Google Maps 6.11 bertsiora eguneratu da, eta, horrekin batera, txirrindularientzat zerbitzu bat sartu dute. Orain, autoentzako errepideetan bezala, bizikleta bideetako argibideak jaso ahalko dira telefonoan. Eroso ibiltzeko, ahots batek gidatuko du txirrindularia bidezidorrean, sakelakoari begiratu eta arreta galtzeko beldurrik gabe.
Bizikleta bideak dituzten Ipar Euskal Herriko hirigune nagusietan baliatu ahalko da. Eskaintza berria era horretako bideak hirietako mapetan jasotzen dituzten herrialdeetara zabaldu dute: Ameriketako Estatu Batuak, Australia, Austria, Belgika, Danimarka, Eskozia, Finlandia, Frantzia, Gales, Herbehereak, Ingalaterra, Kanada, Liechtenstein, Luxenburgo, Monako, Norvegia, Suedia eta Suitza, alegia.
Dagoeneko bizikletaz egiteko 53.000 kilometro estali dituzte, eta asmoa dute etorkizunean hiri gehiagotako bizikleta bideak sartzen jarraitzeko.
Gaur-gaurkoz ahotsa ez dago euskaraz entzuterik. Horretarako, autorako Waze doako nabigatzailea deskargatu daiteke. Zibergelan jaso genituen haren gorabeherak: http://zibergela.bitarlan.net/2013/06/06/waze-aplikazioa-gidarien-sare-soziala/.
Bestetik, aurrerantzean Internet seinalerik gabeko guneetan erabiltzeko doitu dute Google Maps. Oporretan atzerrira joan, eta roaming tarifatan gastatu gabe, errepideetan laguntza jasotzen jarraitzeko aukera zabaltzen du horrela Googlek. Roaming atxikipen bat da; telefono hornitzaileek bezeroei ezartzen diete; horrekin, aparteko ordainsaria kobratzen diete atzerrian Internet sakelakotik erabiltzearren. Europako ganberak 2015eko abendua jarri du muga gisa roaming tarifak kentzeko; baina, bien bitartean, errepideetan Internet kenduta dabiltzan nabigatzaileak erabiltzea besterik ez dago.
Egin beharrekoa sinplea da: gordetzea nahi den mapa kargatu konexioa dagoen bitartean. Bigarren mailako aplikazioen artetik kentzen ez bada, edo ordenagailu eramangarrian nabigatzailea ixten, mapa ez da desagertuko. Gainontzekoa, telefonoaren geokokapenaren esku geratzen da; eta hori doakoa da, noski.
Bizikleta ibilbideen ahotsezko jarraibideak Ipar Euskal Herrian
Born 2 Bike, edozein hiritan alokairuko bizikletan ibiltzeko aukera galanta
Bizikleta hiriburuetako etorkizuneko garraioa omen da. Eta, horregatik, errepidea gainontzeko autoekin partekatu beharrean, Euskal Herriko hainbat txokotan bidegorriak ezartzearen aldeko hautua egin dute. Dagoeneko leku gutxi dira txirrindulariek ez dutenik haien ibilbide propioa, arriskurik gabe lasai ibiltzeko pedal gainean. Hainbesterainoko erraztasunak emanda, gorakada ederra izan du bizikletak azkenaldian eguneroko zereginetarako. Ez da harritzekoa; garraio osasungarria, desberdina baina, batez ere, ekologikoa baita bizikleta, besteekin alderatuz.
Ingurumari horretan, hiri gehienek dituzte bizikletak alokatzeko zerbitzuak. Leku estrategikoetan jartzen dituzte hartzeko lekuak eta aparkalekuak. Adibidez, tren geltoki inguruan hartu, eta merkataritza zentroan uzteko aukera dago.
Orain, zerbitzu horien erabilpena errazteko Born 2 Bike aplikazioa garatu du gazte kataluniar batek. Batetik, iPhone edo iPada, hirietako bizikleta alokairu zerbitzuak eskuragarri jartzeko, hain zuzen ere. Uneko kokapena baliatu daiteke gertukoena non dagoen jakiteko, baita beste hiri bateko estazioen egoeraren berri jasotzeko: erabiltzailearekiko distantzia eta iristeko argibideak, zenbat leku geratzen diren alokaturiko bizikleta lagatzeko, zenbat geratzen diren alokatzeko, eta zein motatakoak…
Lekua ezagutzen ez dutenek, gainera, Google Street View bidez estazioaren 360 graduko ikuspegia jasotzeko aukera balia dezakete. Erabiltzaileak gogoko dituen zentroen zerrenda osatu dezake gainera,
Munduko hiri askotako alokairu zerbitzuekin da bateragarria, baina, gaur-gaurkoz, Espainian eta Herrialde Katalanetan moldatzen da hobekien. Born 2 Bike deskargatzeko iOS 7 eguneraketa izatea ezinbestekoa da telefono edo tabletan. Doan eskuratu daiteke App Store dendan, eta gazteleraz, frantsesez edo katalanez ipini.
Euskara eta Athleticen baloreak sustatzeko haurrentzat ipuin interaktiboak
Euskaltzaleen Topaguneak eta Athletic Club Fundazioak batera sakelako eta tabletetarako “Lehoiak ametsetan: Bixentaren abentura zurigorriak” izeneko ipuin interaktibo bilduma plazaratu berri dituzte. Kirmen Uribek idatzitakoak dira ipuinak, eta ilustrazioak Asisko Urmenetak eginak dira.
Zazpi pasartek osatuko dute bilduma bukatuta dagoenean. Baina gaur-gaurkoz hiru dira dakartzanak. Gainerako laurak hurrengo asteetan batuko zaizkie.
San Mameseko zelaipean bizi den Bixenta sator zaharra da esataria. Berea da ardura haurrei azaltzekoa Athletic futbol taldeko pertsonai zein pasarte adierazgarrienak: Mr. Pentland, Iribar, Zarra, gerra garaiko pasadizoak, Athleticeko jarraitzailea izatea zer den edo Athletic Clubeko emakumeak. Jose Angel Iribarrek, bera ardatz duen ipuinerako bere ahotsa sartu du gainera.
Athleticen baloreen transmisioa abiapuntutzat hartu, eta gurasoen eta haurren artean euskararekiko motibazioa handitzea ditu helburu egitasmoak. Horrela, ipuinak entzun egin daitezke, eta azpi-tituluen bitartez irakurri ere bai.
Hala nahi duenak ekarpena egin dezake, eta Athleticen inguruko istorio edo pasarteren bat kontatu helbide honetara bidalita. Iristen diren gaien artean bat aukeratu eta horren gainean idatziko da ipuin bat; baita aplikaziora igo ere.
Lehoiak Ametsetan aplikazioa iOSeta Android plataformetarako deskarga daiteke doan App Store eta Google Playn.