Ordenagailuan, tabletan nahiz sakelakoan, interesgarriak diren gauzei buruzko oharrak jasotzeko eta hodeian sinkronizatzeko aplikazioa da. Aurrerantzean, ez da egongo oztoporik webak, ahotsezko mezuak, pantaila argazkiak eta ia nahi den guztia jasotzeko libreta birtual honetan. Iraungipenik gabeko oharrak dira, beraz; eta hortik datorkio izena: Evernote.
Ematen dituen aukerak askotarikoak dira: mundu errealean zein nabigatzean ikusitakoari argazkia atera, audio bidez jaso, edo web orri baten kopia bat gorde daiteke; esteka, irudi, testu eta guzti. Informazioa zentralizatuta eduki daiteke gordeta, nahi den gailutik sartuta eskuratzeko prest. Ondoren, datu horiek guztiak partekatzeko aukera ematen du Evernotek, baita edukia gehitzen uzteko eta gonbidatu denarekin elkarlana sustatzeko ere.
Esate baterako, bidaia bat antolatu duenarentzat tresna egokiena litzateke: gorde edo inprimatu beharko lituzkeen dokumentu ofizialen, bidaia ibilbidearen, mapen edo aireportuko berrespenen kopiak hodeira igo ostean, nahi den lekuan berreskuratu ahalko dira uneoro. Hain urruti joan gabe ere, batez ere momentu batean zerbait interesgarria ikusi duenari suertatuko zaio baliagarri aplikazioa, gorde ostean beranduago eta lasaiago berreskuratzeko.
Evernote programaren bertsioak aurki daitezke dohainik, gailu zein euskarri desberdinentzat. Horrela, telefonoen eta tableten kasuan, badago deskargatzerik iOS, Android, Blackberry edo Windows Phone-entzat. Ordenagailuen kasuan, berriz, Mac eta Windows inguruneentzat dago soilik (Windows 8 berrirako barne). Web ofizialetik: http://evernote.com/ evernote/.
Web Clip eran bestela
Azkenik, nabigatzaileentzat ere instalatu ahalko da gehigarri gisa; klik batera nahi dena hodeian erregistratzeko moduan. Hemen, Firefox-eko gehigarriaren esteka: https://addons.mozilla.org/en-US/firefox/addon/evernote-web-clipper/. Chrome edo Safari nabigatzaileentzako bertsioak ere lor daitezke.
One Response to Evernote, oharrak jasotzeko aplikazioa
Pingback: Evernote, oharrak jasotzeko aplikazioa.Zibergela » | IKT-TIC+didaktika | Scoop.it