Aplikazioak, Internet, Sare sozialak eta Microblogging

Facebook App Center eskuragarri dago honezkero

facebookappcenterAste hauetan zehar Facebook sare sozial ospetsua bere App Center pixkanaka-pixkanaka gaitzen joango da erabiltzaileen artean. Aurreko hilabetean garatzaileentzako aurkezpena egin zuten Facebookeko arduradunek. App Center aplikazio biltegi bat da, non sare sozialean zein sakelako telefonoan erabiltzeko aplikazioak aurki daitezkeen. Sakelako telefonoetarako aplikazioen kasuan, telefonoari dagokion aplikazio biltegira birbideratzen du eskaera, iOS-ren kasuan App Store-ra eta Androiden kasuan Play Store-ra.

Hala ere, aplikazio oro ez da aplikazio honetan onartzen. Izan ere, garatzaileentzako gidan adierazten den moduan, saioa hasteko sistema bezala Facebook erabiltzen dutenak baino ez dira onartuko.

Aplikazio bakoitzak informazio orrialde bat izango du eta bertatik aplikazioa erabiltzeko botoia eskuragarri dago. Aplikazio biltegian aplikazioak hainbat ataletan sailkatuta agertzen dira eta sakelako telefonoetarako zein webgunerako aplikazioak bereizten dira.

Hala, bada, Facebook-n App Center, Apple-n App Store, Android-en Play Store (lehengo Android Market), Chrome Web Store, Ubuntu Software Center, besteak beste, aplikazio biltegiak modan daudelako adibideak dira.

Internet

Biltegiratzea hodeian

biltegiratzehodeian4Disko gogor birtualak edo on-line oso praktikoak izan daitezke. Alde batetik, baliogarriak dira dokumentu eta fitxategi garrantzitsuen ziurtasun kopia egiteko. Gainera, datuak enpresa edo etxetik urrun gordetzen dira. Beraz, enpresan edo etxean dokumentu edo fitxategiak desagertarazi ditzakeen ezbeharren bat suertatuz gero, sute bat, adibide gisa, dokumentu horiek ez lirateke galduko.

Bestetik, hodeian dauden fitxategi eta dokumentu horiek edozein ordenagailutatik, sakelako telefonoetatik eta bestelako gailu eramangarrietatik eskuragarri daude Internet konexioa edukiz gero. Beraz, aukera hau oso garrantzitsua da mugikortasuna behar duten norbanako eta profesionalentzat.

Edonola ere, dokumentuak edo fitxategiak Interneten dagoen zerbitzu batean gordetzeko orduan dokumentu horien pribatutasun maila eta hodeian espazioa eskaintzen duen zerbitzuarekiko konfiantza neurtu beharko da. Eta nahiz eta hodeian datuak biltegiratu, oso gomendagarria da datu horiek ere beste euskarri batean gordetzea. Interneteko zerbitzuen nondik norakoak aurreikustea latza izaten da, Megaupload, kasu.

Egia esanda gero eta biltegiratze aukera gehiago daude Interneten, doako zerbitzuak zein ordaintzekoak.

Google Drive

Hau da Googlek eskaintzen duen disko gogor birtuala, oso gaztea da oraindik eta Google Docsekin guztiz bateratuta dago. Hau da bere helbidea: http://drive.google.com/. Google kontua eduki behar da zerbitzu hau erabiltzeko edo eduki ezean bertatik izena eman daiteke.

Google Drivek 5GB eskaintzen ditu dohainik eta ordainduta 16 TBera iritsi daiteke, hala ere, Google Driven prezioak konpetentziarenak baino garestiagoak dira. Adibidez, 100GB edukitzeak 4,99$ hileko balio du eta 16TBera iristeak 799,99$ hileko balio du.

Fitxategiak eta dokumentuak Google beste erabiltzaile batzuekin ala publikoki partekatu daitezke, gainera Google Docsekin bateratuta dagoenez, dokumentuak beste erabiltzaile batekin elkarlanean osatu ahal dira on-line eta aldaketen historikoa gordetzen da dokumentu bakoitzeko.

Sakelako telefonoetatik eta tablet gailuetatik ere posiblea da Google Drive erabiltzea aplikazio baten bitartez, aplikazio hau Android 2.1 bertsioetatik aurrera eta iOS 3.0 bertsioetatik aurrera eskuragarri dago. Zerbitzu honi buruz Zibergelan artikulu bat aurki daiteke, hona hemen helbidea: http://zibergela.bitarlan.net/2012/05/29/google-drive-5-gb-dohainik-%E2%80%9Chodeian%E2%80%9D-googleren-partez/

Dropbox

Zerbitzu hau izugarri ezaguna da dagoeneko. Debalde eman daiteke izena eta 2GB eskaintzen dira, honez gain, gomendio bakoitzeko 500MB gehiago ematen dira eta horrela 18GB lortu daitezke dohainik. Ordaintzeko aukeren bitartez TB batera, 1024 GBera alegia, irits daiteke.

Dena dela, plataforma honek daukan abantailarik nagusienetarikoa da hainbat sistema eragileetan fitxategi arakatzailearekin guztiz bateratzen dela. Beraz, hodeian dagoen espazio hori sistemaren beste karpeta bat izango balitz bezala erabil daiteke, etengabe Interneteko webgunearekin sinkronizatzen dena. Hau egiteko aplikazioa Ubuntu eta GNU/Linux, Mac Os eta MS Windows sistema eragiletarako eskaintzen da. Honetaz gain, iPhone, iPad, Android eta BlackBerry gailu eramangarrietarako nahiz sakelako telefonoetarako ere eskuragarri dago aplikazio bat. Hodeian gordeta dagoen informazio guztia, nabigatzailetik ere kontsulta eta kudea daiteke, jakina.

Hau da zerbitzuaren webgunea: http://www.dropbox.com

Ubuntu One

Ubuntu one, Ubuntu sistema eragilearekin eskaintzen den on-line biltegiratze sistema da. Ubuntu sistema eragilearekin guztiz sinkronizatzen da eta sistemaren beste karpeta bat izango balitz moduan erabil daiteke, halaber, nabigatzailetik ere erabil daiteke edozein lekutatik. Zerbitzu honen bitartez 5GB eskaintzen dira debalde. Fitxategi eta dokumentuez gain, bestelako informazioa ere sinkronizatu daitezke, kontaktuak esate baterako. Ordainpeko kontuen bitartez espazioa handitu daiteke 20GBera eta musika streaminga ere eskaintzen da. MS Windowserako ere aplikazioa garatuta dago, baina bakarrik fitxategi eta dokumentuetarako, kontaktuak ezin dira sinkronizatu MS Windows batetik. Android, iPad eta iPhone, Facebook eta Firefoxetik ere erabil daiteke Ubuntu One.

Hau da bere webgunea:

https://one.ubuntu.com/

Sky Drive

Microsoftek Windows Live zerbitzuetako bat da Sky Drive. Hau da zerbitzuaren helbidea: https://skydrive.live.com/. MS Windows sistemetan, Windows Mobile, Mac OS eta iOS sistema eta gailuetan erabil daiteke eta gainera, on-line ere kudea daitezke fitxategiak. Egun, dohainik 25GB eskaintzen ditu zerbitzu honek.

android, Aplikazioak, Internet, Sare sozialak eta Microblogging

Android telefono guztietarako Flipboard aplikazioaren bertsioa dago sarean

Flipboard iOS sistemetarako aplikazio berri bat da, oso erabilia da iPhone eta iPad telefono eta gailuetan eta oihartzun handia lortu du. Aplikazio honek aldizkari digital baten itxura du, diseinua izugarri zainduta dago eta oso erakargarria da. Adibidez, orriak pasatzearen efektua era eder batean lortu da.

Flipboardek iturri ezberdinetako albisteak eta artikuluak erakusten ditu eta gainera Facebook, Twitter, Google Reader, Flickr, Instapaper eta abarreko sare sozial eta web zerbitzuekin bateratu daiteke. Eduki eta sare sozialen eguneraketa guztiak leku bakar batetik eta aldizkari gisan ikusteko aukera eskaintzen du.

Hala, bada, Flipboard webgune ofizialean adierazten zen bezala, jakina zen iOS sistemetarako bertsioaz gain Android sistemetarako ere bertsio bat atera nahi zutela. Hasiera batean soilik Samsung Galaxy S III telefonorako egongo zen eskuragarri. Baina norbaitek Androiderako bertsioaren fitxategia eskuratu du eta sarean argitaratu du Android terminal guztietan instalatu eta erabili ahal izateko. Bertsio hau oraindik ofiziala ez denez, ez dago Google Play-n (lehengo Android Market), beraz, instalatzeko Internetetik deskargatu behar da probatu edo erabili nahi izanez gero. Hemen dago deskargatzeko aukera: http://forum.xda-developers.com/showthread.php?p=25866075#post25866075