qr kodea

QR Voice: QR kodearen bidezko audioa

qrcodeQR kodeen bitartez irudi kodifikatu batean informazio mota ezberdinak gorde daitezke: lotura bat, testua, datu pertsonalak. QR Code bat zer den sakonago azalduta dago Zibergelako artikulu honetan: http://zibergela.bitarlan.net/2011/05/27/qr-kodeak-komunikazio-modu-berria/.

QR Voice zerbitzuaren bitartez, web aplikazio batean testu bat audio bihurtzen du eta audio horri dagokion QR kodea erakusten du pantailatik. QR kode hori gero gorde daiteke irudi bezala nahi den moduan erabiltzeko. Adibidez, QR kodeak irakurtzeko edozein aplikaziorekin sakelako telefono baten kameratik irakurtzen da eta audio mezua telefonoan entzuten da.

Bihurketa egiteko muga 100 karaktere dira. Mikrofonoaren bitartez grabatu edo teklatuaren bitartez idatzi ahal da mezua. Audio bihurketa ahalik eta zehatzen egiteko hizkuntza aukeratu behar da. Hizkuntza asko egon arren, euskara ez dago. Hala ere, irakurketa antzekoa daukan hizkuntza bat aukeratuta, gaztelera, adibidez, nahiko ondo entzuten da emaitza.

QR Voice erabiltzeko http://qrvoice.net da helbidea.

Aplikazioak, Apple, Google, Internet, NFC, qr kodea

NFC, bluetoothen oinordekoa

NFC, ingelesetik datorren laburdura da. Near Field Communication delakoak, gailuen arteko haririk gabeko komunikatzeko modu bat ezartzen du, gehienez 20 zentimetrora dauden gailuen arteko datu trukea. Orain arte oso hedatua egon den bluetooth sistemaren antzerakoa da, baina badituzte zenbait diferentzia: bluetooth bidez, metro batzuetara dauden sistemen artean komunikatzea posible den artean, NFC bidezko komunikazioa, zentimetro gutxi batzuetara mugatzen da. Horrek zailagoa egiten du datuen joan-etorria zelatatzeko aukera. Energiari dagokionez, bluetoothek baino kontsumo txikiagoa du NFCek, eta komunikazio saio bat hasteko askoz ere denbora gutxiago behar du.

Googlek kaleratu duen Nexus S sakelakoari NFC teknologia txertatu diote, eta Applek ere NFC txipa sartzeko asmoa erakutsi du bere iPad 2 tabletean eta iPhone 5 sakelakoan. Badirudi 2011 urtea, NFC-dun gailuen urtea izango dela.

NFC teknologiaren erabilpenak

Haririk gabeko komunikazioa da NFCren lan eremua. Etorkizun handiena duten erabilpenak, berriz, identifikazioa, datu trukea eta, gehienbat, ordainketak dira.

Identifikatzea beharrezkoa den leku batera sartu nahi dugunean, nahikoa izango da gure sakelako telefonoa edo NFC txipa duen txartel bat irakurle batera gerturatzea. Zerbait ordaintzeko tenorean ere, kreditu txartelak erabili beharrean, posiblea izango litzateke gure sakelakoa ordainketa irakurlera gerturatzea eta horrela di-da batean erositakoa ordaintzea. Ordainketa modu horiek probatzen dabiltza hainbat enpresa. Esaterako, Sitgesen, Visa, Telefonica eta La Caixak, 2010. urtearen amaieran, 1.500 erabiltzaileei samsung telefonoak banatu zizkieten, 500 bat saltokitan egindako erosketa txikiak ordaindu ahal izateko.

Gure sakelako telefonoak diru poltsa elektronikoak bihurtu nahi dituzte. Gure telefonoen SIM-etan, Visa txartelak gorde ahal izango ditugu, eta, horrela, metro edo autobus txartelak ordaindu edo VISA bidez ordaintzen dugun edozein erosketa egingo dugu. Sistema horren erabilera errazak kontsumitzaileak animatuko dituelakoan dira adituak, Korean gertatu den bezala.

NFCren beste erabilera batzuk ere aurkeztu dira. Adibidez, jatetxe edo saltoki bat gustukoa badugu, eta, horren berri eman nahi badugu, saltokiak sarreran jarritako pegatina batera gure telefonoa gerturatzea nahikoa izango da Google Hotpot Foursquare eta natzeko sistemetan, gure gomendioa publikatua izan dadin.

Google Wallet eta Google Offers

Ameriketako Estatu Batuetan (New York eta San Frantziskon), Googlek, Wallet izeneko sistema jarri du martxan sakelakoarekin ordainketa txikiak egin ahal izateko. Mastercard motako txartel bat duen amerikarrak, txartel hori Google Walletekin lotzeko aukera izango du, eta Mastercard-ik ez duenari Googlek edozein txartelekin diruz kargatu daitekeen txartel birtual bat eskaintzen dio. Ordainketa bat egiteko orduan, Android sistema eragilea duen telefonoan, Wallet aplikazioa martxan jarri, eta, bertan, ordaindu beharreko kopurua agertu ondoren, ordainketa onartzeko 4 digituko PIN bat sartu beharko du erabiltzaileak. Wallet sistema horrekin batera, Google Offers sistema ere martxan jarri du. Gure telefonoaren geolokalizazioa aktibatua egonez gero, saltoki baten aurretik pasatzean, gure terminalean saltoki horren eskaintzak ikusi ahal izango ditugu.

Aplikazioak, Internet, qr kodea

QR kodeak, komunikazio modu berria

QR kodea, ingelesetik Quick Response Barcode, bi dimentsiotan irudikatzen den kode bat da; puntu matrize batean mota askotako informazioa gorde daiteke bertan. 1994 urtean sortu zuen Denso Ware Japoniako enpresak, eta hura da patentearen jabe. Jabe izanda ere, jabetza eskubideari uko egin, eta lizentziaz libre dago teknologia hori, eta ISO estandar bat bilakatu da. Kode horietan, testua, Internet helbideak, telefono zenbakiak eta beste hainbat datu gorde daitezke. Teknologia hori oso zabaldua dago Japonia eta Hego Korean, baina mendebaldean askoz ere geldoago ari da zabaltzen.

QR kodeak egunkari, seinale, autobus edo tarjetetan aurki daitezke. Kamera izan eta kodeak irakurtzeko gai den telefono batekin, erabiltzaile batek irudia eskaneatu dezake, kodeak gordea duen testua irakurri, kontaktu informazioa ikusi edo Internet helbide bat bisitatu.

QR kodeak komunikatzeko modu berri bat dira, eta kode horien arrakasta eta zabalkundea, hein handi batean, sakelako telefoniak eta telefono aurreratu edo smartphone-en zabalkundearekin dago lotuta, telefono aurreratu horiek QR kodeak irakurri ahal izateko aplikazioak ekartzen baitituzte.

Kode barrak vs QR kodeak

Gure inguruan oso ezagunak ditugun barra kodeen aldean, abantaila garbiak dituzte QR kodeek: askoz ere informazio gehiago gorde daiteke QR kodeetan, barra kodeen hogei digituren aldean. Milaka karaktere gorde daitezke QR kodean, zenbaki, hizki eta baita Kanji, Hiragana edo Katana motako japoniar karaktereak.

Inprimatzean, kode berri horiek behar duten tamaina ere txikiago da, eta datuak horizontalki edo bertikalki gorde daitezke.

Kodeak inprimatuta dauden euskarriak kalteak jasotzen baditu ere, irakurtzea posible da. Irakurketa on bat egin ahal izateko, gehienez azaleraren %30 inguru egon daiteke kaltetua.

Azkenik, kode horiek irakurri ahal izateko, edozein angelu erabil daiteke, beraz, irakurketa txarrak gertatzeko aukerak oso txikiak dira.

QR kodeen erabilerak

Egunero erosi eta erabiltzen ditugun produktuetan aurki ditzakegu kodeak, bai ohiko kode barra, eta berriago diren QR kodeak. Erabilera arrunt horretatik harago, badira zenbait adibide kurioso, esaterako: xake aldizkari batzuk, partida batean emandako mugimenduen berri emateko, kode horiek erabiltzen dituzte. Erabilera komertzialari dagokionez, Japonian edozein lekutan aurki daitezke iragarkien osagarri gisa QR kodeak; produktu jakin bat aurkezten den webgunera bisita di-da batean egiteko aukera eskaintzen dute.

Gure kaleetan ere, musika talde hasi berriek QR kode horiek paratzen dituzte taberna sarrera batzuetan, nahi duenak haien musika entzun dezan —hor ere, webgune baten bidez—. Sakelako telefonoetarako aplikazioak jaitsi eta instalatzeko modu ohikoa da ere QR kode batean aplikazioaren web helbidea jartzea.

QR kodeak nola irakurri eta sortu

Googlek sakelako telefonoentzat garatutako Android sistema eragileak jatorriz dakar Zxing kode irakurlea. Appleren iPhonek duten iOS sistemak ez dakar berez QR kode irakurlerik baina aplikazio liburutegian (AppStore) hainbat eta hainbat aplikazio ditu eskura erabiltzaileak. BlackBerry motako gailuetan, App World aplikazioa da kode horiek irakurtzeko aplikazioa.

QR kodeak sortu nahi ezkero, helbide honetara jo behar da: http://qrcode.kaywa.com/.