android, Aplikazioak, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Sherpa 2.0, Android-erako ahots bidezko agintearen azken bertsioa

sherpa1

Sherpa izeneko aplikazioa urrian plazaratu zenean, ez zen bakarra Android sakelakoak ahots bidez kontrolatzeko balio zuena, baina berehalako arrakasta izan zuen. Bizkaiko Anboto enpresa izan zen ekarpenaren egilea. Baina, besteak beste, abiaduragatik kritikatua izan zen. Orduan ere, iOS-eko Siri-ren parean jartzen zuten batzuek, baina jadanik, Apple-ren aplikazioaren gainetik jarri da zalantzarik gabe.

Orain, Sherpa 2.0 okerrak zuzendu eta gaitasunak areagotuta dator, hainbat berrikuntzaz hornituta. Itxura berritu diote interfaze grafiko berria sartuta, HOLO izenekoan oinarritua. HTML 5 integratuta ekartzean, ikusgarritasunean irabazi du; eta bilaketa motore berria ezartzearekin emaitza hobeak jasotzen dira; erantzuteko denborak ere nabarmen hobetu dira.

Ahots bidezko aginte sistemak ezaugarri dibertigarri moduan sortu ziren, baina Sherpa berri honek hautsak harrotuko dituela dirudi, jada erabiltzailearengandik ikasi eta pertsonalizatutako informazioa itzultzen baitu. Era berean, nahi den musika hautatu eta streaming bidez entzuteko aukerari orain kontzertuetarako sarrerak erosteko aukera gehitu diote.

Android 2.2 bertsiotik aurrerako euskarrietan ezinbesteko bihurtuko da aplikazioa; informazioa, laguntza edo beste eginbeharrekoak hitz eginda soilik beteta ikusteko lanabes bikaina baita. Azkenik, horrelako aplikazioen zailtasunik handiena hizkuntza menperatzea da, eta Sherpa ondo moldatzen da espainieraz; ingelesez ere eskuratu daiteke nahiago bada, probatzen baitabiltza. Informazio gehiago, aplikazioaren webgunean dago: http://sher.pa/.

Sakelako Telefonoak

Ahotsezko agintea telefonoetan

Lengoia naturala ulertu eta erantzun egiten dute azken belaunaldiko telefonoek.

Lengoia naturala ulertu eta erantzun egiten dute azken belaunaldiko telefonoek.

Edozeinek solasean hitz egiten duen bezala komunikatutako desirak ulertu, sistema eragilearentzat agindu bihurtu eta erantzuteko gai diren morroiak hasi dira agertzen azken generazioko mugikorretan. Hots, aplikazio hauek lengoaia naturalaren prozesamenduaren bitartez esaten zaiena hainbat web aplikazioetan delegatzen dute, lekuan lekuko ekintza abiatzeko dagokion zerbitzuari zuzenduz momentuan.

Laguntzaile hauei esker ahotsa erabili liteke mezuak bidaltzeko, batzarrak antolatzeko, deiak ezartzeko, eguraldiagatik galdetzeko, eta tankerako beste hainbat ekintzatarako. Zalantzarik gabe sistema hauek ez dira akats gabekoak eta ez dute beti zuzen erantzungo, baina printzipioz badira gai eskariari lengoaia argi eta aberats batean erantzuteko.

Honatx adibide batzuk. Hala “Gaur aterkirik beharko al dut?” galdetuz bere erantzuna “Gaur euria egingo duela dirudi.” esatea izan liteke, edo egungo mugikorren kokapen geologikoari esker norbere posizioari lotutako gogorapen bat sortzea “Gogoratu etxera iristean amari dei egitea.” dagokion alarma programatuz baldintza horren pe, bakoitzaren agenda kudeatuz “Bihar Iñakirekin geratu korrika egiteko.” eta ezezkoa jasoz horretarako lekurik ez balego aurreikusitako planen artean, eta abar. Aukerak anitzak dira, besteak beste nor den eta zer egin dezakeen ere galde baitakieke.

Sistema hauen beste ezaugarri bat da ez dutela erabiltzailearen elkarrekintzarekiko haria galtzen eta eskaerak elkarren atzetik lotzen joan daitezkeela hasierako informazio guztia errepikatu beharrik gabe. Esan nahi da, jatetxe bat gaitik galde dakioke “Zerbait mexikarra afaltzeko gertu?” eta hurbilen dauden lekuen zerrenda jaso bueltan, gero informazio osoa eman beharrik gabe jarraitzeko “Hmm agian nahiago begetarianoa.” eta berak berriz ere testuinguruan oinarrituta ondo erantzungo du bilaketa berriaren emaitzekin.

Azkenik, esan gabe doa diktaketak egiteko daukaten ahalmena ezin dela utzi albo batera. Honela, testua idatzi behar den edozein ingurunetan teklatuko ikonoari eman ostean mugikorra testu bihurtzeko hitzen zain geratuko da, eta beraz, email arruntak zein Facebook, Instagram edo Twitter bezalako inguruneetan ere ahots hutsez moldatzeko ateak irekitzen ditu honek.

Teknologia honen potentziala begi-bistakoa izaki, sektoreko erraldoi bakoitzak -Apple eta Google batez ere lehian- badu bere ahotsezko kontrol sistema egikaritua eta kasu batzuetan integratua defektuz puntako mugikor batzuetan.

Apple-en Siri

Honelako lehendabizikoa eta erreferentea alor honetan, urriaren 14an kaleratu zen Iphone 4S-ean integratu eta honek zekarren berrikuntzarik azpimarragarriena bezala aurkeztu zuten Siri. Oraingoz Iphone 4S-rentzat esklusiboa den laguntzaile honek egun 4 hizkuntza ulertzen ditu: ingelesa, alemana, frantsesa eta japoniera. Udazken honetan iOS 6 sistema eguneraketarekin batera espainiera, italiera, txinera eta korearrarentzat euskarria izango duela adierazi dute Apple etxekoek.

Google-en Voice Search berritua

Voice Search aplikazioaz mintzo garenean kontutan hartu beharrekoa da ez dela Siri bezala zerbitzu heterogeneoa, baizik eta beste aplikazio batzuk uztartzen dituela eta bertsioaren arabera, batzuetan independenteki instalagarriak direnak. Voice Search bilaketak egiteko ahots bitartez eta Voice Actions mugikorreko ekintzak aurredefinitutako komando batzuekin ahotsez kontrolatzeko, esanguratsuenak.

Android 2.2 sistemaz geroztik egon da ahotsez bilaketak egiteko edota mugikorra era berean kontrolatzeko egun baino aukera xumeagorik, baina Jelly Bean (JB) izenenez bataiatu zuten 4.1 bertsioa uztailaren 9an plazaratu ostean eman du benetako jauzi kualitatiboa sistemak. Honekin, aurrez definitutako aginduak bakarrik ulertu beharrean Siri bezalako lengoaia naturalaren ulerpena eta ahots erantzun sistema aberatsagoa iritsi baita (azken hau, Knowledge Graph izeneko zerbitzua aipatu biei batzearen ondorioz). Diotenez JB hobea omen da Siri baino itzulitako informazioaren osotasunean eta baita abiaduran.

Hori bai, JB bertsio hau ez dago eskuragarri Android euskarridun mugikor guztietan, izan ere apurka sakelako eta tableta batzuentzat bateragarri egingo duten arren, punta-puntako gutxi batzuentzat izango baita soilik (Nexus S edo Samsung Galaxy S3 lekuko).

Azkenik aipatu 4S baino zaharragoa den Iphone jabeentzat eskuragarri dagoela iTunes-ko AppStore dendan eta dohainik Google Search aplikazioa, behintzat bilaketak ahoz egiteko aukera luzatuz. 21 hizkuntza ulertzeko gai da Voice Search.

Ahots bidezko bilaketak ordenagailuan

Ordenagailuetan ere badago honelako aukerarik. Voice Search Chrome nabegatzailerako eskuragarri dago gehigarri bezala instalatzeko: https://chrome.google.com/webstore/

Ezin ahaztu ezta Firefox nabigatzaileak ere landu duela Firesay izeneko zerbitzua helburu berdinarekin, hemen deskargagarri: https://addons.mozilla.org/en-us/firefox/addon/firesay/