iPhonerako aplikazioak

iphone aplikazioakGaur egun, sakelako telefonoak deiak eta mezuak bidaltzeko gailuak baino zerbait gehiago dira. Sakelako ordenagailu eramangarriak direla ere esan daiteke. Gero eta hardware aurreratuagoa dute, gero eta sentsore gehiago, gero eta sistema eragile konplexuagoak eta gero eta aplikazio zoragarriagoak. Horren adibide garbi bat iPhone telefonoak dira beren iOS sistema eragilearekin.

Applek 500 mila aplikazio baino gehiago eskaintzen ditu iPhone telefonoetarako bere App Storetik, haiek esaten duten bezala lan egiteko, jolasteko eta edozein gauza egiteko. Batzuk ordainpeko aplikazioak dira, beste batzuk, ordea, dohainik deskargatu eta instalatu daitezke norberaren telefonoan.

Doako aplikazioak

Doako aplikazioen artean, Facebook eta Twitterrerako aplikazioak deskargatuenetan daude. Biak dira Facebook eta Twitter aplikazio ofizialak iOS sistemetarako, bigarrenak hasieran Tweetie izena bazuen ere, Twitterrek erosi zuen iPhonetarako beren aplikazio ofizial bihurtzeko. Izan ere, sakelako telefonoetan Internet duten erabiltzaileen artean, sare sozialak mugikorretik kudeatzeko joera handia dago.

Dropbox aplikazioa ere oso erabilia da iPhone zaleen artean. Aplikazio honen bitartez, erabiltzaileak Dropox Interneteko fitxategi biltegian dituen fitxategiak eta karpetak ikus eta kudea ditzake. Halaber, telefonoaren argazki-kamerarekin ateratako argazkiak igo ahal dira Dropboxera. Era horretan, fitxategiak “hodeian” erabiltzen dituztenek, ordenagailuetatik ez ezik, sakelako telefonotik ere erabiltzeko aukera daukate.

Berehalako mezularitzak ere badu arrakasta sakelako telefonoetan, eta beraz, iPhoneetan ere bai. Fring dago berehalako mezularitzarako gehien erabiltzen diren aplikazioen artean. Ziur asko, honen arrazoia zerbitzu asko eskaintzen dituela da, besteak beste: Google Talk, MSN Live, ICQ, Facebook Chat, Aim, Yahoo eta VoIP barne. Horrenbestez, erabiltzaile batek zerbitzu horietariko batzuetan kontua edukiz gero, telefonotik guztiak batera erabili ahal ditu aplikazio bakar honekin.

Oso erabilgarria den beste aplikazio bat GasAll izenekoa da, inguruko gasolindegiak eta haien prezioak azaltzen ditu mapa batean.

Evernote izeneko aplikazioak sakelako telefonoan oharrak egitea ahalbidetzen du, gainera, ohar hauek “hodeian” gordetzen dira eta beraz, ordenagailutik ere kontsultatu daitezke. Baina testu oharrak ez ezik, audio oharrak eta irudiak ere erantsi ahal dira Evernoteren bitartez. Aplikazio honen doako bertsioak 60MBko muga du hileko, baina, orokorrean horrekin nahiko eta soberan dauka edozein erabiltzailek.

Shazam ere oso aplikazio ezagun bihurtu da. Izan ere, ez daude aplikazio asko honek eskaintzen duen funtzionalitatearekin. Erabiltzaileak jakin nahi badu zein titulua daukan bere ingurunean entzuten ari den abesti bat, Shazam, abestia entzute hutsarekin bakarrik, abestiaren titulua, egilea, diskoa, karatula eta bestelako informazioa bilatzeko eta erakusteko gai da.

Ordainpeko aplikazioak

Ordainpekoa bada ere, iPhone telefonoetan eta bestelako plataformetan ere aplikaziorik ezagunenetarikoa da Whatsapp. Aplikazio honek testu mezuak debalde bidaltzea ahalbidetzen du, beti hartzailearen telefonoan ere Whatsapp aplikazioa instalatuta egonez gero. Gainera, ohiko SMSetan ez bezala, Whatsappen kasuan ez dago karaktere mugarik testu mezuak bidaltzeko.

Erabiltzaile batzuk ez daude guztiz ase iPhonek eguraldiaren aurreikuspena kontsultatzeko ekartzen duen aplikazioarekin, beraz, jaitsiera asko lortzen ari da horretarako dagoen aplikazio aurreratuago bat, Weather Pro izenekoa.

RSS jarioak irakurtzeko, Reeder aplikazioa da deskargatuenetarikoa. Aplikazio hau bateragarria da Google Readerrekin, eta beraz, erabiltzaileak irakurri ahal ditu Google Readerren dituen RSSak eta Google Readerren antolatuta dituen bezala. Gainera, diseinu aldetik ere nahiko minimalista eta erakargarria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>