Eldy: pertsona nagusientzako interfaze grafikoa

eldyEldy pertsona nagusiengan pentsatuta garatuta dagoen interfaze grafikoa da. Software librea da, dohainik deskargatu daiteke eta hainbat sistema eragileetan erabil daiteke. Probatu nahi duenak helbide honetan deskarga dezake: http://www.eldy.eu/download-eldy/. Bertan, MS Windows XP, MS Windows Vista, MS Windows 7, Mac Os X eta GNU/Linux sistemetan erabiltzeko bertsio ezberdinak aurkituko dira.

Proiektuaren webgunea http://www.eldy.eu/ da eta hor, proiektuari buruzko informazioa, eta bideo demoak zein beste zehaztapen batzuk ikus daitezke. Webgunea, ingelesez eta italieraz besterik ez badago ere. Aplikazioa hizkuntza gehiagoz erabil daiteke, gazteleraz, frantsesez, ingelesez, italieraz, katalanez eta beste hainbatez. Euskaraz, oraindik ez dago.

Eldy irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta haien oinarrizko helburuetariko bat pertsona nagusiak teknologia berrien munduan sartzea da. Proiektuak nazioarteko hainbat sari jaso ditu 2006an jaio zenetik Italian, Venezian, hain zuzen ere.

Instalazioa

Eldy aplikazioa Java-n garatuta dago eta azken bertsioa 2.3 da. Deskargatu eta sisteman instalatzea oso erraza da. Sei urratsetan burutzen da eta guztiz gidatua da. Sei urrats hauetan sistema erabiltzeko behar diren zehaztapen guztiak ematen dira: hizkuntza aukeraketa, izena ematea, posta elektronikoa. Posta elektronikoen kasuan, eldy.org zerbitzarian kontua sortzeko aukera ematen du, beraz, erabiltzaileak soilik aukeratu behar da izena eta pasahitza. Gero, ezarritako pasahitza gogoratzeko irtenbideak ere eskaintzen dizkio Eldyk erabiltzaileari. Instalazioaren amaieran aplikazioak ohartaraziko dio erabiltzaileari ondo instalatu den edo arazoren bat egon den instalazio prozesuan.

Mahaigaina

Behin instalatuta, mahaigainean 6 ikono handi baino ez dira agertuko: posta elektronikoa, internet, profila, solasaldiak, telebista eta baliabideak. Mahaigainaren goialdean, ixteko ikonoa eskuman eta laguntza ezkerrean aurkitu daiteke. Behealdean, data eta ordua agertzen dira.

Eldyren pantaila nagusiak Plaza du izena eta edozein aplikaziotan sartzen denean, beti agertuko da Plazara itzultzeko aukera.

Posta elektronikoa eta Internet

Aplikazioak ere era erraz eta eroso batean erabiltzeko prestatuta daude. Esate baterako, posta elektronikorako aplikazioan sartzen denean hiru funtzio besterik ez da agertuko: idatzi, irakurri eta kontaktuak. Posta elektronikoan ez da konfiguratu behar, instalazio prozesuan aukeratzen da erabiltzailea eta pasahitza. Eldyren zerbitzaria erabiliz gero, beraz, horrekin nahikoa da ezer beste ezer egin gabe posta erabili ahal izateko. Posta aplikazioan sartu behar gabe ere, Plazan, posta elektronikorako ikonoan erakusten da posta berririk jasoz gero. Idazteko prozesua ere oso erraza da, gaia eta mezua idazteko eremuak daude soilik eta ez du aukera ematen ezta testua formateatzeko ere. Bigarren urrats batean erantsitako dokumentuak, fitxategiak eta bestelako argazkiak eta hartzaileak zehazteko aukera dago.

Posta elektronikoaren kasuan bezala, Interneten nabigatzeko ahalik eta errazen erabiltzeko pentsatuta dago. Nabigatzailea oso sinplea da, oinarrizko funtzionalitateak besterik ez du. Lupa bat ere eskaintzen du webguneen testuaren tamaina handitzeko behar edo nahi izanez gero.

Bestelako aplikazioak eta Baliabideak

Eldyk bere erabiltzaileen arteko sare bat eskaintzen du. Nork bere profila bete ahal du, argazkiarekin, datuekin, gustuekin eta aparteko datuekin. Erabiltzaileak ere azaldu ahal du egiten ari dena edo buruan duena une bakoitzean, ohiko sare sozialetan bezala. Solasaldiak gauzatzeko aukera ere eskaintzen du, solasaldi hauen kasuan Eldyk solasaldiak ezagunekin eta solasaldi gela aukerak bereizten ditu. Bigarren kasuan edozein erabiltzailerekin hitz egiteko gela irekiak dira.

Eldy TBren kasuan, oraingoz soilik konektatzen da Italierazko zerbitzuekin.

Baliabideak atalean aparteko aplikazioak eskaintzen dira, oharrak hartzeko aplikazioa; dokumentuak, argazkiak eta bestelako fitxategiak arakatzeko aplikazioa eta Skype-en bidez bideo-deiak egiteko aplikazioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>