Hardware, kontzeptuak, Segurtasuna

Fitxategiak nola berreskuratu eta ezabatu

Ordenagailuek, normalean, disko gogorrak erabiltzen dituzte sistema eragilea eta gure datuak fitxategi gisa bertan gordetzeko. Gure datuak bertan sortu eta ezabatzen ditugu, eta, batzuetan, ezabatu edo hondatutakoa berriz berreskuratzeko premian izaten gara. Segurtasun arrazoiak medio, ezabatutako informazioa betirako ezabatzea interesatu dakiguke, berriz ere informazio hori ez dadin berreskuratu. Aukera horiek guztiak hartuko ditugu hizpide, eta gauzak hobeto ulertzeko, disko gogorrak zer diren eta nola funtzionatzen duten azalduko dugu lehenik eta behin.

Zer da disko gogor bat?

Disko gogorrak 1950eko hamarkadan asmatutako gailuak dira. Hasiera batean, 20 hazbeteko diametroko disko handiak ziren, eta megabyte gutxi batzuk gordetzeko gai ziren. Disko finko bataiatu baziren ere, disko gogor izendatu ziren segituan, garai hartan erabiltzen ziren disko flexible edo floppyetatik bereizteko. Disko gogorrek euskarri magnetiko bat erabiltzen dute datu digitalak (bat eta zero oinarri dutenak) bertan grabatu eta irakurriak izan daitezen. Disko gogorrak kanpotik begiratuta, kaxa metaliko baten antza dute, eta barruan, ardatz batean jiraka dabiltzan hainbat plater edo disko aurkituko ditugu. Plater bakoitzaren bi aldeek buru bana dute, bertan informazioa idatzi eta irakurtzeko.

Disko gogorrak badira ere ordenagailuetan gehien erabiltzen diren biltegi sistemak, ez dira bakarrak. Gaur egun, disko solidoak (SSD) esaten zaien biltegiak gero eta gehiago ikusten dira. Ez dute disko gogorren egitura mekanikorik: ez plater eta ez bururik. Horren ordez, flash memoriak erabiltzen dituzte: azkarragoak, isilagoak eta energia gutxiago behar dute, baina oraindik ere, disko gogorrak baino garestiago dira. SSD biltegi horiek bigarren biltegi gisa erabiltzen ditugu sarri, USB disko edo flash memoria esaten zaie jendartean, eta gure fitxategiak bertan sartzen ditugu batetik bestera eraman eta partekatzeko.

Gure ordenagailuek diskoa erabili ahal izateko, diskoari egitura jakin bat eman behar zaio: partizioak sortu eta formateatu egin behar da. Disko osoa partiziotan banatzen da, eta partizio bakoitzean fitxategi sistema bat ezartzen da. Disko gogor batean hainbat partizio baditugu, ordenagailu horretan horrenbeste sistema eragile instalatzea posible izango da. Sistema eragile bakoitzak partizio bat erabiliko du, eta ordenagailua pizten dugunean bat edo beste aukeratzeko modua izango dugu. Fitxategi sistemari dagokionez, hainbat daude eta sistema eragile bakoitzak fitxategi sistema jakin batzuk erabil ditzake. Fitxategi sistemaren eginbeharra da diskoan gordeko diren fitxategiak modu egokian antolatzea. Ezagunak dira Microsoft Windows sistema eragileak urtetan erabili dituen FAT edo NTFS fitxategi sistemak, eta nola izaten duten bertan gordetako informazioa desfragmentatzeko beharra (zatitua dagoena berriz batzeko). Fitxategi sistemek fitxategi bat gordetzerakoan ez dute betiere dena modu jarraian gordetzen; diskoan libre dauden gelaxkak betetzen joaten direnez, informazioa zatitu egiten dela esaten da. Zatiketa handitzen den heinean, fitxategi sistema batzuen errendimenduak (FAT adibidez) behera egiten du, eta hortik dator fitxategi sistemaren zatiketa gutxitu edo desfragmentatzeko beharra.

Fitxategiak antolatzeko, fitxategi sistemek aurkibide batzuk erabiltzen dituzte: partizio taulak, eta bertan, besteak beste, fitxategi bakoitzaren hasiera non dagoen gordetzen da. Hori horrela izanik, fitxategi bat ezabatzeko, fitxategi sistemak partizio tauletik kendu besterik ez du egiten. Ezabatutako fitxategia propio ez denez ezabatzen, nahi gabe ezabatu dugun fitxategi hori berreskuratzeko aukera egon daiteke. Zerbait ezabatu ondoren hainbat fitxategi sortu baditugu, agian fitxategi sistemak ezabatutako fitxategiak erabiltzen zuen kokapen fisikoak (ezabatzean libre gelditu dena) gainidatzi egin ditu eta berreskurapena ezinezkoa izango da. Horregatik, nahi gabe zerbait ezabatzen dugunean, garrantzitsua da disko horretan istripua izan eta ondoren ahal den gauzarik gutxien sartzea. Sistema eragile batzuek, nahigabeko ezabaketa horiek desegiteko, ezabatutako elementuen karpetak sortzen dituzte.

Fitxategiak berreskuratzen

Jakina da informazioa ez galtzeko, gure datuen babeskopiak egitea komeni dela. Hainbat babeskopia sistema ditugu eskura, eta azken bolada honetan, sarean kokatzen diren biltegi zerbitzu horiek erabiliz (Dropbox modukoak), gure datuen babeskopiak izatea gero eta errazagoa da. Babeskopiarik ez badugu eta fitxategiren bat berreskuratu nahi badugu, honako aplikazio hauek erabil ditzakegu Microsoft Windows familiako sistema eragileetan: eSupport Undelete Plus, MiniTool Power Data Recovery, PhotoRec, Glary Undelete edo DiskDigger. Aplikazio horiek guztiek, diskoa arakatzen dute, eta partizio tauletatik desagertu diren fitxategiak atzematen dituzte. Linux sistementzat ere badaude horrelako aplikazioak: TeskDisk edo PhotoRec adibidez.

Fitxategiak erabat ezabatzen

Ziurtasun edo pribatutasun arrazoiak direla medio ezabatutako fitxategia erabat ezabatu eta ondorengo berreskurapena ekiditeko, aipatu partizio taulatik ezabatzeaz gain, fitxategiak diskoan gordetako datu digitalak erabat gainidatzi egin behar dira; zeroz bete ezagutzen dena. Hardwipe da Windows sistema eragilean erabil dezakegun aplikazio bat. Linux moduko sistemetan, hainbat kontsola-komando eskaintzen zaizkigu fitxategi ezabaketa erabatekoak egiteko: srm, wipe edo shred.

kontzeptuak, Microsoft

MS-DOS, sistema eragile baten historia

Gaurko Zibergelan, atzera begira jarriko gara; MS-DOS (MicroSoft Disk Operating System) izango dugu hizpide, gutako askorentzat aspaldiko ezagun zaharra, informatikan eman genituen lehen pausoen lekuko izan zena. MS-DOS Microsoft enpresak x86 arkitektura zuten ordenagailuentzat sortutako sistema eragilea izan zen; 80ko hamarkada osoan eta 90eko hamarkadaren erdira arte, izugarrizko arrakasta izan zuen sistema eragileak. IBM PC ordenagailuetan erruz erabili zen Microsoft Windows 95 eta gisako sistema eragileak plazaratu ziren arte, hau da, interfaze grafikodun sistema eragileak hedatzen hasi ziren arte.

MS-DOSen historia estuki lotua dago IBM PC makinaren bilakaerarekin. 30 urtetik gora ditu gaur egun PC izenez ezagutzen den ordenagailu arkitektura horrek, eta MS-DOS izan zen PC hauek hasiera batean zerabilten CP/M sistema eragilea ordeztu zuen sistema eragile berria.

IBMko ordezkariak Microsoft izena zuen Seattleko enpresa batekin batzartu ziren, CP/M sistema eragilearen garatzaileak zirelakoan; Bill Gatesekin batzartu eta gero, garatzailez erratu zirela konturatuta, Digital Research enpresarekin jarri ziren harremanetan, CP/M sistema eragilea benetan garatu zuen enpresarekin. Ditigal Researchekiko negoziazioek IBMk nahi zuen baino luzeago jotzen zutenez, Gatesengana jo zuen IBMk atzera ere, eta azken horri IBM PC makinan erabiliko zen sistema eragile bat garatzeko eskatu zion.

Gatesek enpresa gizon aparta zela erakutsi zuen; esku artean ezer izan gabe ere, IBMri CP/M sistema eragilea gaindituko zuen produktu berri bat eskaini zion, eta ez hori bakarrik: sistema eragilea IBMri saldu beharrean, lizentzia sistema bat adostu zuen IBMrekin; Microsoftek diru kopuru jakin bat jasoko zuen IBMk MS-DOS zeraman ordenagailu bakoitza saltzen zuen bakoitzean. IBMk bere makinak saltzea zuen xede, eta ez zion softwarearen gaiari garrantzi handirik eman; horrela, Gatesek egindako proposamena onartu zuen.

Microsoftek ez zuenez berak garatutako inongo sistema eragilerik, 50.000 dolar ordainduta, Seattle Computer Products-ek garatutako QDOS sistema eragilea erosi zuen. Tim Paterson zen sistema eragile horren garatzailea, eta CP/M sistemaren kopiatzat jotzen zen. QDOS erabili zuen Microsoftek IBMk eskatutako sistema eragilea garatzeko, eta, 1981. urtean, proiektua amaitu zutenean, sistema berria MS-DOS moduan berrizendatu zuten. IBM PC ordenagailuetan instalatzen hasi zenean, PC DOS izenez ere ezagutu zen.

MS-DOSen ezaugarriak

1981. urteko uztailan plazaratu zen MS-DOS sistemaren lehen bertsioak 16Kb RAM erabil zitzakeen —gaur egun erabiltzen dugun gigabytetan jarrita, 0.000015 gigabyte—, 160Kb gordetzeko gai ziren bost hazbete eta laurdeneko alde bakarreko disko flexibleak irakurri eta idazten zituen, eta, azkenik, 22 agindu (DIR, COPY, FORMAT…) eskaintzen zituen interprete xume bat, COMMAND.COM bezala ezagutzen zena.

IBM PC ordenagailuen arkitekturaren ezaugarrietako bat arkitektura irekia izatea da. IBMk hasierako diseinuen plano, eskuliburu, eskema eta dokumentazio zabala plazaratu zuen, eta edonork bere sistemarekin lan egin zezakeen hardwarea diseinatu eta sortzeko baimen guztiak eman zituen. Hori horrela izanik, hainbat ordenagailu enpresa ekoizlek IBM PC horren klonikoak ziren ordenagailuak sortzeari ekin zioten, eta, IBMk bezala, Microsoften sistema eragilea txertatu zuten euren makinetan. Microsoften lizentziak erosi zituzten, eta, horrela, Gatesen enpresak izugarrizko dirutza egin zuen.

MS-DOS 1981. urtetik 2000. urteraino garatu zen, eta 8.0 bertsioa izan zen Microsoft Windows Millenium Editionen txertatu zen MS-DOSen azken bertsioa. Hogei urteko ibilaldi horretan, hasierako sistemari etengabeko funtzionaltasunak erantsi zitzaizkion: MS-DOS 2.0 (1983) bertsioan disko gogorren euskarria garatu zen, 2.11 bertsioan sarean lan egiteko aukera, eta lehen antibirusa 1993. urtean agertu zen 6.22 bertsioan. MS-DOSen azken bertsioak Windowsen txertatu ziren; hots, Windows 95, Windows 98 eta Windows Me-en.

FreeDOS, nostalgikoentzat

FreeDOS da MS-DOS sistema erabili nahi dutenentzat eskura duten alternatiba librea, hardware zaharrenetan eta egungo makinetan instala daitekeena, eta nahi bada, modu birtualizatuan instalatzea ere posible da. Garai batean izugarri arrakastatsu egin ziren Wolfenstein, Doom eta era horretako jokoak berriz ere gozatzeko aukera paregabea izan daiteke.

Hardware, Internet, kontzeptuak, lizentzia libreak, Sareak

‘Guifi.net': sare libre eta irekia

Telekomunikazio sare bat da Guifi.net. Azpiegitura libre, ireki eta neutrala da, eta hari gabeko konexioak erabiltzen dira gehienbat. Egun, 15.000 nodo edo erabiltzailetik gora ditu. Guifi.net sarea oso hedatua dago Katalunia eta Valentzian, eta apurka-apurka, beste zenbait lekutara ere zabaltzen ari da. Guifi.net erabiltzen dutenak norbanakoak, enpresa edo administrazio publikoak izan daitezke, eta erabiltzaile horiek guztiak dira era berean sare horren jabe. Licencia Procomún Inalámbrica izenez ezagutzen den lizentziak arautzen ditu sare libre horren erabilpen baldintzak.

Elkarren artean konektatzeko, antena bereziak erabiltzen ditu Guifi.net sareak

Elkarren artean konektatzeko, antena bereziak erabiltzen ditu Guifi.net sareak

Sare irekia da, eta haren konfigurazio eta xehetasun tekniko guztiak publikoak dira; beraz, erabiltzaileek sarea kudeatzeko eta garatzeko gaitasuna izan dezakete. Sarea ez dago enpresa baten menpe, eta erabiltzaileak berak sor dezake sarerako konexioa, edo enpresa instalatzaile bat kontrata dezake horretarako.

Sare askea da, ez baitago mugak jarriko dituenik. Esaterako, konexio abiaduran ez da mugarik jartzen, Internet operadore tradizionalek egiten duten bezala, eta ez da tarifa ezberdinik ezartzen kontratatzen den abiaduraren arabera.

Edukiekiko sare neutrala da: berdin-berdin garraiatzen da edozein informazio, dela bideoa, webgune bat edo telefono dei bat.

2004. urtean Kataluniako landagunean sortutako proiektua da, eta Internet hornitzaileek (ISP) alde batera utzita zeuzkaten lekuetan banda zabala eskaintzea zuen xede. Guifi.net ez da enpresa bat; interes komunak dituzten erabiltzaile talde batek sortu, osatu eta kudeatzen duen komunikazio sare bat da.

Guifi.net sarea osatzeko, supernodo gisa ezagutzen diren antena batzuk jartzen dira. Antena horiek wifi sare bat sortzen dute inguruan, eta etxeetatik supernodo horietara konektatzen diren beste antenatxo batzuk instalatzen dira —nodo gisa ezagutzen direnak—. Herritar, udaletxe edo auzo elkarteak dira konexiorako beharrezkoak diren gailu horiek erosi, instalatu, kudeatu eta mantentzearen arduradunak. Hasierako gastuari aurre egin ondoren, ez dago hileroko kuota ordaindu beharrik; doako konexioa lortzen da, eta egin beharreko gastu bakarra mantenuari dagokiona litzateke.

Zer zerbitzu eskaintzen ditu ‘Guifi.net’-ek?

Guifi.net ez da enpresa bat; sareko nodoak antolatzen dituen erakunde bat da, eta ez du bere kasa inongo zerbitzurik eskaintzen. Sare honetara konektatuta dauden enpresa edo norbanakoak dira sare hau zerbitzuz hornitzen dutenak. Etxean Internet sarbidea duenak zerbitzu hori eskain diezaieke beste erabiltzaile batzuei: esaterako, posible litzateke ohiko Internet hornitzaile batek eskaintzen duen Internet sarbide bakar bat baliatzea etxebizitza bateko bizilagun guztientzat; bizilagunak ados jarriz gero, konexio horren kostua denen artean ordainduko litzateke. Beste hainbat zerbitzu ere eskain daitezke sarean, esate baterako: webguneen ostalaritza, web bidezko irratia, telebista, erabiltzaileen arteko doako telefono deiak (VoIP erabiliz) eta beste hainbat zerbitzu.

Hiriburuetatik urrun dauden herrietan, arazoa izaten da Interneterako konexioa lortzeko garaian. Enpresa handiek ez dituzte errentagarri jotzen bizilagun gutxi batzuentzat zerbitzua eskaintzeko orduan egin beharreko inbertsioak, eta, horrela, hainbat herritar informazio teknologiak eskuratu ezinik gelditzen dira. Herri horietako udaletxe batzuek, Internet sarbidea eskubide unibertsala dela ulertuta, herritarrei sarerako konexioa eskaintzearen alde egiten dute, eta batzuek Guifi.net sarean aurkitu dute modu erraz eta jasangarrian euren egitasmoa aurrera eramateko modua. Adibidez, Nafarroako Txulapain bailaran, hamahiru herritako hainbat gune konektatu dira bertako herritarrei administrazio elektroniko, komunikazio telefoniko eta osasun arloko telelaguntza zerbitzuak eskaintzeko.

Euskal Herrian ere bada sare hau hedatu nahi duenik ere, eta egitasmoaren berri emateko, honako webgune hau zabaldu dute: http://euskalherria.guifi.net/.