QR kodea, ingelesetik Quick Response Barcode, bi dimentsiotan irudikatzen den kode bat da; puntu matrize batean mota askotako informazioa gorde daiteke bertan. 1994 urtean sortu zuen Denso Ware Japoniako enpresak, eta hura da patentearen jabe. Jabe izanda ere, jabetza eskubideari uko egin, eta lizentziaz libre dago teknologia hori, eta ISO estandar bat bilakatu da. Kode horietan, testua, Internet helbideak, telefono zenbakiak eta beste hainbat datu gorde daitezke. Teknologia hori oso zabaldua dago Japonia eta Hego Korean, baina mendebaldean askoz ere geldoago ari da zabaltzen.
QR kodeak egunkari, seinale, autobus edo tarjetetan aurki daitezke. Kamera izan eta kodeak irakurtzeko gai den telefono batekin, erabiltzaile batek irudia eskaneatu dezake, kodeak gordea duen testua irakurri, kontaktu informazioa ikusi edo Internet helbide bat bisitatu.
QR kodeak komunikatzeko modu berri bat dira, eta kode horien arrakasta eta zabalkundea, hein handi batean, sakelako telefoniak eta telefono aurreratu edo smartphone-en zabalkundearekin dago lotuta, telefono aurreratu horiek QR kodeak irakurri ahal izateko aplikazioak ekartzen baitituzte.
Kode barrak vs QR kodeak
Gure inguruan oso ezagunak ditugun barra kodeen aldean, abantaila garbiak dituzte QR kodeek: askoz ere informazio gehiago gorde daiteke QR kodeetan, barra kodeen hogei digituren aldean. Milaka karaktere gorde daitezke QR kodean, zenbaki, hizki eta baita Kanji, Hiragana edo Katana motako japoniar karaktereak.
Inprimatzean, kode berri horiek behar duten tamaina ere txikiago da, eta datuak horizontalki edo bertikalki gorde daitezke.
Kodeak inprimatuta dauden euskarriak kalteak jasotzen baditu ere, irakurtzea posible da. Irakurketa on bat egin ahal izateko, gehienez azaleraren %30 inguru egon daiteke kaltetua.
Azkenik, kode horiek irakurri ahal izateko, edozein angelu erabil daiteke, beraz, irakurketa txarrak gertatzeko aukerak oso txikiak dira.
QR kodeen erabilerak
Egunero erosi eta erabiltzen ditugun produktuetan aurki ditzakegu kodeak, bai ohiko kode barra, eta berriago diren QR kodeak. Erabilera arrunt horretatik harago, badira zenbait adibide kurioso, esaterako: xake aldizkari batzuk, partida batean emandako mugimenduen berri emateko, kode horiek erabiltzen dituzte. Erabilera komertzialari dagokionez, Japonian edozein lekutan aurki daitezke iragarkien osagarri gisa QR kodeak; produktu jakin bat aurkezten den webgunera bisita di-da batean egiteko aukera eskaintzen dute.
Gure kaleetan ere, musika talde hasi berriek QR kode horiek paratzen dituzte taberna sarrera batzuetan, nahi duenak haien musika entzun dezan —hor ere, webgune baten bidez—. Sakelako telefonoetarako aplikazioak jaitsi eta instalatzeko modu ohikoa da ere QR kode batean aplikazioaren web helbidea jartzea.
QR kodeak nola irakurri eta sortu
Googlek sakelako telefonoentzat garatutako Android sistema eragileak jatorriz dakar Zxing kode irakurlea. Appleren iPhonek duten iOS sistemak ez dakar berez QR kode irakurlerik baina aplikazio liburutegian (AppStore) hainbat eta hainbat aplikazio ditu eskura erabiltzaileak. BlackBerry motako gailuetan, App World aplikazioa da kode horiek irakurtzeko aplikazioa.
QR kodeak sortu nahi ezkero, helbide honetara jo behar da: http://qrcode.kaywa.com/.
One Response to QR kodeak, komunikazio modu berria
Pingback: Zibergela » QR Voice: QR kodearen bidezko audioa