Mugikorrak, Pribatutasuna, Sakelako Telefonoak, Segurtasuna, tabletak, Windows Phone

Argazkien ezkutuko informazioa

Navigation via Smart phone.Amarauneko arriskuen jakitun, erabiltzaileak partekatzen duen informazioari begirune handia dio dagoeneko. Ez dago jakiterik sare sozialetan, web orrietan edo posta elektronikoetan partekatzen diren datu pribatuak zeinen eskuetara helduko diren. Kontua da partekatzen dugun informazioa beti ez dagoela bistara. Izan ere, bideo edo argazki batek azalean erakusten duen baino informazio gehiago gordetzen du bere barruan.

Azken belaunaldiko kamerek, ateratzen dituzten irudiekin batera, metadatuak gordetzen dituzte. Testuinguru datuei esaten zaie metadatuak; datuen izaera edo kokapenari buruzko informazioa ematen dute, hain zuzen. Irudietarako, EXIF edo Exchageable Image File Format izena hartzen dute. Argazkia noiz atera den, gailua, objektiboa eta lentearen uneko ezarpenak ageri dira. Baina geokokapenerako gaitasuna edo GPS gaitua duten gailuetan, kokapen zehatza ere gordetzen dute. Garbi dago, beraz, azken belaunaldiko edozein telefono edo tabletarekin egindako argazkiek informazio asko jasotzen dutela barruan. Baita Internet sarbiderik gabe egonda ere.

Sare sozialen datuen babesa

Hots, etxean egindako argazkia partekatzean, norbere helbidea publikatzeko arriskua dago harekin batera. Alabaina, kokapena partekatu nahi den galdetzen dute sare sozial gehienek haien web eta aplikazioetan partekatu orduko. Ezezkoa aukeratuz gero, informazio horiek arbuiatzen dira irudi eta bideoen kopiak zerbitzarietan kargatzerako. Alde horretatik babestuta egon arren, aintzat hartzekoa da gero ere igotzen diren argazkien jabetza intelektuala eta erabilpen eskubideak galtzen dituela erabiltzaileak. Baina hori beste kontu bat da.

Facebook, Twitter, Google+, Linkedln, Instagram edo Tuenti-k datu pribatuak arbuiatzeko aukera ematen dute. Ostera, Foursquare nahiz Pinterest zerbitzuek haien web aplikazioetatik argazkiak igotzeko garaian etorri ahala gordetzen dituzte argazkiak, iragazki gabe.

Ordea, bien kasuan telefonorako aplikazioa erabiltzen bada, datu horiek ez gordetzeko eskaera egiteko aukera dago. Bestelakoa da Flickr eta Picasa zerbitzuen kasua. Horietan, fitxategia kargatzeko orduan ez da salbuespenik egiten, eta metadatu eta guzti jartzen dira irudiak sarean. Edozein zelatariren eskura.

Bistakoa da sare sozialak pribatutasuna babesteko doikuntzak egiten ari direla, baina gaur-gaurkoz, gabeziak dituztenak badira. Arriskuak ezagutuz gero, zer partekatu behar den bakoitzaren erabaki bihurtzen da.

Metadatuak egiaztatzeko zein ezabatzeko erak

Informazioa eskuratzeko zein ezabatzeko ordenagailurako programak erabil daitezke. Irudi baten barruan dauden metadatuak begiratzeko, EXIFTool tresna erabil daiteke. Windows eta Mac-erako dago eskuragarri webean: http://www.sno.phy.queensu.ca/~phil/exiftool/. Metadatuak idatzi eta editatzeko ere erabil daiteke gainera. GNU/Linux banaketetan komando lerrotik egin daiteke instalazioa, egiaztaketa eta ezabaketa, hurrenez hurren:

 sudo apt-get install libimage-exiftool-perl

 exiftool /tmp/nire_argazkia.jpg

 exiftool -all= /tmp/nire_argazkia.jpg

Bestela, informazio gutxiago eskuratzen den arren, ezer instalatu gabe jaso daiteke testuinguru informazioa. Baita ezabatu ere: Windows-en kasuan, irudiaren gainean eskuineko botoiarekin klik egin eta Propietateak-Xehetasunak atalean ikusten dira, eta beheko aldean Kendu propietateak eta datu pertsonalak aukera ageri da.

Mac OS X sistemetan, irudiaren gainean eskuineko botoiarekin klik egin eta Get Info atalean ageri da EXIF informazioa. Euskarri honetan metadatuak ezabatzeko era errazena irudiaren kopia bat egitea da, honela: argazkiaren aurrebistan File-Export-PNG formatua aukeratu. Testuinguruaren informazio gabe egiten du kopia orduan, eta era berean, hori erabil daiteke amaraunean jartzeko. Ubuntun, berdin: informazioa ikusteko, irudiaren gainean eskuineko botoiarekin eginda,Propietateak atalean aurkitzen da atal hori.

Dena dela, irudia atera aurretik aldi baterako GPS desgaitzeko aukera egin daiteke. Pribatutasuna babesteko ondorengo eragiketak aurrezteko balio dezake. Izan ere, partekatzen ez den informazioa beti dago babespean.

android, Aplikazioak, Apple, qr kodea, Sakelako Telefonoak, tabletak, Windows Phone

QR kodeen irakurgailuak

redlaser_apple_commercialQR kodea, ingelesez Quick Response Barcode, bi dimentsiotan irudikatzen den kode bat da; itxura batean, ausaz jarritako lauki zuri beltzez osatzen diren irudiak dira. Mota askotako informazioa gordetzeko balio dute. Sarerako sarbidea duen gailu batekin argazkia atera ondoren, haien barruan dagoen Internet esteka edo lotura eskuratzeko dira. Nabigatzailean jartzeko diren helbide luzeak non-nahi erakusteko, estetikoki egokiagoak eta erabiltzeko errazagoak izateko agertu ziren. Haien gaineko informazio gehiagorako: http://zibergela.bitarlan.net/2011/05/27/qr-kodeak-komunikazio-modu-berria/. Egia esateko, azaldutakoak badu ñabardura txiki bat. Argazkia ateratzeko, aplikazio bereziak deskargatu behar dira. Irudia jaso ondoren QR kodea interpretatzeko gaitasuna duten aplikazioak dira, hain zuzen. Teknologia hori oso sinplea da, eta hainbat doako aukera daude telefono eta tableta plataforma guztietako dendetan. Haietan QR bilatzea besterik ez dago.

RedLaser, QR irakurgailua baino gehiago

Hala ere, Android, iPhone eta Windows Phone sistemetan arrakasta handiena duen irakurgailuaRedLaser Barcode and QR Scanner izenekoa da. Doakoa da, eta, erosketak egiteko garaian ematen dituen aukerengatik, sailkapen guztien buruan dago. Izan ere, QR kodeak eta horiek ezkutatzen dituzten webguneak erakusteaz gain, dendetako barra kodeak irakurtzeko modua dauka. Hala, momentuan alderatzen du eskaneatutakoaren prezioa Interneteko ehunka atarietakoekin. Gertuen dauden dendak mapan adierazten ditu, norbere geokokapena baliatuz.

android, Aplikazioak, Apple, Pribatutasuna, Sakelako Telefonoak, tabletak, Windows Phone

Skitch, argazki pusketak pixelatu eta zentsuratzeko era




Tentuz ibili behar da sarean partekatzen diren argazkiekin. Kargatu aurretik arduratzeko kontua da, gero berandu delako. Datu pertsonalak ager daitezke, baina baita jende ezezaguna eta haurrak ere. Sareko pribatutasuna pil-pilean dabil orain, eta begirune bera zor zaio norbere segurtasunari zein besteenari. Batez ere, araubideak zigorrak aurreikusten baditu.

Eragozpen horiek saihesteko modu bat da Skitch aplikazioa. Erabilerraza eta doakoa da, eta iPhone, Android eta Windows Phone telefonoetan dago eskuragarri gaur egun. Argazki bateko parteak lausotu edo pixela daitezke, horiek desitxuratuz. Azkenik, zuzenean amaraunean partekatzeko hainbat zerbitzutarako lasterbideak eskaintzen ditu.