android, Aplikazioak, Apple, elkarlana, kontzeptuak, tabletak

Geokokapenaren erabilerak

Azken belaunaldiko telefono eta tabletetan ezinbesteko ezaugarri bihurtu da GPS osagarria dagoeneko; eta, jada, aspaldiko kontua da sakelakotik lekuak partekatzeak harridura sortzea. Hala ere, aplikazio gehienek gaitasun hori zehazten duten arren, askok oraindik ez dakite etekina ateratzen. Teknologia horri eman dakiokeen erabilpena ezagutu gabe, ulergarria da une oro geokokatuta egotearen inguruan zalantzak sortzea. Egunerokoan iraultza handirik igarri ez arren, badira geokokapenari etekin eskerga ateratzen diotenak; izan diren lekuak mapan markatuta nahiz besteek utzitako seinaleak jasota.

Bidaiatzeko lekuen gida

Ahoz ahokoa bezalakorik ez omen dago, eta bidaiariak dira lehenak besteek idatzitako gomendioez baliatzen eta jomuga aukeratzeko iturritzat erabiltzen. Minube aplikazioa (http://www. minube.com/) baliagarria suerta daiteke urrutiko txokoen berri izateko. Garai bateko patrikako gidak alde batera utzi,eta norbere telefonoa erabil daiteke gidatzat, telefono bakoitzari dagokion bertsioa deskargatu, eta informazio turistiko eskerga jaso daiteke: bazkaltzeko lekuak, ostatu eskuragarriak, Internet sarbideak edota bestelako leku interesgarriei buruzko datu faltarik ez da izango. Hainbat eta hainbat bidaiariren iritziak esku-ahurrean biltzen dituen aplikazioa da Minube. Nabigatzailearekin integratuta egonik, guztia aplikazio beretik kudeatu daiteke: bidaia prestatzeko orduan baliagarri direnak lehendabizi; ondoren, helburura iristeko jarraibideak jasotzeko ere balioko du; eta, azkenik, lekuko gida interaktibo bihurtuko da. Gainera, bidaiari berriekin iruzkinak partekatu, eta sakelakotik ateratako lekuen argazkiak igotzeko ere balio du. Minube eskuragarri dago Nokia, iPhone, Android eta Windows Phonentzat.

Urrutira joan gabe ere, litekeena da gauden lekutik gertu dauden negozioen berri jaso nahi izatea. Beste behin ere, erabiltzaileek utzitako informazioa erabil daiteke iturri fidagarri gisa: Foursquare aplikazioko Tips zerbitzuak, kasu, gertu dauden negozioen eta jatetxeen berri emango digu, haiei buruz utzitako iruzkinetan oinarrituta.

Egondako lekuen gordailua

Egondako lekuak gordeta edukitzeak badauka abantailarik: lekuaren ezaugarriak eramango dira hurrengo baterako aldean, edo beste bati koordenatuen berri nahiz beste daturen bat eman ahalko zaio, eta abar. Izan ere, egungo telefonoek ateratzen dituzten argazkiek, irudiarekin batera gordetzen dituzten metadatuei esker, informazio hori eta gehiago jasotzen dute. Hala, mapa gainean adierazitako iltze gorriei esker erakusten dute argazki bakoitza atera den lekua, nahi izanez gero, berriz ere nabigatzailearen bitartez irudiaren lekura eramateko aginduz telefonoari. Hori bide bat da, baina Foursquaretik hasi eta Minubetik pasata, aplikazio asko daude merkatuan horrelakoak egin ditzaketenak, bakoitzak bere berezitasunekin.

Facebookek berak ere, geolokalizatzeko aukera ematen du, norbere historikoa jasoz hodeian: argitalpen berri bat bidaltzeko garaian, uneko kokapenaren berri eman daiteke, edo Check in aukera eman, eta zuzenean adierazi norbera non dagoen. Konfiguratzen den eraren arabera, informazio hori publikoa edo pribatua izan daiteke. Horretarako, norbere profileko Jardueren Erregistroa atalera zuzendu beharko da; bertan, eskuinean, goialdean dagoen beherako menua zanpatu eta Posts with Location aukeratzen bada, geokokaturik egindako bidalketen erregistroa ikusi ahalko da; noiz egin ziren eta nondik. Ondoren, horietako bakoitza aukeratu, eta irudi nahiz iruzkinak gehitu daitezke; nahieran, pribatutasuna ere aldatuz. Aukera galanta, egondako lekuen oharrak eta bestelakoak gordetzeko, hortaz.

Google+ barnean, Latitude edo Googleren checkin zerbitzua txertatu ostetik, Lekuen Historialera joan eta erregistroa baimendu daiteke. Zerbitzu hori ikusgarriagoa da: Googlen mapen erabilerari esker ikuspegi zabalagoa erakusten baitu —satelite edo mapa arrunt gisa— egondako lekuen berri emateko, datak adieraziz bakoitzean eta 30 eguneko tartea erakutsiz.

Fourquarek ez dauka modurik mapa batean zuzenean checkin guztiak adierazteko, baina bidezidor bat erabil daiteke gabezia hori saihesteko: Google mapak erabiltzea berriz ere, alegia. Aplikazioko Feeds orrira zuzendu, kopiatu KML izeneko feeda, eta Google Mapseko bilaketa laukian itsatsi ondoren, mapan ageriko da informazio guztia.

Gogoan izan esteka horrekin kontua izan behar dela, horrekin bakoitzaren checkin guztietara sarbidea lortzeaz gain, etorkizunekoak ere zelatatzeko giltza lor baitezake edonork. Foursquarekin jarraituz, bitxikeria bat aipa daiteke: egondako lekuen zerrendak osatzea. Ezaugarri horri esker, gustuko txokoak sailkatu eta gogoratu ahalko dira instant batean; eta noizbait itzultzeko gogoa etorriz gero, mapan ageriko dira goratuta. Horretaz gain, zerrendak aukera ona dira bisitatu nahi diren lekuak aintzat hartzeko, aisialdirako denbora dagoenean.

Foursquare, Minube eta esandako aukerez gain, aplikazio ugari dago geokokapena erabiliz leku ederrak bilatu eta informazioa eskuratzeko: AroundMe, LocalEats eta TripAdvisor dira ezagunetariko batzuk. Ondoren, sare sozialei jarraipena emanez, Twitterrek eta Instagram aplikazioek ere geokokatzeko aukera ematen dutela ezin ahaztu.

Geolokalizazioak, pribatutasunarekin topo

Entzutetsua izan zen Appleren auzia, geolokalizazioari egin zion ezkutuko erabilpena dela eta. 2011ko udazken bueltan azaleratu zen albistea: ordura arte azaldu ez zuten informazio eskerga pilatzen zuten iPhone guztiek, gailua egondako leku guztien erregistroa gordetzen baitzuen lehentasunez ordenagailuan, iTunes bidez. Gero, ibilbidearen informazio hori Applera itzultzen zen; batek daki zein helbururekin edota zein agentziari uzteko.

Hori zuzendu, eta ondorengo eguneraketetan ezaugarri hori erabiltzaileak abiarazi edo bertan behera uzteko aukera jarri zuten. Dena dela, kontua honetan datza: geokokapenaren abantailak anitz dira, baina gogoan izan dezala darabilenak buru gainean daramala —mapan balitz bezala— gezi gorria itsatsita noranahi.

Aplikazioak, Internet, Sare sozialak eta Microblogging

Facebook App Center eskuragarri dago honezkero

facebookappcenterAste hauetan zehar Facebook sare sozial ospetsua bere App Center pixkanaka-pixkanaka gaitzen joango da erabiltzaileen artean. Aurreko hilabetean garatzaileentzako aurkezpena egin zuten Facebookeko arduradunek. App Center aplikazio biltegi bat da, non sare sozialean zein sakelako telefonoan erabiltzeko aplikazioak aurki daitezkeen. Sakelako telefonoetarako aplikazioen kasuan, telefonoari dagokion aplikazio biltegira birbideratzen du eskaera, iOS-ren kasuan App Store-ra eta Androiden kasuan Play Store-ra.

Hala ere, aplikazio oro ez da aplikazio honetan onartzen. Izan ere, garatzaileentzako gidan adierazten den moduan, saioa hasteko sistema bezala Facebook erabiltzen dutenak baino ez dira onartuko.

Aplikazio bakoitzak informazio orrialde bat izango du eta bertatik aplikazioa erabiltzeko botoia eskuragarri dago. Aplikazio biltegian aplikazioak hainbat ataletan sailkatuta agertzen dira eta sakelako telefonoetarako zein webgunerako aplikazioak bereizten dira.

Hala, bada, Facebook-n App Center, Apple-n App Store, Android-en Play Store (lehengo Android Market), Chrome Web Store, Ubuntu Software Center, besteak beste, aplikazio biltegiak modan daudelako adibideak dira.

Internet, Sare sozialak eta Microblogging

Sare sozialak eta microblogginga

sare sozialakWeb 2.0 delakoarekin, besteak beste, blogak, oso komunikabide baliagarri eta garrantzitsu bihurtu ziren. Hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka Internet erabiltzailea esparrua irabazten joan da amaraunean, eta irakurle hutsa izatetik idazle eta eduki sortzaile aktibo izatera pasatu dela esan daiteke.

Nolabait, Internet, gizartearen isla bat da, gizarte birtuala, edo, gizartearen eremu guztien artean, beste bat besterik ez. Honela, gizartearen kide bakoitzak bere isla du Interneten eta askotan, bilatzaile batean, pertsona anonimo baten izena bilatuta, bere inguruko hainbat informazio aurki daiteke eta amaraunean berak idatzitako gauzak irakurri ahal dira. Nolabait, batzuek, hau guztia intimitate eta pribatutasuna eza bezala uler dezakete eta kezka sor daiteke. Izan ere, arrazoia daukate horrela uste dutenek. Horregatik kontuz ibili behar da Interneten idazten denarekin eta jartzen diren datuekin. Beti pentsatu behar da, datu horiek eta idatzitako gauzak publiko bilakatzen direla eta munduko biztanle askoren eskura daudela, bretxa digitala delakoa era batean edo bestean pairatzen ez dutenen eskura hain zuzen ere. Gogoratu behar da Internetek edozein beste komunikabidek baino askoz audientzia handiago duela, mila milioi erabiltzaile baino gehiago.

Baina, bestetik, Internet oso komunikabide indartsua da eta oso baliabide interesgarriak eskaintzen ditu horretarako, honela, erabiltzaile bakoitzak informazio gehiago eta azkarragoa eduki ahal du. Ohiko komunikabideek eskaintzen ez duten informazioa ere lor daiteke eta beraz, gogoko gaien inguruan gehiago sakondu daiteke. Honetaz gain, norbera ere informazio sortzaile izan daiteke eta bere jakintza parteka dezake.

Sare sozialak

Gizarte birtual hori edo gizartearen eremu hori sortzeko bidean, bere alde txar eta onekin, microblogginga eta sare sozialak daude pil-pilean egun. Ziur aski, erabili ala ez erabili inori ez zaizkio arrotzak suertatuko kontzeptu hauek. Sare sozialen bitartez, kontaktu ezberdinak egiten dira eta norberak bere kontaktuen informazio ezberdina jasotzen du. Informazio hau izan daitezke mezu motzak eta zehatzak informazio konkretuarekin edo bakoitza zer egiten ari den edo momentu batean zer pentsatzen edo sentitzen ari den adierazteko. Bestetik, argazkiak, bideoak, audioak, estekak, artikuluak eta bestelako multimedia elementuak partekatu ahal dira kontaktuekin. Gainera, kontaktuek iradokizunak egin ahal dituzte partekatzen diren elementuetan edo eztabaidak sortu ahal dira. Bakoitzak helburu ezberdinekin erabiltzen ditu sare sozialak: normalean edo aspaldian ikusten ez duen jendearekin harremanari eusteko, maiz ikusten duen jendearekin beste komunikazio baliabidea edukitzeko (telefonoa edo posta elektronikoa bezala), lagun berriak edo harreman sentimentalak lortzeko, bere nortasuna eta izaera Interneten plazaratzeko edo bere arlo profesionala bultzatzeko zein enpresa baten publizitatea egiteko. Nolabait, sare sozialetan eta microbloggingaren bitartez eskaintzen den informazioa bideratuago dago. Izan ere, webgune batean mundu zabalera argitaratzen dira gauzak, baina sare sozial batean, erabiltzaile baten kontaktua denari, nolabait ere, interesatzen zaio erabiltzaile horrek esan dezakeena edo zabaldu ahal duen informazioa.

Sare sozial ezberdinak

Sare sozial batzuk erraldoiak dira eta erabiltzaile kopuru itzela dute, Facebook-ek, esaterako, 400.000.000 erabiltzaile aktibo inguru dauzka. MySpace-k, ordea, 200.000.000 baino gehiago, ez da gutxi. Facebook-en webgunea http://www.facebook.com da eta MySpace-rena http://www.myspace.com/. Sare sozial hauek helburu orokorrekoak dira, alegia, ez daukate helburu edo ikuspuntu zehatz bat. Beste sare sozial batzuek, aldiz, arlo berezi batera bideratuta egon ahal dira. Linkedin http://www.linkedin.com/ edo Xing http://www.xing.com/, adibidez, helburu profesionalei eta negozioak, lankideak eta lan-harremanak orokorrean sortzeari begira sortuta daude. Alegia, norberaren arlo profesionala sustatzeko. Meetic, http://www.meetic.com/, ostera, harreman sentimentalak eta bikoteak lortzeko bideratuago dago.

Interneteko entitate erraldoiak ere saiatu dira sare sozialen munduan sartzen, baina arrakasta handirik gabe, hor daude Google-ren eta Microsoften saiakerak, Orkut http://www.orkut.com/ eta Townsquare (honek azkenean ez du argia ikusi), hurrenez hurren.

Euskarazko sare sozialak

Euskarazko sare sozialak ere badaude, Facebook bera euskaraz dago. Zutagu http://zutagu.net ere sortu da orain dela gutxi ezagutza partekatzeko edo Zugaz http://zugaz.com/, azken hau lagun girora zuzenduago. Bestetik, komunikatzaile euskaldun guztiek ere bere sare soziala dute, Komunikariak izenekoa http://komunikariak.ning.com/ hain zuzen ere.

Microblogginga

Microblogginga, Twitter webgunearekin sortu zela esan daiteke. Baliabide honen gakoa da informazioa ematea mezu motzen bitartez. Horrela, informazioa zehatzagoa eta zuzenagoa izaten da.  Esan bezala, Twitter da ideia honetan oinarritu zen lehenengoetariko webgunea eta gaur egun arlo honetan erabiliena dela esan daiteke. Zerbitzu honetan 140 karaktere gehienez idatzi ahal dira sarrera bakoitzeko. Webgune honek gainera sortzen du gune berezi bat non norberaren sarrerak agertzen diren eta gainera itxura eta estiloa aldatu eta konfigura daiteke. Adibidez: http://twitter.com/berria. Hala, bada, Twitterren bitartez microblogginga praktikatzen hasteko http://www.twitter.com helbidera joatea besterik ez da behar eta hor izena eman. Gainera, erabiltzaile ezberdinak jarraitu ahal dira beren sarrerak irakurtzeko eta era berean norberaren sarreren jarraitzaileak lortu ahal dira. Horrela, informazioa emateko eta zabaltzeko ez ezik informazioa edateko eta jasotzeko ere balio du.