegia, egindako iruzkina, jarritako izar kopurua, edo, besterik gabe, +1 egin dioenaren datua.

Facebook programak bere garaian antzeko ekintzengatik jaso zituen kritiken antzera, Googleri ere askorik gabe hasi zaizkio kolpeak etortzen. Ubeldurak agertu orduko, baina, bizkor atera dira esatera Google+ sarean pribazitateari dagozkion ezarpenak behar bezala jarrita dituenari ez diola larregi eragiten eguneraketak. Behintzat, norbere informazioa lagunekin bakarrik partekatzeko aukera egin dutenen gomendioak, lagunen zirkuluko kideen emaitzetan bakarrik agertuko dira, mundu osoko erabiltzaileen emaitzetan agertu ordez. Beraz, gutxi gorabehera, lagunek gustuko dituzten produktuak kontsumitzera bultzatzen duen sistema da.

Nola eragotzi norbere irudia

Dena dela, partekatzen diren gomendioak izan edo ez, iragarkiak direla nabaria da. Hortaz, parte hartu nahiko ez dutenetan pentsatuta helbide bat prestatu dute: https://plus.google.com/settings/endorsements.

Ezarpen horren inguruko informazio xehetuagoarekin batera, desgaitzeko aukera azaltzen da. “Nire jardueretan oinarrituta, Googlek nire izena eta profileko argazkia erakuts ditzake iragarkietan agertzen diren Gomendio Partekatuetan” aukera desgaitu eta Gorde botoia sakatuta, hain zuzen. Googleren neurri berria, datorren azaroaren 11an jarriko da indarrean.

Google, Microsoft, musika, Streaming

‘Streaming’ musika zerbitzuak, gora

streaming-musicGaur-gaurkoz bistakoa da negozio ederra dela streaming musikarena. Mugarria Napster izeneko ataria izan zen: edozein talde eta abesti Internet bidez entzuteko eskaintza erakargarria eta garaian parekorik gabekoa ematen baitzuen, baina Metallica taldearekin epaitegietan topo egin zuten. San Frantziskoko (AEB) taldeak ez zuen gogoko izan haien musika sarean denen eskura jartzea, eta are gutxiago etekinik ez usaintzeak. Ordutik, Napster-ek zein agertu diren beste streaming zerbitzuek, hainbat harpidetza dituzte. Doakoak diren arren, gehienetan hileroko ordainketak egin behar izaten dira iragarki gogaikarriak saihesteko edo sakelakoan non-nahi musika entzun ahal izateagatik. Napster, Spotify, Grooveshark, Pandora, Ubuntu One Music, Last.fm… Streaming musika zerbitzuen zerrenda ia amaigabea da, honezkero.

Ondorengo proposamenak kaleratu berriak edo kaleratzear daudenak dira. Era askotarikoak dira aurrekoei batzen zaizkienak: musika liburutegi zabalekoak, sare sozialetan gehien ematen ari diren abestiak identifikatu eta eskuragarri jartzen dituztenak edo musika negozio eredu berri bat dakartzatenak dira horietako batzuk.

Google Play Music All Access

Astiro baina pauso irmoz joan da bidea eginez Googleren zerbitzua. Beta eran egon ostean, lehengo astean iritsi zen Euskal Herrira beta bertsioan. Android sistemarako aplikaziotik eta webetik lor daiteke, eta 7.99 euroren truke ordenagailuan gordeta ditugun 20.000 abesti ere igo litezke hodeira. Bakoitzaren musika liburutegira sartzea egongo da offline eran edo Internet konexio beharrik gabe. Norbere musikaz gain, munduan dagoen —ia— edozein abesti berri nahiz zahar entzun daitezke. Aurreneko hilabetea dohainik eskaintzen dute, eta askorentzat dagoeneko nagusi den Spotify Premiumaren lehiakide gogorrena da. https://play.google.com/ about/music/.

Xbox Music

Microsoften musika zerbitzuak urtebeteko bizitza dauka jada. Baina orain atera dituzte saretik telefono eta sakelakoentzat aplikazioak: Android sistemetan eta iPhone nahiz iPadetarako eskuragarri dago. Aurreneko pausoa, 30.000 abesti baino gehiago eskaintzea izan zen hainbat gailutik entzuteko: ordenagailu, telebista adimentsu edo Xbox 360 bideo kontsolatik. Datorkion erronka ez da nolanahikoa; Android eta iOS sistemetan ibilbide luzea eta bezero oinarri handia daukaten zerbitzuekin borrokatzea ia ezer berririk eskaini gabe: offline sarbidea, irrati propioak sortzea eta partekatzea, besteak beste. Berezitasuna webgunean dago, lehen sei hilabetekoan mugarik gabeko zerbitzua eta erabat doakoa ematen dute; hortik aurrera, hileko ordu kopuru bat egongo da muga gisa. Bestela, 9.90 euroko kuota ordaindu beharko da Xbox Music erabiltzeko. Webgunea ondorengoa da: http://music.xbox.com/.

Twitter #Music

Ideia originala da beste hau. Twitter sare sozialean presentzia handiena daukaten abesti, artista eta taldeen zerrenda bat osatzen da eta jakin-mina daukatenek aipatu doinuen zatiak entzuteko aukera daukate. Asmoa zeresana ematen dabiltzan artista berriak bilatzea omen da. Beste musika zerbitzuekin bateragarritasuna bilatzen dabiltza, eta haientzat iragazki geruza gisa funtzionatzea. Gehigarri gisa dago eskuragarri dagoeneko, adibidez, Spotify edo Rdio zerbitzuetan. Doinu erakargarri baten berri izan eta zati bat entzun ostean, osorik entzun nahi duena beste zerbitzuetara bideratu nahi dute. Astebete baino gutxiago darama Euskal Herrian abian. Interesa duenarentzat https://music.twitter.com/ da helbidea.

Baboom

Urtarrilean Mega hodeiko biltegi zerbitzuarekin hautsak harrotu ostean, bueltan da gorazarre egin zion musika zerbitzu iraultzailea aurkezteko. Hasieran, Megabox gisa izendatu zuten, eta Baboom izena jaso du azkenik. Baina funtsa orduan azaldu zen bera da orain ere: musika zigilu ahalguztidunen kontra egin eta beste era bateko negozioa proposatzea, doako abesti libreen sare baten bidez.

Beste zerbitzuekin lehiakorra izan eta eskaintza sendoa eskaini ahal izateko, eduki sortzaileentzat erakargarria egitea da gakoa. Diru sarreren %90 banatu, eta erosleetan nahiz publizitatean oinarritutako negozioa ezartzen du. Musikariek, adibidez, abestiak zuzenean saldu ahalko lituzkete, eta doan jaitsi nahi duten erabiltzaileengandik ere etekina jasoko lukete. Eurei jarritako publizitatearen gaineko irabaziak jasoko lituzketelako, hein batean.

Oraindik ez dago kaleratze dataren edo harpidetza kostuen berririk; eta doako bertsioaren iragarkien maiztasunaren gainean ere ez dago informaziorik. Hurrengo hilabeteetan albiste izango da.