Aplikazioak, elkarlana, formakuntza, Hezkuntza, HTML5, Internet, Mahaigaina, Mugikorrak, Ofimatika, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging, tabletak

Aurkezpen ikusgarrienak sarean

aurkezpenak1Aurkezpenak ezinbesteko baliabide dira jakintzaren transmisiorako. Oro har, ikerketa baten emaitzak adierazteko erabiltzen dira. Datu horiek argitzeko balio duten soinu eta irudiak uztartzen dituzten edukiak aurkezten zaizkie ikusleei. Informazioa jaso behar dutenen arreta lortzeko, funtsezkoa izan ohi damultimedia baliabideak erabiltzea. Orain, sareko zerbitzu ugari daude, Powerpoint eta beste hainbat programak baino emaitza hobeak dituzte, horiek zaharkituak uzteraino.

Prezi, aurkezpen ez-linealen erreferentea

Prezi, aurkezpen bikainak egiteko web aplikazio intuitiboa da. Nahi duen orok irudiak, bideoak edota PDF fitxategiak jar ditzake aurkezpenen oinarri gisa erabiltzeko. Hauexek ditu berezitasun nabarmenetakoak: Internetera konektatu gabe aurkeztu ahal izateko fitxategi gisa deskargatu daitezke diapositibak, posta elektronikoz parteka daitezke eta hainbat lagun aurkezpen berarekin elkarlanean ibil daitezke. Zerbitzuak txantiloi ikusgarriak dauzka prest, aurkezpena pertsonalizatzeko erabili nahi dituenarentzat. Inoiz ikusi gabeko aurkezpen zinematografikoak dira emaitza, eta zoom efektua lortzen du, berehala ikusleen arreta lortzeraino. Bideo batean ikusleak bizitzen duen murgilpena lortzen da, aurkezpen xume batean zaila dena lortzen.

Erregistratu beharra dago haien webean http://prezi.com/; bestela, Facebook kontua erabil daiteke. Doako kontuak 100MB-rainoko memoria kuota baimentzen du, nahi diren aurkezpenak sarean gordetzeko. Prezik instalatzeko bertsioak dauzka, hodeian baino lokalean lan egitea nahiago dutenentzat. iOS euskarrientzako aplikazioa Appstore dendan doan deskargatzeko aukera dago, baina ordenagailuko bertsioa 30 egunetako proba mugara lotuta dago. Hartzeko: https://prezi.com/desktop/.

Calaméo, aldizkari gisako aurkezpenak

Argitalpen interaktiboak sortu, osatu eta partekatzeko web tresna da Calaméo. Osagai gisa, fitxategi mota pila onartzen ditu —PDF, OpenOffice, MS Office, etab.—, eta liburu birtual bat izango balitz bezala irakur litekeen dokumentu bat da prozesuaren emaitza. Hemen ere, erosoena Facebook kontua lotzea da izena emateko. Weba: http://en.calameo.com/.

Jux, argazkiak erakusteko era ikusgarria

Web aplikazio ugari dira erabiltzaileen alderdi sortzaile edo artistikoari etekina atera nahi diotenak, eta JUX horietako bat da. Norbere argazkiak oinarritzat harturik, era askotariko aurkezpen ikusgarriak sortzeko balio du. Izena eman ostean, ondorengo formatuen artean aukeratu behar da: argazki sinplea, bideoa, artikulua, irudi aipamenduna, elementu zerrenda edo aurkezpena. Beste behin ere, nabarmentzekoa da gunea erabiltzeko erraztasuna. Sekulako lan itxurosoak lortzen dira denbora motzean. Irudiak kargatzeko, aldiz, norbere ordenagailua, URL Internet helbide bat, zein Facebook, Flickr nahiz Instagram izango dira iturriak. HTML 5 du oinarritzat, eta edozein euskarri erabiltzen dela dela ere, emaitzak ezin hobeak ditu. Probatzeko, haien atarira jo: http://jux.com/.

Slidus aurkezpenen komunitatea, euskal labela

Bilboko Tapquo enpresaren burutazioa izan da aurkezpenen munduko profesionalen sare soziala sortzea. Hots, berrikuntza nagusia, ezaugarri horretan datza: aurkezpenen eta adituen bilgune izateaz gain, merkatu gisa funtziona dezan nahi dute. Horrela, diseinatzaile eta maketatzaileek jarri ahalko dituzte haien sorkuntzak, eta erabiltzaileei eskuragarri utzi atarian, integratutako denda baten bidez. Era horretan partekatzen dute etekina sortzaileek, eta publizitatearekin gertatzen diren gehiegikeriak saihesten dituzte.

Garatzeko bidean den beste lerro bat aplikazioena da; besteak beste, sakelako telefonotik aurkezpenaren agintea hartzea, aurkezpenera urrutitik konektatutako gailu guztietan diapositiba aldatzea eta denbora errealean funtzionatuko lukeen aurkezpena bukatu ondorengo galdera sorta erantzuteko sistema lortzea dituzte buruan. Benetan egin beharrekoa ere fin betetzen du: aurkezpen dinamikoak erakusten ditu, ohiko paradigma lineala hausten du, eta, gora nahiz behera egiteko aukera gehitzen zaio geziak ukitu hutsarekin. Oraingoz, dauden txantiloien artean ez dago harribitxirik, baina HTML 5 eta CSS3 teknologien aldeko apustuek laster ekarriko dute horrelakorik.

Slidus ingelesez dago bakarrik. Izan ere, benetako garrantzia eramangarritasunari ematea erabaki dute. Erabiltzaileak euskarriaz arduratu gabe, dagoen lekutik sakelako telefonoaren bitartez, tablet edo ordenagailuz atzi dezake atarian jarrita dagoen informazioa. Doako sarbidea badago, baina bi aurkezpenetarako da soilik eskaintza. Ordaintzekoak dira Pro eta Unlimited, hamar aurkezpen eta mugarik gabekoa, hurrenez hurren. Azkenik, enpresentzako bertsio bat ere eskura dago, aurkezpenak era pribatuan gordetzea ahalbidetzen duena.

Beta bertsioan dago, oraingoz, baina adituen arreta bereganatu du dagoeneko Bizkaiko enpresaren webguneak: http://slid.us/.

**EGUNERAKETA: Slidus honezkero ez dago BETA bertsioan eta merkatura dakarren aipatu ezaugarri berritzailea ere abian da; aurkezpenera konektatzen direnen diapositibak ere aurkezleak aldatu ahala ikustea, hain-zuzen.

android, Aplikazioak, Apple, Bilatzaileak, elkarlana, Jokoak, Multimedia

EuskalAPPs, euskarazko aplikazioen komunitatea

Euskal aplikazioak aurkitzeko eta sortzeko komunitatea plazaratu berri dute sarean. Zaratarik egin gabe, ia ezustean iritsi zen ataria aurreko astean. Ideiaren asmatzaileak The Movie Virtual enpresakoak dira, eta, Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren babesarekin ataria abiarazi ostean, Twitter sare soziala aukeratu zuten jardueraren berri emateko: @euskalapps: «Online gaude! Laguntza asko behar dugu proiektu hau ondo bideratzeko… prest al zaudete? http://www.euskalapps.net».

Helburu bikoitzaz aurkeztu gura izan dute ekintza: euskal aplikazioen erabilera bultzatzeko biltegi bateratuaz gain, berriak sortzeko argibideak ere eskaintzen dituzte. Jardueraren ibilbidea ikusteko dago oraindik, baina ez dute nahi bitartekari falta muga izatea: programatzeko lanabesak eta interfazeak jarri dituzte eskuragarri, eta badago biderik lankidetzarako nahiz proiektu berriak sortzeko. Bide batez, erabiltzailea ere aplikazio garatzaile bihurtzea da jomuga. Norberak sortu edo aurkitu duen aplikazioa sustatzeko aukera ere eskaintzen dute ondoren. Horrez gain, beste hizkuntzetan dauden aplikazioak euskarara itzultzeko aukera ematen dute.

Oraindik ez dauzkate bilduta merkatuan euskaraz eskuragarri dauden aplikazio guztiak, eta daukaten eskaintza 50 bat aplikaziokoa da bakarrik. Baina euskarriei dagokienez, ez dira motz geratu: Apple, Android, Windows Phone eta BlackBerry telefono eta tabletetan dauzkate eskuragarri aplikazioak. Gurean dagoeneko ezagunak diren aplikazio batzuk ageri dira dagoeneko: besteak beste, TxalapartApp, BertsoApp, KulturMapp proiektua, Ordiziako azokaren salneurriak jasotzen dituena, Elhuyar hiztegia, iHondartza —uda garaia gerturatzen denerako — eta poteoko zerrendetarako ApPoteo aplikazioak dituzte eskuragarri.

android, Aplikazioak, Apple, elkarlana, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak

Wikiloc, aisialdiko jardueren zaleen aplikazio gogokoena

GPS ibilbide eta interesguneak partekatzen dituzten erabiltzaileen komunitatea da Wikiloc. Milioi erdi erabiltzaile dira mundu osoan, milioi bat pasa ibilbide jarri dituztenak edonon, eta nahi duenarentzat eskuragarri daudenak. Hortaz, ibilaldien aukera oso zabala dago haien atarian, kokapenaren nahiz egitekoak diren moduaren arabera sailkatuak: zaldiz, bizikletaz, oinez, motorrez, eskiekin, eta abarrez egitekoak. Ez dakar informazio hori bakarrik, baizik eta jarduera bakoitzaren zailtasuna, ibilbidea erakusten duten eta kolorez nabarmenduta dauden mapak, kilometro kopurua, desnibela, argazkiak, eta beste hainbat informazio gehigarri.

Mendizale amorratuentzat edo tankerako jarduera fisikoetan oso arituak ez direnentzat baliagarria suertatuko da bereziki sakelakoetara moldatutako aplikazioa; iPhone eta Android euskarridun smartphon-entzat egina. Horrela, geokokapenaz baliatuta, posible izango da uneoro ibilbidearen aterketa zuzena egitea; jarduera berri bat egiten bada, horren ibilbidea erregistratu eta besteentzat eskuragarri jartzea sarean; edo egitekoaren zehaztapenak kontsultatzea martxan eta abisuak jasotzea, bidegurutzean okerrik ez egiteko. Horretarako, norbere helbide elektronikoarekin erregistratu besterik ez dago, eta egin nahi den jarduera bilatu webgunean: bat aukeratu , Internet nabigatzaileko helbidearen ‘id=’ osteko zenbakiak apuntatu, eta sakelako aplikazioan ID bidez jarduera aurkitzeko atalean zenbaki hori sartu behar da. Bestela, geokokapenarekin telefonoko aplikaziotik eskaera egin daiteke, hurbilen dauden ekintzak bistaratzeko. Interneterako sarbidea dagoen artean sakelakora ekartzea komeni da, gero konexio gabe erabili ahal izateko mendian.

Wikiloc dohainik dago eskuragarri App Store eta Google Play dendetan, oinarrizko funtzioekin. Aplikazioa oso-osorik baliatzeko, gehigarria jaitsi beharko da, hiru euroren truke. Bestela, nahiago izanez gero GPS gailurako fitxategiak eskuratu edo zuzenean ordenagailutik ibilbidea ikusi, haien webgunera joan behar da: http://eu.wikiloc.com.