Haien berri izan gabe ere, erabiltzen diren kontzeptu horietako bat da hodei konputazioa. Interneti dagokionez, noizean behin modan jartzen diren eufemismo horietako bat besterik ez da hodeia. Beraz, laburki esanda, hainbat zerbitzu Interneten zentralizatzen dituen web teknologiari deritzo.
Erabilpenak ugariak dira, baina egun ordenagailuen mahaigaineko aplikazioak web moduan eskaintzeagatik egin da ezagun. Hots, ez dago makina batean bulegotikako programarik eduki beharrik instalatuta, ezta disko gogorra gainean hartuta aurrera eta atzera ibili beharrik ere. Hori guztia sarean aurki daiteke, eta Interneterako sarrera duen edozein gailutatik fitxategi horiek atzitu ostean, zentralizatuta, sinkronizatuta eta edonorekin partekatuta izan daitezke. Are gehiago, eduki berria sortu eta alda daiteke, horretarako programak ere sarean baitaude.
Litekeena da pentsatzea, beraz, diskoa orain Interneten dagoela, zerbitzua eskaintzen duen zerbitzari bateko memoria pusketa bat norbere eginda.
Kontzeptu hori muturreraino eramanda, badira zerbitzu batzuk mahaigaina hodeian eskaintzen dutenak. Hau da, ordenagailu guztia sarean izatea, mahaigainetik hasi eta aplikazioetaraino, biltegiratzea barne; nabigatzaile baten beharrarekin bakarrik edonondik atzigarri izango da. Horixe da ordenagailu birtuala, mahaigaina hodeian.
Horren guztiaren adierazgarri dira Silve OS, Musseum Box, ZeroPC Cloud Navigator, Glide OS, EyeOS eta Oneye-Project, batzuk aipatzearren.
Zalantza bide
Hodeian guztia izateak jendearengan dakarren ezinegona nabaria da. Arrazoia da banakoaren datuak beste batzuek kudeatzea; erabiltzailearen bistatik urruti, gordailu horietako arduradunen borondatearen esku baitaude eduki guztiak, biluzik. Kontrako aldean, segurtasuna aipa daiteke; izan ere, hodeiak erabiltzailea babesten du informazioa galtzetik PCetako disko unitateen nahiz kanpoko diskoen hutsen ondorioz.
Alde horretatik, baliteke etorkizunean inork taburik ez izatea horretan, edota erabiltzaile orok onartzea norbere datuen kontrolik eza, erosotasunaren alde eginda. Hala ere, horrela ez balitz, zergatik ez etxean edo lantokian instalatu eta autokudeatu? Bitartekariak eta lanabesak badaude jada nahi duenaren eskura.
Aipamen berezia: Oneye Proiektua
EyeOS web mahaigaina ikasle kataluniar batzuek sortu zuten, sistema eragile birtual eta euskarri askotariko bat eskaintzeko asmoz. 2006 hartatik makina bat euri egin du, eta laster mirespenak lekua utzi zion errekonozimenduari. Gaur arte bildutako nazioarteko sariak dira horren erakusgarri. Tamalez, software librearen aldeko apustu irmoa zirudienak norabidea aldatu du aurreko asteotan, kutsu komertzial hutsean utziz hasierako ekimena. Orain, ordaindu beharreko lizentzia bakarrik eskaintzen dute (EyeOS Professional Edition), librea mapatik desagerrarazi ostean (EyeOS 2.5 Open Source).
Edonola ere, 2010. urtean sortutako Oneye-Project ekintzak EyeOS proiektuaren hasierako software askearen bideari eusten dio. Barrutik, ez da EyeOS sistema, 1.x bertsio oinarritzat hartutako haren garapena baino. Orain 0.9 bertsioan dago, anaiaren 1.11 programaren parekidea litzatekeena, hain zuzen.
Behin saioa hasita eskaintzen dituen tresnak asko dira, propioak nahiz beste batzuek sortuak. Horien artean aipa daitezke egutegia, posta zerbitzaria, PDF irakurgailua edo hainbat bulegotikako aplikazio, kalkulu orritik hasi eta hitz prozesatzaile bateraino. Agian, aipamen berezia merezi du Internal Messaging deiturikoak; hodeiko beste Oneye sistemen artean soilik mezuak trukatzeko balio du, barne sare bat balitz bezala era pribatuan erabiltzaileak komunikatzeko.
Beste bat EyeSync litzateke; horri esker, hodeiko informazioa sinkronizatu daiteke nahi den ordenagailuarekin. Egoiliak dituen zerbitzuen zerrenda, hala ere, luzea da, jokoak eta multimedia zerbitzuak ere uztartzen baititu.
Laburbilduz, ordenagailu fisiko baten funtzioak betetzen ditu, akats batzuekin baina funtsean tankerako emaitzak lortuz. Prozesamendua ere zerbitzarian ematen da, norbere euskarritik independentea bihurtuz errendimendua.
Probatzeko aukera
Oneye proiektuari buruzko informazio gehiago nahi duenak zein martxan ikusteko gogoa daukanak hemen dauka aukera: http://wiki.oneyeproject.org/0.9:demo.
Demoak atsegin ez eta bestela ikusi nahi duenak eta benetan inolako mugarik gabe erabili nahi duenak zerbitzari propioa instalatu beharko du ezinbestean. Bakoitzaren esku dago aurretik instalatzea web zerbitzari bat, PHP5 gaitua duena, eta MySQL datu base bat. Deskarga: http://oneye-project.org/downloads/.