Microsoft, VoIP

Microsoft Live Messenger zerbitzua ere, erretirora behartuta

Ezer ez omen da betiko, eta Hotmail posta zerbitzu mitikoarekin egin zuten bezala, Messenger bat-bateko mezularitza zerbitzuari ere erretiro garaia iritsi zaio, antza. Azken mugimendu hori, Microsoftek hasitako aurpegi garbiketaren parte da; zerbitzu berrien erosketarekin hasi eta haien aplikazioak berrantolatzeraino iritsi da berriki. Duela hilabete batzuk egin zuten jada, Hotmail zaharra orain Outlook.com da. Internet leku basatia da, lehia handiko esparrua; eta Microsoften Messenger, 12 urte luzeko adinduna.

Izan ere, Redmond-eko konpainiak Skype erosi zuenetik, etorreraren zurrumurruak laster zabaldu ziren. MSN Messenger mezularitza aplikazioa garai batean independentea izan zen, hots, ezelako posta konturekin loturarik gabea; MSN kontuari esker, lagunekin berehalako mezuak trukatzeko aukera bazegoen. Ondoren, Hotmailekin elkartu eta posta zerbitzuko erabiltzaile kontu bakarrarekin bi zerbitzuetarako sarbidea eskura zitekeen.

Oraingo honetan, baina, pauso bat harago joan dira, eta abenduaren 12an erabiltzaile guztiei bidalitako mezuan aditzera eman zuten legez, aurrerantzean Skype erabili beharko dute Messenger zaharreko erabiltzaileek halabeharrez. Zerbitzu zaharra moztuko dute laster, eta aurretik eguneratu ez duenak Messengerrera konektatzen saiatzen hastean Skype aplikazioa deskargatzeko ataria topatuko du, jakinarazpen mezu batek bideratuta.

Skype euskarria osoagoa da, Zibergela-n azaldu zen duela aste batzuk tankera horretako beste VoIP zerbitzu batzuekin batera: http://zibergela.bitarlan.net/2012/11/01/bideokonferentziak-egiteko-aukerak/.

Messengerretik Skyperako migrazioa egiteko, nahikoa da Outlook edo Hotmail erabiltzailearekin sartzea bertan; lehendik ere Skype kontua zeukanak biak integratzeko aukera izango du hemen; bestela, sortu egin beharko da nick berria. Hortaz, bi kasuetan bat eginda geratuko dira Microsoften Skype mezularitza eta Outlook posta zerbitzua.

domeinuak, Internet, Microsoft, posta

Agur betirako Hotmaileko posta zerbitzuari

Outlook.com deituko da aurrerantzean

Outlook.com deituko da aurrerantzean

Ziur asko izango zela Hotmail interneten aspaldi denik nabigatzen dutenen lehendabiziko posta. Baina 16 urteren ostean, erabiltzaile berrien begietan posta beroa deitutakoa gehiegi tostatzera eta ezinbestean tostoira pasa da Microsoft-ek egindako akatsen kabuz. Horren ezagule, markaz aldatzea erabaki, erabat itxura aldatu eta funtzionalitate berriz josi dute zerbitzu berria: outlook.com. Hotmailek hor jarraituko du, eta erabiltzaileek beraien kontua mantendu ahalko dute (oraingoz), baina etorkizuna garbi markatu dute; Microsoft-en emaila Outlook da aurrerantzean, eta kitto.

Aurpegi aldaketa soila ez eta zerbitzuaren sortzaileek atzera egin dute tinko ziharduten alor batean: Hotmailen publizitate gehiegikeria, hain zuzen. Interfaze berria osatzeko orduan, Gmail hartu dute erreferentziatzat eta erabiltzaileak horrenbeste gogaitzen zituzten irudi publiziatarioak kendu eta mezuan klikatu ondoren bakarrik agertzen diren testu txikien bitartez ordeztu dituzte.

Itxura ere garbiagoa eta sinpleagoa da atzealde urdin lasaigarripean, botoi gutxiagoz osatua, mezu bat idazteko konektatzen baita erabiltzailea, ez beste ezer konplexutarako.

Eguneraketa hoberena sare sozialen osagarriena izango da seguruenik. Orain kontaktuan zauden pertsonaren azkeneko profil eguneraketak edota txioak jaso ahalko dira automatikoki, hauen sare sozialetarako esteka batekin batera. Mezua irekitako eskuineko paneletik bertatik “Gustokoa dut” aukeratu daiteke, komentatu edo berriz txiotu.

Aldaketa egitera ausartzen direnak (Hotmaileko hobespenetan “eguneratu Outlook-era” zanpatuz) hasieran litekeena da iparra galduta ibiltzea baina Microsoftek mahai gainean jarri duena dastatzen hasten diren heinean sorpresa gozagarria eramango dute.

Gainera, eguneraketaren ostean ere lehendik Hotmailen kontua zeukanak helbide berdina mantenduko du, lehengo kontaktuek bidalitakoa helbide berrian jasoz. Ez dira gutxi dagoeneko zerbitzu berriztatu honetan erregistratzen arrapaladan joandakoak, korreoaren izen zaharra ez baita gordetzen zerbitzu berrirako!

Microsoft, Software Librea

Microsoft Open Technologies, Inc, urrats esanguratsua teknologia irekien bidean

JeanPaoliMicrosoftek, nahita edo beharbada gehienbat bultzatuta, teknologia irekien bidean urrats xumeak ematen joan da. Bada, azken pausua bereziki esanguratsua da. Izan ere, filial berri bat iragarri du, Microsoft Open Technologies, Inc, enpresaren inbertsioak estandar irekietan, kode irekian eta elkarreragingarritasunean mugitzeko.

Filial honen arduraduna Jean Paoli izango da, Jean Paoli XML-ren sortzaileetariko bat da eta egun Microsofteko elkarreragingarritasun estrategiarako zuzendari orokorra da. Izan ere, berak Microsoften zuzentzen duen taldea izango da filial berri honen nukleoa.

Lantalde honek dagoeneko estandar ekimen ezberdinetan parte hartu du, HTML 5 edo HTTP 2.0, esate baterako eta kode irekiko hainbat ekimenetan ere bai, Node.js (http://en.wikipedia.org/wiki/Node.js), MongoDB (http://www.mongodb.org/) eta Phonegap (http://phonegap.com/), adibidez.

Hala, bada, Microsoft Open Technologien software librearen komunitatearekin harremanak sortzeko formula berri bat izateko asmoa du, hala ere, Microsoftek izan eta izaten duen software librearekiko jokaerarekin ez da batere erraza helburu hori.

Informazio gehiago irakurri nahiez gero helbide honetara joan daiteke: http://blogs.msdn.com/b/interoperability/archive/2012/04/12/announcing-one-more-way-microsoft-will-engage-with-the-open-source-and-standards-communities.aspx