android, Aplikazioak, Apple, ebook, Mugikorrak

Bukatu da Readmill, ePub liburu elektronikoen irakurgailu soziala

ibooks_contents_heroDatorren uztailaren 1ean bukatuko da Readmill liburu elektronikoen irakurgailu arrakastatsuaren ibilbidea. Aplikazioa itxi egingo dute, eta ordutik aurrera ezingo da liburu berririk kargatu, edo entzutetsu egin duten aipuak sare sozialetan partekatu.

Haien hitzetan, liburuak irakurtzeko komunitate bat osatu eta eredu berri bat sortzeko ahalegina antzua izan da azkenean. Ekonomikoki bideraezina egin zaie, eta hainbat aukera aztertu dituzte amaiera saiheste aldera: ordainpeko harpidetzak, aplikazioagatik kobratzea…

Azkenean aplikazioa alde batera utzi, enpresa itxi eta Dropbox etxera pasatuko dira lanera. Dropbox hodeiko biltegi zerbitzua da, eta liburu digitalen alorrean Readmill bidez hartu duten esperientzia bertan baliatuko dutela esan arren, ez omen dago asmorik berehalakoan irakurgailu berririk garatzeko.

Readmill zerbitzuaren erabiltzaileei haien informazioa deskargatu eta beste zerbitzu batera inportatzeko eran prestatu diete guztia: aipuak, iritziak, estatistikak, DRM lizentziak nahiz liburuak salbu dira horrela itxieratik. Hainbat formatutan jaisteko doitu dute webgunea, eta beste zerbitzu batzuetara kargatzeko argibideak eman: https://readmill.com/epilogue.

Hortaz, tabletan edo telefonoan irakurtzen jarraitu nahi dutenek badute aukerarik iOS eta Androiden. Batera zein bestera, esportatu nahi diren liburuek DRM duten jakin beharko da aukera egiteko. Zibergelan DRM sakon eta luze aztertu genuen: http://zibergela.bitarlan.net/2013/06/20/kopiaren-kontrako-neurriak/. Labur esanda, kopia digitalaren kontrako neurri bat da DRM. Liburuaren baitan doan lizentzia edo baimen bat bezalakoa, hura irakurtzea posible egiten duena.

iOS plataforman Applek badu bere irakurgailu propioa: iBooks. DRM gabeko liburuak irakurtzeko balio du, eta esaldiak azpimarratu edo oharrak jaso daitezke. Liburuak norberak karga ditzake ordenagailutik, hodeiko biltegi batetik edo zuzenean aplikazioko dendan erosi. DRM gaitutako liburu irakurleentzat, aldiz, Bluefire da aukera, eta aurrekoaren antzeko funtzionalitateak ditu. Androiden kasuan, Aldiko aplikazioa jantzia da baita ere, baina funtzio guztiak gaitzeko 2,49 euroko premium bertsioa deskargatu behar da.

android, Aplikazioak, Apple, ebook, tabletak

Readmill irakurgailu soziala, Android sistemetan ere bai

readmill2Gizakia animalia soziala dela esaten da, eta horrela frogatzen dute erabiltzaileek behin eta berriro. Telefonoetarako Readmill liburu digitalen irakurgailuaren berezitasuna horretan datza, eta hortik ere bere arrakasta. Ohiko klixeak alboratu, eta irakurketa esperientzia soziala bihurtzen da horrela, azpimarratuak partekatu, lekuan lekuko iruzkinak egin, edota gomendioak egiteko aukerekin.

Sinplea da: posta elektronikoa edo Facebook kontuaren bidez erregistratu, eta jarraian, irakurtzen den liburu bakoitza norbere profilean erakusten has daiteke. Nabarmendu nahi diren testu zatiak ere azpimarratu, eta Twitter edo Facebook-era bidaltzea dago; deigarria egiten den pasarte hori lagun artean goraipatzeko.

Liburuak eskuratzeko bi era

Liburuak eskuratzeko lehen bidea aplikazioak daukan irakurketa klasikoen datu base erraldoian bilatzea bada ere, norberak lokalean dituen liburu digitalak kargatzerik ere badago, Readmill-en webera bidalita: https://readmill.com/library. PDF eta ePub formatuak onartzen dituela jakinda, beste behin ere hodeia baliatuko da bakoitzaren liburutegia osatzeko, eta ondoren, aplikazioa dagoen iPad edota telefonoetan aldi berean agertzeko.

DRM daramaten liburuak edo gabekoak —alderik gabe— igo daitezke; kopiaren kontrako neurrien edo DRM berri ez dutenek: http://zibergela.bitarlan.net/2013/06/20/kopiaren-kontrako-neurriak/.

Gaian adituek ez direnek jakin dezatela P2P teknologiak erabiliz liburu trukerako bilguneak daudela amaraunean. http://epubgratis.me/ gunea horietako bat da, eta bertan, bakoitzarenak partekatu daitezke, edo berriak jaso. Era berean, liburuen banaketa etxeak dagoeneko hasi dira sartzen estekak haien atarietan, erositako liburuak Readmill aplikazioan zuzenean sinkronizatzeko.

Telefonotik gehiago irakurtzen da tabletatik baino

Irailera arte Apple gailuetarako bakarrik zegoen eskuragarri Readmill. Arduradunak komunitatearen etorrera ona aintzat hartu, eta beste plataformetara hedatzeko merkatu analisian ohartu ziren jendeak telefonoak erabiltzen dituela irakurtzeko, eta ez tabletak. Ondorioz, irailaren 18an kaleratu zuten bertsioa Android euskarria duen telefonoetarako dago bakarrik eskuragarri. Bibliofilo berrien aplikazio estimatuena dena App Store-n aurkitu daiteke iPhone nahiz iPad-entzat, baina Google Play dendan, sakelakoentzat soilik aurki daiteke.

android, Aplikazioak, Apple, ebook

Quomai, txartel zorroen ordezkoa

Quomai_BarcodeEgun ez dago dendarik erosketak egitera joan eta fideltasun txartel propioa eskaintzen ez duenik. Ematen dituzten abantailak direla, nahiz lortzen diren deskontuak erakarrita, maiz onartzen dira; eta tamalez, jarraian norbere txartel zorroa loditzera pasatzen dira. Hala ere, Iruñean asmatutako Quomai aplikazioarekin leku faltaren eragozpena amaitu da: aurrerantzean, fideltasun txartel horien kopia digitalak egin eta gordetzeko azken belaunaldiko telefonoak erabil daitezke, eta behingoz, zorroa betetzen duten plastikozko horiek etxean utzi. Patrikan espazioa aurrezteko era da, beraz, Quomai, eta oso erosoa, saltzaileak eskatzean telefonoa erakutsi eta pantailan ageri den barra kodea irakurletik pasatuz bakarrik txartela balitz bezala irakurriko baitu. Merkatuan dauden beste aukerek ez bezala, Nafarroan egindako aplikazioak edozein fideltasun txartel erregistratzen lagatzen du (Carrefour, El Corte Ingles, DIA, Shell, Decathlon, Travel Club, IKEA, Game, Toys R Us…), haien zerrendan ez daudenak barne (udal liburutegikoa, adibidez). Kasu horretan, txartelaren alde biei sakelakoa telefonoarekin argazki parea atera eta txartel zenbakia sartu ostean, Quomai-k automatikoki barra kodea sortuko dio egin berri dugun kopia digitalari; ordea, zerrendan baldin badago, txartel zenbakia eta norbere izen-abizenak sartzea nahikoa da.

Enpresa eta erakundeentzat, gainera, Quomai zerbitzuak haien webetik (http://quomai.es/) aukera ematen du horietako bakoitza ordezkatzen duten txartelak sisteman erregistratzeko eta erabiltzaileei lana aurreratzeko aplikazioan lehentasunez agerita.

Azkenik, Quomai aplikazioak gordeta dauzkagun txartelekin erosketak egiteko gertuen dauzkagun dendak mapan erakusteko modua ere badauka. Android eta iOS euskarridun smartphone-rentzat dago soilik eskuragarri; tabletentzat bertsiorik ez dago.