Aztarna digitala

Interneten batera eta bestera ibiltzen garen heinean, gure aztarna digitala hedatuz doa, erabiltzaileak konturatu ez arren. Sare sozialetan zabaltzen ditugu kontuak, blogak sortzen ditugu edo inoren blogean iruzkin bat egiten dugu. Jardun horiek guztiak, gure berri ematen diote munduari, eta, ondorioz, gure irudi bat osatzen dute, gure irudi digitala.

Presentzia digital hori ezabatzea, ordea, ez da betiere gauza erraza. Interneten jartzen dena erraz zabaltzen da lau haizetara, eta hainbat eduki erraz gorde daitezke edonoren disko gogorrean. Bilatzaileek egiten dituzten sare araketetan ere, aurkitutakoa gorde egiten da, cache bezala ezagutzen den biltegian. Gure soslaia ezabatu nahi badugu, batzuetan, webgune baten arduradunarekin jarri beharko gara harremanetan. Beste batzuetan, edukiak ezabatzeko propio egindako zerbitzuak daude. Ez dago webgune, aplikazio eta zerbitzuetan gure aztarna desagertzeko prozedura estandarizaturik.

Norbait hil eta gero, zendutakoaren familiak hildakoaren aztarna digitala ezabatu nahi izaten du. Horretarako ere, sare sozial batzuek bide batzuk ematen dituzte. Sare sozialen kudeaketa guneak norbera bizi den estatu edo egitura politikotik kanpo badaude, lana zaildu egin daiteke; okerrenean, epaitegietara jo beharko da, eta epaileek askotan ezer gutxi egin dezakete estatu jakin baten mugetatik at dauden enpresa edo zerbitzuekin.

Aztarna ezabatzeko aplikazioak

Badira Interneten, hala ere, gure aztarna ezabatzen lagunduko diguten tresnak; batzuk doanekoak dira, eta beste batzuk, ordainpekoak. Ezabaketa zerbitzuak ematen dituzten enpresak ere badaude.

Suicidemachine tresna ezagunenetako bat da, gure presentzia digitalaz beste egiteko erabili dezakeguna. Facebook, LinkedIn, Myspace eta twitter moduko sare sozialetatik gure soslaiak ezabatzen ditu.

Soslaiak eta datuak ezabatzeko, sare sozial horiekin konexioa egin behar da, eta gune bakoitzak ematen dituen orri eta zerbitzuak aprobetxatu ezabatzeak egiteko Guneak dioenez, 52 minutu behar ditu sistema horrek gure soslaiak ezabatzeko. Ezabaketa prozesua eskuz egitekotan, 9 ordu eta 35 minutu beharko direla dio. Dena den, badirudi Facebook-ek ez dituela iturri horretatik egindako ezabaketa eskaerak onartzen.

Beste gune batzuek konexioa baliatu ordez, sare sozial bakoitzean eman beharreko pausoak agertzen dituzte; esaterako, Delete Your Account guneak askotan oso ezkutuan egoten diren jarraibideak erakusten ditu, pausoz pauso modu errazean jarraitzeko moduan.

Facebook-en, adibidez, aukera bi ditugu. Kontua desaktibatu edo ezabatu egin dezakegu. Desaktibatzean, soslaia eta gure datu guztiak Facebook-en zerbitzarietan geldituko dira, baina ez dira bistan egongo. Desaktibatu ondoren, guk horrela nahi badugu, kontua berriz ere aktiba daiteke. Kontua ezabatzeko, berriz, hona jo behar da: http://www.facebook.com/help/contact.php?show_form=delete_account.

Kontua ezabatuta, gure datu guztiak facebooken zerbitzarietatik desagertu beharko lirateke hortik gutxira, eta kontuari lotutako datuak berreskuratzea ezinezkoa izan beharko luke.

Gune, sare edo zerbitzu bakoitzak bere bideak dauka, beraz, datuak ezabatzeko; eta, askotan, erabilera baldintzetan erakusten da gure kontua ezabatzean gure datuekin zer gertatuko den. Horregatik, komeni da sare sozialen nahiz beste guneen erabilera baldintzak irakurtzea bertan izena eman baino lehen.

One Response to Aztarna digitala

  1. Ander Goñi says:

    Honen inguruan, Eroski Consumer-en artikulu bat, “El derecho al olvido” http://www.consumer.es/web/es/tecnologia/internet/2011/05/02/200189.php

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>