Bideokonferentziak egiteko aukerak

Lehendabizikoa Skype izan zen. Hasiera hartan, ordenagailuetatik bakarrik atzi zitekeen aplikazio gisa egin zen ezagun. Garai haietan kamerak ez zeuden integratuta mahai gaineko eta eramangarri gehienetan, eta aparte erositako webcam bat behar izaten zen, ahotsaz gain, irudia bidali nahi bazen. Horrela, urruti bizi ziren lagunekin komunikatzeko aukera merke gisa, bizkor zabaldu zen Skype bideokonferentzietarako aplikazio iraultzailea.

Egun, ostera, kameraz probestutako sakelako adimentsuak nahiz tabletak daude; jada gutxi dira webcam bat ez dakarten mahai gaineko ordenagailuak edo eramangarriak. Horri gehi dakizkioke konexiorako ahalbideak: etxeetako banda zabaleko Internet, edo telefonoei esker zabaldu den 3G sarea, kasurako.

Eskaintza askotarikoak daude merkatuan, baina komeni da jakitea alor honetan ez dagoela sistema bateraturik edo estandarrik, eta, beraz, software berdina darabiltenekin bakarrik komunikatu ahal izango da.

Skype 6.0 berria

Skype da ezagunena eta gehien hedatua, 700 milioi erabiltzaile ditu mundu osoan. Aldi berean 30 milioi pertsona ere izan dira konektatuta. Zerbitzu ugari ematen ditu software hau instalatzeak: bideokonferentziak, ahots bidezko deiak eta berehalako mezularitza bidezko komunikazioa.

Hala ere, ezaugarri nagusiak beste bi dira: Skype In eta Skype Out deitutakoak. Lehendabizikoari esker, telefono arrunt batetik dei daiteke Skype daukan ordenagailura edo sakelakora; bigarrenarekin alderantzikoa egikaritzen da, Skypetik edozein telefonotara dei daiteke. Dei horiek prezio oso onak dituzte, baina ez dira musu truk ematen.

Azken egunetan albiste izan da, gainera, azken bertsioaren kaleratzearekin eta Windows 8 sistema eragile berrian integratuta azaldu ostean. Ez da harritzekoa, dirutza ordainduta Microsoft-ek bereganatu baitzuen zerbitzua aspaldi. Gehitu dira sarbide berria Microsoft kontua edo Facebook kontua erabiliz, eta berehalako mezularitzaren eguneraketa bat Windows Live Messenger, Outlook.com eta Hotmail kontaktuekin idazteko aukerarekin aurrerantzean. Webgune ofiziala: http://www.skype.com/intl/es-es/home.

Tango, doakoa eta euskarri anitzentzat

Eskaintza honek ere hainbat gailutarako bertsioak dauzka eskuragarri: iOS, Android, Windows Phone edo PC ingurunetarako lor daiteke dohainik Tango. 2010ean sortua, nahiko berria da sektorean, baina dagoeneko 23 milioi erabiltzaile gainditu ditu.

Desberdin egiten duten pare bat gauza badaude: ez dago erregistratu beharrik, eta nahikoa izango da libre dagoen izen bat aukeratzea eta pasahitz bat ezartzea erabiltzen hasteko. Bestea bitxikeriatzat pasa daiteke: bideoen buzoia dauka. Gabezien arloan, berriz, berehalako mezularitzaren hutsunea dago. Informazio gehiago nahi izanez gero: http://www.tango.me/.

Sakelakoentzat bakarrik: Fring eta Viber

Badago Fring aplikazioan Skypen alternatiba zuzenena ikusten duenik. Horrela litzateke, ez balitz azken belaunaldiko telefonoentzat bakarrik balio duelako. Beste horrenbeste eskaintzen du, eta alderdi batzuetan hobetu ere egiten du Skypek emandakoa. DVQ (Dynamic Video Quality) teknologiari esker, bideoaren kalitate hobea lortzen da Fring bidez, eta, gehigarrien bidezko hedakuntzari esker, hainbat mezularitza sarekin konekta daiteke: MSN, Google Talk, ICQ, Yahoo, AIM… Bestela, beste zerbitzu guztiak eskaintzen ditu: WiFi eta 3G bidezko bideokonferentzia, ahotsezko deiak edo telefonoetara deiak prezio murriztuekin.

Azkenik, Viber aipatuko dugu. Eskuragarri dagoen telefonoen zerrendetan zabalena da, baina bideokonferentziarik oraindik ez du eskaintzen. Hor du indarra, eta, bertsio aukera zabal horri esker, Viber darabiltenek 3G edo WiFi konexioa daukan ia edozein telefonoa dutenekin komunikatzeko aukerak dituzte.

Norbere bertsioa bilatzeko: http://www.fring.com/ eta http://www.viber.com/.

Google voice and video chat eta FaceTime

Lehia iritsi da bideokonferentzien esparrura, eta, beste behin ere, Googlek eta Applek ez dute nahi lasterketan atzean geratu. Horretarako, orain dela gutxi aurkeztutako aplikazioa dago hodeian, Gmailen integratuta. Eskuratu nahi izanez gero, baita instalatzeko ere Linux, Windows eta Macetarako: https://www.google.com/chat/video.

Applek ere atera zuen iPhone eta iPadentzat bideokonferentzia sistema itxia, hau da, markaren gailuen arteko komunikazioa eragiten duen tresna: FaceTime. iOS 5 bertsiotik aurrera lehentasunez dator software hau Apple gailuetan.

One Response to Bideokonferentziak egiteko aukerak

  1. Pingback: Zibergela » Microsoft Live Messenger zerbitzua ere, erretirora behartuta

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>